Hur

Hurra, Eurasia osoan zabaldurik dagoen hurritzaren (Corylus avellana) fruitu biribil txikia da, itxura esferiko-obal, 15-25 mm-ko luzera eta 10-15 mm-ko diametrokoa.[1][2] Itxuraz, kanpoko oskol gogorrak daukan mintz leun batean bildurik, hazia dago: hau ondu edo heldu ahala, oskola idortuz eta barneko hazia umotuz doa.[3]

Hur
fruitu lehor eta Hur
Osagaiakhazelnut shell (en) Itzuli
Historia
Honen produktuaHurritz

Hur batzuk lurrean sartuta, berehala ernatuko diren landareek lau-bosgarren urtean estreinako aleak emango dituzte (horrela gertatzen da katagorriek adarretik bildu, lurpean gorde eta gerora ahaztutako hurrekin). Hortik aurrera, adar antzu eta zaharrekin makulu arin malguak, hesi hertsiak edota zahoriek ura bilatzeko darabiltzaten besobikoak egin daitezke, iraileko ilbeheran landaretik moztuta.[4]

Euskal Herri hezeko toki ospela du bereziki maitea hurritzak, bide ertza, batik bat; txoriek bidean galdutako fruituak eroritako lekuetan egokitzen dira, nolanahi. Abuztuaz geroztik lurrean ugaltzen hasten diren hur txiki goxoak, adituen aburuz, ez dira etxera eramatekoak, bertan kraskatu eta dastatzekoak baizik... har, txori, urtxintxa, sagu eta enparauei aurrea hartuta.

Izena

Hurra hitz soila da, jakina, eta beste hitz batzuen osagai, hala nola: ezkur, zintzur, boilur, kizkur, maskur, (p)apur, kuzkur, etc. Hortaz, hizkuntzaren ikuspegitik, baliteke “hur” horrek, fruitu lehorra ez ezik, beste zerbait ere adieraztea, zuzen edo metaforaz: hurbil edo gertukoa, txikia, etab.

Bitxikeria pare bat: leku batzuetan, abellana edo abillana, hurrari gabe, kakahuetari deritzo. Bestetik, frantsesez eta euskaraz eboluzio-prozesuak elkarren kontrakoak izan dira: frantsesez, noix hitzak noisette eman zuen; euskaraz, hur berbak, intxaur.

Jatorria, historia

Hurritza bide-ertzean.

Asia Txikikoa, sortzez. Mesopotamian kontsumitzen zen, Neolitoan, haitzuloetan aurkitutako aztarna eta marrazkiek hala frogatzen dutenez. Greziarrek inportatu zuten eta, handik, landarea hazteko lur eta meteorologia egokiak zituzten herrialdeetara hedatu zuten.

XIX. mendean, laborantza izugarri handitua zegoen Iberiar Penintsulan, mahats ekoizpena murriztu zuen izurrite batek eraginiko mahasti tradizionalak suntsitzearen ondorioz; mende horretan genetikaren azterketan izandako aurrerapenak ere berebiziko eragina izan zuen hur-hautaketa genetikoan.

Urtxintxa eta hur gozoa.

Hurrondoa gurean biziki erabilia (egurra) eta kontsumitua (fruta) izan dela frogatzen digute euskal antroponimiak (pertsona izenak) eta toponimiak (leku izenak): Hurritza, Urroz, Urretxu, Urrasun, Urreiztieta, Urreaga, Ürrüstoi, Urreizti, Urrestilla, Urruxulegi, Urriola, Urreta… Herri hizkeran, berriz, hurra ez ezik, hur-alea, hur-garaua eta uzta-hurra ere (hurrondokoa, gizakiak landatutakoa) baliatu izan dira, hazia jangarri dela adierazteko. Izen ugaritasun horrek hurraren baliagarritasun ugari-ugaria adierazten du.

Gianduja krema

Erabilera, kontsumoa

Fruitu lehor hau antzinatik kontsumitu izan dugu:

  • gordinik: oskolaren azpiko azal mehe mingoxka zurituta, gehienetan, hurra ur irakinetan galdarraztatuz;
  • txigortuta: (eta, ondoren, alea zerbaitekin igurtzirik, azal mehea kentzeko) aperitibo edo postrean; txigortuz gero, aromak gozoago bihurtzen dira);
  • ogi bihurtuta: gurean irina hurrez egin izan zen, beste zereal aproposik ezean;
  • sukaldaritzan: erre edo kozinatuta: alea osorik, xerratu, xehatu edo birrinduta, malutetan, krema eta saltsetako osagai;
  • gozogintzan: karamelizatu edo txokolatearekin nahasirik, bizkotxo, pastel, txokolate, bonboi, krema, nougat, praliné, gianduja, izozkiak… osatzeko;
  • pattar industrian;
  • hur-krema industrial ezagunen osagaietako bat da (azukrea, % 58; hurra, % 13; kakaoa, % 7): izan ere, egun, hur-krema jangarri gehiena ekoizten duen multiestatalak bereganatzen du planetako ekoizpenaren parterik handiena;
  • oliogintzan: hurrari gustu bereziko olio jangarri sendoa ateratzen zaio baina, berehala zaharmintzen denez, elikaduran debekatuak dauden osagaiak erantsita, kosmetikara bideratzen da.

Hurrak ia dena du baliagarri: oskola erregai gisa erabiltzen da; hostoa, ganaduaren elikagai; azal eta hostoak laborategiek erabiltzen dituzte koagulatzaileak egiteko; hazia hamaika eratan dugu elikagai; zurarekin saski, hesi, kirten eta makuluak paratzen dira…

Gurean, intxaur-saltsaren pareko omen zen hur-saltsaren berri jaso zuen Juan Martin Elexpuru ikertzaileak: berez, esnetan hurrak egosi, azukre edo eztiz gozatu eta kanelaz lurrundutako ore mehea da.

Hurrak batzen eta lehortzen Turkian
Fruitu lehorrak. Goi-eskuinean hurra, erlojuaren norabidean gero: kakahuetea, intxaurra, anakardoa, amanda, eta Brasilgo intxaurra.[5]
Hur-ekoizle nagusiak (2019)
Posizioa Herrialdea Ekoizpena (tn)
1 Turkia 776.046
2 Italia 98.530
3 Azerbaijan 53.793
4 AEB Oregon 39.920
5 Txile 35.000
6 Txina 29.318
7 Georgia 24.000
8 Iran 16.121
9 Katalunia 12.370
10 Frantzia 11.660
Iturria: FAO

Balio nutrizionala

Hurra
Balio nutrizionala 100 g-ko
Energia2,629 kJ (628 kcal)
16.70 g
Azukreak4.34 g
Zuntz dietetikoak9.7 g
60.75 g
14.95 g
BitaminakKopurua
%EB
A bitamina ekib.
beta-Karoteno
0%
1 μg
0%
11 μg
92 μg
Tiamina (B1)
56%
0.643 mg
Erriboflabina (B2)
9%
0.113 mg
Niazina (B3)
12%
1.8 mg
Azido pantotenikoa (B5)
18%
0.918 mg
B6 bitamina
43%
0.563 mg
Folato (B9)
28%
113 μg
C bitamina
8%
6.3 mg
E bitamina
100%
15.03 mg
K bitamina
14%
14.2 μg
Gatz mineralakKopurua
%EB
Kaltzio
11%
114 mg
Burdina
36%
4.7 mg
Magnesioa
46%
163 mg
Manganesoa
294%
6.175 mg
Fosforoa
41%
290 mg
Potasioa
14%
680 mg
Selenio
3%
2.4 μg
Sodioa
0%
0 mg
Zink
26%
2.45 mg
Beste batzukKopurua
Ura5.31 g

Ehunekoak AEBko heldu batentzako eguneroko gomendio dietetikoak hartuta kalkulatu dira.

Hurrek nutrizio balio handia dute: proteinetan % 16a dute eta koipe asegabeetan % 62a. Gainera, tiamina, niazina, nahiz kaltzio, fosforo eta potasio kopuru nabarmenak dituzte.

Hurra kontsumitzearen mesede batzuk

  • Sistema kardiobaskularra babestea, LDL kolesterol (“txarra”) urrituz eta HDL (“ona”) areagotuz.
  • Deskaltzifikazioa (kare-galtzea) saihestea.
  • Zuntz asko duenez, digestioa erraztu eta idorreriari aurre egitea.
  • Kirolariari erresistentzia areagotzen laguntzea, maila neuro-muskularrean diharduelako.
  • Nekea saihestea.
  • Plaketen disgregazioa ahultzen duenez, tronbosi arriskua arintzen du.
  • Berez dauzkan bitamina eta mineralei esker, antioxidatzaile bikaina da hurra: zelulak zahartzearen aurka babesten eta, gainera, endekapenezko gaixotasunei iskin egiten die.
  • Neuronen nerbio-konexioa eta -ehuna hobetzea; horrek ikasten laguntzeko balio du, ezagutza berriak atxikitzeko gaitasuna handituz.
  • Funtsezkoak badira ere, gorputzak ezin ekoitzi ditzakeen omega 3 eta omega 6 gantz-azidoak ditu.
  • Saturatua ez den koipeaz (hots, gantz hori ez zaie arteriei atxikiko, gorputz osoan zehar zirkulatuko du) hornitzen gaitu.
  • Karbohidrato konplexuak eta landare jatorriko proteinak ditu; horiek, beste zerealen batekin konbinatuta, kalitate oneko proteina osatzen dute.

Fruitu lehorrak hartzea osasungarria da, neurriz. Maiz esaten da herritar denek kontsumitu beharko lituzketela, baina, fruitu oskoldun guztiek bezala, hurrak ere erreakzio alergikoak sor ditzake, norberaren sentikortasunaren araberako erantzun alergikoa probokatuz.

Aproposa da hurra beste fruitu lehorrekin (pinazi, arbendol, intxaurrekin) nahasirik kontsumitzeko, kirolarientzat, batik bat, hazkurrien ekarpenagatik: mineral, olio, kaloriak...

Hurraren kaloria-ekarpena handia denez, ordea, tentuz ibili behar da: egunean eskukada bat baino gehiago kontsumitzerik ez zaio komeni nornahiri.

Bost urtetik beherako haurren haginek ez dute balio oraindik hurrak eta antzekoak ehotzeko, xehatzeko. Hori dela eta, batzuetan hur pusketak biriketatik aspiratzen dira, ahotik arnasbidera igaroz, urdailera pasatu beharrean. Ondorioz, fruitu lehorra edo ataltxoren bat biriketara doa, batzuetan berehala itotzea probokatuz eta beste batzuetan biriketako eremu bat edo gehiagoren infekzioa eraginez. Hori dela eta, adin txikikoek ez kontsumitzea gomendatzen da.

Fruitu lehorrak jateak ez du gizentzen, gehiegi hartzen ez badira; ez dute loturarik pisua hartzearekin, gomendatutako kopurua gainditu ezean. Baina ondo murtxikatzen ez badira, maiz gertatzen den bezala, eman diezaguketen energia guztia ez dugu xurgatuko. Hurra ez zaio dietari erantsi behar aparteko elikagai gisa, produktu jakin batzuen (opil industrialak, patata frijituak, etab.) ordezkotzat baizik.

Hurritzaren loreak.

Botanika

Amilotxa txoria hurritzean neguan.

Ikuspegi honetatik, hur arrunta (Corylus avellana) zurezko perikarpoa duen akenio bati dagokion fruitu oskolduna da. Akenio horri botanikan intxaurra deitzen zaio. Perikarpoa obulutegiko logietako bat esklerifikatzearen ondorio da, bestea abortatuta, eta “oskola” osatzen du, okerreko izenez. Intxaur horrek hazi bakarra dauka (amanda) eta normalean perikarpoaren barne barrunbe osoa hartzen du.

Amandak, bi kotiledoi mamitsuk osatuta, koipe asko-asko dauka, eta tegumentu horixka batez estalita dago, adinarekin gorritu eta loditu egiten dena.

Fruituak, formaz oboide eta apikulatua (erpinaren goialdean estiloaren eta estigmaren aztarnek irauten dute), zentimetro batetik hirura arteko luzera eta bi zentimetro arteko diametroa har dezake; erabat heldu baino lehen hodi-itxurako estaldura edo inbolukruak babesten du, hosto formakoa eta lobulu irregularretan amaitzen dena, lore-brakteek goranzko eta konkresentez osatua. Zenbait espezietan, ile ugari eta potoloz zurdatuta dago, baita lehortutakoan ere.

Hurrak, eskuarki, beren inbolukroekin, bizpahiru fruituk (espezie jakin batzuetan, 5 - 6 aleraino ere) osatutako mulko edo mordotan biltzen dira. Fruitua heldu baino lehentxeago, inbolukrua idortu eta mutur baterantz irekitzen da, perikarpoa agerian utzirik; hortxe gogortu eta kolorea hartuko du haziak, azukre, olio eta mineralak kontzentratuz doazen bitartean. Umotze hori udazkenean gertatzen da, eta bilketa (bai gizakiak, bai beste animalia askok ere egiten dutena, elika-balioagatik arras estimatua baita) uda amaieran egin ohi da, alea adarretik askatu eta lurrera jaustean.

Lehortutakoan, inbolukrua aise askatuko da oskol gogorretik. Hur alea erauzi behar da, nahitatez, denbora luzez mantenduko bada: oskol barruan urdindu egin daiteke. Hurra gustuko duten karraskarien helmenetik babestutako leku fresko eta aireztatu batean gordetzea komeni da.

Erreferentziak

  1. «GURE BASOAK - Hurritza» www.basoak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  2. Pau. (2021-11-19). HURRITZA / AVELLANO / Corylus avellana | Zaraitzuko ondare kulturala eta naturala. (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  3. «ELORRIOKO ZUHAITZAK - HURRITZA» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  4. Soto, Julio. (2023-05-26). «Hurritz makila» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  5. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Fruitu lehorrak. Pamiela, 177 or. ISBN 978 84 9172 259 5..

Ikus, gainera

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: hur .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.