Hizkuntza eraiki
Hizkuntza eraikia (ingelesez: conlang edo constructed language) edo hizkuntza artifiziala (ingelesez: artificial language) artifizialki sortutako hizkuntza da. Hiru multzo handitan banatu ditzakegu, funtzioaren arabera: hizkuntza lagungarriak (ingelesez: auxiliary languages edo auxlangs), nazioarteko komunikazioa errazteko bideratuak; hizkuntza proiektatuak (engineered languages edo engelangs), helburu esperimental, filosofiko edo logikazkoei lotuak; eta hizkuntza artistikoak (artistic languages edo artlangs), zio estetikoekin abiatuak.
Kontzeptualki horrela izanda ere, kontuan hartu behar dugu sorreran hizkuntza guztiak direla artifizialak, eta urteen joan-etorrian erabiltzaileek hiztun natural bihurtzen ditzutela.
Euskara batuaren eta hebreera modernoaren kasuak dira, nolabait: XX. mendean osagarri zaharretatik sortutako hizkuntzak dira, denborak aurrera egin ahala hiztun propio eta natural lortu dituztenak.
Gaur egun, munduan gehien hitz egiten den hizkuntza artifiziala esperantoa da.
Hizkuntza lagungarriak
Hizkuntza lagungarriak nazioarteko komunikazioa ahalbidetzeko sortzen dira, maiz lingua franca izateko borondatez. Nazioarteko hizkuntza lagungarriak (ingelesez: international auxiliary language edo IAL) izena ere hartzen dute. Adibide ezagunenak dira esperantoa, volapüka, idoa eta interlingua. Laurek dituzte hainbat urteko esperientzia, hiztun kopuru zabala munduan zehar, eta baliabide ugari. Halaber, kotava sortu zen esperanto eta ido hizkuntzak eraikitzerakoan egindako akatsak zuzentzeko asmoz.
Romanica ere hizkuntza lagungarria da. Erromantze hizkuntzak batuta sortua, latin modernotzat erabiltzen da.
Bestalde, gestunoa edo nazioarteko keinu hizkuntza eraiki zuten, gor eta mutuek mundu osoan elkar ulertzeko kodetzat.
Hizkuntza proiektatuak
Hizkuntza logikoak edo esperimentalak dira. Loglan da horien adibide.
Hizkuntza artistikoak
Artistikoak helburu estetikoekin eginak dira.
J. R. R. Tolkien idazleak sortutako quenya hizkuntza da adibide argia. Halaber, solresol hizkuntza dugu, musikaren notekin egina. Klingon hizkuntza ere badago, Klingon Inperioko zibilizazio alienigenoaren ama hizkuntza Star Trek zientzia fikziozko frankizian.
Azkenik, aipatzekoak dira hurrengo hizkuntza eraikiak:
- miresua hizkuntza, euskara hartu duelako osagarri, finlandierarekin nahasita; elkarren arteko mintzaira urrunak izanda, kode berri bitxia edo exotikoa sortu dute horrela, helburu komunikatiborik bilatu gabe;
- eta krutxiera, euskarazko hitzak dituen beste hizkuntza eraikia.
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Conlang posta zerrenda