Hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida Gipuzkoan (2002-)
2002. urtetik Gipuzkoan hondakinen kudeaketari buruz sortutako eztabaida urte hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak 2002-2016 Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusia iragartzean abiatu zen, aurkako eta aldeko iritzi anitz bildu zituen erraustegi baten eraikuntza aurreikusten zuena. Hainbat toki proposatu zituzten agintariek behin eta berriz erraustegi nola edo hala abian jartzeko asmo horretan, harik eta Zubietako lursailetako aukerak indarra hartu eta finkatu zen arte. Aukeren dantza horretan, politikari zenbaitek tinko jardun zuten euren aginte-eremuan erraustegia jartzearen aurka, baina beste nonbait jartzea onartuz aldi berean.
Zubietako erraustegia eraikitzekoa den lekutik oso gertu dagoen Usurbil herrian, proiektuaren aurkako erreakzio bizia zen, eta udalak atez ateko bilketa sistema ezarri zuen hondakinen kudeaketarako, herritarrak erreferendum batean kontsultatu ondoren. Herritarrek sistema horren aldeko erabakia hartu zuten 2010 urtean. Geroztik, atez ateko sistema beste herri batzuetara zabaldu zen, EAJ, PSE-EE eta PP alderdien eskutik oposizio zorrotzarekin. Bilduk 2011. urtean Gipuzkoako hainbat udal eta lurraldeko Foru Aldundia gobernatzera heldu zenean, Zubietako erraustegiaren proiektua geldiarazi zuen eta atez ateko sistema bultzatu hainbat herrietan, horren aurkako gizarte-mugimendu zabala ere eragin zuena.
2009 urtean Usurbil izan zen Gipuzkoako lehen herria atez ateko zabor bilketa ezartzen. Hernani eta Oiartzun herriak izan ziren ondorengoak. 2011ko udal hauteskundeen ondoren, Bildu koalizioak atez ateko sistema zabaltzeko asmoa azaldu zuen Gipuzkoako hainbat herritan. Sistemaren eragozpenak eta horren inposizioaren aurka, beste alderdi politikoek eta herritarren plataforma zenbaitek kanpaina zabala egin zuten.
Kronologia
Erraustegiei buruzko eztabaidaren kronologia
2002-2016 Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusia 2002ko abenduaren 17an onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Plana hilabete batzuk lehenago plazaratu zen, Euskaldunon Egunkaria kazetara egindako filtrazio bati esker. Hasiera batean, Urnietako Erratzu industrialdea aukeratu zen erraustegia kokatzeko. Horren aurka, Arnasa herri plataforma herrikoia osatu zen herrian, azkenean erraustegia atzera botatzea lortu zuena 2004 urtean. Beste alde batetik, Hondarribian ere, Zaldunborda izeneko tokian hain zuzen, erraustegi bat eraikitzeko proiektua azaldu zuten Irun, Hendaia eta Hondarribiko agintariek, Txingudiko Mankomunitatean bilduta. Honen aurka ere Txingudi Bizirik plataforma osatu zen. Azkenean proiektu hau ere bertan behera geratu zen, mankomunitatea Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan integratzean 2008ko martxoan. Bitartean, beste leku batzuk jarri ziren mahai gainean: Urnietako kokalekua baztertuta, Aritzeta, Donostiatik 4 kilometrora, proposatu eta erabaki zuen Hondakin Planaren jarraipen-batzordeak 2004ko uztailean, Odón Elorzaren oposizio biziarekin. Hori ere baztertuta, erraustegi-lekurako izateko hurrengo hautagaia Landarbaso izan zen 2006ko udan, Elorzaren onespenarekin, baina Landarbaso inguruko udalerrietako oposizioarekin orduko hartan. Horrela, 2006 urtearen amaieran erraustegi proiektuaren azken kokapen aukera erabaki zuen Donostiako Udalak: Zubieta, Donostiako auzoa, Lasarte eta Usurbil herrietatik gertu. Lasarteko eta Usurbilgo orduko alkateek, Ana Urtxuegiak eta Luis Mari Ormaetxeak hurrenik hurren, kokapen horren aurkako jarrera bizia erakutsi zuten, erraustegiaren kokapena gogor kritikatuz baina zaborrak beste nonbait erraustearen aukera baztertu gabe, aurretik Donostiako alkateak Aritzetako proposamenarekin egin zuen bezala.[1] NIMBY izeneko estrategia politiko hori salatu zuten errausketaren aurkako herri-plataformek, Erraustegirik ez, ez hemen eta ez inon leloa harturik.
Bitartean, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa (GHK) sortu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta zabor kudeaketarako herrialdeko zazpi mankomunitateen artean. 2008ko martxoan Txingudiko Mankomunitatea integratu zuten. 2011ko urrian, partzuergoa oraindik erraustegiaren alde zeuden alderdi politikoen ordezkarien eskuetan zegoelarik, erraustegiaren proiektu teknikoa onartu zuten. Hala ere, 2012 urtearen hasieran, Espainiako Epaitegi Gorenak Txingudiko Mankomunitatearen arabera partzuergoaren estatutuaren aurkakoa zela baieztatu eta ondorioz erraustegiaren proiektuaren onespena bertan behera geratu zen.
Zubietako planta egiteko eta hori finantzatzeko eskatutako maileguen inguruko kronologia
2011eko otsailaren 3an, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa enpresa publikoak hitzarmena lortu zuen EIB Europako Inbertsioen Bankuarekin Zubietako errauste planta eraikitzeko. Horretarako 195 milioi euro jarri zituen eta Caixa eta Banestorekin mailegua egin zuen 67,5 milioi eskuratzeko. Martxoaren 17an, Zubietako errauste plantaren lehen harria jarri zuten[2].
2012ko uztailaren 6an, Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatua (Bildu) kargutik bota zuen oposizioak[2].
2013ko otsailaren 2an, eraikitzeko zorraren interesak ordaintzea ukatu zuen GHKk, bankuekin sinatutako itunean «gehiegikeriak» zeudela iritzita. Horregatik, hilean 300.000 euro ordaindu behar zien GHKk bankuei baina azkenik, 670.000 euroraino iritsi zen. Otsailaren 8an, zuzendari ohiak auzitara eramatea aztertzearki ekion zion GHK. Otsailaren 14an, Zubietako planta ez egitea proposatu zioten partzuergoari. Apirilaren 12an,GHKk irregulartasunak ikusi zituen Zubietako plantan ibili ziren bi enpresaren kontratatzeko prozesuetan[2].
Apirilaren 29an, irregulartasunengatik bi kontratuak eteten hasi zen GHK. Maiatzaren 31an, GHKk auzitara eraman zituen Caixa eta Banesto, swap produktu «arriskutsu» bat eskaintzeagatik eta horren erabilera ez zelako legezkoa baina bankuekin hitzarmena lortzeko asmoa adietazi zuen. Uztailaren 12an, Zubietako errauste planta ez egitea agindu zuen GHKk eta ondorioz, lanak gelditu egin zituzten. Azaroaren 13an, proiektua baztertu zutelako zortzi milioi pagatzearen truke, kontratuak etetearekin ados agertu ziren enpresak[2].
2014ko otsailaren 26tik 28ra epaiketa egin zuten Donostian[2] eta 2015eko urtarrilaren 14an, GHK-k swapak ordaintzen jarraitu beharko zuela adierazi zuen epaitegiak[3].
2009: Usurbil, Gipuzkoako lehen herria atez ateko zabor bilketan
Usurbil izan zen, herritik gertu eraikitzekoa zen erraustegiaren proiektuaren baztertzearen alde, hondakinen kudeaketarako atez ateko bilketa sustatu eta ezarri zuen Gipuzkoako lehen herria, 2009ko martxoan, herrian argibideak emateko eta partaidetza sustatzeko kanpaina zabal bat egin ondoren. Herrian ezker abertzaleko EAE alderdiko Xabier Mikel Errekondo alkate zelarik ezarri zen sistema, Aralar alderdien sostenguaz eta beste alderdien oposizioarekin, Hamaikabat, EAJ eta PSE hain zuzen. Hamaikabat alderdiko eta aurreko agintaldiko alkatea izan zen Luis Mari Ormaetxea nabarmendu zen sistemaren aurka, bostgarren edukiontzia eta erraustegia aldeztuz, Zubietako kokapenaren aurka azaldu bazen ere.[4] Atez ateko zabor bilketa ezarri eta urtebetera, 2010eko otsailean, herri-kontsulta burutu zen atez ateko bilketa beste bilketa-motekin alderatuz. Emaitzak hauek izan ziren:
Herria Erreferendum-data Atez ateko sistemaren ezarpena Parte hartzea Atez ate 5. edukiontzia 4 edukiontzi Zuri edo baliogabe Usurbil[5] 2010eko otsailaren 27-28a 2009ko martxoaren 16a 3453 (%70,23) 1927 (%55.82) 1472 (%42.64) 26 28
2010 eta 2011: Hernani, Oiartzun eta Antzuola, atez ateko bilketara atxikita
Atez ateko sistema ezarri zen bigarren herria izan zen Hernani, 2010eko maiatzaren 9an, non Usurbilen bezala EAE alderdiaren esku zegoen alkatetza. Sistemaren ezarpena polemikazkoa izan zen, Usurbilen ez bezala: Hernanin ez zen erreferendumik ez herri-kontsultarik egin, horren aldeko 6045 sinadura bildu ziren arren. Atez ateko bilketa martxan jarritakoan, kaleko zakarrontzi txiki asko erretiratu eta txakur-jabeak animalien kaka lurrean uzten hasi ziren, etxera eraman ordez. Ondorioz, udalak ordenantza bat plazaratu zuen 2011. urtean, herrian zentsaturiko txakur guztien ADNa jaso, udal langileek jasotako kaka aztertu eta jasotako ADN bankuan identifikatu eta gero, txakur jabeari isuna jartzeko.[6] Ordenantza horren aurka, herri plataforma bat osatu zen. 2012 urtean, ordenantza ez aplikatzea deliberatu zen udalean, irtenbide moduan txakur-kaketarako zakarrontzi gehiago jarriko zirela adieraztearekin batera.[7] Oiartzunen 2010eko maiatzean hasi zen atez ateko zaborren bilketa sistema, aparteko oposiziorik gabe. Antzuolan ere eztabaida handirik gabe ezarri zen 2011ko martxoan.
2011-2013: Atez ateko bilketaren zabalkundea eta aurkako herri-plataformak
2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan erraustegiaren aurka eta atez ateko bilketaren alde zegoen Bildu koalizioak bilketa sistema berria hainbat herritan ezartzeko asmoa agertu zuen. Horren aurka, herri askotan plataformak eratu ziren atez atekoaren aurka, EAJ alderdiaren babespean.
2013ko udaberrira arte itxoin behar izan zen beste herri bat atez atekora biltzeko, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia martxoan eta Lezo apirilean hain zuzen:
- Legorretan 2013ko martxoaren bukaeran hasi ziren atez ateko sistemarekin, Itsasondo eta Zaldibiarekin batera. Hiru herri horietan, berrikuntza bat ezarri zen sistema ezarri zuten aurreko udalerrien aldean: besteak beste estetika arrazoiengatik polemikoak ziren banakako zutoinak 10 etxebizitza baino gehiagoko eraikinetan soilik ezarri ziren, bizilagunek uko egiten ez bazuten. Legorreta Garbia plataforma osatu zen atez ateko bilketaren aurka eta herrian 555 sinadura bildu zituzten sistema berriaren aurka. Halaber, 2013ko apirilean manifestazio bat burutu zen herrian horren aurka, ehunka lagun bildu zituena. Oposizio hori gorabehera, lehen hiru astetan %33tik %72ra igo zen bilketa birziklagarrien tasa.[8]. Zaldibian, herriko udaleko Zaldibia Herrigintza taldeak, udaleko bederatzi zinegotzietatik bi zituenak, udalak sistema inposatzearen aurka agertu zen.
- Lezon, Lezo Garbia plataforma eratu zen atez atekoaren aurka, lezotarren 2000 sinadura bildu zituena proiektuaren aurka, herri-galdeketa bat eskatuz. Atez ateko bilketan laguntzeko zintzilikatzeko zutoinak jartzean, liskarrak izan ziren udaltzain eta bizilagun zenbaiten artean, bizilagunek zutoinak etxebizitzetako fatxadan jartzeko euren laguntza behar zutela argudiatuz. [9][10]
Legazpin, Legazpi Garbia plataformak bultzaturik, herri-kontsulta estraofiziala burutu zen 2013 apirilean udalak ezartzeko asmoa zuen atez ateko zabor bilketaren aurka. Bilduk gobernatzen udal-gobernuak aurrez legitimitatea kendu zion kontsultari, atez ateko sistemaren aurkako plataformak osaturiko Negoziazio-Mahaian parte hartzeari uko egin eta botoak era delegatuan egitea posible zelako[11]. Kontsultan parte hartu zuten herritarren kopurua mugatua izan arren, atez ateko sistemaren aurkako erabakia argia izan zen.
Herria Erreferendum-data Parte hartzea Atez ate 5. edukiontzia Legazpi[12] 2013ko apirilaren 20-21a 3683 (%52) 61 (%2) 3569 (%97)
Hondakinei buruzko eztabaidaren nondik norakoak
Gipuzkoako zabortegiak
1970 urtetik zaborrak jasotzen zituen San Markoko zabortegia betetzear zegoen 2000ko hamarkadaren erdialdean. Hori dela eta, 2006 urtea amaitzearekin batera zabortegira hondakin gehiago ez botatzea erabaki zuten bertako agintariek, horretarako San Markoko zabortegia Zabortegia kudeatzen duen San Markoko Mankomunitateak hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako hondakinak kudeatzen zituzten beste mankomunitateekin aurrerantzean hondakinak Urteta, Lapatx eta Sasietako zabortegietara eramateko, zabortegi horiek ere itxi eta Hondakinen Planak aurreikusten zuen erraustegia itxi bitartean. Hala ere, San Markoko zabortegiak zaborrak jasotzen jarraitu zuen 2008 urteko udaberrira arte, beste zabortegiekin zabor kopuru mugatuak ezarri zirelako hasierako hitzarmenean. San Markoko zabortegiak zaborrak jasotzen jarraitu zuen bitarte horretan, Ezker Batua alderdiak zuen mankomunitatearen buruzagitza eta erraustegiaren alde zeuden EAJ, PSE eta PP alderdien eta zabortegiaren inguruko bizilagunen elkarteen kritikak jaso zituen, erraustegia eraikuntza atzeratu nahi izateagatik zaborrak botatzen jarraitu eta planifikazio eza leporatuz. Erantzun gisa, mankomunitateko buruzagitzak aurreko agintaldiko buruzagitzari leporatu zion orduko egoera. San Markoko zabortegia guztiz itxita eta beste hiru zabortegiak zabor gehiago jaso ezinean, zaborrak Igorreko zabortegira botatzen hasi ziren, Bizkaiko Foru Aldundiaren adostutako hitzarmen baten arabera, non Gipuzkoako erakunde politikoek hondakinen kudeaketa egokirako azpiegiturak 2015 urterako prest izatera konprometitzen ziren. Bildu koalizioak Gipuzkoako agintera iritsi eta erraustegiaren proiektua bertan behera uztearekin batera, Bizkaiko gobernuak adostutako akordioak betetzeko exijitu zien Gipuzkoako agintariei, erraustegia eraikitzea kasu. Azkenean, bi lurraldeetako gobernuen aurkako akordioak jarraipenik gabe utzi eta 2008ko ekainean Gipuzkoako lurraldeak zaborrak hara eramateari utzi zion.
Erraustegiaren inguruko interes-gatazka
Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako 2002 urtean diseinatu zen planaren atzean zenbait lobby egotea salatu zen, zeinek erraustegia eraiki eta martxan jartzearen aldeko interes ekonomiko argiak zituzten, ondoriozko interes gatazka nabarmen batez. Hain zuzen, 2002ko hondakin plan orokorraren egilea izan zen Xabier Garmendia Martinez, EAJ alderdiko kidea eta Jose Antonio Ardanzaren gobernuetan Ingurumen Sailburua izan zena. ISR Instituto para la Sostenibilidad de los Recursos erakundeko kidea ere izan zen, non Zubietako erraustegiaren lehiaketa publikoa irabazi zuen FCC eraikuntza enpresa ere kide den. Lehiaketa publikoa irabazi zuten taldean dauden beste enpresa batzuk Zerbitzu Elkartea eta Altuna y Uría izan ziren, zabaldu zenez erraustegiaren aldeko defentsa sutsua egin zuen EAJ alderditik gertukoak.[13] El grupo FCC, Altuna-Uria, Murias, Inova y Zerbitzu, el mejor valorado para construir la incineradora. Beste alde batetik, El Diario Vasco egunkaria argitaratzen duen Vocento taldea, erraustegiaren aldeko eta atez ateko bilketaren aurkako iritzi garbia azaldu duena, enpresa eraikitzaileetan parte hartze handia duen Banco Santander bankuaren esku dago neurri handi batean, beste interes ekonomiko batzuen artean.[14]
Atez ateko bilketaren abantaila eta eragozpenei buruzko eztabaida
Atez ateko zabor bilketaren ezarpena eztabaidatsua izan zen herri gehinetan eta herritar askoren desadostasuna eta haserrea sorrarazi zituen. Besteak beste, atez ateko bilketa garestia, zikina eta, zabor-poltsak kasu askotan kalean jarritako zutoinetan jarri behar zirelako, antiestetikoa zela argudiatu zen kritikoen aldetik. Atez ateko bilketan herritarrek sortutako zaborra poltsa indibidualetan kalean uzteak pribatutasuna babesik gabe uzten zuela ere salatu zen, esaterako agiri, botika-kaxei eta konpresei dagokienean. Datuak babesteko Euskal Bulegoak herritarren datu pertsonalak babesteko neurriak har zitzaten eskatu zuen salaketak zirela eta.[15] Atez ateko sistemara bildutako herrietan, herritar zenbaitek euren zaborra ondoko herrietako edukiontzietan botatzen zutela salatu izan zen.[16]
Atez ateko bilketaren inposaketa
EAJ, PSE eta atez atekoaren aurkako herri plataformen aldetik inposizioa eta herritarren iritzia kontuan ez hartzea leporatu zitzaizkien atez ateko bilketa ezarri nahi zuten udal agintariei, eta erabakia hartzeko herri-kontsultak deitzea proposatu zuten hainbat herritan, horretarako sinadura-bilketak eginez. Usurbil, atez ateko sistema ezarri zuen lehen herria, izan zen herri kontsulta burutu zuen lehena, atez ateko sistema eta urtebetera. Ondoren, Legazpik burutu zuen herri kontsulta, atez atekoaren aurkako bozkak gehingo zabal bat izan zirelarik. Atez atekoaren defendatzaileeen aldetik, ordea, atez ateko bilketaren ezarpena herritarren parte hartzeaz, haien iritziak eta proposamenak jasoz, egin zela baieztatzen dute.[17]. Baina Bergaran, Eskoriatzan eta beste zenbait herritan, herritarrek beraien etxeko balkoi eta leihoak zabor boltsaz bete dituzte, atez atekoaren aurkako beraien jarrera irmoa adierazteko.
Interes-gatazka Garbitaniari buruz
Atez ateko bilketa sistema abian jarri eta kudeatzeko, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udalek Garbitania enpresa publikoa sortu zuten 2010 urtean. Garbitania enpresa publikoa kontratatu zuten orobat gerora atez ateko bilketaren alde egin zuten udal askok. Enpresa publiko horren gardentasun eza salatu zen, bereziki erraustegiaren aldeko eta atez ateko sistemaren aurkako alderdi politikoen eskutik, kontratuak sinatu, gastuak eta sarrerak justifikatzerakoan eta enpresako kudeatzaileen izendapenak atez ateko sistema sustatzen duten ezker abertzaleko politikarien artean egiten zirelako.[18][19] [20]
Alderdi politikoen jarrerak
Bildu
Atez ateko zabor bilketaren bultzatzaile nagusia izan zen ezker abertzalea. 2011ko maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, Bildu koalizioak 59 alkatetza eskuratu zituen Gipuzkoan eta horietatik 34tan atez ateko zabor bilketa inposatzeko asmoa adierazi zuen 2012ko otsailean.[21]
Eusko Alderdi Jeltzalea
EAJ alderdiak atez ateko sistemaren aurkako jarrera orokorra azaldu zuen eta 2012ko ekainean Gipuzkoa Garbia ekimena bultzatu zuen atez ateko sistemaren aurkako ezarpenaren aurka ekiteko. Plataforma horren haritik herriz herriko plataformak sortu ziren herri bakoitzean ezarri nahi zen atez ateko zabor bilketaren aurka, hala nola Lezo Garbia, Astigarraga Garbia eta Legazpi Garbia.
Mobilizazioak
2012ko ekainaren 17an milaka lagunek koloretako errota irudikatzen zuen mosaiko erraldoi bat osatu zuten errauskailuaren aurka eta atez ateko zabor bilketaren alde, Gipuzkoa Zero Zabor plataformak deituta.[22]
2015eko azaroan eta 2016ko martxoan hurrenez hurren manifestazio bana egin zen Lasarte-Orian eta Andoainen erraustegiaren aurka. 2016ko otsailaren 28an Zubieta inguruko herrietatik martxa batzuk abiatu ziren, Zubietan bertan elkartzeko.[23]
2016ko maiatzaren 20rako milaka lagunek hartu zuten parte, Donostian Onkologikoa eta Gipuzkoa Plaza lotuz hainbat elkartek deitutako giza-katera. Giza katearen ondoren, zenbait kolektibok Gipuzkoa Plazan kanpaldi iraunkorra egitea deliberatu zuten. Hori dela eta, hainbat gorabehera izan ziren hurrengo egunetan kanpaldia eragotzi nahi zuten Donostiako Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin. Ekainaren 1ean, talde batek errauskailua eraiki behar duten eremuan zegoen induskailu baten aurka egindako sabotaiaren bideoa plazaratu zen.[24][25]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Urchueguía está contra la planta de Zubieta, pero no contra la incineración, 2006-10-09.
- «KRONOLOGIA», Berria, 2015-01-15
- Hodei Iruretagoiena, «GHK-k 'swap'-ak ordaintzen segitu beharko duela ebatzi du auzitegiak», Berria, 2015-01-15
- (Gaztelaniaz) Luismari Ormaetxea: Sobre la manifestación contraincineradora en Usurbil, www.diariovasco.com, 2007-01-13.
- Oiartzun, osasuna atez ate, 2013-02-26an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) Hernani comenzará a realizar pruebas de ADN para identificar heces de perros, www.elmundo.es, 2011-04-07.
- (Gaztelaniaz) Hernani no hará pruebas de ADN para identificar las cacas de perro, www.noticiasdegipuzkoa.com, 2012-03-01.
- Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon bikoiztu egin da birziklatze tasa Goierriko Hitza
- (Gaztelaniaz) Lezo Garbia denuncia adoctrinamiento sobre el PaP, www.diariovasco.com, 2013-04-10.
- (Gaztelaniaz) Tensión en Lezo al instalar los colgadores del puerta a puerta, www.eitb.eus, 2013-04-10.
- Kepa Urzelai: “Kontsulta ez da garbia, ez du zilegitasunik”, www.zingizango.com, 2013-04-26an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) Rotundo no al 'Puerta a Puerta', 2013-02-26an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) , www.diariovasco.com, 2011-02-11.
- Petxarroman, Iñaki. (2012). Su haietatik ke hauek. Txalaparta, 17-28 or..
- (Gaztelaniaz) Protección de Datos pide que el puerta a puerta garantice la privacidad de los vecinos, www.diariovasco.com, 2013-04-11.
- (Gaztelaniaz) Rebelión en Gipuzkoa contra la recogida de la basura ‘puerta a puerta’, www.elpais.com, 2012-05-14.
- (Gaztelaniaz) Osasuna atez ate, www.oarsoladea.net, 2013-04-29an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) La oposición critica el oscurantismo de la empresa y las Juntas piden que se fiscalicen sus cuentas, www.noticiasdegipuzkoa.com, 2012-04-01.
- (Gaztelaniaz) Garbitania, Hamaikabat Hernani: bloga, 2013-03-04an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) La basura que hereda Bildu, www.interviu.es, 2011-05-20.
- (Gaztelaniaz) Un total de 34 municipios guipuzcoanos gobernados por Bildu implantarán el 'Puerta a Puerta', www.noticiasdegipuzkoa.com, 2012-02-22.
- «Errausketaren kontrako mosaiko erraldoia egin dute Donostian» naiz.info.
- «Jendetza batu da Zubietako erraustegiaren kontrako martxan» naiz.info.
- «Milaka lagun bildu dira Donostian, erraustegiaren aurkako giza katean» eitb.eus 2016-05-29.
- «Gipuzkoa Zutik» argia.eus.