Holografia
Holografia argi-uhinak argazki-xafla lau baten gainean grabaturik objektu baten hiru dimentsioko irudia lortzeko metodoa da. Holografiaren hastapena D. Gabor-ek finkatu zuen 1947an, baina laser-izpia asmatu zen arte ezin izan zen praktikara eraman (1963). Holograma lortzeko, laser-izpi bat bidaltzen zaio objektuari, bi zatitan banatua: erreferentziazko argi sorta zuzenean grabatzen da argazkian, eta bestea, berriz, objektuak islatu ondoren. Argazkian bi sorten arteko interferentzia-tarteak jasotzen dira, bi uhin-sortak fasean iristen diren tarteak, alegia. Holograma horri lehen erabili denaren maiztasun bereko laser izpi bat zuzentzen bazaio, objektuaren hiru dimentsioko irudi bat eratzen da, edozein aldetatik erliebean ikusi eta argazkia atera dakiokeena, alegia. Kreditu-txarteletan, billeteetan eta disko trinkoetan erabiltzen dira, besteak beste.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.