Hortz

Hortzak digestio-aparatuaren atal garrantzitsu bat dira, ahoan kokatuak. Haginlariak arduratzen dira haien gaixotasunez. Animalia ornodunen hortzak antzinako arrainek babesteko azalean zituzten hezurrezko geruzen bilakaeratik sortuak dira. Ugaztunen hortzak hiru zati ditu: koroa edo hortz ohitik kanpo dagoen partea; erroa edo hortz ohiaren azpian dagoena; eta lepoa, mintz haragitsuzko ehun baten bidez, koroa eta erroa lotzen dituen partea. Aldi berean hiru geruza edo maila ditu hortzak: esmaltea edo kanpoko geruza, gai gogorra eta trinkoa, eta hortzaren koroa estaltzen duena; erdiko geruza edo dentina, esmaltea baino bigunagoa eta hezurraren osaera bera duena. Hortz-mamia da hortzaren geruzarik barnekoena, eta zelulez, odol hodiez eta nerbioez dago osatua. Hortzaren erroak leku batzuetan zementua du inguruan. Zementua ez da dentina bezain gogorra eta hezurraren antzeko ezaugarriak ditu.

Hortz
Xehetasunak
Kokapenaoral cavity (en) Itzuli
Identifikadoreak
MeSHA14.549.167.860
FMA12516
Terminologia anatomikoa

Giza hortzeria

Sakontzeko, irakurri: «Giza hortz»

Gizakiengan bi hortzeria mota daude: esne-hortzeria eta behin betiko hortzeria.

Esne hortzeria haurtzaroan ateratzen da eta 8-10 urterekin erortzen da. Hogei atalek osatzen dute: lau ebakortz, bi letagin, eta lau aurreko hagin, hortz lerro bakoitzean.

Behin betiko hortzeria ateratzen da ondoren. 32 atalek osatzen dute eta 12-13 urterekin guztiz eratuta egoten da. Behin betiko hortzeriako hortz bat erortzen bada ez da berriro aterako. Lau ebakortz, bi letagin, lau aurreko hagin eta sei atzeko hagin, hortz-lerro bakoitzean, osatzen dute behin betiko hortzeria.

Behin-behineko haginen lekua behin betiko aurreko haginek hartzen dute, eta behin betiko haginek ez dute lehenagoko haginik beren lekuan (lehenengo behin betiko hagina haurrari seigarren urtearen inguruan ateratzen zaio, bigarrena hamabigarren urtearen inguruan eta hirugarrena, 18-20 urte dituenean). Ebakortzak eta letaginak janaria zatitzeko erabiltzen dira, aurreko haginak eta haginak, berriz, janaria txikitzeko eta ehotzeko. Hortzaren formak erakusten du bere eginkizuna: ebakortzaren koroak ebakitzeko ertz zorrotzak ditu, eta haginak, berriz, janari puxkak txikitzeko erpinak edo tontorrak. Giza hortzen ezaugarria da letaginak txikiak izatea. Hortzen erroen kopurua ere aldatu egiten da hortz batetik bestera: erro bakarra dute ebakortzek eta letaginek, eta hiru, adibidez, goiko haginek.

Erreferentziak

    Ikus, gainera

    Kanpo estekak

    Anatomia Artikulu hau anatomiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.