Hungariera

Hungariera edo magyarrera[1] (magyar nyelv; hungariarren berezko izenetik eratorria –magyarok, /móddorok/ gutxi gorabeherako ahoskeraz—) uraldar hizkuntza bat da, ugriar adarrekoa, mansiera eta khantierarekin batera.

Hungariera / Magyarrera
magyar nyelv  magyar
, eta
Datu orokorrak
Lurralde eremuaHungaria eta zenbait lurralde Errumania, Eslovakia, Serbia, Ukraina, Kroazia, Austria eta Eslovenian
Hiztunak13 milioi
Rankinga57
OfizialtasunaHungaria, Europar Batasuna, Eslovenia (eskualde hizkuntza), Serbia (eskualde hizkuntza), Austria (eskualde hizkuntza), hainbat udalerritan Errumania, hainbat eskubide Ukraina, Kroazia eta Eslovakian
EskualdeaEuropa Erdialdea
UNESCO sailkapena1: ziurra
AraugileaHizkuntzalaritzako Ikerketa Institutua Hungariako Zientzia Akademian
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
uraldar hizkuntzak
Ugriar hizkuntzak
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiaordena libreko hizkuntza, nominatibo-akusatibo hizkuntza, hizkuntza eranskaria, subjektu aditza objektua, silabadun hizkuntza, hizkuntza sintetikoa eta azentua
Denbora gramatikalakorainaldia eta lehenaldia
Modu gramatikalakindikatiboa, baldintzazko modua eta agintera
Genero gramatikalakbaliorik ez
Kasu gramatikalaknominatiboa, akusatiboa, datiboa, instrumental-comitative case (en) Itzuli, causal-final case (en) Itzuli, traslatiboa, terminatiboa, essive-formal case (en) Itzuli, essive-modal case (en) Itzuli, inesiboa, superessive case (en) Itzuli, adesiboa, ilatiboa, sublative case (en) Itzuli, adlatiboa, elatiboa, delative case (en) Itzuli, ablatiboa, banakaria, multiplicative case (en) Itzuli, distributive-temporal case (en) Itzuli, denborazko kasua, soziatiboa eta formal case (en) Itzuli
AlfabetoaHungarian alphabet (en) Itzuli, latindar alfabetoa eta Old Hungarian (en) Itzuli
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1hu
ISO 639-2hun
ISO 639-3hun
Ethnologuehun
Glottologhung1274
Wikipediahu
Linguasphere41-BAA-a
ASCL3301
IETFhu

Haren beste ahaide europar batzuk finlandiera eta komiera dira. XIX. mendearen amaiera arte hungarieraren ahaidetasuna beste uraldar hizkuntzekin zalantzan zegoen, haren lexikoan jatorri ezezaguneko hitz asko daudelako, baina Errusiako uraldar hizkuntzetan –komiera, udmurtera, mokxera, mariera– hungarierazko erroekin ahaidetasuna duten erro asko aurkitu zituzten.

Morfologiari dagokionez, hizkuntza eranskaria da, beste ugrofinlandiar hizkuntza guztiak bezala. Fonetikari dagokionez, bokal asko ditu (hamalau, zehazki) eta bokalen iraupena oso garrantzitsua da, horrek hitzen esanahia alda dezakeelako.

Hiztunen kopuru esanguratsua duten Europako hizkuntza ez indoeuropar bakanetakoa da: 12-15 milioi bat hiztun ditu, batik bat Hungarian, bai eta Errumanian, Eslovakian, Serbian, Ukrainan, Kroazian, Austrian eta Eslovenian ere. Estatu horietan guztietan hizkuntza ofiziala da, bai eta Europar Batasunean ere.

Etimologia

«Magyar» (mоgor, antzinako hungarieran) hitzak bi zati ditu: lehenengoa –mōś– mansiarren berezko izenarekin alderatzen da eta agian uraldar *mańćɜ «gizaki, gizon» hitzetik eratorria. Bigarren osagaiaren jatorria ezezaguna da, baina agian finlandiar yrkö «gizon» hitzarekin ahaidetasuna du.

Historia

Duela 900-1000 urte, gutxi gorabehera, hungariarrek Siberia eta Ural utzi eta Panoniako ordokietaraino bizitzera joan ziren, baita Transilvaniaraino ere. Eslaviarren bertaratzea ez bezala, hungariarrena nahiko berandu jazo zen. Hungariarrek borroka asko egin behar izan zuten: eslaviarren aurka hegoalde eta iparraldean, alemaniarren aurka mendebaldean eta errumaniarren aurka ekialdean, baliabideengatik. Horregatik, hizkuntzak —errumanierak bezala— eslaviarren hitz asko hartu zituen: egun, lexikoaren % 20 inguru osatzen dute. XII-XIII. mendeetan Hungariako Erresumak eslaviar lurraldeen zatia menperatu zuen.

1526an Hungariak otomandarren aurkako guda galdu ondoren, Hungariako Erreforma protestantea —150 urte iraun zuen— jazo zen; horrek hungarieraz inprimatutako literaturaren agerpena eragin zuen. «Hungarieraren ortografia» hizkuntza hartan inprimatutako lehen lana izan zen.

1541-1699 urteetan, hungariar gehienak Turkiaren menpean bizi izan zirenez, turkieraren eragina gora egin zen. Transilvania, berriz, lurralde erdi-burujabe bihurtu zen.

Austriar inperioaren zatia bihurtu ostean, Hungariak errepresioa jasan zuen eta alemanak eragin bizia izan zuen hizkuntzan, baina Austria-Hungariako inperioaren garaian, ofiziala bihurtu zen: 1867-1918 hungarieraren «urrezko urteak» izan ziren, mende erdi hartan hiztunen kopuruak indar handiz gora egin zuelako (adibidez, 1915ean, hungariarrak ez zirenen artean hiztunen kopurua % 15,3 zen eta 1880an, % 5,6). Transilvaniako hiri askotan hungarieraz hitz egiten zuten bakarrik (Cluj-Napocan, adibidez). Garai horretan, nazio askotako jendeak hungariera ikasten zuen: juduek, alemaniarrek, errumaniarrek, eslovakiarrek, serbiarrek, kroaziarrek etab. Hala ere, 1918 urtearen ostean, erabilera larriki murriztu zen eta egun Hungaria, Transilvania, Voivodina, Eslovakia eta Transkarpatian nagusiki erabiltzen da.

Idazketa

Hungarieraren lehen idazketa errunak izan ziren (rovás írás, /róvax írax/ ahoskatua), baina kristautasunaren onarpenaren ostean, hungariarrak latindar alfabetoa erabiltzen hasi zen. Egun, errunak batzuetan edergai gisa bakarrik erabiltzen dira.

Gaur egungo idazketa:

Letra Izena Hotsa
A a a [ɒ] ingelesezko got
Á á á [a:] euskal a
B b [b]
C c [ʦ] euskal tz
Cs cs csé [ʧ] euskal tx
D d [d]
Dz dz dzé [ʣ]
Dzs dzs dzsé [ʤ] ingelesezko Joe
E e e [ɛ]
É é é [e:] euskal e
F f ef [f]
G g [g]
Gy gy gyé [ɟ] euskal dd
H h [h]
I i i [i]
Í í í [i:]
J j [j] euskal j (joan)
K k [k]
L l el [l]
Ly ly el ipszilon [j] euskal j (joan)
M m em [m]
N n en [n]
Ny ny eny [ɲ] euskal ñ
O o o [o]
Ó ó ó [o:]
Ö ö ö [ø] frantsesezko peu
Ő ő ő [ø:]
P p [p]
R r er [r]
S s es [ʃ] euskal x
Sz sz esz [s] euskal z
T t [t]
Ty ty tyé [c] euskal tt
U u u [u]
Ú ú ú [u:]
Ü ü ü [y] zubererazko ü
Ű ű ű [y:]
V v [v] frantses v
Z z [z] zubererazko s, deusik-en
Zs zs zsé [ʒ] frantses j (je)
Maileguetan bakarrik erabiltzen direnak
Q q
W w dupla vé
X x iksz
Y y ipszilon

Ezaugarriak eta egitura

Bokalak

Hungarierak 14 bokal ditu; finlandierak ez bezala, ez du diptongorik, diptongoidoak bakarrik (hau da, hots batzuk beste hots batzuen antzeko entzuten dira: ó, ő, ű bokalak u-aren antzekoak izan daitezke eta é bokala, i-aren antzekoa). Ez du erredukziorik ere (hots, bokal batzuk ahozko hizketan aldatzen edo ahoskatzen ez direnean): bokalak zehaztasun handiz ahoskatu behar dira.

Laburrak (a, e, i, o, ö, u, ü) edo luzeak (á, é, í, ó, ő, ú, ű) dira eta iraupena oso garrantzitsua da: vad «basati» — vád «egozte»; tör «hausten du» — tőr «sastakai»; a / á eta e / é bikoteek ere irekitasun ezberdina dute.

Hungarierak, beste hizkuntza eranskari askok bezala (euskarak ez), singarmonismoa du, hau da, hitz bateko bokal guztiek atzekoak (a, á, o, ó, u, ú) bakarrik edo aurrekoak (e, é, i, í, ö, ő, ü, ű) bakarrik izan behar dute: barnulásotokról, zöldülésetekről; horregatik atzizkiak hitzaren bokalen arabera aldatzen dira: falon «harresian», képen «irudian», tükrön «ispiluan».

Kontsonanteak

Hungarierak kontsonante sabaikariak ditu (ny, euskarazko «ñ» «andereño» hitzean bezala ahoskatua, ty eta gy, hurrenez hurren, euskarazko «tt» eta «dd» bezala).

Prosodia

Azentua beti lehen silaban dago (beste ugrofinlandiar hizkuntzetan bezala, udmurteraz izan ezik).

Morfologia

Morfologiari dagokionez, euskara eta beste ugrofinlandiar hizkuntza guztiak bezala, hizkuntza eranskaria da.

Izenak

Izenek numeroak (singularra eta plurala), kasuak eta artikuluak (zehaztua eta zehaztu gabea) dituzte; ez dute generorik.

Plurala -k, -ok, -ak eta -ek atzizkien bidez adierazten da, barruko bokalen arabera: erdő «baso» — erdők «basoak»; madár «txori» — madarak «txoriak»; férfi «gizon» — férfiak «gizonak»; város «hiri» — városok «hiriak»; ember «gizon, gizaki» — emberek «gizonak, gizakiak, jende».

Jabetza, turkiar hizkuntzetan bezala, baina ez euskaran, atzizkien bidez adierazten da: könyvem «nire liburua»; könyved «zure liburua»; könyve «haren liburua».

Kasu ugari ditu:

Hurrengo kasuak edozein hitzekin erabil daitezke
Kasua Atzizkiak Galdera Singularreko adibidea Pluraleko adibidea Hungarieraz - euskaraz
Nominatiboa - Zer(k)? / Nor(k)? ház («etxe») házak («etxeak») Еz a ház magas. — «Etxe hau garaia da»
Akusatiboa -t/-at/-ot/-et/-öt Zer? / Nor? házat házakat Vettem egy házat. — «Etxea erosi dut»
Inesiboa -ban/-ben Non (Zeren barruan)? házban házakban A család egy szép házban lakik. — «Sendia etxe ederrean bizi da»
Idlatiboa -ba/-be Nora (Zeren barrura)? / (Sartu) Non? házba házakba Lépj be a házba! — «Sartu etxean!»
Superesiboa -n/-on/-en/-ön Non (Zeren azaleran / gainean / kanpoko aldean)? házon házakon A házon meglátszott az idő vasfoga. — «Denboraren aztarnak etxearen kanpoko aldean ikusten dira»
Sublatiboa -ra/-re Nora (Zeren gainera / azalerara)? / (Eseri) Non? házra házakra Egy fehér galamb szállt a házra. — «Uso zuria etxearen gainean eseri zen»
Adesiboa -nál/-nél Non (Zeren ondoan)? háznál házaknál Megálltunk a háznál. — «Etxearen ondoan gelditu gara»
Adlatiboa -hoz/-hez/-höz Nora? házhoz házakhoz Odamentek a házhoz. — «Etxera hurbildu ziren»
Elatiboa -ból/-ből Nondik (Zeren barrutik)? házból házakból Kisétált a házból. — «Etxetik irten zen»
Delatiboa -ról/-ről Nondik (Zeren azaleratik / gainetik / kanpoko aldetik)? házról házakról A házról levették a zászlót. — «Etxearen gainetik bandera kendu zuten»
Zeri buruz? Sokat mesélt a házról. — «Etxeari buruz asko esan zuen»
Ablatiboa -tól/-től Nondik? háztól házaktól A háztól nem messze egy kutat találtam. — «Etxetik hurbil iturria aurkitu nuen»
Datiboa -nak/-nek Nori? háznak házaknak Búcsút intett a szülői háznak. — «Gurasoen etxeari agur egin zion»
GenItiboa -nak a/-nek a Norena? háznak a házaknak a Ennek a háznak a fala is üvegből volt. — «Etxe horren hormak beirazkoak dira»
Adlatibo terminatiboa -ig Noraino? házig házakig Két és fél kilométer az iskolától a házig. — «Eskolatik etxeraino 2,5 kilometro ditugu»
Instrumental-komitatiboa -val/-vel Zerekin? házzal házakkal Mi legyen a házzal? — «Zer egin behar dut etxearekin?»
Prolatiboa -ként Zertzat? / Nortzat? házként házakként Ez a nyaraló családi házként van nyilvántartva. — «Baserri hau familia etxe gisa erregistratuta dago»
Translatibo-faktiboa -vá/-vé (Bihurtu) Zer / Nor? házzá házakká Közösségi ház alakult át az egykori mozi. — «Zinema etxe publiko bihurtu zen»
Kausualitibo-finala -ért Zertarako? / Zergatik? házért házakért Mennyit fizettél a házért? — «Zenbat ordaindu zenuen etxeagatik?»
Hurrengo kasuen erabilera mugatua da
Kasua Atzizkiak Galdera / Funtzioa Adibidea Hungarieraz - euskaraz
Esibo-modala -ul/-ül Nola? / Zein hizkuntzaz? magyarul Hogy van ez magyarul? — «Hungarieraz, nola esaten da hau?»
Formala -képp(en) Zein eratan? másképpen Én másképpen oldanám meg a feladatot. — «Nik zeregina bestelako eran ebatziko nuke»
Denborazkoa -kor Noiz? / Non (denborari buruz)? tízkor A vonat tízkor érkezik. — «Trena hamarretan etorriko da»
Soziatiboa -stul/-stül Norekin batera? családostul Családostul költözött külföldre a magyar hegedűművész. — «Hungariar musikaria bere familiarekin batera atzerrira joan da»
Banatzailea -nként Bakoitzarentzakoa fejenként A rafting ára fejenként 12000 Ft. — «Raftingaren salneurria 12.000 forint da pertsonako»
Denborazko banatzailea -nta/-nte «-ero, (denbora)n behin» (denborari buruz) havonta A folyóirat havonta jelenik meg. — «Aldizkaria hilero argitaratzen da»
Lokatiboa -tt Non? Pécsett Felhőszakadás volt Pécsett és Pétervárott. — «Péts eta San Petersburgon euria egin du»

Aditzak

Aditzek bi denbora bakarrik dituzte: lehenaldia eta orainaldia. Geroaldiaren ordez, orainaldia erabiltzen da gehienetan; geroaldia aditz osagarriaren –fog– bidez osa daiteke, baina ez da beharrezkoa.

Ez dago «izan» bezalako aditzik: Nekem van egy ágy «Ohea dut»:zehazki «Nirekin dago ohe bat» da; era berean, Ő egy ember «Hura gizona da», hitzez hitz «Hura bat gizon» da.

Konjugazioaren atzizkiak aldatzen dira, esaldian objektu zehatza egotearen ala ez egotearen arabera: Olvasom az újságot «Egunkaria irakurtzen dut», Újságot olvasok «Egunkari bat irakurtzen dut».

Izenondoak

Hungarierazko izenondoak ez dira kasuen arabera aldatzen: a gyönyörű erdő «baso ederra», a gyönyörű erdőbe «baso ederrera». Ez da horrela, adibidez, baltiar-finlandiar hizkuntzetan (finlandieran edo bepsaeran).

Hiztunen banaketa geografikoa

Erakundeak

Magyar Tudományos Akadémia Nyelvtudományi Intézete edo «Hungarierazko Zientzia Akademiaren Hizkuntzetarako Ikerketa Institutua» erakundeak hizkuntza arautzen du.

Erreferentziak

  1. 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-19).

Ikus, gainera

Hizkuntza ez indoeuroparrak Europan

Kanpo estekak

Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.