Homeroren auzia

Homeroren auzia deritzona Homero poeta grekoaren existentziari buruzko eztabaida da eta, ondorioz, esleitzen zaizkion Iliada eta Odisea idazlanen egiletzari eta eraketari buruzkoa. Iliada eta Odisearen artean diren zenbait ezberdintasunek, bai forma aldetik, eduki aldetik zein pentsaera aldetik, pentsarazten dute ez direla ez garai berekoak ezta egile berarenak ere.

Auziak antzinate klasikoa eta alexandriar garaiko ikerlariak ditu oinarri, baina XIX. eta XX. mendeetako aditu homerikoen artean loratu zen.

Eztabaida antzinate klasikoan eta alexandriar garaian

Homero. Homeroren auzia Homero poeta grekoaren existentziari buruzko eztabaida da eta, ondorioz, esleitzen zaizkion Iliada et Odisea idazlanen egiletzari eta eraketari buruzkoa.

Eztabaida antzinate klasikotik dator eta, garai hartan, Homerori buruz idatzi ziren biografien arteko kontraesan eta aldaera ugariak ditu oinarri. Izan ere, zazpi biografia heldu zaizkigu, denak ezberdinak eta kondaira kutsua dutenak. Sinesgarritasun gehien duenak dio Kiosekoa zela eta itsua. Datu biografikoez gain, idazkerak eta gaien trataerak ere koherentzia gutxi zutela iritzi zioten zenbaitek.

Iliada eta Odiseaz gain, idazlan gehiago ere erantsi izan zaizkio: Kalinok Tebaida[1] esleitu zion, Zazpi Tebasen aurka gaiaren inguruko bigarren zikloa, beranduago Eskilok dramatizatuko zuena[2]; Arkilokok eta Aristotelesek Margites egotzi zioten eta Pindarok Zipriada[3], Troiako Gerraren aurreko gertakariei buruzko poema bat; Tuzidides historialariak, bere aldetik, Apolo Delioren [4] ereserkiaren egilea zela uste zuen, eta berari egotzitako beste ereserki batzuk ere badaude.

Alexandriar garaian, Xenon eta Helaniko gramatikariek, Iliada eta Odisearen artean aurkitu zituzten mota guztietako ezberdintasun eta kontraesanetatik ondorioztatu zuten, Iliada Homerorena izan arren, Odisea beste norbaitek idatzia izan zela. Aristarko Samotraziakoak, Zenodoto Efesokoak eta Aristofanes Bizantziakoak, gramatikari ezagunagoek, ez zuten iritzi bera[5].

XVIII. eta XIX. mendeetako eztabaida

XVII. mendeko Aubignaceko abadea kritikari frantziarraren Conjectures académiques sur l'Iliade (1715) eta XVII-XVIII. mendeko Giambattista Vicoren espekulazioen ondoren, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran eztabaida indartsu itzuli zen, batez ere Friedrich August Wolf alemaniar filologoaren Prolegomena ad Homerum (1795) idazlanarekin. Homeroren poemen batasuna zalantzan jarri zuen, epopeia hauen forma eta hondoa eta euren barne kontraesanak aztertzetik abiatuta, biak, garai ezberdinetan, aedo eta rapsoda ezberdinez osatutako ahozko poema txikietatik sortu zirela eta testu bakar batean bildu zirela K. a. VI. mendearen inguruan, Pisistrato tiranoak, Homeroren olerkiak bildu eta testu bakar bat finkatzeko pertsona ikasien batzorde bat izendatu zuenean.

Teoria hau ondo egokitzen zen Erromantizismoak Volkgeist (herri gogoa)[6] batean zuen sinesmenarekin, poesia nazional baten egile kolektibo eta anonimoa zena. Karl Lachmannek kantu autonomoen teoria egiaztatu zuen Homeroren Iliadari buruzko kontsiderazioetan (Betrachtungen über Homers Ilias, 1837), eta teoria Adolf Kirchhoff 12 eta Ulrich von Wilamowitz-Moellendorffen funtsezko ekarpenekin garatzen jarraitu zuten bere Ikerketa homerikoetan (Homerische Untersuchungen, 1837)[7][8].

Homeroren auziaren azpigaiak

Homeroren identitatea

Jakintsu hauek ziotenez, ez zen izan Homero bat, Iliada eta Odisearen egilerik, bi poemak ezin zitezkeelako egile berarenak izan, ezta garai berekoak ere; ez zen beraz egile bakar bat, tonu epikodun kantu herrikoi labur batzuk baizik. Hasierako kantu herrikoi haiek biltzaile anonimo batzuek batu zituzten poema luzeago batzuk eginez. Gerora herriak Homerori egotziko zizkion kantu haiek.

Homerori buruz heldu zaizkigun datuak badirudi bere irudiaren lanketa prozesu baten ondorio direla. Berari eta bere bizitzari buruzko datuek leku batetik bestera dabilen aedo edo rapsoda tipo bat aurkezten digute, ahozko tradizioan txertatua, itsua eta txiroa, hiriz hiri eta gortez gorte dabilena ekintza gogoangarriak kontatzen. Ez dira zehatz ezagutzen ez bizi izan zen garaia ezta bere jaioterria ere, eta zalantzan jarri izan da izan zenik ere.

Iliada eta Odisearen egiletza askotarikoa ala bakarra

Horrela, bada, bi jarrera kontrajarri sortu ziren, gaur egun ñabardurekin bizirik dirautenak, poema homerikoen egiletzaren batasunari buruz. Wolfen garaitik gure mendera, gai honi buruzko polemikak filologoak eta literatur kritikoak bi taldetan banatu ditu: unitaristak eta analistak:

- Unitaristek, egilea bakarra izan zela defendatzen dute, poema homeriko bakoitzak kontzepzio orokor bat eta inspirazio sortzaile bat duela defendatzen dute; ikuspuntu unitarioaren defendatzaile batzuek, hala ere, bi poemen artean dauden ezberdintasunek olerki bakoitzarentzat egile ezberdin baten presentzia iradokitzen dutela diote.

- Analistek, Wolfi jarraituz, egile bakarraren teoria bazterrera utziz azaltzen dituzte bi poemon arteko aldeak, poema homeriko bakoitza egiteko esku hartze ezberdin bat defendatzen dute, aurretik zeuden herri konposizio txikien bilketaren ondorio izango liratekeenak.

Bi poemen arteko aldeak nabariak dira: bata erreala da, bestea, berriz, asmakizuna edo folklorea; giroa ere ezberdina da, Odisearena modernoagoa, finagoa eta Iliadarena idealistagoa, giza ideala heroien idealaren aurrean; herria heroien aurrean, Odisean pertsonaia apalak azaltzen dira (txerrizaina, inudea, eskalea…) eta Iliadan goi mailakoak; forma aldetik Odisean zangalatraba gehiago dago Iliadan baino….

Gaur egun badirudi hurbildu egin direla bi iritziak: inork ez du esaten Homero izan zenik egilea, gaur eguneko zentzuan behinik behin, Homerok ez zituen Iliada eta Odisea asmatu. Jakina da Grezian ahozko tradizio epikoa zabala zela, garai mizenikora ere atzeratzen dela; tradizio honetan oinarritu dira Iliada eta Odisearen egile edo egileak. Era berean, analistek ere ez dute ukatzen material hau oinarritzat hartuz, pertsona batek edo batzuk antolatu egin zituztela tentsio dramatikoa lortuz.

Laburbilduz, nahiz eta Homeroren figura segurua ez izan, beharbada izan zen Asia Txikian, Kios eta Esmirna artean, poetaren bat VIII. mendean, eta seguruenik honek antolatuko zituen poemak.

Eztabaida XX. mendean

XX. mendean Wolfen ideietan sakondu zen, Eduard Schwartz eta beste askoren lanekin, ia amaigabeko eztabaida bihurtu arte. Hala ere, ahozko poesia tradizionaleko poemen jatorria unibertsalki onartua izan denez, Homeroren auziak atzera egin du garrantzian edo erabat birformulatua izan da.

Ahozkotasunaren teoria

Adituek, Milman Parry eta Albert Lordek egindako ikerketetatik abiatuta, Iliada eta Odisea belaunaldiz belaunaldi transmititutako ahozko tradizioaren emaitza direla onartzen dute. Antzinako iturriek jada adierazten zuten poema homerikoak ahoz interpretatu eta transmititzen zirela. Bi lanen egitura eta hiztegia aztertuz gero, poemek aldizka errepikatutako esaldiak dituztela ikus daiteke, bertso osoen errepikapena barne. Parryk zioen hizkuntza errepikakorreko zatiak, "formula" deituak, bere aurrekoengandik jaso zituela poetak.

Dominique Casajus, poesiaren ahozkotasunean eta idazketan aditua, Homeroren auzian interesa duen antropologo garaikideetako bat da, eta gai homerikoari buruzko eztabaidetan interesatu zen[9].

Eskola neoanalitikoa

Neoanalitiko izeneko eskola batek, 1996an Ken Dowden eta bestelako autoreek sortua, poema homerikoak interpretatu ditu ahozkotasunari dagokionez, aldi berean biltzaile eta sortzaile izan zen poeta baten lanaren emaitza gisa, ahoz iritsi zitzaion materialetik abiatuta.

Erreferentziak

  1. «Pausanias, Description of Greece, Βοιωτικα, chapter 9, section 5» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2021-05-17). Ingeleraz . Frantsesez.
  2. «Aeschylus, Seven Against Thebes, line 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  3. BERNABÉ PAJARES, Alberto: Fragmentos de épica griega arcaica, pág. 95. Madrid, Gredos, 1979. {{ISBN|84-249-3524-1}}.
  4. «Thucydides, The Peloponnesian War, book 3, chapter 104, section 4» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2021-05-17). Ingeleraz.
  5. LÓPEZ EIRE, Antonio (2005). «Introducción». Odisea (36. edizioa). Madrid: Espasa-Calpe.14-15 or. {{ISBN|84-239-1870-X}}.
  6. Azurmendi, J.: Volksgeist. Herri gogoa, Donostia, Elkar, 2007.
  7. LESKY, Albin (2009). Historia de la literatura griega I (1ª edición). Madrid: Gredos. pp. 87-88. {{ISBN|978-84-249-0178-3}}.
  8. LÓPEZ EIRE, Antonio (2005). «Introducción». Odisea (36ª edición). Madrid: Espasa-Calpe. pp. 11-13. ISBN 84-239-1870-X
  9. CASAJUS, Dominique (2005). «Retour sur le dossier H». In BAUMGARDT, Ursula; DERIVE, Jean, ed. Paroles nomades. Écrits d’ethnolinguistique africaine. En hommage à Christiane Seydou (en francés). París: Karthala. pp. 47-70. {{ISBN|978-2-84586-708-6}}.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.