Humus

Humusa (latinetik: "Humus" = lurra, lurzorua) landare- eta animalia-gaien deskonposizioaren ondorioz lurrean eratzen den kolore arreko gai organikoa da, karbono asko duena. Deskonposizioa era askotako onddo eta bakterioek eragina izaten da. Eratzeko moduaren eta konposaketaren arabera, humus desberdinak ezagutzen dira. Humusa ongarri gisa erabiltzen da lorezaintzan eta nekazaritzan.

Goian, ilun, humusa.

Duen karbono kopuru handiak ematen dio humusari bere ohiko kolore iluna. Humifikazioa lurreko mikrobioek (onddoek eta bakterioek) egiten duten humusaren sortze-prozesuari deritzo. Humifikazio prozesuan eragin handia dute klimak eta lurzoruaren ezaugarriek.

Humusa lurzoruaren zati organikoa da, lurzoruko kanpo-geruza duen substantzia beltzaxka. Animalia eta landare-hondakinetatik, eta beren jariakinetatik, sortzen da, lurzoruaren gaineko geruzan dauden mikrobioek hondakin horiek mineralizatzen dituztenean [1]. Hondakin organiko horiek deskonposatzen dituzten mikrobioak, batik bat, aerobioak dira, baina badaude anaerobioak ere. Bakterioek eta onddoek burutzen duten materia organikoaren deskonposizio horrek karbono dioxido (CO2) askatzen du atmosferara, eta humusa sortzen du, zeinak karbonoa, nitrogenoa, fosforoa, potasio eta magnesioa, besteak beste, ditu [2].

Humusak lorzoruaren emankortasuna areagotzen du. Humus asko duten lurzoruetan landareak hobeto hazten dira. Horregatik, humusa ongarri bezala erabiltzen da [3]. Basamortuetan eta landaretza ez duten eremuetan ez dago humusik, ezta ustiapen handiko soroetan ere.

Soroen gehiegizko ustiapenak, herbiziden, pestiziden eta ongarri kimikoen erabilerak, deforestazioak eta artzaintza intentsiboak humusaren desagerpena eragiten dute eta lurzoruaren emankortasunaren desagerpena

Humusaren osaketari dagokionez, mikrobioak, mikrobioek materia organikoa deskonposatzerakoan sortutako substantziak eta degradazio biologikoari erresistentzia handia dioten molekula batzuk (lignina edo zelulosa, esaterako) daude [4].

Orokorrean, humus izena erabiltzen da lurzoruaren jatorrizko materia organikoak bere egitura fisikoa galdu duenean eta masa amorfoa bihurtu denean. Era berean, humusa eta konposta bereizi behar dira: humusean hondakin organikoak deskonposizio prozesu aurreratuago batean daude konposteko hondakin organikoena baino

Erreferentziak

  1. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología vol. II, Ed. Reverté (1998), 707. orr. ISBN: 84-291-1871-3
  2. Qué es el humus renovablesverdes.com
  3. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 42-43 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
  4. Margalef, Ramon: Ecologia Ed. Omega (1980) 217 orr. ISBN: 84-282-0405-5

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.