Hipopotamo
Hipopotamoa (Hippopotamus amphibius) Hippopotamus generoa egun bi espezie dituen artiodactyla ordenako ugaztun handia da. Izena grezieratik dator, eta «ibai zaldia» esan nahi du (ιπποπόταμος, hippopotamos: hippos, «zaldia» eta potamos, «ibaia»). Hipopotamo nanoarekin batera (Choeropsis liberiensis), Hipopotamidoen espezie bakarrak dira.
Hipopotamo | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Hippopotamidae |
Generoa | Hippopotamus |
Espeziea | Hippopotamus amphibius Lineo, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 8 hilabete |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | hippopotamus ivory (en) |
Eguneko zikloa | gaueko |
Ezaugarriak
Animalia erdi urtarra da, Saharaz azpiko Afrikako ibai eta aintziretan bizi dena, 40 lagun arteko taldeetan. Egunez uretan edo lohietan atseden hartzen dute, taldean, baina ilundutakoan, belarra jatera bakarka irteten dira. Uretan ugaltzen da, baita bertan erditu ere. Ugaztun handiak dira, hankak motzekoak eta gorputzak upel forma du. Buru handia eta ahoa zabala dute. Txerriek bezala, lau behatz dituzte, baina ibiltzeko laurak erabiltzen dituzte. Urdailak hiru ganbera dituen arren, ez dira benetako hausnarkariak.
Afrika erdialdeko eskualde zingiratsuetan bizi da talde oso handietan eta, berez, denbora gehiena uretan ematen du. Eguzkitan etzanda egoteko eta erditzerako bakarrik irteten dira uretatik. Arra 4 metro luze izaten da inoiz eta pisua 1.500dik 1.800 kg-ra bitartekoa da arretan eta 1.300dik 1.500 kg-ra bitartekoa emeetan.
Itxurari eta dituzten hanka motzei begiratuta, baldarrak eta astunak dirudite, baina eraso egiten bazaie, 40 km/h-ko abiadura har dezakete. Haien ezaugarri nagusietako bat ahoa eraso armatzat erabiltzea da, oso handia eta letagin zorrotzekin hornitua baitute. Taldekoia da. Hori dela eta, bat bakarrik ikustea oso arraroa da. Haien lorratzak oso handiak eta bidezidor modukoak dira.
Gaur egungo espeziak azal leunak ditu eta ez du gantz edo izerdi gurunik. Epidermisa nahiko argala denez, leku lehorretan asko deshidratatzen dira.
Elikadura
Lehorreko belarrez eta loto lore izeneko ur-landareez elikatzen dira. Arrain eta txori espezie asko haren gorotzez elikatzen dira.
Zaintza-lerroa
Sudur-zulo, begi eta belarri irtenak ditu eta ur-azalera ateratzen ditu murgilduta dagoenean; horrela, ezkutuan dela, bere ingurunea zain dezake, baita arnasa hartu ere.
Historia ebolutiboa
Hipopotamoek antrakoteridoetatik datoz: haietatik Miozeno garaian bereizi ziren. Hipopotamoa agertu ondoren, antrakoteridoek gainbehera joan ziren eta, aldaketa klimatikoaren ondorioz, finean desagertu. Espezie ugari galdu ziren, eta egun bakarrik bi espezie daude: hipopotamo arrunta eta hipopotamo nanoa.
Duela 30.000 urte arte, Iberiar Penintsulan bizi izan zen, baita Malta eta Zipren ere.