Ho Chi Minh

Ho Chi Minhvietnameraz: Hồ Chí Minh, txinera tradizionalaz 胡志明, ; jaiotzako izen-deiturez (vietnameraz, deitura aurrena ematen da) Nguyễn Sinh Cung—, Bác Hồ («Osaba Ho») izenaz ere ezaguna (Nghe An, Vietnam, 1890eko maiatzaren 19a - Hanoi, Vietnam, 1969ko irailaren 2a), poeta, politikaria eta iraultzailea izan zen, eta Ipar Vietnamgo lehendakaria 1954 eta 1969 artean.

Ho Chi Minh

Vietnamgo Alderdi Komunistaren Idazkari Nagusia

1956ko azaroaren 1a - 1960ko irailaren 10a
Truong Chinh (en) Itzuli - Le Duan (en) Itzuli
Vietnamgo Biltzar Nazionaleko kidea

1946ko martxoaren 2a - 1969ko irailaren 2a

Vietnamgo Presidentea

1945eko irailaren 2a - 1969ko irailaren 2a
Bao-Dai - Tôn Đức Thắng (en) Itzuli

Vietnamgo Lehen Ministroa

1945eko irailaren 2a - 1955eko irailaren 20a
Trần Trọng Kim (en) Itzuli - Phạm Văn Đồng
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakNguyễn Sinh Cung
JaiotzaKim Liên (en) Itzuli, 1890eko maiatzaren 19a
Herrialdea Ipar Vietnam
Annam
 Vietnam
Frantziar Indotxina
BizilekuaHanoi
Lehen hizkuntzaVietnamera
HeriotzaHanoi, 1969ko irailaren 2a (79 urte)
Hobiratze lekuaHo Chi Minh Mausoleum (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
AitaNguyễn Sinh Sắc
AmaHoàng Thị Loan
Hezkuntza
HeziketaEkialdeko Langileen Unibertsitate Komunista
Quoc Hoc – Hue High School for the Gifted (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
frantsesa
errusiera
Vietnamera
Yue txinera
mandarin txinera
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, idazlea, poeta, kazetaria eta militarra
Lantokia(k)Paris eta Hanoi
Jasotako sariak
Izengoitia(k)Nguyễn Ái Quốc, Hồ Chí Minh eta Nguyễn Tất Thành
Zerbitzu militarra
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakVietnamgo Gerra
Indotxinako Gerra
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaVietnamese folk religion (en) Itzuli
Alderdi politikoa Vietnamgo Alderdi Komunista
Frantziako Alderdi Komunista
Langile-Internazionalaren Frantziar Sekzioa

IMDB: nm0387282 Allocine: 37709
Spotify: 0zymRZZWChvPvJPcbIiFEd iTunes: 150390770 Musicbrainz: ff22312f-ea46-4353-adfb-2bdae08d7350 Discogs: 931229 Find a Grave: 5740 Deezer: 3412811 Edit the value on Wikidata

Viet Minh mugimendu independentista zuzendu zuen 1941etik aurrera; 1945ean, komunistek gobernatutako Vietnamgo Errepublika Demokratikoa ezarri zuen eta, 1954an, Frantses Batasuna Dien Bien Phu-n garaitu. 1950 hamarkadako azken urteetan, indar politikoa galtzen joan bazen ere, hil arte Ipar Vietnamgo presidente izan zen. Hego Vietnamgo hiriburu ohi Saigonek Hồ Chí Minh Hiria izena hartu zuen haren ohorez.

Biografia

Lehen urteak

Nguyễn Sinh Cung amaren jaioterri Hoàng Trù herrixkan jaio zen 1890ean. 1895etik aurrera, Nguyễn Sinh aitaren jaioleku Kim Liên-en hazi zen, Nghệ An probintziako herrixkan. Hiru senide izan zituen: arreba Bạch Liên (edo Nguyễn Thị Thanh), Nguyen Sinh Khiem anaia (Nguyen Tat Đạt), frantses armadako langile izan zena, eta Nguyen Sinh Nhuan, haurtzaroan hila. Konfuzianismoaren ohiturei jarraiki, hamar urte zituela, aitak Nguyễn Tất Thành izena eman zion. Aita konfuzianismo ikasle, irakasle eta, gerora, magistratu inperial izan zen Binh Khe distrituan (Qui Nhon). Aginte gehiegikeria egotzi zioten gizon handi bat 100 bastomakilkada hartzera zigortu zuenean eta, handik gutxira, hil egin zenean. Hala ere, zigor hura frantses gobernuak berpizten ari zen nazionalismoa geldiarazteko egin zituen ekintzetako bat besterik ez zen izan.

Cungek heziketa frantsesa jaso zuen, Lycée de Hue-n. Ikasketak utzi eta irakasten hasi zen Duc Thanh eskolan, Phan Thiet-en.

Hamabost urterekin, Europara joan eta denboraldi luzeena (1915-1923) Frantzian igaro zuen; han, komunismoarekin bat egin zuen. PCF Frantziako Alderdi Komunistan parte hartu zuen eta Moskura bidaiatu. Ondoren, Kominternek (III. Internazionala) Hong Kongera bidali zuen. Bertan Indotxinako Alderdi Komunista sortu zuen, Vietnamen 1930ean jazotako errebolten ostean.

Frantzian

1911ko ekainaren 5ean, Nguyễn Sinh Cungek Vietnam utzi zuen, Amiral Latouche-Tréville frantses lurrun ontzian sukaldeko laguntzaile zihoalarik. Marseillara iritsi zenean, Frantses Kolonial Eskola Administratiboan sartzen saiatu zen, baina ez zuten onartu. Frantzian, garbitzaile eta zerbitzari lanetan aritu zen eta aisialdiaren zati handi bat liburutegi publikoetan igarotzen zuen, Historiako liburuak eta egunkariak irakurtzen, mendebaldeko gizarte eta politika bereganatzeko ahaleginean.

Ameriketako Estatu Batuetan

1912an, berriro ere itsasontzi bateko sukaldeko laguntzaile gisan, AEBetara joan zen. Urtebete eman zuen Harlem en (New York) eta Bostonen eta, besteak beste, okin lanetan aritu zen Parker House hotelean. Badirudi, 1917 eta 1918 bitartean, Brooklyngo familia aberats batentzat lanean aritu zela eta, garai hartan, Marcus Garveyk Harlemen ematen zituen hitzaldiak entzun bide zituen. AEBetan emandako denboran korear nazionalistekin harremanetan hasi zela uste da eta esperientzia horrek bere ikuspegi politikoa garatzen lagundu zuen, antza.

Ingalaterran

1913 eta 1919 artean, West Ealing-en bizi izan zen behin baino gehiagotan, Londres mendebaldean eta, geroxeago, Crouch Enden, Hornseyn, North Londonen. Denbora horretan, Court Hotel Draytonen (Ealing Occidente) aritu zen lanean eta, dirudienez, Escoffier maisuarekin ikasi zuen gozogintza Carlton hotelean, Haymarket (Westminster). Horren testigantza ematen du Carlton hotela zegoen tokian dagoen plaka urdinak: 1913an hango mahai-zerbitzaria izan zela dio.

Frantzian berriro

Ho Chi Minh, 1921ean.
Ho Chi Minh, frantses erresistentziako Lucie Aubracen umearekin.

Frantzian bizi izandako garaian (1919-1923), Nguyễn Sinh Cung komunismoan murgildu zen, Marcel Cachin lagunaren eraginagatik neurri handi batean. Cungek Parisera Londresetik joan zela 1917an esan zuen, baina polizia frantsesak 1919an du iritsieraren data.

Lehen Mundu Gerraren amaieran, Nguyễn Ái Quốc ("Nguyen abertzalea" esan nahi du) izenpean, Indotxina frantseseko Vietnamgo kideen eskubide zibilen aldeko eskakizuna egin zuen Versailleseko bake hitzaldietan, Woodrow Wilson estatubatuar presidenteak AEBetako independentzia aldarriapenean erabili zituen hitzak erabiliz, baina eskaera ez zen kontuan hartu.

1921ean, Tourseko Kongresuan, Frantzian, Frantses Alderdi Komunistaren sortzailetako bat izan zen eta denbora luzea eman zuen Moskun. Indotxinako gerra garaian, Frantziako Alderdi Komunista aktibo izan zen, propaganda komunista, sabotaia eta iraultza aldarrikatuz.

Sobietar Batasunean eta Txinan

1923an, Paris utzi eta Moskura joan zen, Komiternean lanean aritzera eta, 1924ko ekainean, V. Nazioarteko Kongresuan hartu zuen parte. Urte horretako azaroan, Txinan zen, Guangzhoun.

1925eko ekainean, Shangain, Phan Bội Châu saldu zuen, polizia frantsesak eman zizkion 100.000 piastren truke. Hồ-ren hitzetan, erakunde komunista bat sortzeko dirua behar zuelako egin omen zuen; egia esateko, Châuk ez zuen sekula Quốc salatu eta ez dirudi gaizki moldatzen zirenik. 1925-1926 bitartean, Gazteriarentzako Heziketa Klaseak antolatu zituen eta, tarteka, Whampoako akademia militarrean ere ematen zituen klaseak, Indotxinako mugimendu iraultzailean. 1926ko urriaren 18an, Tăng Tuyết Minh (Zeng Xueming) emakume txinatarrarekin ezkondu zen. Alderdiko kideek ez zuten gustuko izan, baina berak horrela esan zien:

  • Ez duzue onartuko, baina ezkondu egingo naiz hala ere, hemengo hizkuntza ikasi eta etxea mantentzeko emakume bat behar dut eta.

Emazteak 21 urte zituen eta berak, 36. Zhou Enlai ezkondu zen leku berean izan zen ezkontza eta Kominterneko agente Mikhail Borodinen erresidentziara joan ziren bizitzera.

1927an, Chiang Kai-shek antikomunismoak Txina uztera behartu zuen eta Moskura itzuli beharrean izan zen. Uda hartan tuberkulosia izan zuen eta, sendatu bezain laster, Parisera joan zen. Bruselan, Berlinen, Suitzan eta Italian izan ondoren, 1928ko uztailean, Bangkokera (Thailandiara) iritsi zen barkuz. Herrialde hartan geratu zen 1929ra arte, Nachoken, eta gero Hong Kongera eta Shangaira joan.

1931ko ekainean Hong Kongen hartu zuten atxilo. Frantzia estraditatzeko asmotan zebilkion eta, 1932an, hil egin zela zabaldu zuten: 1933ko urtarrilean, britaniarrek ixilpean askatu zuten.

Milanera itzuli zen eta jatetxe batean egin zuen lan. Berriro joan zen SESBera, tuberkulosia sendatzeko ahaleginetan.

1938an, Txinan zen berriro eta Txinatar Alderdi Komunistaren indar armatuen aholkulari lanetan aritu zen, besteak beste, Txinako gobernuari Taiwan hartzea aholkatuz.

1940an Hồ Chí Minh izena erabiltzen hasi zen (“Hồ argi ekarlea” esan nahi du).

Vietnamera itzuli

Ho eta Giap, 1942an.

28 urtez kanpoan ibili ondoren, 1941ean, Vietnamera itzuli zen. Vichyko Frantziaren eta Vietnameko japoniar okupazioaren aurkako garaipen militarrak zuzendu zituen Bigarren Mundu Gerran.

Bere herria askatzeko, Viet Minh talde independentista sortu zuen, Việt Nam Độc lập Đồng minh Hội edo Vietnamgo Askapenerako Frontea. Vo Nguyen Giap munduko jeneral iraultzaile ezagunenetako bat izan zen eta harekin sortu zuen gerrillari armada.

Gobernua etxe hobe batera lekualdatzen saiatu zen, baina urteetan bizi izan zen gustuko zuen etxetxo batean.

Chiang Kai-shekek hilabete batzuetan atxilotuta izan zuen Txinan. 1943an askatu zuten eta berriro Vietnamera itzuli zen eta mediku amerikarrek tratatu zuten malaria eta disenteria sendatzeko.

1944an, Do Thi Lac-ekin jarri zen bizitzen (Tay etniako emakumea zen) eta, 1956an, seme bat izan zuten.

Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren sorrera

Trumani bidalitako telegrama.

1945eko irailaren 2an, Viet Minhek antolaturiko Abuztuko Iraultzaren ondoren, Hồ behin-behineko gobernuaren buru egin zuten eta Vietnamgo Errepublika Demokratikoko Independentzia Aldarrikapena egin zuen, AEB eta Frantziako aldarrikapenetan oinarrituz. Bảo Đại enperadorea abdikatzera behartu bazuen ere, inongo herrialdek ez zuen bere gobernua onartu. Behin eta berriro eskatu zion Harry Truman estatubatuar presidenteari vietnamdar independentzia bermatzeko, baina Trumanek ez zion jaramonik egin.

1946ko ekainean, Ho Chi Minhek Frantziara bidaiatu zuen Sainteny frantses diplomazialariarekin batera metropoliarekin akordio bat sinatzera. Parisera bitartean, hainbat aste eman zituen Biarritzen aisialdian, baita Donibane Lohizune eta Hendaia bisitatu eta hor bainatu, eta segur aski Gipuzkoara joan ere. Bere bizitzako une zoriontsuenak izan zirela adierazi zuen bere egunerokoan, baita euskal abertzaleez aipatu ere bide gogorra izango zutela frantsesekin, bere eskarmentuaren arabera.[1]

Koloniaren metropoliak ez zuen independentzia aldarrikapena onartu eta, 1946an, gerra hasi zen. Vietnamdarrek garaipen erabakigarria lortu zuten Dien Bien Phun (1954ko maiatzaren 7a), eta Ho Chi Minh Vietnamgo Errepublika Demokratikoko presidente aldarrikatu. Haren eragina, hala ere, Vietnamgo iparraldera mugatzen zen, hegoaldean Ameriketako Estatu Batuen laguntza osoa zuen erregimen diktatorial bat baitzegoen.

Vietnamgo presidente

1954an, Frantzia eta Viet Minhen artean Ginebrako Akordioak izenpetu ziren. Komunistak iparraldean bildu ziren eta ez hegoaldean. Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren gobernua Hanoin kokatu: hiri hori Ipar Vietnamgo hiriburu bilakatu zen, komunistek gidatutako alderdi bakarreko estatuan. Ginebrako Akordioek 1956an batasunerako aukera eman zezaketen hauteskundeak ere aurreikusten zituzten, baina Hego Vietnamek eta AEBek atzera bota zuten.

Ginebrako Akordioei jarraituz, 300 eguneko tartea egon zen herrialdearen alde batetik bestera nahi eran igarotzeko. Milioi bat inguru vietnamdar katoliko iparraldetik hegoaldera joan ziren eta komunista gutxi batzuek alderantzizko bidea egin zuten. Hala ere, kanadar begirale batzuek iparraldeko autoritateek jendea gogoz kontra bertan geratzera behartu zutela esan zuten.

Stalinek eta Maok garai horretan egin zuten bezala, Hồk nekazal erreformari ekin zion: ehunka lurjabe desjabetu, exekutatu, torturatu edota kartzelan gosez hil arte utzi zituen. Horren ondorioz, milioika pertsona hegoaldera joan ziren Hego Vietnamera.[erreferentzia behar]

1956 amaieran, Lê Duẩn alderdiko ordekari izendatu zuten eta Vietcong intsurgentziari laguntza bidaltzen hasi zen Hego Vietnamera. Hồk agintea galdu zuen, postu horretarako, Vo Nguyen Giap moderatuagoa nahiago baitzuen. 1959an, Ho Chi Minh bidea eraiki zuten, Laos eta Kanbodiatik Vietcongi laguntza emateko. 1960an, Hồk estatuko presidente izaten segitu zuen, vietnamdar komunismoaren ikur, baina Duẩn alderdiburu izendatu zuten.

1963an, Hego Vietnamgo Ngo Dinh Diem presidentearekin batera, bakea izenpetzeko borondatea azaldu zuen: horrek eragina izan zuen, geroago, AEBek Diemen aurkako estatu kolpean emandako laguntzan. 1964 amaieran, ipar vietnamdar soldaduak hego-mendebalderantz bidali ziren, Laosera. 1965 hasieran, estatubatuar tropak Hego Vietnamera iristen hasi ziren, Viet Cong egunetik egunera indartsuagoari eta mugan zeuden ipar vietnamdarrei aurre egiteko. Borroka indartu ahala, AEBetako Aireko Indarren bonba erasoak Ipar Vietnamen areagotu egin ziren (Operation Rolling Thunder).

Hồk Hanoin segitu zuen, bere azken urteetara arte. Ez zuen estatubatuarrekin negoziatzeko borondaterik agertu, berak Hego Vietnamen zeuden tropa atzerritar guztien baldintzarik gabeko etxeratzea eskatu baitzuen etengabe.

Heriotza eta oroimena

SESBeko 1990eko zigilua.
Ho Chi Minhen estatua.
Ho Chi Minhen mausoleoa.

1969ko irailaren 2an hil zen Hanoiko bere etxean, 79 urterekin.

Erraustea nahi zuela adierazia zuen, bere iritzian, garbiagoa zelako eta nekazaritzarako lekua aurrezten zuelako. Hala ere, gobernuak baltsamatzeko agindu zuen. Haren gorputz baltsamatua granitozko mausoleo batean erakusgarri dago, Lenin, Mao Zedong edo Kim Il Sung bezalako lider komunistak azaldu ohi diren bezala. Mausoleoa (Lăng Hồ Chí Minh) Hanoiko Ba Dinh plazan dago.

1975ean, Saigoni izena aldatu eta Hồ Chi Minh Hiria jarri zioten.

Gaur egun, Vietnamgo gobernu komunistak jainkoaren parera eraman badu ere, aspaldi utzi zioten bere politika ekonomikoari jarraitzeari.

Uncle Hồ (Osaba Hồ) izenaz egiten zaio erreferentzia eta heroi nazionala da. Haren irudia Vietnamgo diruan agertzen da eta eraikin publikoetan, eskoletan eta tenpluetan haren erretratu ugari daude.

Hala ere, zenbait vietnamdarrek herrialdera anabasa ekarri zuela uste dute: atzerriratu behar izan zutenek oso ideia txarrak dituzte harekiko, hiltzailetzat baitaukate eta AEBen aurkako gerra krudelenean sartu eta Vietnam pobretzearen erantzukizuna berea dela baitiote.

Victor Jara musikari txiletarrak abesti ezaguna eskaini zion haren irudiari: El derecho de vivir en paz.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Duiker, William J.. (2012-11-13). Ho Chi Minh: A Life. Hachette Books ISBN 978-1-4013-0561-1. (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ho Chi Minh Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.