Hipolito

Hipolito (grezieraz: Hippolytos) mitologia grekoan, Teseo Atenasko erregearen eta amazona baten semea (Melanipe, Antiope edo Hipolita, aldaeren arabera) zen. Artemisa garbiarenganako jaidura berezia zuen, eta kastitate osoan bizi izan zen. Afroditak, jarrera hori beretzat iraingarri iritzirik, Hipolitorenganako gurari makurra piztu zion Fedrari, Teseoren emazteari. Hipolitok gaitzetsirik, Fedrak gutun bat utzi zion Teseori, bere semeak desohoratu nahi izan zuela salatuz, eta bere buruaz beste egin zuen. Atenasko erregeak bere semea madarikatu eta Poseidonen laguntza eskatu zuen. Atenastik zalgurdi batean ihesi zihoala, zaldiak aztoratu zituen munstro bat agertu zen itsasoan; zalgurdia irauli eta Hipolito hil egin zen. Hipolitoren izpiritua Tartarora jaitsi zen, eta han Artemisak bere gurtzailea berpitz zezan eskatu zion Asklepiori. Hark hala egin zuen, eta Artemisak Hipolito hartu eta Ariziako santutegira eraman zuen.

Hipolito
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Familia
AitaTeseo
AmaAntiope (en) Itzuli eta Hipolita
Ezkontidea(k)Aricia (en) Itzuli
Seme-alabakVirbius (en) Itzuli

Hipolitoren gaia Euripidesek erabili zuen Hipolito koroa-eramailea (Hippolytos stephanephoros) tragedia ospetsuan, autorearen lan gorenetarikoa. Jean Racineren Fedra (Phèdre) Euripidesen obran oinarritzen da, eta Rameauren Hipolito eta Arizia (Hippolyte et Aricie) operak ere gai bera darabil.

Erreferentziak

    Kanpo estekak

    Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hipolito Aldatu lotura Wikidatan
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.