Historia
— George Santayana[1]Iragana oroitu ezin duten horiek errepikatzera kondenatuta daude.
Historia (antzinako grezieratik, «Ikerkuntza; ikerketak lortutako ezagutza» esan nahi du[2]) iraganaren azterketa eta dokumentazioa da[3][4]. Idazketa-sistemak asmatu aurreko gertaerak historiaurrekotzat hartzen dira. "Historia" terminoak iraganeko gertaerak nahiz gertaera horien memoria, aurkikuntza, bilketa, antolaketa, aurkezpena eta interpretazioa biltzen ditu. Historialariek iragana ezagutzea bilatzen dute iturri historikoak erabiliz, hala nola dokumentu idatziak, ahozko kontakizunak, artea eta tresna materialak, eta markatzaile ekologikoak[5]. Historia osatu gabe dago, eta, oraindik ere, eztabaidagarriak diren misterioak ditu.
Historia diziplina akademiko bat ere bada, eta narratiba erabiltzen du iraganeko gertaerak deskribatzeko, aztertzeko, zalantzan jartzeko eta analizatzeko, eta horien kausa- eta efektu-ereduak ikertzeko[6][7]. Historiaren filosofiak dio historiatik ikasi daitekeela[8]. Historialariek gertakari bat hobekien azaltzen duen kontakizunari buruz eztabaidatu ohi dute, bai eta kausen eta efektuen garrantziari buruz ere. Historialariek, halaber, historiaren izaera bera helburu gisa eztabaidatzen dute, bai eta orainaldiko arazoei ikuspegia emateko duen erabilgarritasuna ere[9][10].
Kultura jakin baten istorio komunak, baina kanpoko iturrietan oinarritzen ez direnak (Aitorren inguruko mitologia, adibidez), kultura-ondare edo kondaira gisa sailkatu ohi dira[10]. Historia mitotik bereizten da, ebidentzian oinarritzen baita[10]. Hala ere, antzinako eragin kulturalek historiaren izaeraren interpretazio desberdinak sortzen lagundu dute, mendeetan zehar eboluzionatu dutenak eta gaur egun ere aldatzen jarraitzen dutenak. Historiaren azterketa modernoa oso zabala da, eta eskualde espezifikoen azterketa eta gaikako edo ikerketa historikoko zenbait elementuren azterketa barne hartzen ditu. Historia lehen eta bigarren hezkuntzan irakasten da askotan, eta historiaren ikasketa akademikoa diziplina garrantzitsua da unibertsitateko ikasketetan.
Herodoto, K. a. V. mendeko greziar historialaria, mendebaldeko tradizioan "historiaren aitatzat" hartzen da[11], baina "gezurraren aitatzat" ere hartu izan da[12][13]. Tuzidides garaikidearekin batera, iraganeko gertaera eta gizarteen azterketa modernoaren oinarriak finkatzen lagundu zuen. Bere lanak gaur egun ere irakurtzen dira, eta kulturan zentratutako Herodotoaren eta arlo militarrean zentratutako Tuzididesen arteko arrakalak idazkera historiko modernoan euste- edo ikuspegi-puntua izaten jarraitzen du. Ekialdeko Asian, Udaberriko eta Udazkeneko Urtekaria izeneko estatu kronika K. a. 722an idatzi zela pentsatzen da, nahiz eta K. a. II. mendeko kopia bat baino ez den gaurdaino iritsi.
Etimologia
Historia hitza latinezko historia hizetik dator (antzinako grezieraz: ἱστορία, erromanizatuta: historíā, lit. «galdeketa, ikerketatik ezagutza edo epaile»[14]). Zentzu horretan erabili zuen Aristotelesek hitza bere Animalien historia idazlanean,[15] historia naturalari buruzko obra dena. ἵστωρ hitza aurki daiteke hainbat greziar testutan: Himno homerikoetan, Heraklitoren idazlanetan, Atenasko efeboen zinan eta Beoziako idazkunetan (bertan, hitza zentzu juridikoan erabiltzen da eta epaile, lekuko edo antzeko esanahia du). Latin klasikoak greziar hitza mailegatu zuen, non "historia" hitza erabiltzen hasi zen honako esanahiarekin: «ikerketa, kontsulta, kontua, deskribapena, iraganeko gertaeren idatzizko kontakizuna, historiaren idazketa, narrazio historikoa, iraganeko gertaeren ezagutza erregistratua, istorioa, narrazioa». Historia hitza latinetik (baliteke irlandera zaharra edo gales zaharraren bidez) maileguan hartu zuen ingeles zaharrak, stær (historia, narrazioa, istorioa), baina hitz hori, ingeles zaharraren amaieran, erabilerarik gabe gelditu zen[16]. Bien bitartean, latina frantses zaharra (eta anglo-normandarra) bihurtu zen heinean, historia hitzak istorie, estoire eta historie moduko formak garatu zituen, esanahiaren garapen berriekin: «pertsona baten bizitzako gertaeren kontakizuna (XII. mendearen hasiera)», kronika, pertsona edo pertsona talde bati, orokorrean, garrantzitsuak diren gertaeren kontakizuna (1155), gertaera historikoen irudikapen dramatiko edo irudikatua (1240), giza bilakaerari buruzko ezagutza multzoa, zientzia (1265), benetako edo irudimenezko gertaeren narrazioa, errelatoa (1462)[16].
Anglo-normandarretik, historia ingeles ertainera pasa zen, eta iraun du; XIII. mendean, Ancrene Wisse-n agertzen da, baina badirudi XIV. mendearen amaieran bihurtu zela hitz arrunta John Gower-en Confessio Amantis liburuan 1390eko hamarkadan (VI.1383) aitorpen goiztiar bat agertzen zelarik: «Gai honi buruzko liburu konpilatu batean aurkitu dut historia zahar bat, zein nire memoriara datorren». Erdialdeko ingelesez, historiaren esanahia istorioa zen; oro har, XV. mendearen erdialdean sortu zen «iraganeko gertakariei buruzko ezagutzaren adarra; iraganeko gertaeren erregistro edo azterketa formala, batez ere giza kontuak» esanahiari mugatuta[16]. Errenazimenduarekin, hitzaren zentzu zaharragoak berpiztu ziren, eta hitza, greziar zentzuan, Francis Baconek erabili zuen XVI. mendearen amaieran historia naturalari buruz idatzi zuenean. Haren ustez, historia zen «espazioaren eta denboraren arabera zehazten diren objektuen ezagutza», memoriak emandako ezagutza mota (zientziak arrazoiak ematen duenean eta poesiak fantasia)[17].
Sintetikoa vs analitikoa/isolatzailea dikotomia linguistikoaren adierazpenean, ingelesak txineraren antzera (史 vs. 诌), baita euskarak ere (historia vs istorioa), giza historiarako eta oro har ipuinetarako hitz bereiziak ditu. Alemana, frantsesa eta hizkuntza germaniar eta erromaniko gehienetan, oso sintetikoak eta flexio handikoak, oraindik, hitz bera erabiltzen da historia eta istorioa adierazteko. Historialaria, historiaren ikertzaile zentzuan, 1531tik egiaztatzen da. Europako hizkuntza guztietan, historia substantiboa oraindik ere erabiltzen da, bai gizakiarekin gertatutakoa, bai gertatutakoaren ikerketa akademikoa ikertzeko ere; azken zentzu hori, batzuetan, letra larriz edo historiografia hitzarekin bereizten da[15].
Euskaraz, esanahia desberdina duten bi forma eman ditu: historia eta istorio edo ixtorio[18]. Historia hitza, non H letra balio grafikoa duela dirudi, eta ez fonetikoa, 1571. urteko Joanes Leizarragaren ABC, edo Christinoen instructionea idazlanean agertzen da[19]. Istorio edo Ixtorio, "kontakizuna", "gertaera" esanahiarekin, ez da XIX. mende amaierara arte agertuko, hasieran Iparraldeko idazleen lanetan eta geroago hegoaldeko testuetara pasako da[18].
Deskribapena
Historialariek beren garaiko testuinguruan idazten dute, eta iragana interpretatzeko egungo ideia nagusiei erreparatuta, eta, batzuetan, beren gizarteari irakaspenak emateko idazten dute. Benedetto Croceren hitzetan, «historia guztia historia garaikidea da». Historiak «iraganeko benetako diskurtsoa» eratzea errazten du kontakizunen eta giza arrazarekin lotutako iraganeko gertaeren analisiaren bidez[20]. Historiaren diziplina modernoa diskurtso horren ekoizpen instituzionalera dedikatzen da.
Benetako formaren batean gogoratzen eta gordetzen diren gertaera guztiek osatzen dute erregistro historikoa[21]. Diskurtso historikoaren zeregina da iraganeko kontakizun zehatzak sortzen lagungarrienak diren iturriak identifikatzea. Beraz, historialariaren artxiboaren eraketa artxibo orokorrago bat xedatzearen ondorioa da, zenbait testu eta dokumenturen erabilera baliogabetzerakoan (faltsutuz «benetako iragana» irudikatzeko duten gogoak). Historialariaren eginkizunaren zati bat da iraganeko iturri ugariak (gehienetan artxiboetan aurkitzen direnak) trebe eta objektiboki erabiltzea da. Narrazio bat sortzeko prozesuak eztabaida sortzen du ezinbestean, historialariek iraganeko gertakari desberdinak gogoratzen edo azpimarratzen baitituzte[22].
Historiaren azterketa, batzuetan, humanitateen parte gisa sailkatu izan da; beste batzuetan, gizarte zientzien barruan[23]. Bi eremu zabal horien arteko zubi gisa ikus daiteke, bietako metodologiak barneratuz. Historialari batzuek irmo bultzatzen dute sailkapen bat edo bestea[24]. XX. mendean Annaleen eskolak historiaren azterketa irauli zuen historia globalaren azterketan kanpoko diziplinak erabiliz, hala nola ekonomia, soziologia eta geografia[25].
Tradizioz, historialariek iraganeko gertaerak erregistratu izan dituzte, idatziz edo ahozko usadio bat transmitituz, eta galdera historikoak erantzuten saiatu izan dira idatzizko dokumentuen eta ahozko kontuen azterketaren bidez. Hasieratik, historialariek iturri desberdinak erabili dituzte: monumentuak, inskripzioak eta irudiak. Oro har, ezagutza historikoaren iturriak hiru kategoriatan bereiz daitezke: idatzitakoa, esaten dena eta fisikoki kontserbatzen dena, eta historialariek hirurak kontsultatzen dituzte sarri[26]. Baina idazketa da historia aurretik datorrena bereizten duen marka.
Arkeologia bereziki lagungarria da lurperatutako aztarnategiak eta objektuak azaleratzeko eta historiaren azterketan laguntzen dutenak. Aurkikuntza arkeologikoak oso gutxitan daude isolatuak; iturri narratiboak osatzen dituzte aurkikuntzak. Arkeologiaren metodologiak eta planteamenduak independenteak dira historiaren arlotik. Arkeologia historikoa arkeologiaren adar espezifikoa da, eta, askotan, bere ondorioak testu-iturri garaikideenekin kontrastatzen ditu. Adibidez, Mark Leone Annapolis historikoko (Maryland) AEB zulakari eta interpreteak ulertu nahi izan du askatasuna idealizatzen duten testu-dokumentuen eta erregistro materialen arteko kontraesana, zeinak agerian uzten duten esklaboen jabetza eta aberastasun desberdintasunak ingurune historiko osoaren azterketan.
Historia antolatzeko, hainbat modu daude: kronologikoki, kulturalki, lurralde historikoki eta gaika. Zatiketa horiek ez dira elkarren artean baztertzen, eta elkargune esanguratsuak daude. Baliteke historialariek gai oso zehatzez eta oso orokorrez arduratzea, nahiz eta joera espezializaziora jotzea izan den. Historia Handia izeneko arloak aurre egiten dio espezializazio horri, eta eredu edo joera unibertsalak bilatzen ditu. Historia, sarritan, helburu praktiko edo teoriko batekin ikertu izan da, baina jakin-min intelektual soiletik iker daiteke[27].
Non hasten da historia?
Oro har, iragan guztia gertatu denetik historia dela esan baliteke ere, adiera klasikoei jarraiki historia gizaki eta gizarteen denboran zeharkako joana dugu gizakia gizaki denetik edo iraganeko gertakari jakin batez geroztik, horrela historia iraganeko une batetik une honetara arte doan aroa genuke, eta historiaren hasiera irizpide subjektiboek zehazten dute.
Zenbaitentzat historia unibertsoaren beraren edo lur planetaren sortzearekin hasten da, besteentzat berriz historia gizakia bere arbasoengandik eboluzionatu ostean hasten da. Badira historia idazkerarekin hasi zela diotenak idazkerak jakituriaren transmisioa irauli zuelako edota historiaren hasera gertakari erlijiosoei esleitzen diotenak, adibidez zenbait kristau korronteek historiaren muga Jesukristoren jaiotzan ipintzen dute[erreferentzia behar]. Muga den lekuan dela ere, historia izenez aipaturiko aroaren aurreko garaiari historiaurrea deritzo eta historia bera azpi-aro anitzetan banatzen da.
Historiografia klasikoan, gizakiaren, edo hobe esanda, gizarteen Historia, idazkerarekin hasten da. horrexegatik Idazkera aurretikoari Historiaurrea esaten zaio, hain zuzen[28]. idazkerarekin hasten da gizakiak datu idatziak usten: kontabilitate zerrendak, olerkiak, Jainko-jainkosei eskainitako otoitzak, kronikak, etab. Idazkerari esker giza taldeen ezagutza zehatzagoa lortzen dugu, eta pertsonaien, lekuen eta bestelako itemen izenak iristen zaizkigu. lehen idazkera Sumerrren agertu zen, K.a. 3500-3000 urte inguruan, idazkera kuneiformean[29]. Baina handik beste lurraldetara hedatu bazen ere, leku askotan askoz beranduago agertuko da. Euskal Herrian, adibidez, iberiarren eskutik iritsiko da, baina batez ere, erromatarren konkistari esker. Esan ohi da Historia dokumentu idatzien bidez aztertzen dela, et Historiaurrea arkeologiak aurkitu eta prozesatzen dituen bestelako dokumentuei esker (materialak, edo organikoak izan daitezkeenak). Gaur egun, arkeologia garai berriagoetan ikerketak egiteko ere erabiltzen da, idatzizko dokumentuak utzi zituzten garietara, hain zuzen, eta hala ere, testuen pisua ikerketa historikoen askoz handiagoa da. Bestalde, eta aurrekoa baieztapenari bigarren ñabardura bat egitearren, esan behar da, idazkeraren lehen urratsak txikiak izan zirela eta haien testigantza gutxi iritsi zaizkigula. Hori dela eta, lehen fasetan, arkeologia beharrezkoa izaten da garai batzuetako ezagutzan sakontzeko.
Historiaurrea
Giza historia munduan zehar, Homo sapiens sapiens-en iraganeko esperientziaren memoria da, esperientzia hori, neurri handi batean, idatzizko erregistroetan gorde baita. Historiaurrearekin, historialariek, idatzizko erregistrorik ez dagoen eremu batean, iraganaren ezagutza berreskuratzea esan nahi dute, edo kultura baten idazkera ulertzen ez den eremu batean. Pintura, marrazkiak, tailak eta bestelako artefaktuak aztertuz gero, informazio batzuk berreskuratu daitezke idatzizko erregistrorik ez badago ere. XX. mendez geroztik, historiaurrearen azterketa ezinbestekotzat jotzen da historiak zenbait zibilizazioren bazterketa inplizitua saihesteko, hala nola Saharaz hegoaldeko Afrikakoak eta Kolonaurreko Amerikakoak. Mendebaldeko historialariak kritikatuak izan dira mendebaldeko munduan neurrigabeko arreta jartzeagatik[30] . 1961ean, E. H. Carr historialari britainiarrak idatzi zuen:
« | Historiaurreko eta garai historikoen arteko muga-lerroa gainditzen da jendeak orainaldian bizitzeari soilik uzten dionean eta kontzienteki interesatzen direnean, bai bere iraganean, bai etorkizunean ere. Historia tradizioaren transmisioarekin hasten da, eta tradizioak iraganeko ohiturak eta ikasgaiak etorkizunera eramatea esan nahi du. Iraganeko erregistroak etorkizuneko belaunaldien mesedetan gordetzen hasten dira[31]. | » |
Definizio horrek historiaren esparruan barne hartzen ditu herrien interes sendoak, hala nola iraganeko Australiako indigenen eta Zeelanda Berriko maoriena, eta ondorengo belaunaldiei mantendu eta transmititutako ahozko erregistroak, europar zibilizazioarekin harremanetan jarri aurretikoak ere.
Historiografia
Historiografiak erlazionatutako hainbat esanahi ditu[32]. Lehenik eta behin, historia nola sortu den aipa daiteke: metodologia eta praktiken garapenaren historia (adibidez, epe laburreko narratiba biografikotik epe luzeko analisi tematikora igarotzea). Bigarrenik, ekoitzitakoari erreferentzia egin diezaioke: idazkera historiko zehatz bati (adibidez, 1960ko hamarkadan, Erdi Aroko historiografiak esan nahi du 1960ko hamarkadan idatzitako Erdi Aroko historiaren lanak)[32]. Hirugarrenik, historia zergatik sortzen den aipa daiteke: historiaren filosofia. Iraganaren deskribapenen meta-mailako analisi gisa; hirugarren ikuskera hau lehen biekin lotu daiteke, analisiak, normalean, beste historialari batzuen kontakizunetan, interpretazioetan, mundu-ikuskeran, frogen erabileran edo aurkezteko metodoetan oinarritzen baita. Historialariek historia narrazio koherente bakar gisa edo kontakizun lehiakor gisa irakats daitekeen eztabaidatzen dute[33][34].
« | Ranke historialariak eta berari jarraitu zioten askok jazartu dutenez, ez, historia ez da zientzia bat. Hala, historialariek esaten badigute (bere ofizioa lantzeko duten moduagatik) ezin dela zientziatzat hartu, hitza hartu behar diogu. Zientzia egiten ari ez bada, orduan, egiten duena egiten duela, ez da zientzia egiten ari. Historialari tradizionala, beraz, ez da zientzialaria, eta historia, ohiko moduan landuz, ez da zientzia bat[35]. | » |
XX. mendean, historialari akademikoek gutxiago zentratu ziren nazioa edo gizon handiak goraipatzeko joera zuten narrazio nazionalista epikoetan, eta indar sozial eta intelektualen analisi objektibo eta konplexuagoetan zentratu ziren. XX. mendeko metodologia historikoaren joera nagusietako bat historia gizarte-zientzia gisa tratatzea izan zen arte gisa baino, tradizionalki hala izan baitzen. Historia, izan ere, gizarte-zientzia gisa hartzearen aldeko defendatzaile nagusiak Fernand Braudel eta E. H. Carr biltzen zituen jakintsuen talde anitza izan zen. Horietako asko diziplina anitzeko ikuspegiagatik nabarmentzen dira; adibidez, Braudelek historia eta geografia uztartu zituen. Hala ere, diziplina anitzeko ikuspegi horiek ez zuten historiaren teoriarik sortu. Ordura arte, historiaren teoria bakarra zetorren historialari profesional batetik[36]. Historiaren beste teoria batzuk beste alor batzuetako adituek idatzi zituzten (adibidez, Historiaren teoria marxista). Historia digitalaren eremua hasi da informatika erabiltzeko moduak jorratzen datu historikoei galdera berriak planteatzeko eta beka digitala sortzeko.
Historiak gizarte zientzia gisa duen aldarrikapenen aurka, Hugh Trevor-Roper eta beste historialariek historialarien lanaren gakoa irudimenaren boterea zela argudiatu zuten, eta, horregatik, historia arte gisa ulertu behar zela defendatu zuten. Annaleen eskolarekin lotutako historialari frantsesek historia kuantitatiboa sartu zuten, datu gordinak erabiliz gizabanako tipikoen bizitzaren jarraipena egiteko, eta historia kulturalaren ezarpenean nabarmendu ziren. Herbert Butterfield eta beste historialari intelektual batzuek ideiek historian duten garrantziaren alde egin dute. Amerikako historialariek (eskubide zibilen garaiak bultzatuta) lehen ahaztuta zuten talde etniko, arraza eta sozioekonomikoetan zentratu ziren. Bigarren Mundu Gerra ondoren sortu zen historia sozialaren genero bat Alltagsgeschichte (Eguneroko bizitzaren historia) izan zen. Ian Kershaw eta beste jakintsu batzuek XX.mendeko Alemaniako jende arruntaren eguneroko bizitza nolakoa zen aztertu zuten, batez ere Alemania nazian.
Historialari marxistek Karl Marxen teoriak balioztatu nahi izan zituzten historia marxistaren ikuspegitik aztertuz. Historiaren interpretazio marxistari erantzunez, François Furet eta beste historialari batzuek historiaren interpretazio antimarxistak eskaini dituzte. Historialari feministek emakumeen esperientzia aztertzearen garrantzia defendatu zuten. Postmodernistek historiaren baliozkotasuna eta beharra zalantzan jarri dute historia guztia iturrien interpretazio pertsonalean oinarritzen dela oinarritzat hartuta. Keith Windschuttle-ren 1994ko The Killing of History liburuak historiaren balioa defendatu zuen.
Gaur egun, historialari gehienek artxiboetan hasten dute ikerketa, plataforma fisiko edo digitalean. Askotan, argudio bat proposatzen dute, eta ikerketak erabiltzen dituzte horren alde egiteko. John H. Arnold-ek proposatu zuen historia argudio bat dela, eta horrek aldaketa sortzeko aukera sortzen du[37]. Informazio digitaleko enpresek, Google-k adibidez, polemika piztu dute Interneteko zentsurak informazioaren sarbidean duen eginkizunaren inguruan[38].
Teoria marxista
Materialismo historikoaren teoria marxistak gizarteek, funtsean, une jakin bateko baldintza materialek zehazten dutela teorizatzen du, hau da, pertsonek elkarren artean dituzten harremanak oinarrizko beharrak asetzeko, hala nola elikadura, arropa eta etxebizitza berentzako eta beren familientzako[39]. Orokorrean, Marxek eta Engelsek mendebaldeko Europan baldintza material horien garapenaren ondoz ondoko bost etapa identifikatu zituztela aldarrikatu zuten[40]. Historiografia marxista, garai batean, ortodoxia izan zen Sobietar Batasunean, baina, han komunismoa erori zenetik, haren eragina nabarmen murriztu da[41].
Historiaren ekoizpenean izan daitezkeen gabeziak
Historialari askok historiaren ekoizpena aurrejuzguz txertatuta dagoela uste dute historiako gertakariak eta gertakari ezagunak hainbat modutan interpreta daitezkeelako. Constantin Fasoltek iradoki zuen historia politikari lotuta dagoela isiltasunaren beraren praktikaren bidez[42]. Honela esan zuen: «Historia eta politikaren arteko loturaren bigarren ikuspegi komun bat historialariek politikaren eraginpean sarritan jasaten duten oinarrizko behaketan oinarritzen da»[42]. Michel-Rolph Trouilloten ustez, prozesu historikoa artxiboetan errotuta dago; beraz, isiluneak edo ahazten diren historiaren zatiak historiako eremuak nola gogoratzen diren agintzen duen estrategia narratibo baten nahitazkoak izan daitezke[43]. Omisio historikoak modu askotan gerta daitezke, eta erregistro historikoetan eragin handia izan dezakete. Informazioa nahita baztertu, edo nahi gabe albora daiteke. Historialariek informazio historikoa ezabatzearen ekintza deskribatzen duten hainbat termino asmatu dituzte, besteak beste: isiltzea[22], memoria selektiboa[44] eta ezabaketak[45]. Gerda Lerner, XX. mendeko historialaria, bere lanaren zati handi bat emakumeek eta haien lorpen historikoetan zentratu zuenak, huts horiek gutxiengo taldeetan izan zuten eragin negatiboa azaldu zuen[44].
William Cronon ingurumen-historialariak hiru modu proposatu zituen alborapenei aurre egiteko eta narrazio benetakoak eta zehatzak bermatzeko: narrazioek ez dute errealitate ezagunen kontraesanean egon behar; zentzu ekologikoa izan behar dute (bereziki ingurumenaren historiarako), eta argitaratutako lanak komunitate akademikoek eta beste historialari batzuek berrikusi behar dituzte erantzukizuna ziurtatzeko[45].
Metodo historikoak
Oinarrizko metodo historikoak
Historialariek honako galdera hauek erabiltzen dituzte lan modernoan.
Lehenengo laurak kritika historikoa izenez ezagutzen dira; bosgarrena, testu kritika; eta, harekin batera, kanpoko kritika. Iturri bati buruzko seigarren eta azken galderari, barne kritika deritzo. |
Bere liburuaren hitzaurrean, Muqaddimah (1377), Ibn Khaldun arabiar historialari eta hasierako soziologoak ohartarazi zuen historialariek egindako 7 akatsez. Kritika horretan, iragana arrarotzat eta interpretazio beharrez jo zuen. Ibn Khaldunen originaltasuna zen beste garai bateko kultura-desberdintasunak material historiko garrantzitsuaren ebaluazioa gobernatu behar zuela aldarrikatzea, ebaluazioa egitea posible izan zitekeen printzipioak bereiztea eta printzipio arrazionalei esperientziaren beharra sentitzea, iraganeko kultura bat baloratzeko. Ibn Khaldunek «alferrikako sineskeria eta datu historikoen onarpen akritikoa» kritikatu zuen. Historiaren azterketarako, metodo zientifiko bat sartu zuen, eta bere zientzia berria gisa izendatu zuen[46]. Haren metodoak estatuaren, komunikazioaren, propagandaren eta historian alborapen sistematikoaren eginkizuna behatzeko oinarriak ezarri zituen[47], eta, beraz, historiografiaren aitatzat[48][49] edo historiaren filosofiaren aitatzat hartzen da[50].
Mendebaldean, historialariek historiografia metodo modernoak garatu zituzten XVII. eta XVIII. mendeetan, batez ere Frantzian eta Alemanian. 1851n, Herbert Spencerrek laburbildu zituen metodo hauek: «Gure gordailu historikoen ondoz ondoko estratuetatik, [historialariek] arreta handiz biltzen dituzte kolore handiko zati guztiak, bitxi eta distiratsu den guztiari jauzi egiten diote, eta, umeak balira bezala, barre egiten dute beren eskurapen distiratsuen gainean; Baliorik gabeko hondakin horien artean adarkatzen dira jakituria aberatsak, zain, guztiz baztertuta, Zabor bolumen astunak irrikaz metatzen dira; zulatu behar ziren eta urrezko egiak utzi zezaketen mineral aberats masa horiek erakutsi eta bilatu gabe geratzen dira»[51]. Spencerrek mineral aberatsarekin historiaren teoria zientifikoa esan nahi zuen. Bien bitartean, Henry Thomas Buckle-k, egunen batean, historia zientzia bihurtzeko ametsa adierazi zuen: «Naturari dagokionez, itxuraz irregularrenak eta kapritxotsuenak diren gertaerak azaldu dira, eta frogatu da lege finko eta unibertsal batzuen araberakoak direla. Hori izan da trebetasun-gizonek eta, batez ere, pentsamendu pazientziatsu eta nekaezineko gizonek gertakariak aztertu dituztelako haien erregulartasuna ezagutzeko asmoz, eta giza-gertaerak antzeko tratamendua jasango balute, eskubide osoa dugu antzeko emaitzak itxaroteko»[52]. Buckleren ametsaren aurka, metodoetan eragin handiena izan zuen historialaria XIX.mendeko Leopold von Ranke alemaniarra izan zen. Historia benetan gertatu zenera mugatu zuen, eta, horren bidez, eremua zientziatik urrunago bideratu zuen. Rankerentzat, datu historikoak bildu beharko lirateke arretaz, objektiboki aztertuta eta zorroztasun kritikoz elkartuta. Baina prozedura horiek «zientziaren aurrebaldintzak eta aurretiazkoak baino ez dira. Zientziaren muina aztertzen ari diren datuetan, ordena eta erregulartasuna bilatzea da, eta horiei buruzko orokorpenak edo legeak formulatzea»[53].
Iragana aztertzen dutenak
Esan bezala, historiaren amaiera orainean dagoela argi badago ere, historiaren hasiera zehaztugabea da, eta irizpide subjektiboen bidez lehenago hala beranduago ezarri dezakegu. Tradizionalki historiak lehen erregistro idatziak ditugun arotik aurrerako garaia landu du. Gizakiaren arbasoetatik Homo sapiens bihurtzeko bidea ordea antropologiaren lan eremuak hartzen du. Iraganean, ez soilik gizakiak baizik eta izaki guztiek izan duten eboluzioari historia natural esaten zaio eta historia ikuspuntu horretatik aztertzen duten diziplinei natura zientzia deritze, zeintzuen artean biologia eta bere espezialitateak dauden. Izaki bizidunez gain, Lurreko materia guztiaren iragana aztertzen duen zientzia geologia da, eta lurra existitzen ez zeneko garaiak (baita Lurra existitu izan den garaiko Lurraz kanpoko unibertsoaren historia hurbila ere) berriz fisika, astronomiari eta astrogeologiari dagozkio. Filosofiak denboraren joana eta gertakariak ere aztertu ditu muga jakinik izan gabe eta bereziki arrazoi eta motibazioak aztertuz. Diziplina guztiek aztertzen dute gehiago hala gutxiago eskuartean dutenaren historia, horrela historia ekonomiko, zientziaren historia edo medikuntzaren historiaz arituko ginateke.
Historiaren historia
Historia beraren historia aztertuko bagenu Grezia klasikoko historialariak izango genituzke Europan behintzat, beren garaiari buruzko testigantza fidagarria uzteaz arduratu ziren lehenak. Ditugun antzinako idazkiez soilik hitz egin dezakegunez (ziurrenik dokumentu baliotsu ugari galdu baita) gaurdaino oso egoera onean iritsi direlako eta gertakariak kontatzeko moduarengatik Halikarnasoko Herodotoren idatziak ditugu lehenetariko testu historikoak, hori dela eta Halikarnasoko Herodotori historiaren aita esaten zaio, gaurdaino iritsi zaigun Herodotoren obra bakarra Historia deitzen da hain zuzen ere.
Historia unibertsala
Historia unibertsala gizateriaren historia da (edo giza historia), eta zenbait diziplinek definitzen dute, besteak beste, arkeologiak, antropologiak, genetikak, hizkuntzalaritzak...; epemuga aldetik, hasiera idazketaren asmakuntzan dago, eta aintzat hartzen ditu erregistroetan jasotako historia eta baita bigarren mailako iturri diren ikerketak ere.
Gizateriaren historia idatziaren aurretik historiaurrea dago, Paleolitoarekin hasi zena; Neolitoa izan zen ondoren etorri zen aroa. Neolitoan Nekazaritza-Iraultza hasi zen, K.a. 8000 eta 5000 artean, Ekialde Hurbileko Ilgora Emankorrean. Garai honetan gizakia hasi zen nekazaritza eta abeltzaintza jorratzen[54]. Nekazaritzak aurrera egin ahala, gizaki gehienek bizimodu nomada utzi eta sedentario bilakatu ziren. Segurtasun erlatiboak eta produktibitatearen gorakadak baimendu zuen unitate sedentario horiek handitzea, bereziki garraio-hobekuntzen ondorioz.
Historiaurrean zein garai historikoetan, gizakiek beti behar izan dituzte ur edangarri iturri finkoak. K.a. 4. milurtekoan hasi ziren jada ibaien inguruan bizitzen, Mesopotamian Tigris eta Eufratesen artean[55], Egipton Niloaren inguruan[56][57], Indus ibaiaren magalean[58] eta Txinako ibai garrantzitsuenen inguruan[59][60]. Nekazaritzaren garapenak zereal ezberdinak lantzea hobetu zuen, urtaroen artean aleak gordetzea baimentzen zuen lanaren banaketa batekin. Lanaren zatiketak goi klase baten sorrera ekarri zuen, hiriak sortuz. Hiri horiek izan ziren zibilizazioen sortzaileak. Gizartearen konplexutasunak kontabilitate eta idazketa ekarri zituen.
Zibilizazioen loraldiarekin, Antzinaroa hasi zen, Antzinate klasikoa barne[61] (500. urte ingurura arte[62]), inperio ezberdinen sorrera eta gainbeherarekin. Historia post-klasikoan (Erdi Aroa barne, 500-1500 artean) Kristautasunaren hedapena, Islamaren Urrezko Aroa eta Pizkundea gertatu ziren. XV. mendearen erdialdean inprenta asmatu zen, tipo mugikorrak erabiliz[63]; honek komunikazioaren iraultza ekarri zuen, informazioa inoiz baino errazago elkarbanatzea baimenduz: Erdi Aroaren amaiera eta Iraultza zientifikoaren hasiera ekarri zuen[64]. Aro Modernoaren hasieran, 1500-1800 artean[65], Argien Garaia eta Esplorazioen Aroa gertatu zen. XVIII. mendean ezagutzaren eta teknologiaren metaketak masa kritiko nahikoa zuen Industria Iraultza baimentzeko. Honekin, Aro Moderno Berantiarra hasi zen, 1800etik aurrera eman zena[62].
Eskema eta historiaren zatiketa hau Mundu Zaharraren, eta bereziki Europa eta Mediterraneoaren historia azaltzeko sortu, garatu eta erabili zen. Eskualde hauetatik kanpo, bereziki Txina eta Indian, zatitze historikoak ezberdinak izan ohi dira. Hala ere, XVIII. mendetik aurrera, kolonialismoaren ondorioz, zibilizazio gehienen historiek bat egin dute. Azken milurtekoaren laurdenean, biztanleria, ezagutza, teknologia, komunikazio, merkataritza, armen suntsipen gaitasuna eta ingurumenaren degradazioa etengabe handitu dira, azelerazio konstantean; ondorioz, aukera eta arrisku berriak sortu dira planetan bizi diren komunitate guztientzat[66].
Erreferentziak
- Santayana, George. ([2011-2016]). The life of reason, or, The phases of human progress. (Critical ed. argitaraldia) ISBN 978-0-262-01674-2. PMC 706466997. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- The handbook of historical linguistics. Blackwell Pub 2005 ISBN 978-0-470-75633-1. PMC 244174827. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- (Ingelesez) «What Is History, Anyway? A Handful of Historians Explain» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- «What is History & Why Study It?» web.archive.org 2014-02-01 (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- Arnold, John. (2000). History : a very short introduction. ISBN 978-0-19-154018-9. PMC 53971494. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- «What is history? article (2): the Present 'Crisis of History'» archives.history.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- «History in Focus: the nature of history (article)» archives.history.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- Little, Daniel. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Philosophy of History» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- Tosh, John. (2006). The pursuit of history : aims, methods, and new directions in the study of modern history. (4th ed. argitaraldia) Longman ISBN 1-4058-2351-8. PMC 61513137. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- Knowing, teaching, and learning history : national and international perspectives. 2000 ISBN 0-8147-8141-1. PMC 43790456. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- «Internet History Sourcebooks» sourcebooks.fordham.edu (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- Vives, Juan Luis; Watson, Foster. (1913). Vives, on education : a translation of the De tradendis disciplinis of Juan Luis Vives. Cambridge : The University Press (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- (Latinez) Juan Luis Vives. (1551). Ioannis Ludouici Viuis Valentini, De disciplinis libri 20. in tres tomos distincti, quorum ordinem versa pagella iudicabit. Cum indice copiosissimo. apud Ioannem Frellonium (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- «Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, ἱστορ-ία» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- Ferrater-Mora, José. Diccionario de Filosofia. Barcelona: Editorial Ariel, 1994.
- history, n". OED Online. Oxford University Press, December 2014. 9 March 2015.
- Cf. "history, n." OED Online. Oxford University Press, December 2014. 9 March 2015.
- «istorio - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- (Ingelesez) Whitney, William Dwight. (1889). The Century Dictionary: An Encyclopedic Lexicon of the English Language. Century Company (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- WordNet Search – 3.0 Archived 17 September 2005 at the Wayback Machine], "History".
- Trouillot, Michel-Rolph (1995). "The Three Faces of Sans Souci: The Glories and the Silences in the Haitian Revolution". Silencing the Past: Power and the Production of History. Boston: Beacon Press. pp. 31–69. ASIN B00N6PB6DG
- Gordon, Scott; Irving, James Gordon (1991). The History and Philosophy of Social Science. Routledge. p. 1. ISBN 0415056829
- Ritter, H. (1986). Dictionary of concepts in history. Reference sources for the social sciences and humanities, no. 3. Westport, Conn: Greenwood Press. p. 416.
- (Ingelesez) Appelrouth, Scott; Edles, Laura Desfor. (2010-11-29). Sociological Theory in the Contemporary Era: Text and Readings. Pine Forge Press ISBN 978-1-4129-8761-5. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- Lemon, Michael C. (1995). The Discipline of History and the History of Thought. Routledge. p. 201. ISBN 0415123461
- Graham, Gordon (1997). "Chapter 1". The Shape of the Past. Oxfordeko Unibertsitatea.
- (Ingelesez) «Dictionary.com | Meanings & Definitions of English Words» Dictionary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- «Tablilla de arcilla | Quid est liber: proyecto de innovación para la docencia en libro antiguo y patrimonio bibliográfico» www.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- (Ingelesez) Goody, Jack. (2007-01-11). The Theft of History. Cambridge University Press ISBN 978-1-139-46118-4. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- Carr, Edward Hallett. (1984). What is history? the George Macaulay Trevelyan lectures delivered in the University of Cambridge, January-March 1961. (Repr. argitaraldia) Penguin Books ISBN 978-0-14-020652-4. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- (Ingelesez) What is Historiography? – Culturahistorica.org. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- Ernst Breisach, Historiography: Ancient, medieval, and modern (University of Chicago Press, 2007).
- Georg G. Iggers, Historiography in the twentieth century: From scientific objectivity to the postmodern challenge (2005).
- Muse of History, p 150.
- Max Ostrovski, The Hyperbole of the World Order, Lanham: Rowman & Littlefield, 2006.
- Arnold, John H. (2000). History: A Very Short Introduction. New York: Oxford University Press. ISBN 019285352X
- King, Michelle T. (2016). "Working With/In the Archives". Research Methods for History (2nd ed.). Edinburgh: Edinburgh University Press
- See, in particular, Marx and Engels, The German Ideology Archived 22 October 2017 at the Wayback Machine
- Marxek ez du historiarako giltza nagusi bat sortu duenik aldarrikatzen. Materialismo historikoa ez da "patuak herri bakoitzari inposaturiko martxa generalearen teoria historiko-filosofiko bat, edozein dela ere bere burua aurkitzen duen zirkunstantzia historikoa" (Marx, Karl: Otetchestvennye Zapiskym egunkari errusiarraren editoreari gutuna, 1877). Bere ideiak, azaldu du, Europan zeuden benetako baldintzen azterketa konkretu batean oinarritzen dira
- Mikhail M. Krom, "From the Center to the Margin: the Fate of Marxism in Contemporary Russian Historiography", Storia della Storiografia (2012) Issue 62, pp. 121–130
- Fasolt, Constantin (2004). The Limits of History. Chicago: University of Chicago Press. pp. xiii–xxi. ISBN 0226239101
- Trouillot, Michel-Rolph (1995). "The Three Faces of Sans Souci: The Glories and the Silences in the Haitian Revolution". Silencing the Past: Power and the Production of History. Boston: Beacon Press. pp. 31–69. ASIN B00N6PB6DG
- Lerner, Gerda. (1997). Why history matters: life and thought. Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-504644-1. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- Cronon, William (1992). "A Place for Stories: Nature, History, and Narrative". The Journal of American History. 78 (4): 1347–1376. doi:10.2307/2079346. JSTOR 2079346
- Ibn Khaldun; Rosenthal, Franz; Dawood, N.J. (1967). The Muqaddimah: An Introduction to History. Princeton University Press. p. x. ISBN 0691017549
- H. Mowlana (2001). "Information in the Arab World", Cooperation South Journal 1.
- Ahmed, Salahuddin (1999). A Dictionary of Muslim Names. C. Hurst & Co. Publishers. ISBN 1850653569
- Enan, Muhammed Abdullah (2007). Ibn Khaldun: His Life and Works. The Other Press. p. v. ISBN 978-9839541533
- S.W. Akhtar (1997). "The Islamic Concept of Knowledge", Al-Tawhid: A Quarterly Journal of Islamic Thought & Culture 12 (3)
- Cited in Robert Carneiro, The Muse of History and the Science of Culture, New York: Kluwer Publishers, 2000, p 160.
- Cited in Muse of History, pp. 158–159.
- Muse of History, p 147
- Colin., Tudge,. (1999). Neanderthals, bandits, and farmers : how agriculture really began. Yale University Press ISBN 0300080247. PMC 41184978. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- 1917-2016., McNeill, William Hardy,. (1999). A world history. (4th ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 019511616X. PMC 38079231. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- 1946-, Baines, John,. (2000). Cultural atlas of Ancient Egypt. (Rev. ed. argitaraldia) Facts on file ISBN 0816040362. PMC 42780471. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- The Oxford history of ancient Egypt. (New ed. argitaraldia) Oxford University Press 2003 ISBN 9780191590597. PMC 743803162. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- Indus civilization sites in India : new discoveries. Marg Publications on behalf of the National Centre for the Performing Arts 2004 ISBN 8185026637. PMC 56367715. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- (Ingelesez) Lee, Yun Kuen. (2002-11-19). «Building the Chronology of Early Chinese History» Asian Perspectives 41 (1): 15–42. doi: . ISSN 1535-8283. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- 1928-, Teeple, John B.,. (2006). Timelines of world history. DK Pub ISBN 0756617030. PMC 66463795. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- 1928-2003,, Roberts, J. M. (John Morris),. The Penguin history of the world. (Sixth revised edition. argitaraldia) ISBN 9781846144431. PMC 862761245. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- The Encyclopedia of world history : ancient, medieval, and modern, chronologically arranged. (sixth edition [revised and updated]. argitaraldia) ISBN 0395652375. PMC 46660607. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- History : the definitive visual guide : from the dawn of civilization to the present day. DK Pub 2012 ISBN 9780756698584. PMC 794672969. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- 1926-, Grant, Edward,. The foundations of modern science in the Middle Ages : their religious, institutional, and intellectual contexts. ISBN 052156137X. PMC 33948732. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- 1949-2012,, Bentley, Jerry H.,. Traditions & encounters : a global perspective on the past. (Fourth edition. argitaraldia) ISBN 9780073330624. PMC 505211302. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
- A history of the global economy : from 1500 to the present. ISBN 9781107104709. PMC 914156941. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).