Homo antecessor
Homo antecessor Hominidae familiako espezie (edo azpiespezie) bat izan zen, duela 1,2 milioi urtetik 800.000 urteraino bizi izan zena. Atapuercan (Espainia) aurkitu zen José María Bermudez de Castro, Juan Luis Arsuaga eta Eudald Carbonellek gidatutako indusketa batean.[1] Hauen ikerketek Europako gizakirik zaharrenetakoa dela ebatzi zuten. Homo antecessor fosilen lehenengo agerraldia TD6 Dolina Handia edo Aurora estratua deritzon geruza arkeologikoan izan zen. Espezie (edo azpiespezie) honek zalantzak sortzen ditu arkeologoen artean, ez baitakite ongi zein harreman duen Europako beste Homo espezieekin.[2]
Homo antecessor | |
---|---|
Pleistozeno Goiztiar, 1,2 Ma-0,8 Ma | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Primates |
Familia | Hominidae |
Generoa | Homo |
Espeziea | Homo antecessor Bermudez de Castro et al., 1997
|
Ezaugarri fisikoak
Homo antecessorren edukiera entzefalikoa gaur egungo gizakiarena baino txikiagoa zen. Handi eta indartsuak ziren, baita gihartsuak ere, baina haien hortzak eta ahoa oso primitiboak ziren. 1,70 metro inguru neurtzen zuten eta haien haurtzaro eta nerabezaroak gaur egun ezagutzen ditugunen antzekoak ziren. Aurkitu diren hezurretatik hainbat datu ondorioztatu dira. Ezkertiak ez zirela badakigu. Hortzak asko erabiltzen zituzten, eta oso higatuta zituzten.
Dieta
Homo antecessorrek barazki ugari jaten zituen, baita ehizatzen zituen animaliak ere. Bere dietaren ezaugarririk deigarriena da kanibalismoa praktikatzen zutela, hau da, gizajaleak zirela.
Atapuercako familia
Atapuercako aztarnategian 32 pertsonaren hezurrak aurkitu dituzte, adin eta sexu desberdinetakoak. Haietako 9 gizonezkoak ziren, eta beste 9 emakumezkoak, baina zoritxarrez gainerako hamalauen sexua ezagutzea ezinezkoa da.
Azken datuak
Gaur egun, Homo antecessor espezie bereizia den ala ez eztabaidatzen da. Adituek ikuspuntu desberdinak dituzte; batzuek diote Homo heidelbergensisen arbasoa dela, eta beste batzuek Atapuercan aurkitutako hezur multzoari emandako izena besterik ez dela.
2008. urtean Homo antecessorren hezur gehiago agertu ziren; 20 eta 30 ute bitarteko gizon baten masailezurra, duela 1,2 milioi urtekoa. 2010ean, Ingalaterran, duela 780.000 urteko tresna batzuk aurkitu ziren, eta adituek diote Homo antecessorrek erabili zituela.
Erreferentziak
- Txantiloi:Gaztelera Menendez, Mario. (2012). Prehistoria Antigua de la Península Ibérica. UNED, 241 or. ISBN 978-84-362-6562-0..
- Klein, Richard. (2009). Hominin Disperals in the Old World. in: The Human Past. (2. argitaraldia), 108 or..