Honoré de Balzac

Honoré de Balzac (Tours, Indre eta Loira, Frantzia, 1799ko maiatzaren 20a - Paris, Frantzia, 1850eko abuztuaren 18a) frantsesezko idazlea izan zen: eleberrigilea, antzerkigilea, literatura kritikaria, arte kritikaria, saiakeragilea, kazetaria eta inprimatzailea.[1] Gustave Flaubert idazlearekin batera, eleberri errealistaren ordezkari nagusia izan zen[2] , eta bere eleberriak Frantsesezko literaturan garrantzitsuenen artean daude. Hala ere, ez zen eleberriak idaztera mugatu, beste hainbat genero landu baitzituen, hala nola filosofia, antzerkia, kazetaritza, gutunak, eta ezin konta ahala asmo eta proiektu utzi zituen paper zorroetan zirriborratuak.

Honoré de Balzac

2. president of the Société des gens de lettres (en) Itzuli

1839 - 1840
Abel-François Villemain - Victor Hugo
Bizitza
JaiotzaTours, 1799ko maiatzaren 20a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis, 1850eko abuztuaren 18a (51 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Grave of Balzac and Ewelina Hańska (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: Gangrena gaseosoa
Familia
AitaBernard-François Balssa
AmaAnne-Charlotte-Laure Sallambier
Ezkontidea(k)Ewelina Hańska (en) Itzuli  (1850eko martxoaren 14a -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaLycée Charlemagne (en) Itzuli
(1814 - 1816)
Parisko Unibertsitatea
(1816 -
Paris Law Faculty (en) Itzuli
(1816ko azaroaren 4a - 1819ko urtarrilaren 4a)
Hezkuntza-mailaBachelor of Laws (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Irakaslea(k)François Pierre Guillaume Guizot
Abel-François Villemain
Victor Cousin
Jarduerak
Jarduerakeleberrigilea, literatura-kritikaria, idazlea, prosalaria, kazetaria, arte-kritikaria, saiakeragilea, dramagilea eta argitaratzailea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakWalter Scott eta Buffon Kondea
Mugimenduaerrealismoa
Izengoitia(k)Horace de Saint-Aubin, Lord R’Hoone, Viellerglé eta Saint Aubin
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

IMDB: nm0051304 Allocine: 37056 Allmovie: p315607 IBDB: 4418
iTunes: 2809167 Musicbrainz: a0412c28-426e-409c-a7ed-363a3ffc481a Discogs: 769148 Find a Grave: 51 Edit the value on Wikidata

La Comédie humaine («Giza komedia») izeneko proiektu handia sortu zuen, beraien artean lotura duten 137 istorio idazteko asmoz. Helburu hori bete ezin izan zuen arren, guztira 91 lan bukatu zituen (istorioak, eleberriak eta saiakerak) eta 46 lan bukatu gabe geratu ziren. Gainera, hogeita hamar ipuin (Les cent contes drolatiques, 1832-1837) eta bost antzerki idatzi zituen.

Egunkarietan eta aldizkarietan Balzacen sinadura guztiz preziatua zen. Gutun ugari idatzi zuen; 1850ean bere emazte bihurtu zen Ewelina Hańskarekin, bereziki, gutun truke luze bezain interesgarria izan zuen.

Honoré de Balzac, Vendômeko ikastetxean ikasle zela. Maxime Dastugueren margolana.

Bizitza

Balzacen erretratu bat, 1820ko hamarkadaren erdialdekoa.

Honoré de Balzac Toursen (Frantzia) jaio zen 1799ko maiatzaren 20an, burges familia batean[2]; lau seme-alaben artean zaharrena zen.[1] Bere haurtzaroa Tours hirian igaro zuen, bere aita umezurztegi bateko administratzailea zen garaian. Hamalau urterekin Parisera joan zen bere familiarekin. Aldi horretan Cromwell (1820) konposatu zuen, Schillerren[3] estiloko bertsoa, gai historikokoa, baldarkeria handikoa eta kalitate gutxikoa. Bere familiaren aurrean irakurtzean, bere kalitatea oso nahastuta agertzen delarik, bere koinatua, ingeniari bat, École Polytechniqueko[4] literatura irakasleari aurkeztea lortzen du, honek, adeitasunez arbuiatzen duelarik, eta Balzaci prosan aritzea aholkatzen dio. Ikasketak Vendôme eta Tours hirietan hasi eta La Sorbonan jarraitu zuen.[5] Zuzenbideko ikasketak egin zituen, aitaren nahia jarraitzeko asmoz [6] eta bi legegizonekin aritu zen lanean, notario laguntzaile eta abokatu laguntzaile gisa, harik eta 1820an literaturari bete-betean eman zitzaion arte.

Hogei urte zituela, familiarekin adostuta, idazten aritzeko bi urte hartu zituen.[7]

Bere hasierako lanak izengoiti batekin argitaratu zituen eta ez zuten arrakastarik izan. Hogei urte bete zituenez geroztik literatura izan zuen eginkizun nagusia, baina, horrez gain, era askotako zereginetan aritu izan zen bere bizitza osoan. Idazletako bere lehen urteak Parisko teilatupe batean eman zituen,[1] gosez eta hotzez, baina zeukan diru apurra luxuetan gastatuz, idazle ospetsu izateko ahalegin bizian, historiako eta fantasiazko nobela kaskar eta ezizenez argitaratuak ontzen.

Balzacen bikotekide Ewelina Hańskaren erretratua, Holz von Sowgenek egina (1825).
Balzacen Imprimategiaren lekukoa
Balzacen Maison Les Jardies propietatea Gambetta Museoa. Kokapena Ile-de-France ; Hauts-de-Seine ; Sèvres

Harreman korapilatsu asko izan zituen; bera baino askoz emakume zaharragoak edo askoz gazteagoak aukeratzen zituen, seme-alabak izan zituen ezkutuan... Emakumeak laguntza ekonomikoa eskaini zioten, Madame Laure de Berny, 1822an, bere ibilaldiaren hasieran. 1832an Ewelina Hanska kontesa ukraniarra ezagutu zuen. Momentu horretan emakumea ezkonduta zegoen. Bizitzaren bukaeran, hil baino bost hilabete lehenago, berarekin ezkondu zen, harekin 17 urtez harremanetan egon ondoren, gutun bidez gehien bat, oso noizbehinka ikusten baitzuten elkar.[6][8]

1821etik 1829ra bitarteko aldian, Balzacek eskrupulurik gabeko editoreen enkarguz idatziko du, zenbait izengoitirenpean, batzuetan beste batzuek bere lanak sinatzea ere baimenduz, oso kalitate eskaseko eleberri ugari (horietako bederatzi behintzat ezagutzen dira, baina beste hainbaten susmoa dago; Balzacek berak ez zuen bereak zirenen berririk utzi nahi izan.

1822an Madame de Bernyrekin harremanetan jarri zen; hark aristokraziaren mundua ezagutarazi zion, eta diru laguntza eskaini. 1825etik 1828ra bitartean zenbait negozio abiarazi zituen, baina batere onik gabe. Imprimategi bat jarri zuen martxan eta hiru urtetan (1826-1828) ehun mila franko baino gehiago zor izatera heldu zen[6] Hala ere, ez zion idazteari utzi. Orduak eta orduak pasatzen zituen idazten, kafea hartuz. Bestalde, zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta gehiago gastatzen zuen, zorpetuta egon arren.[9]

Balzac-ek gehiegikeriaz betetako bizitza eraman zuen. Anbizio handia zeukan, eta horren froga da Maison des Jardies izeneko propietatearen erosketa. 1837 urtean erosi zuen, Versailles-Paris trenbidetik gertu. Berak diseinatu zuen etxea, eta, antza denez, bigarren solairura igotzeko eskailera jartzea ahaztu zitzaion [9] 1840 urtean, zorrek itota, saldu egin behar izan zuen etxea.

Ibilaldi literarioa

Estiloa

1829tik aurrera literaturari emana bizi izan zen.[7]

Balzacen prosak haren garaiko Frantziako gizarte osoa azaltzen dio irakurleari, berak zioenez «erregistro zibilarekin lehian». Frantses gizartearen irudi hori moldatzearren, Balzacek estetika errealista erabili zuen, xehetasunez beteriko deskripzio eta erretratuak eginez. Kontatzailearen antzeak eta pertsonaien gorabehera psikologikoen eta sozialen analisi sakonak eman diote eleberri bilduma horri literatura modernoan merezimendu osoz lortua duen lehen mailako lekua.

Balzac‐en deskribapena objektiboa da. Begien aurrean ikusten duena deskribatzen da, arrazoimenaren leku/denbora sekuentzia errealistari jarraituz. [10] Mari Jose Olaziregiren ustez, XIX. mendeko eleberri errealistak luzeak dira. Egileak, jainko txikiak bailiran, eraldaketa bizian zegoen mundua kontatu eta eleberrietan errenditu nahi zituzten [11]

Horrez gain, natur zientziak, historia, kazetaritza artikuluak eta panfleto politikoak ere idatzi zituen. Balzacen estiloa, batzuetan desordenatua eta ez oso egonkorra dena, urte hauetan sufritzen ari dela dirudi, Stefan Zweigen esanetan, Balzacek bere arima postorerik onenari saltzen dionean.

Egileen ofizioaren aldeko lana

Nobelagileen ofizioa aldarrikatzeko gogor egin zuen lan, modu askotan:[5] Buloz editorea eraman zuen auzitegira. 1938an “Société des gens de lettres” Elkartearen sorreran parte hartu zuen, George Sand, Victor Hugo eta Alexandre Dumasekin batera. Egileen interesak eta ondare-eskubideak defentsako xedearekin sortutako elkartea da. Elkarte honen lehendakaria izan zen 1939ko abuztuaren 16tik aurrera, eta ohorezko lehendakari izendatu zuten 1941ean. 1940an, Arautegi Literarioa (62 artikuluetan banatutakoa) sortzeko egin zuen lan, jabetza literarioaren inguruan[12] Jabetza literarioaren lehengo pausoak ez ziren momentu horretan onartu[13], baranduago baizik [14][15]

Lehenengo pausoak

Arrakastarik gabeko hasiera antzerki lan batekin: Cromwell (1819). Bere lehenengo eleberriarekin arrakasta gehiago lortu zuen: Lord R'Hoone ezizenez argitaratu zuen L'Héritière de Birague (1822). Saiakera ugari argitaratu zuen beste ezizenekin - "Horace de Saint-Aubin" ezizenez, Clotilde de Lusignan (1822), Le Centenaire (1822), Le Vicaire des Ardennes (1822), La Dernière Fée (1823) , Annette et le Criminal (Argow le Pirate) (1824), Wann-Chlore (1826) – edo anonimoki - Du Droit d'aînesse (1824), Histoire impartiale des Jésuites (1824) eta Code des gens honnêtes (1826)[16]

1829an jadanik bere izenez sinaturiko La physiologie du mariage saiakerak eta Le Dernier Chouan eleberriak 1841ean Les Chouans izango zenak entzute handia eman zioten. Eleberriak argitaratzen jarraitu zuen, esaterako hauek: Une passion dans le désert (1830), La peau de chagrin (1831), Le curé de Tours (1832) eta Eugénie Grandet (1833). Laster, eleberri bateko pertsonaiak besteetan ere agertu zitezkeela otu zitzaion, modu horretan gizarte oso bat moldatzeko moduan. Le Pére Goriot (1834) eleberrian lehen aldiz abiatu zen bide horretan barna.

Eleberri eredu berri bat

Giza komedia proiektu erraldoia

Balzacen erretratua, Pierre Jean Davidek (David d'Angers goitizenaz ezaguna) 1843an egina.

Giza komedia obra erraldoia da.[17] 85 nobelaz osatutako lana da.[18] Hainbat ataletan dago banatuta: Bizitza pribatuaren eszenak, Probintzietako bizitzaren eszenak, Parisko bizimoduaren eszenak. Bere garaian girotutako nobelak landu zituela esaten den arren, idatzi zituen orobat bera baino lehenagoko garaietan girotutako nobelak, errealismoaren aldezle izan arren fantasiazko nobelarik ere idatzi zuen bezalaxe. Eta aipatzekoa da Une tenebreuse affaire («Kontu ilun bat») gaur egun polizia eleberria esaten zaion generoaren aitzindari izan zela, Edgar Allan Poe eta Wilkie Collins baino lehenago. Balzac izan zen, era berean, garai hartan indar handia hartu zuen nobelak zatika egunkarietan argitaratzeko moduari lehen atxiki zitzaiona, nahiz gero horretan espezializatu ziren beste idazle batzuek -Sue, Dumas, Feval- gaina hartu zioten horretan; egunero nobela puska bat argitaratuz ikuslearen jakin-mina sortzen zen eta irakurle asko erakarri zen horrela irakurketara.

1833. urteaz geroztik, Balzac hasi zen sumatzen bere nobela guztiak hiru partetan banatutako osotasun batean bildu zitzakeela: Études de mœurs, Études analytiques, Études philosophiques. 1837an bere obra osoa izenburu bakar baten pean biltzea pentsatu zuen, eta horretarako harpidetza sistema bat ere asmatu zuen, irakurleak ziurtatzeko. Azkenean, 1842an eman zion Balzacek bere proiektu erraldoi hari behin betiko izena: La Comédie humaine («Giza komedia»), berak 137 eleberriz osatzeko asmoa bazuen ere, hil zenean 91 zituen eginak: nobela luzeak eta nobela laburrak. 2.500tik gora pertsonaia dituen mundu hori indartzeko eta hari batasuna emateko, nobela bateko pertsonaiak beste nobela batzuetan agerrarazten zituen, ahaide bihurtzen zituen nobela batzuetako eta besteetako pertsonaiak, edota benetako pertsonak fikziozko pertsonaia bihurtzen zituen.

Mundu bat asmatu zuen historialaria

Honoré de Balzacen idazlanen 1901eko ingeles argitaraldi bateko zenbait liburuki.

Mundu oso, handi eta egiazko bat sortzea, horra hor Balzacen asmo gorena, bere ukrainar adiskideari gutun batean aitortuko zionez:

« Hauxe da jokatzen ari naizen jokoa: XIX. mendean lau gizonek izan dute berealdiko bizitza: Napoleonek, Cuvierek, O'Connelek, eta nik izan nahi dut laugarrena. Lehena Europaren bizitzaz bizi izan zen: gudarosteak txertatu zituen bere baitan. Bigarrena munduarekin ezkondu zen! Hirugarrenak herria gorpuztu zuen! Nik gizarte oso bat eramana duket neure buruan!  »

Balzacek oso garbi zuen, beraz, zer egin nahi zuen: bere garaiko nobela aldatzea. Hori izan zen haren gogoeta nagusia. Berritzailea izan zen, genero berrien sortzailea. Nobelari buruz teoria oso bat zertu zuen, eta teoria horren alderdi batzuk aipatuko dira soil-soil segidan. Ez zuen bere burua kontalari xume ikusten, mundu baten sortzaile baizik; ez zuen gogobetetzen benetako mundua nobelara bere horretan aldatzeak, benetako mundu horretan oinarriturik bere garai osoa bezain mundu benetako eta erreala asmatu nahi zuen hark. Asmatze horri Balzacek «bere garaiaren historia egitea» deitzen zion, ez ordea historia ofiziala, gertaeren ondorioena (itxura hutsa baita hori), kausena baizik. Balzac, heraz, historialari moduko bat zen, halakotzat zeukan bere burua, eta halakotzat aitortu izan dute geroztik aditu eta idazle askok, baina «giza bihotzaren historia» egin nahi izan zuen, norberaren barne historia, historia sekretua, gertaera psikologikoak aztertzen dituena. Bere garaiari buruzko egia osoa adierazi nahi izan zuen Balzacek. Zentzu horretan, «erregistro zibilarekin lehian» ibili nahi zuela esaten zuen.

Bere eleberri bilduma osotasun baten gisara sortu zuen: gertaera multzo bat, milaka pertsonaien bidez kontatua, giro jakin batean. Giro hori ez da gertaeren gertaleku soila : giroak gertaerak baldintzatzen ditu, gertaerek giroa bera tankeratzen duten bezala.

Bere garai osoa baliatu zuen bere obrarako lehengaitzat, horretarako herak bere buruari eman zizkion lege zorrotzak betez. Egiantzekotasuna eta dena aldi berean bat eta era askotakoa izatea -dena dagoela, alegia, elkarren mende- izan zituen lege nagusiak.

Dirua, aginpidea eta grina gai nagusitzat harturik, bere garaiko gizartean -eta garai guztietakoan- dena elkarri lotuta eta elkarren harremanetan dagoela adierazi nahi izan zuen. Eginahal horretan Cervantes, Molière, Tazito, Sterne, Richardson, Rabelais, Montaigne, Rousseau, La Rochefoucauld, Locke izan zituen eredu nagusiak.

Nobela, beraz, gizabanakoei dagokien drama bat zen harentzat, eta aldi berean gizarte osoa tartean sartzen duen epopeia bat.

Idazle atzerakoi baten koskak

Honoré de Balzacen bustoa, brontzezkoa, Auguste Rodinek egina (1891 – 1892).
Balzacen hilobia, Parisko Père Lachaise hilerrian.

Balzac erregearen eta Erromatar Eliza Katolikoaren defendatzaile sutsu eta berrikuntzen kontrako agertu zen maiz bere idatzietan; aurrerabidearen eta etorkizunaren gaitzespenez, gogotik goraipatu zituen burgesiak hondaraziak zituen sineste eta ustekizun zaharrak, liberalismoaren urrezko aroa hastera zihoan garai hartan. Hala ere, haren obraren ikertzaile batzuek geroztik esan dutenez, Balzacek, atzerakoia izan arren, gogor kritikatu eta gaitzetsi zuen bere garaiko gizarte kapitalista.[19][20]

Munduaren ikuskerari dagokionez, Balzacek berak esana da: «ne suffit pas d'etre un homme: il faut etre un systeme» (Ez da aski gizon izatea: sistema behar da izan).[19]

Balzacen sistema behatzaile zorrotz-zorrotza izatea izan zen, berak zientifikoa iritzi zion moduan. Hala, bere nobeletan, joera handia izan zuen berez nobelan beharrezkoak ez ziren edo irakurleak inondik ere jakiterik ez zituen errealitatearen alderdi jakin batzuk ere aipatzeko, adierazi nahi zuen munduaren egiaren eta koherentziaren mesedetan. Ezaguerari zegozkion alderdi guztiak atzeman nahian, Balzacek maiz kontalariaren egokitasuna sakrifikatzen zuen, ideia eta juzku nagusiak aurreratzen baitzituen pertsonaiari berari hitzez eta egintzez bere burua aurkezten utzi baino lehen, alegia, pertsonaiei bizia emateaz gainera, bere interpretazioak eta usteak eransten zizkien.

Zehaztasunaren zehaztasunez eta esplikazioaren esplikazioz, Balzacek bere estiloa korapilatu zuen sarri, eta oso gauza bitxia da nola goitik behera zuzentzen, aldatzen eta eranskinak egiten zizkien inprentako probei, etengabe ari balitz bezala bere obra zabaltzen, gorde diren inprentako orrialde batzuek garbi adierazten dutenez.

Zuzenketen grina hori dela eta, estilo falta egotzi izan dio, estilo zehaztasuna baino areago, hainbat idazlek Balzaci. Hala, Baudelairek esan zuen Balzac, funtsean, ez zela hainbeste behatzaile errealista zorrotza, nola iragarle aparta, eta, bestalde, hainbeste zuzenketekin obra osoaren batasuna lausotzen eta aztoratzen zuela, baina hori zela Balzac izatez zen historialari handiari aurkitzen zion akats bakarra. Proustek, berriz, klasikotzat hartu bazuen ere Balzac, isiltzen ez jakitea egotzi zion batez ere, narrazioari berez zegokiona mugatu ordez esanahiari buruzko xehetasunak eta gogoetak gehiegikeriaz erantsi izana hitz bakoitzari. Balzacentzat, ordea, xehetasunak ziren izaera jakin baten erretratu osoa egiteko eta izaera hori besteengandik bereizteko bide bakarra. Flaubertek gupida gabe epaitu zuen Balzac: «Bigarren mailako kankailua». Baina hala eta guztiz ere, gizon erraldoi, suhar eta ekin haren itzala ezin handiagoa izan da literaturan, nobelari betiko lotua geratu baita haren izena, berak hein handi batean tankeratu eta gorpuztu zuen eta XIX. mende hartan goia jo zuen generoari.

Idazlan nagusien zerrenda

Le Père Goriot, Goriot Zaharra Balzacen irakurri beharreko lehen obra, Felicien Marceau frantses akademikoaren aburuz[7] (1835)

Bertso tragikoa

  • Cromwell (1819)

Bere heriotzagatik amaitugabeak

  • Le Corsaire (opera)
  • Sténie
  • Falthurne
  • Corsino

Ezizenez argitaratuak "Lord R'Hoone" ezizenez, eta elkarlanean

  • L'Héritière de Birague (1822)
  • Jean-Louis (1822)

"Horace de Saint-Aubin" ezizenez

  • Clotilde de Lusignan (1822)
  • Le Centenaire (1822)
  • Le Vicaire des Ardennes (1822)
  • La Dernière Fée (1823)
  • Annette et le Criminal (Argow le Pirate) (1824)
  • Wann-Chlore (1826)

Anonimoki argitaratuak

  • Du Droit d'aînesse (1824)
  • Histoire impartiale des Jésuites (1824)
  • Code des gens honnêtes (1826)

La Comédie humaine Piramide-egiturarekin sortutako lana da. Hasteko: Ohitura ikerlanak 6 ataletan banatuak:

  • Scènes de la vie privée
  • Scènes de la vie de province
  • Scènes de la vie parisienne
  • Scènes de la vie politique
  • Scènes de la vie militaire
  • Scènes de la vie de campagne

Jarraipena Ikerlan filosofikoak eta bukaera Ikerlan analitikoak. 1842an agertu zen eta 1846 bitartean argitaratu zen, hamasei liburukiko bilduma osaturik.[8]:

La Comédie humaine idazlaneko izenburu hautatuak

  • Les Chouans (1829)
  • Sarrasine (1830)
  • La Peau de chagrin (1831)
  • Le Chef-d'œuvre inconnu (1831)
  • Le Colonel Chabert (1832)
  • Le Curé de Tours (1832)
  • La Fille aux yeux d'or (1833)
  • Eugénie Grandet (1833)
  • Le Contrat de mariage (1835)
  • Le Père Goriot (1835)
  • Le Lys dans la vallée (1835)
  • La Rabouilleuse (1842)
  • Illusions perdues (I, 1837; II, 1839; III, 1843)
  • La Cousine Bette (1846)
  • Le Cousin Pons (1847)
  • Splendeurs et misères des courtisanes (1847)

Antzerki lanak

  • L'École des ménages (1839)
  • Vautrin (1839)
  • Les Ressources de Quinola (1842)
  • Paméla Giraud (1842)
  • La Marâtre (1848)
  • Mercadet ou le faiseur (1848)

Ipuinak

  • Les cent contes drolatiques (1832–37)
  • La Grande Bretèche
  • An Episode of terror

Euskaraz itzuliak

  • Gauezko Españarik gauezkoena[21] ( Contes bruns/Le Grand d’Espagne”)(1832).Itzultzailea: Angel Valdes 1987

Itzultzailearen iritziz, Goriot eleberria irekia da, bidegurutze antzekoa, Balzacen lan eta munduan sartzeko egokia beraz.

Artium museoan 2006 urtean, lan honi buruz erakusketa antolatu zen: Maisulan ezezaguna Balzac-en arabera izenburupean [7]

Ikus, gainera

Bibliografia

  • Artium museoa: Maisulan ezezaguna Balzac-en arabera. Erakusketa: 2006-02-02 / 2006-05-28 [erakusketaren katalogoa]. Testuen egileak: Honoré de Balzac, Arthur C. Danto, Francisco Calvo Serraller, Brigitte Léal eta Javier González de Durana. Gasteiz: Artium Museoa, 2006 ISBN ISBN 84-934234-9-1
  • Diccionario de los escritores del mundo. León: Everest. 1998. ISBN 84-241-1541-4
  • Dissaux, Nicolas (dir.): Balzac, romancier du droit, Paris, Lexis Nexis, 2012 ISBN 9782711017355.
  • Literatura Unibertsala, Batxilergoa 1.Donostia: Erein, 2016 ISBN 978-84-9109-057-1
  • Literatura Unibertsala, Batxilergoa 2.Donostia. Erein, 2012 . ISBN 9788497467551 2
  • Lur Entziklopedia Tematikoa. Literatura. 1999 ISBN 84-7099-426-3
  • Marchamalo, Jesús, Flores, Damián:44 escritores dela literatura universal. Siruela, 2010. ISBN 9788498414073
  • Pierrot, Roger: Honoré de Balzac, Paris, Fayard, 1994, berimpr.1999, ISBN 2-213-59228-4

Erreferentziak

  1. Honoré Balzac. Lur Enziklopedia Tematikoa. (Noiz kontsultatua: 2018-11-07).
  2. Aldekoa, Iñaki. (2016). Literatura Unibertsala: Batxilergoa I, 167 orr.. Donostia: Erein ISBN 978-84-9109057-1..
  3. Ibershoff, C. H.. (1909). «A Variant Verse in Schiller's Maria Stuart» The Journal of English and Germanic Philology 8 (3): 353–356. ISSN 0363-6941. (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  4. (Frantsesez) «École Polytechnique - Accueil site de l'Ecole Polytechnique» www.polytechnique.edu (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  5. (Gaztelaniaz) Diccionario de los escritores del mundo. León: Everest . ISBN 84-241-1541-4. , 45-46 or..
  6. Honoré Balzac. Armiarma Literatura Unibertsala. (Noiz kontsultatua: 2018-11-08).
  7. Honoré Balzac. Armiarma Literatura Unibertsala. (Noiz kontsultatua: 2018-11-07).
  8. (Gaztelaniaz) Diccionario de los escritores del mundo. León: Everest . ISBN 84-241-1541-4. , 46 or..
  9. (Gaztelaniaz) Marchamalo, Jesús. (2010). 44 escritores de la literatura universal. Madrid: Siruela. ISBN 9788498414073. , 17-20 or..
  10. Honoré Balzac. Aldekoa Beitia, Iñaki; Mari Jose Olaziregi Mari Jose: Literatura Unibertsala - Batxilergoa 2 . 140 orr. - 9788497467551 2. (Noiz kontsultatua: 2018-11-07).
  11. Zenbait gogoeta «Literatura Unibertsala» bildumaz - Iñaki Aldekoa, Mari Jose Olaziregi. SENEZ itzulpen aldizkaria 23 (2001). (Noiz kontsultatua: 2018-11-07).
  12. (Frantsesez) Pierrot, Roger. (1994). Honoré de Balzac, Paris, Fayard. ISBN 2-213-59228-4). , 582 or..
  13. (Frantsesez) Pierrot, Roger. (1994). Honoré de Balzac, Paris, Fayard. ISBN 2-213-59228-4. , 367 or..
  14. (Frantsesez) Pierrot, Roger. (1994). Honoré de Balzac, Paris, Fayard. ISBN 2-213-59228-4. , 582 or..
  15. (Frantsesez) Dissaux (dir.),, Nicolas. (1994). Balzac, romancier du droit, Paris, LexisNexis. ISBN 9782711017355). , 312-325 or..
  16. (Gaztelaniaz) Diccionario de los escritores del mundo. León: Everest . ISBN 84-241-1541-4. , 45orr. or..
  17. Aldekoa, Iñaki. (2016). Literatura Unibertsala: Batxilergoa I, 168 orr.. Donostia: Erein ISBN 978-84-9109057-1..
  18. (Gaztelaniaz) Diccionario de los escritores del mundo. León: Everest . ISBN 84-241-1541-4. , 45-46 orr or..
  19. Aldekoa, Iñaki. (1999). Lur Entziklopedia Tematikoa. Literatura .. , 300-301 or..
  20. (Gaztelaniaz) Aldekoa, Iñaki. (2016). Literatura Unibertsala, Batxillergoa 1.Donostia: Erein. , 167-168 or..
  21. [http://www.eizie.eus/Argitalpenak/inbentarioa Euskal itzulpenen inbentarioa (1976-2008)Manu López Gaseni. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila Euskal Herriko Unibertsitatea. [2008] 41 orr.. ] (Noiz kontsultatua: 2018-11-08).
  22. Balzac. Goriot Zaharra. Armiarma Literatura Unibertsala[testua. ].
  23. Dirua, alabak, eleberriak. Markos Zapiain. "Goriot zaharra" iruzkina. Honore de Balzac. Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-23.. .
  24. [http://www.eizie.eus/Argitalpenak/inbentarioa/ Euskal itzulpenen inbentarioa (1976-2008)Manu López Gaseni. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila Euskal Herriko Unibertsitatea. [2008] 41 or.. ] (Noiz kontsultatua: 2018-11-08).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Honoré de Balzac Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.