Hondamendia (antzezlana)

Hondamendia Harkaitz Canok 2022an idatzi zuen eta Ximun Fuchsek zuzendu zuen antzezlana da. Artedrama eta Axut! taldeak batu ziren lan hau ekoizteko.[1][2][3] Diziplina artekoa da ikuskizuna eta dantza, musika, soinua eta irudia antzezlanean erabat integratuta daude. Eraikuntza hori dinamikoa izan da gainera, idazlearen eta antzerkilarien arteko elkarrizketa etengabean.[4]

Hondamendia (antzezlana)
Jatorria
Egilea(k)Harkaitz Cano
Sorrera-urtea2022
Argitaratze-data2022
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Zuzendaritza eta gidoia
Zuzendaria(k)Ximun Fuchs
Antzezlea(k)

Luhuson (Lapurdi) taularatu zuten estreinakoz ikuskizuna, 2022ko urriaren 14an.[4] Azken emanaldia Zaldibar herrian bertan egin zuten 2023ko abenduaren 29an, guztira 80 emaldi eskaini zituzten.

Denera, 23 pertsonaia hezurmamitzen dituzte zortzi aktore hauek: Ximun Fuchs, Maite Larburu, Ander Lipus, Manex Fuchs, Ane Sagues, Ruth Guimerá, Jon Ander Urresti, Maialen Belaustegi, eta Eneko Gil.[4]

Ikuskizuna Axut eta Artedrama konpainien elkarlanaren fruitu da, aspaldi hasitako bide baten geldialdi berria. Ofizialki 2010etik dihardute elkarlanean bi konpainiek eta zenbait obra sortuak dituzte dagoeneko: Errautsak (2010)[5], Hamlet (2013)[6], Francoren bilobari gutuna (2016)[7][8][9], Zazpi senideko (2017)[10], Zaldi urdina (2019) eta Amua (2021).[11][4] Birritan irabazi dute Donostia Antzerki Saria: 2011n eta 2017an.

« [...] Ahalegin teknikoak kontakizunaren adarren aniztasunaren eta gure zeitgeist-aren isla baino ez dira. Zabortegian bizi garela irudikatzeko oholtza arropaz bete izana miretsi dugu, eta, (des)informazio gaindosia adierazteko mezuen proiekzioa ideia bikaina izan dela pentsatu dugu. Ikusleok ulertu dugu komunikabideetan zarata handia dagoela (bisuala zein auditiboa), baina benetako kazetaritzak behera jo duela, esate baterako. Publikoak, estimulu horien aurrean, antsietatea sentitu dezake, eta, horrexegatik, biziki eskertzen dira barreak bideratzen dituzten une umoretsuak. [...] Zer nahi duzue esatea? Ni banoa bigarren aldiz ikustera.  »

—Arantzazu Fernandez Iglesias, (Berria, 2022-10-26)

Sinopsia

2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Patua, zoria edo zorte txarra? Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere handik dabiltza.

2020ko martxoa: covida heldu da. Hainbat pertsonaren bizimodua erruz aldatuko da:[1]

  • Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna… Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?
  • Nola eman liezaioke zentzua bere lanari eszenatokira igotzeko grina galdu ez duen dantzariak, absurdoak funtsezko oinarriak irauli dituenean?
  • Ospitalean bertan, bere lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen den erizain arretatsuak, lortuko ote du onik ateratzea?
  • Bitartean, Zaldibarren, aita galdu duen alabak eta senarra galdu duen emakumeak erreskate zerbitzuek hilotza noiz aurkituko zain jarraitzen dute, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri.

Badira erizainak, kazetariak, enpresariak, dantzariak, politikariak, senideak... denek dute beraien ikuspuntu propioa, eta denekin luzatzen dituzte sortzaileek gertakarien inguruko galderak.[4]

Hondamendiak ataka larrian jarri ditu guztiak, halako gertaera lazgarri baten ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean. 2022ko otsaila… Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa

Erreferentziak

  1. Antzokia, Teatro Arriaga. «HONDAMENDIA» Teatro Arriaga Antzokia (Noiz kontsultatua: 2022-11-02).
  2. «Hondamendia» www.donostiakultura.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-02).
  3. «"HONDAMENDIA", ARTEDRAMA» Gernika-Lumo Kultur etxea (Noiz kontsultatua: 2022-11-02).
  4. «ganbila.eus» www.ganbila.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  5. «Errautsak» www.errautsak.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  6. «Antzerkia: Hamlet» www.durango-udala.net (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  7. «Francoren Bilobari Gutuna_Berriak» www.franco.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  8. «DonostiaEuskaraz.eus - 17. Antzerki Saria» www.donostiaeuskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-18).
  9. Berria.eusLizarralde, Mikel. (2017-03-03). ««Memoria bizia» saritu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
  10. Irratiak, Euskal. (2018-03-13). «"Zazpi senideko" anaitasunaren inguruko zazpi istorio biltzen dituen antzerki obra» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  11. «Zaldi Urdina» zaldiurdina.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.