Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI) Mondragon Unibertsitateko fakultate bat da, Irakasle Eskola gisa 1976an sortua, Eskoriatzan. Hasiera hartan, euskal maisu-maistrak prestatzea zuen helburu, artean irakasle euskaldunen eskaria baitzegoen puri-purian, ikastola mugimenduarentzat. Gaur egun, hiru jakintza arlo jorratzen ditu: hezkuntza, komunikazioa eta kooperatibismoa. Bi campus ditu: Eskoriatzan bata, Aretxabaletan bestea.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Datuak
Motafakultatea
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Honen parteMondragon Unibertsitatea
Agintea
Egoitza nagusi
Egoitza nagusi
webgune ofiziala
Huheziren egoitza nagusia den Otadui etxearen fatxada nagusia. Antzina, Arrosario Santuaren ospitalea izan zen.

Ikasketak

Gaur egun hainbat gradu, unibertsitate master eta graduondo ikas daitezke Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Ikasketa batzuk presentzialak dira eta beste batzuk sarean eskaintzen dira.

Graduak

  • Haur Hezkuntza
  • Lehen Hezkuntza
  • Ikus-entzunezko Komunikazioa

Unibertsitate Masterrak

  • Ikasketa Errazten eta Berrikuntzan unibertsitate masterra
  • DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen unibertsitate masterra
  • Gizarte Ekonomia eta Enpresa Kooperatiboa unibertsitate masterra

Graduondoak

Profesionalei zuzendutako hainbat graduondo eskaintzen ditu, hezkuntzan, komunikazioan, kulturan eta kooperatibismoan. Besteak beste, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) aditu titulua eskaintzen du.

Ikerketa eta transferentzia

Hezkuntzari lotutako transferentzia kudeatzeko, fakultateak 2019an sortu zuen Hezkuntza Berrikuntzarako Zentroa (HBZ).[1]

Institutu eta laborategiak

Fakultateak jorratzen dituen hiru jakintza arlo lantzeko, hainbat egitura sortu ditu.

Lanki Kooperatibismoaren Ikertegia

Lankidetzaren ikertegia da Lanki, eta Eskoriatzan du etxea, HUHEZIn bertan. Hamar lagunek osatzen dute, eta horien egitekoa da kooperatibak eta autoeraketa ikertzea, eta hortik gogoeta nahiz prestakuntza eskaintzea kooperatibei.

Lankiren ernamuina izan zen Kooperatibismoaren Unibertsitate Institutua, 1998an sortua. Pare bat urte geroago, institutua birmoldatu eta Lanki sortu zen. Azken sei urteotan lan handia egin du Lankik barrura begira, mintegi lana egiten. Horren emaitza da gaurko taldea, hamar lagunek osatua, jende gaztea eta ondo prestatua.

Lan ildoak

Gaur egun, honako lan hauek ditu Lankik esku artean:

  • Testigantza proiektua. Aztertzen du Arrasateko kooperatiba esperientziako protagonista handienen diskurtsoa. Beharrezkoa, kooperatiba prestakuntza berri bat egiteko.
  • Argitalpenak. Zazpi liburu argitaratu ditu, eta beste hiruzpalau, bidean.
  • MCCren esperientziaren zentzua. Gogoeta bat egin da MCCren kooperatiba guztietan, korporazioak bultzatuta. Lankik eraman du horren ardura teknikoa.
  • Interkooperazioa Hirugarren Munduarekin' Mundukiderekin batera.
  • Ikastaroak. Eta horiekin batera, mintegiak, ikerketa txikiagoak, enkarguzko liburuak…

Geroa

Bi kezka nagusi ditu Lanki Ikertegiak gerora begira: master bat prestatzea, erreferente izan nahi duena kooperatibismoaren inguruan. Eta bigarrenik, bultzatzea eta elikatzea kooperatiba prestakuntza bai MCCn eta baita MUn ere.

KoLaborategia. Gizarte Digitalerako Hezkuntza eta Komunikazioa

KoLaborategia 2018an sortu zen, hiru alor hauek lantzeko: aholkularitza eta formazioa, esperimentazioa eta digitalizazioaren ikerketa.

HUHEZIren historia

  • 1978 - Onarpen ofiziala. Hezkuntza Ministerioak onartu egin zuen Eskoriatzako Irakasle Eskola, aurrerantzean Bilboko Unibertsitateari atxikita egongo zena.
  • 1979 - Lehen promozioa. 39 irakasle irten ziren urte hartan irakasle diplomarekin.
  • 1980 - Irakasle Eskola, kooperatiba. Zegoen ingurunean zegoela txertatuta, urrats logikoa egin zuen eskola kooperatiba bihurtuta.
  • 1981 - Lehen promozioa titulurik gabeko irakasleetan. Urte hartan 147 maisu-maistrak eskuratu zuten titulua, euskara irakasten titulu barik ibilita ikastoletan edo herri eskoletan. Guztira, titulurik gabeko 700 maisu-maistrak amaitu zituzten ikasketak Eskoriatzako Irakasle Eskolan.
  • 1984 - Dokumentazio zentroa sortu zen haurren gainean. Eskola hasi zen dokumentazioa biltzen, antolatzen eta zabaltzen sei urte arteko haurren gainean.
  • 1985 - Programa ikasleak birgaitzeko. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera, Eskoriatzako Irakasle Eskola hasi zen ikastaro bereziak antolatzen, egunean jartzeko lanean ari ziren irakasleak. Jakingarriak aldizkaria sortu zen.
  • 1988 - Bideo didaktikoak “Piti gaztagile” egin zen, lehen bideoa bideo bilduma batean helburu didaktikoekin egina.
  • 1990 - Euskararen normalizazioa administrazioan. Irakasle Eskolak ikastaro bereziak antolatu zituen, hizkuntza eskakizunik jasoenak lantzeko euskal administrazioko funtzionarioek.
  • 1992 - Ikasliburugintzan. Dozena bat liburu argitaratu ziren, euskarazko irakaskuntzan ikasliburuak behar zirela-eta.
  • 1996 - Hezkuntza Berezia. Hezkuntza Berezia espezialitatea sortu zen, profesionalak prestatzeko haurrekin lan egin dezaten, hezkuntza premia bereziak dituztenekin.
  • 1997 - Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Eskoriatzako Irakasle Eskola Mondragon Unibertsitatean sartu zen, eta bertako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea bihurtu, HUHEZI. Horrekin batera, lizentzia bat sortu zuen Humanitateak-Enpresa izenekoa.
  • 1999 - Eraikin berria. Hasierako eraikina txiki geratu zela-eta, Gizabidea fundazioak alboko San Viator eraikina (XVII. mendekoa) erosi zuen HUHEZIrentzat. Urte horretan fakultateak “Enpresa Proiektuen Zuzendaritza” masterra sortu zuen.
  • 2000 - Psikopedagogia lizentzia. Lizentzia moduan sortu zen bigarren zikloan, hobeto erantzuteko sor daitezkeen arazoei irakaskuntza eta gizarte eleaniztunetan.
  • 2001 - On line ikasketak' Sarean ipini ziren Psikopedagogia ikasketak eta master bat. Halaber, ikasketak bukatu zituen lehen promozioak Humanitateak-Enpresan. Urte berean, bi master gehiago eratu ziren: Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak Formazioan eta Hezkuntza Zuzendaritzan.
  • 2002 - Eskuhartze Psikopedagogikoa. Psikopedagogia ikasketen barruan antolatu zen.
  • 2003 - Mendeberri proiektua ezarri. Arazoetan Oinarritutako Irakaskuntza hasi zen aplikatzen modu sistematikoan Irakasle ikasketen lehen mailan.
  • 2004 - Pertsona eta Talde Garapena. Gestio unitate bat sortu zen izen horrekin. Halaber, sortu ziren Informaziorako eta komunikaziorako Giza Zientziak. Urte horretan hasi zen irakasten Prestakuntza Pedagogikorako ziurtagiria.
  • 2004 - Mendeberri proiektuaren ezarpenaren harira, Kasuetan Oinarritutako Irakaskuntza hasi zen aplikatzen modu sistematikoan Irakasle ikasketen bigarren mailan.
  • 2005 - Ikus-entzunezko komunikazioa. Lau urteko lizentzia.
  • 2007 - Lehendabiziko doktore-tesia irakurri zen bertan.
  • 2009 - Boloniako prozesuaren ildotik, Graduko Ikasketak eskaintzen hasi ziren: Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioa.

Erreferentziak

  1. «Hezkuntza Berrikuntzarako Zentroa (HBZ) - Mondragon Unibertsitatea» www.mondragon.edu (Noiz kontsultatua: 2020-11-02).

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.