Ibarre (Donaixti-Ibarre)
Ibarre Donaixti-Ibarre udalerriko herri bat da, Nafarroa Behereko Oztibarre eskualdean. Herri honek 1841 arte aparteko udalerria osatu zuen.
Ibarre | |
---|---|
Euskal Herria | |
Garaikoetxea, Mixel Garikoitzen jaiotetxea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Udalerria | Donaixti-Ibarre |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Herritarra | ibartar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°10′51″N 1°04′44″W |
Demografia |
Herritarrei "ibartar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 22 km daude.
Izenaz
Dokumentazio historikoan leku-izen hau forma desberdinetan agertzen da: Nostre-Done d'Ibarre (1472an Okzitaniako Bastidaxarreko notarioen idazkietan) eta Ibarren (1513an Iruñeko tituluetan).[1]
Etimologia argikoa, hainbeste "ibar" daude Euskal Herrian, tartean Ibarra udalerri gipuzkoarra, zeinekin jentilizioa konpartitzen duen; baita erabat homonimoa den Bardozeko Ibarre auzoa ere. Orozkoko Ibarra auzoaren izena "Iberre" ahoskatzen dute bertakoek. Ibar osoaren (Oztibarreren) izenaren sorreran zerikusia izan zezakeela irizten dio Orpustanek.
Geografia
Kokapena
Nafarroa Behereko Oztibarren, Hoztako Ur Handiaren ibilbidean dago, errekari izena ematen dion herriaren eta Bunuzeko Plazagaina auzoan urak Biduzen isurtzen duen lekuaren artean. Beraz, Hozta du hego/hego-ekialdean, Donaixti udalburua ekialdean, Bunuze iparraldean eta Ibarrola ipar/ipar-mendebaldean.
Aipatu herri guztiak oztibartarrak dira.
Auzoak
Herri kasko txikiaz gain hainbeste auzo sakabanatuk osatuta dago; haietako batzuk aipatuko ditugu "Eraikin eta monumentu historikoak" atalean, aspaldiko etxe nobleen izen berberak eramaten dituztelako gaur egun ere.
Orografia
Herria 257 metrotan dago eta altuera baxuenak Bunuzerekiko mugan, erreka beherantz segituta, ematen dira (200 m baino baxuagoak). Aldiz, ingurumarian mendi nabarmen batzuk daude, erdibidean dagoen Hoztako Ur Handiaren bi aldeetan:
- Ibarrolarekiko muga lehen Munhogaine (543 m) dago eta hortik hego-mendebalderantz joanda, bi herri hauek Hoztarekin biltzen diren lekuan Nethe (764 m). oso gutxirengatik herriko punturik altuena da.
- Ia altuera berbera du Othamonhok (762 m), herritik hego-ekialdean, Ibarre-Donaixti-Hozta biltzeko gunea dena.
Demografia
1412-1413ko erroldan 5 etxerekin ageri da (Donaixti daturik gabea da) eta 1551ekoan 13 etxe zituen.
Fusioa baino lehen
1841eko fusioaren aurreko datuak:
1793 | 1800 | 1806 | 1821 | 1831 | 1836 | |
---|---|---|---|---|---|---|
Ibarre | 148 | 168 | 173 | 160 | 176 | 146 |
Iturria : http://cassini.ehess.fr
Fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Donaixti-Ibarre.
Errepideak
Donaixti udalerriko buruarekin konparatuta historia handiagokoa bada ere, garraio aldetik aspalditik bide bazterrean dagoen herritzat jo daiteke; Nafarroa Beherea eta Zuberoa lotzen dituen D 918, garai bateko RN-618 ospetsuaren zatia ez da bertatik pasatzen. D 168 errepide honetatik atera eta herritik hurbil (beheko aldetik, erreka kontrako ibilbidean segituz), Hoztarako bidean. Hortik segituta posible da -errepide oso estua bada ere- Garaziko Hergaraiko herrietara heltzea.
Bestela, Donaixtira joateko bada D 68 izenekoa.
Historia
- Parrokia 1350etik aipatuta dago eta Donaixtikoa baino zaharragoa da, beraz.
- Mixel Garikoitzen jaiotetxea (eta abizenari jatorria ematen diona) den Garaikoetxean Sabin Aranaren gorpua Franco garaian gorde zela esan izan da, beste hainbat espekulazioren artean; zati bat baino ez ei zen horra eraman.[2][3] Herritik mendebaldean dago, Nethe mendirako bide malkartsuan.
Udalerri-historia
- 1841 urtera arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Donaixtirekin fusionatu zen; harrezkero Donaixti-Ibarreren barruan dago.
2004an onartutako udalerriko armarrian[4] herri honi erreferentzia egiten dion elementua hauxe da: goiko ezkerraldeko gurutzedun bihotzak Mixel Garikoitzek Betharramgo Jesus Bihotz Sakratuen Elkartea sortu zuela gogorarazten du; besteetan leku guztietan dauden mendiak, ibaia (Biduze hain justu) eta abeltzaintza eta ehiza irudikatzen dituztenak.
Eraikin eta monumentu historikoak
- "Jauregi" edo etxe noble nagusia Saint Jayme (euskaraz Donaikia edo Senimenea)[5] da; Oxoa de Saint Jayme Rokabrunako gazteluko nagusia zela agertzen da 1400ean. Donaikiko kaperan, Saint Jaime etxeari atxikia, Done Jakue nagusiaren margo polikromatua ikus daiteke; Done Jakue bideko geldiunetakoa zen.[6][7] Herriaren iparraldean dago etxetalde hau, Bunuzerekiko mugatik hurbil.
- XVIII. mendean Saint Jayme familia Ametzaga, herriko beste jauregi baten jabe dira.[8] 1350etik dokumentazioan aipatua da. Herritik ipar-ekialdean dago, Hoztako Ur Handiaren beste aldean.
- Ibarbeheti Iholdiko Olce familiarena zen XVII. mendean. Ibargoitia izeneko etxea ere dago, herrira igotzen den tokiko errepidea bide nagusitik aldendu eta berehala.
- Ordokia etxaldea 1350etik dokumentatuta dago ("Ordokigoien"); Mixel Garikoitzen amaren jaiotetxea da.[9] Herriaren ia parez pare dago baina errekaren beste aldean, Othamonho mendiaren lehen aldapak hasten direnean.
- Etxeparea etxaldea 1412tik aiopatuta dugu, casa mayor izenarekin.[10]
- Amabirjinaren Asuntzioko kapera XV. mendekoa da.[11]
Kultura eta hezkuntza
- Mixel Garikoitzen kaperan erromeria egiten da irailaren lehen asteazkenean. Zuberoako San Antonira ere egiten da herri honetatik erromesaldia.
Ekonomia
Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak.
Ibartarrak
- Janbattit Etxeberri Almanaka delako argitalpenaren bultzatzailea.[12]
- Mixel Garikoitz (1797—1863) apaiza eta santua.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Ibarre Patxi Salaberriren "Nafarroa Behereko herrien izenak" lanean: 197/198. or.
- Aranaren gorpuarekin gertatu zena azaltzen duen web orria.
- Iñaki Anasagasti gai berberaz.
- Ipar Euskal Herriko armarriei buruzko webgunea.
- Etxaldeaz Kultura Ministerioko inbentarioan.
- Informazioa Kultura Ministerioko inbentarioan.
- Kaperaz datuak.
- Ametzaga Kultura Ministerioko Inbentarioan.
- Ordokia Kultura Ministerioko Inbentarioan.
- Etxeparea aipatu inbentarioan.
- Kapera aipatu inbentarioan.
- Piarres Lafittek Etxeberriz.
Kanpo estekak
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |