Higiene

Higienea (grekera zaharreko ὕγιεινον (hugieinon) hitzetik, euskaraz «osasun») osasunaren kalterako izan daitezkeen eragileak kontrolatzeko ezagutza, teknika eta jokabideen multzoa da. Higienearen helburuak, garbitasunaz haraindi, gizakien eta berarekin bizi diren animalien gaixotasunak prebenitu eta ongizatea hobetzea da[1]. Zabalago, higienea bizitzaren artea ere badela esan daiteke arlo pribatuan (elikadura, atsedena, oreka pertsonala) eta publikoan (elkartasunezko gizarte-egitura eta naturarekiko errespetua)[2].

Eskuen garbiketa gaixotasunak ez kutsatzeko higienezko ekintza eraginkorrenetakoa da.

Higienea arlo zenbaitetan garatzen da. Higiene pertsonala giza gorputza zaindu eta garbitzeko praktiken multzoa da, norberaren osasun eta ongizatearen alde. Higiene pertsonala kultura elementu garrantzitsua da eta familian ikasi eta praktikatzen da. Gizarte-harremanak sortu ahal izateko elementu garrantzitsua izaten da, nor bere buruarekin atseginez modu bat izateaz gainera. Beste alde batetik, elikagaien ekoizpen, tratamendu eta kontserbazioa ere higienearen helburuak dira, bromatologia arloaren baitan. Ingurumenaren higienea ere garrantzitsua da: etxeak, kaleak, lantegiak, eskolak eta ingurumenaren osagaiak ere badiren lurra, ura eta haizea garbiak izan behar dira osasun eta ongizatearen alde, giza jardueraren hondakinak modu egokian kudeatuz. Higienea lantokietan ere garatzen da, langileengan gaixotasunak eragin ditzaketen faktore eta arriskuei aurre eginez. Zikinkeria eta mikroorganismoak ekidin eta garbitasuna bultzatzeaz gainera, higienea, adiera zabalean, ariketa fisikoa, elikadura eta atsedena ere bada. Zarata ere higienearen aurkako eragilea dela esan daiteke.

Higiene praktikak antzinatik egin badira ere, Industria Iraultzak ekarri zuen lantegi eta hiri handien garapenarekin batera garatu zen higienea modu zientifikoan, osasun publikoaren erakundeen sorrerarekin batera. Izan ere, higienea gaur egun, ongizate pertsonalerako praktiken multzoaz gainera, gizarte medikuntzaren atal garrantzitsua ere bada, hezkuntzan, higiene egoki baterako azpiegituretan, higienea bermatzeko kontrol sozialean eta higienearen beraren ikerketan lan eginez.

Higienearen historia

XVI. mendetik XVIII. mendera arte, higiene-praktikek atzerakada bat izan zuten Europan. Besteak beste, urez garbitu ordez, gorputza trapuz eta lehorrean garbitzeko ohitura zabaldu zen. Irudian, Jan Miense Molenaar artistaren margolan bat, 1637.
Artikulu nagusia: «Higienearen historia»

Higienea gizakiaren eta beste animalien berezko jarduera da. Animaliak ere lurrean aztarrika edo zuhaitzen aurka igurtzika aritzen dira maiz, bizkarroiak edo parasitoak gainetik kentzen. Euren ileak eta lumak garbitzen ere jarduten dute. Ohiko jarduera da, primateetan esaterako, elkarri zorri-bilketan aritzea. Joera hau instintuak berak bultzaturikoa da: euren azala, ileak eta lumak behar bezain garbi mantentzen dituzten animaliek abantaila ebolutibo bat dute, gaixotasunak ekidinez modu horretan. Gizakiarengan ere agertzen da joera hau.

Gizakien lehenengo bizitokiak ura zegoen inguruetan kokatzen ziren, ur edangarria eskuragarri eta baita garbiketarako ur-hornidura aise lortzeko. Hiriak sortzean, ura etxeetara garraiatzeko beharra sortu zen. Antzinako zibilizazio nagusiek (erromatarrak, arabiarrak, aztekak ) higiene pertsonalerako ohiturak garatu, bainuak esaterako[3], eta higiene publikorako azpiegiturak eraiki zituzten, akueduktuak adibidez. Hain zen handia higienearen garrantzia non askotan erlijio erritoekin ere bateratzen baitzen.

Higiene hitzak berak, Antzinako Grezian du jatorria: Higeia izeneko jainkosak osasunaren emaile zen [4]. XI. mendean Ibn Butlan irakiar medikuak Taqwim al-Sihhah tratatua osatu zuen, gerora latinera Tacuinum Sanitatis izenez itzulia, non higiene orokor bat gomendatzen den osasunerako, elikadura, ariketa fisikoa, loa eta gorputzaren eta ahoaren garbiketa bateratuz [5]. Erdi Aroko kristautasunean, higienea erlijioaren aginduz garatu zen, gorputzari diziplina eta askesisa bultzatuz. XIV. mendean Europan sarraski handia eragin zuen Izurri Beltzak higiene publikorako lehenengo arauak jartzera behartu zuen. Euskal Herrian, villa sortu berrietan leihoetatik hondakinak botatzea debekatu eta bizilagun bakoitzak bere etxe inguruko kale-zatia garbitzera behartzen da [6].

Pizkundeak higienearen atzerakada ekarri zuen: uraren patogenoak azaletik gorputz barnera sartzen direlako ideia zabaldu eta jendeak utzi egin zion bainatzeari. Garbiketa lehorrean egiten hasi zen, trapuekin igurtziak eginez eta lurrinak erabiliz [7]. XVIII. mendean, Ilustrazioarekin batera, higiene-praktikak hobetu ziren. Komunak jartzen hasi ziren etxeetan. 1774. urtean kloroaren aurkikuntza egin eta urte batzuk georago desinfektagarri moduan erabil daitekeela ere hautematen da. XIX. mendean gertatu zen hirien garapenarekin batera, higiene publikorako ardura zabaldu zen eta orduan hasi zen higiene terminoa bera maizago erabiltzen.

1847 urtean Ignaz Semmelweis medikuak ama berrien hilkortasuna nabarmen murrizten du, ospitaleetako higiene desegokia horren arrazoia zela hauteman ondoren [8]. Louis Pasteur mikrobioen teoria osatu eta higienea bultzatu zuen gaixotasunen prebentziorako. XX. mendean higiene-ohiturak gizarte osora zabaldu eta praktika moral moduan hartzen da. Areago, higienea arazo publiko bihurtzen da eta kontrol sozialerako erabiltzen du botereak, higienea medikuntzaren mendean utziz, bizitzeko arte moduan ere uler daitekeela baztertuz [9].

Infekzioaren katea

Komunak behar bezala garbitzen ez direnean, gune septiko bilakatu eta infekzio-iturri izan daitezke.

Higienaren helburu nagusienetakoa da infekzioak ekiditea. Infekzioak faktore-kate baten bitartez gertatzen dira: infekzio-iturria, transmisio-mekanismo bat eta infekzioa jasango duen pertsona bat. Adibidez, malariaren kasuan, infekzio-iturria eltxo mota bat da, transmisio-mekanismoa eltxoaren ziztada da, malaria eragiten duen protozooa malaria jasango duen pertsonaren gorputzaren barnean sartzen duena. Higienea prozesuaren hiru ataletan egiten du bere lana: infekzio-iturriak kontrolatuz, transmisio-mekanismoak ekidinez eta pertsonak infekzioak erasanda izateko aukerak txikituz.

Infekzio iturriei buruz, pertsona bera izan daiteke infekzio-iturri bere gorputzetik patogenoak kanporatzean. Kanporatze hau modu anitzetan gerta daiteke: arnasaren bitartez, listuaren bitartez, kaka eta pixaz, isurtze edo baginako lubrifikazioaz edo odolaren bitartez. Infekzio-iturri diren pertsonek ez dute zertan gaixo egonik eta baliteke gaixotasun baten inongo sintomarik ez izatea. Pertsonak bezalaxe, animaliak ere infekzio-iturri dira, areago kontutan harturik euren gaixotasunak ez dira pertsonen gaixotasunak bezainbat kontrolatzen. Lurrean edo ingurumenean dauden gauzak ere infekzio-iturri izan daitezke; batik bat toki edo objektu hezeak, animaliak inguruan edo hondakin organikoak dituzten guneak infekzio-iturri arriskutsuak dira. Higienean, objektu bat infekzio-iturri denean, septikoa esaten da, edo zikina herri hizkeran. Objektuak mikrobio patogenorik ez duenean, horretarako higiene-ekintza egokiak erabiliz, aseptiko edo garbia dagoela esaten da.

Transmisio-mekanismoak anitz izan daitezke: animalia baten hozkada, intsektu baten ziztada, harramazkak, bi pertsonen mukosen arteko ukipena (koitoan zehar, esaterako), eskuak (pertsonek euren mukosek maiz ukitzen baitituzte), airearen bitartez (listu-tanta mikroskopikoak garraiatzen baititu aireak), infekzio-iturri diren janaria jan eta ura edanez (horregatik kloratzen da ura) edo pertsonek maiz ukitzen dituzten edonolako objektuak ukitzea. Azal sano batek mikrobioen aurkako hesi eraginkorra izaten bada ere, zauriak, azaleko gaixotasunak eta mukosak (ahoa, sudurra, ...) mikrobioentzako atari ohikoak dira.

Mikroorganismo edo mikrobioak hartzen dituen pertsonak gaixotasunari aurre egin diezaioke bere immunitate-sistemaren bitartez. Mikrobioen aurka pertsonek erresistentzia-maila ezberdinak izaten dituzte. Haurrak, agureak eta gaixorik dauden pertsonak probabilitate handiagoz infektatu eta gaixotzen dira eta higiene zorrotzarekin tratatu beharreko kolektiboak dira. Higienearen helburua ere bada, pertsona hauen ongizatea bermatzea gaixotasunei aiseago aurre egiteko [10].

Higiene-metodo eta produktuak

Erabili eta botatzeko eskularruen erabilera funtsezkoa da osasun arloan infekzioak ez kutsatzeko.

Higienerako oinarrizko ekintza bat da eskuen garbiketa, arlo eta toki guztietan, jaterakoan, pertsonak, batez ere gaixoak, ukitu aurretik eta ondoren eta besterik gabe zikinak daudenean[11]. Horretarako mahukak altxa, erlojuak, eskumuturrekoak eta eraztunak kentzea komeni da. Xaboia erabiltzea garrantzitsua da, ur soilak ageriko zikina bakarrik kentzen duelako. Eskuko bihurguneak eta txokoak taxuz garbitu behar dira, bertan biltzen baitira mikrobioak. Eskuak zikindu behar dituzten jarduerak egiterakoan ere eskularruak jartzea komeni da, zikinkeriarako hesi moduan.

Nolanahi ere, infekzio-iturri izan daitezkeen objektuak eta tokiak ekidin egin behar dira. Kontuan hartu behar da objektu bat kutsaturik geratuko dela kutsatuta dagoen objektu edo pertsona batekin kontaktua izan badu. Bestela, isolamendua eta hesiak jartzea gomendatzen da. Toki publikoetan, komun-gela eta sukaldeetako ateak itxita egon behar dira eta maratilak baztertu egiten dira. Igerilekuetan, adibidez, gomazko oinetakoak erabiltzea gomendatzen da zoruarekin ukipena ekiditeko. Janariarekin edo gaixoekin harremanak dituzten langileek, ospitaleetan eta jatetxeetan esaterako, erabili eta botatzeko maskara, txano eta eskularruak erabiltzen dituzte euren lanetarako. Ohikoak dira baita ere erabili eta botatzeko mahai-tresnak eta emakumeek hilerokoan erabili ohi dituzten babeski edo konpresak eta tanpoiak dira. Erabili eta botatzeko materialek higienea modu eraginkorrean bermatzen badute ere, ingurumen aldetik arazoak sortzen dituzte, hondakin arriskutsuen bolumen handia sortuz. Alternatibak infekzio-gai diren arropa eta objektuen ikuzketa edo urezko garbiketa, desinfekzioa eta esterilizazioa dira.

Ikuzketan objektuak eta arropak urarekin garbitzen dira, zikina eta zikinetan dauden patogenoak ezabatuz. Ikuzketak ez ditu, ordea, objektuan dauden patogenoak guztiz akabatzen. Hala ere, ikuzketa zorrotz batek infekzio-iturriak deusezteko desinfezkioa eta esterilizazioa erraztu egiten ditu. Ikuzketa eskuz edo, arropen kasuan, garbigailu bat erabiliz egin daiteke. Eskuzko ikuzketa eraginkorrenak pauso hauek jarraizten ditu: ur hotzarekin beratzen jarri [12], igurtzi eskuila batez, xaboia eman, ur beroarekin igurtzi berriz ere, urarekin pasa eta lehortu. Garbigailua eraginkorra izaten da arropak garbitzeko, arropa mota ezberdinetarako programak eskaintzen dituelako, garbiketa arin eta zorrotzerako aukerak emanez baita ere. Zoruak eta bestelako azalerak lanbasak eta trapuak erabiliz garbitu daitezke, ura eta xaboia edo bestelako garbikariak erabiliz, objektuetarako erabili den prozesu berdina erabiliz. Zoruetako zikinkeria uraz garbitu aurretik, komeni da erratza pasatzea.

Desinfekzioa, objektuetan, eta antisepsia, organismoetan, mikrobioak ahalik eta neurri handienean ezabatzeko praktika-multzoak dira. Antisepsiarako teknikak medikuntzan erabiltzen dira batez ere eta tresna esterilak erabili eta azalean, zaurien inguruetan esaterako, antiseptikoak jartzearekin (hidrogeno-peroxidoa, klorhexidina eta Betadine bezalako iodozko produktuak). Desinfekzio metodoak fisikoak zein kimikoak izan daitezke. Desinfekzio metodo fisikoen artean, pasteurizazioa (objektuak edo janaria 70 °C tenperaturan 10 minutuz edukitzea), irakitea (irakiten dagoen uretan 10 minutuz edukitzea) edo, arroparen kasuan, lisatzea (100 °Ctik gorako tenperaturetan). Lisatzearen kasuan, ur-lurrunaren erabilerak desinfekzioa sakonago egiten du. Ultramore erradiazioak (modu sinpleenean, arropa eta objektuak eguzkitan jarriz patogenoak akabatzen dira neurri batean, baldin eta objektuek tolesdurarik edo azalera irregularrik ez badute) ere desinfekzio-metodo moduan erabil daiteke. Desinfekzioa metodo kimikoak erabiliz ere egin daiteke, garbitu beharrekoa produktu desinfektagarrietan beratzen jarriaz edo desinfektagarriak igurtziz edo hautseztatuz. Desinfektagarri ohiko bat lixiba da: ur litroko 10 tanta lixiba ura desinfektatu egiten dute, adibidez. Lixiba arropa desinfektatzeko erabili ohi da, ikuzketan zehar. Desinfektagarriak kontuz erabili beharreko produktuak izaten dira eta horregatik leku seguruetan gorde eta kontuz manipulatu behar dira, eskularruak erabiliz.

Xaboia higienerako garbigarri eraginkorra da: azalera bateko partikulak eta mikrobioak inguratu eta erauzi egiten ditu.

Desinfekzioak ez ditu mikrobio guztiak guztiz akabatzen. Mikrobioen arriskua erabat deustezteko, objektuen esterilizazioa egin behar da. Esterilizazioa funtsezkoa medikuntzan erabiltzen diren trena eta objektuetan, batez ere ebakuntzak egiteko trenerian eta orratz eta inplanteetan. Esterilizazioa objektua erraustuz (aldi berean onjektua suntsitu egiten da), sugarra emanez edo labe berezietan tenperatura altuetan (160 °C-200 °C) jarriz. Esterilizazio kimikoa ere badago, etilenozko oxidoa eta bestelako gaiak erabiliz, kontu handiz erabili beharrekoak gizkiarentzat ere toxikoak baitira. Esterilizazioa modu zuzenean burutu den egiaztatzeko metodoak ere badaude [13].

Desinfezkioan eta esterilizazioan erabiltzen diren produktuetaz gainera, higienean gehien erabiltzen diren gaiak xaboi, detergente eta bestelako garbigarriak dira. Xaboi eta detergenteek objektu edo azalera batean itsasita dauden denetariko partikulak eta mikroorganismoak bertatik erauzi eta uretan disolbatzen dituzte. Hau detergenteak tentsioaktiboak direlako lortzen da. Alde batetik uraren tentsioa murriztu egiten dute, uraren molekulak objektuan edo azaleran barrena sartzea ahalbidetuz. Beste alde batetik, detergentearen molekulek bi mutur dauzkate, bata hidrofiloa eta bestea hidrofoboa. Alde hidrofoboak ura baztertu egiten du eta hidrofoboak ere badiren zikin-partikulak inguratzen ditu, mizela edo bolatxoak sortuz. Alde hidrofiloak ura ibltzendu. Horri esker, zikina uretan disolbatzen da, detergentearen ahalmen emultsionatzaileari esker. Ondoren, objektuak edo azalera uretik pasatzea bakarrik falta da, urak zikina eraman dezan. Tentsioaktibo-eragile zenbait daude, zikin mota ezberdinetarako. Adibidez, tentsioaktibo kationikoek desinfekzioarako ahalmen handia dute [14]. Aldi berean, detergente azidoak, alkalinoak edo neutroak izan daitezke. Kraka kentzeko, komunetan esaterako, egokiagoak garbikari azidoak. Sukaldean, berriz, komenigarriagoak produktu alkalinoak, koipea ezabatzeko. Oihal eta gorputzerako produktu neutroak gomendatzen dira[15]. Buruko ilearentzat, berriz, xanpua erabiltzen da, zertxobait azidoa dena, buruko azalera ere azidoa baita [16]. Garbigarrietan, disolbatzaileak ere barneratzen dira, zikina hobeto erauzteko. Azkenik, garbigarriek aparra ere sortu ohi dute. Baina, uste ohi denaren bestera, aparrak ez du garbitzen eta bere funtzio bakarra eskuzko ikuzketa erraztea da, xanpuen kasuan buruan sortzen den aparrak ilearen ikuzketaren kasuan adibidez.

Higiene pertsonala

Haurrei txikitatik erakutsi behar zaie higiene pertsonala. Irudian, Bainua, Mary Cassatten margolana

Higiene pertsonala norberak (edo beste baten laguntzaz, pertsona ezinduen kasuan) egunerokoan burutzen duen higienea da. Gizakiaren azalak, ileak eta azkazalek eta kanpoaldera dauden mukosek (begiak, sudurra, belarriak, ...) ingurumenaren hautsa eta bestelako partikulak biltzen dituzte. Euren funtzioa behar bezala bete dezaten eta, zaurien kasuan esaterako, pilatutako zikinkeria patogenoen iturri izan ez dadin, beharrezkoa da gorputza garbitzea. Azala garbitu eta ilea eta azkazalak moztea erosotasuna eta ongizatea dakartela ere hauteman da, animaliengan ere ikus daitekeenez. Higiene desegoki baten ondorioz, ilean zorriak izan daitezke. Gorputzaren garbiketa egiten ez denean, usain desatseginak ere sor daitezke[17]. Gorputzak berak ere bere hondakinak sortzen ditu: sudurreko mukiak, kaka eta pixa, besteak beste, gorputzak berak barruan egin duen garbiketa prozesu baten ondorio dira. Horiek behar bezala kanporatzen ez badira, arazoak sor daitezke osasunean: mukiak sudurrean utziz, arnas hartzeko arazoak izan daitezke; kaka-arrastoak behar bezala garbitzen ez badira, arrasto horiek usain txarra sortu eta infekzio-iturri izan daitezke, adibidez. Aldi berean, munduko kultura guztietan gorputzaren hondakinek atzerakoa eman eta zikinkeriatzat hartzen dira [18]. Higiene pertsonalak nork bere itxura edertzen eta gizarte harremanak ahalbidetzen ere laguntzen du. Higiene pertsonalaren ereduak kulturaz kultura ezberdinak direla hartu behar kontuan, ordea. Norberaren preferentzia eta baloreek ere alda dezakete higienerako joera, higiene pertsonala aukera bat baita azken batean.

Higiene irizpide orokorren arabera, higiene pertsonalerako egokitzat jotzen dira gorputza egunero garbitzea, ur berozko dutxa edo bainu baten bitartez, xaboia eta xanpua erabiliz. Dutxa edo bainua hartzean, komeni da azaleko txoko guztiak ondo garbitzea: besapeak, belarriak, hanka tartea, ipurdia eta sexu-organoak. Dutxa eta bainua egunaren amaieran edo hasieran egin ohi da, baina lan egin edo kirol-jardueretan aritu ondoren ere komeni bat dutxatzea. Oinek egunean zehar asko sofritzen dute eta beharrezkoa da oinetako eta galtzerdi egokiak janztea. Galtzerdiak eta barne-jantziak (kuleroak, galtzontziloak eta azpiko kamisetak) egunero aldatzea ere komeni da, usain txarrak eta egunean zehar hartu duten izerdia ekidin eta, dutxaren edo bainuaren ondoren, garbiaren gainean berriz ere garbi janzteko. Kaka egin ostean, ipurdia ongi garbitu behar da komuneko paperaz, harik eta azken paper-zatia garbia izan arte. Pixa egin ondoren, zakila ongi astindu eta alua paper batez garbitu behar da azken pixa-tantak ezabatzeko. Emakumeek babeskiak erabili ohi dituzte euren hilerokoan zehar odol-jarioaz kuleroak eta hanka tartea ez zikintzeko. Hilerokotik kanpo ere, fluxu baginalerako babeski txikiak ere erabili ohi dituzte.

Eskuen garbiketa egunean zehar sarri eta hobe xaboiarekin egin behar da, eskuekin etengabe gauzak ikutu eta askotan ahora, sudur edo begietara eramaten baitira, infekzio-arriskua sortuz horrela. Elikagaiak prestatu edo beste pertsonak ikutu behar direnean eta jan aurretik zein ondoren bereziki garbitu behar dira. Maskotak eta animaliak ikututakoan ere garbitu behar dira. Aurpegia ere, begiak eta sudurrak bereziki, noizean behin garbitu behar da egunean zehar, sudurrean eta begietan bildutako zikina (mukiak eta makarrak) kentzeko. Mukiak kentzeko komeni da eskura mukizapi bat edukitzea. Azkazalak noizean behin moztea gomendatzen da, tartean zikinkeriarik ez biltzeko. Ilea gutxienez astean behin garbitu behar da; xanpu egokia erabili behar da horretarako eta garrantzitsua da buruan hazka ez egitea, infektatu daitezkeen zauri txikiak ez sortzeko. Ilea moztea eta gizonek bizarra kentzea ez da higienerako beharrezkotzat jotzen, baina ile motza aiseago mantentzen da garbi. Ilea orraztea komeni da, ilea ez korapilatu eta garbi edukitzeko. Elikagaiak prestatzean, buruko eta bizarreko ileak eror daitezkeela ere hartu behar da kontuan. Ahoa eta hortzak otordu bakoitzaren ondoren garbitu behar dira, hortz-plaka ezabatzeko. Azal osasuntsu baterako komenigarriak dira kosmetikoak (krema hidratatzailea eta eguzkia hartzeko krema, besteak beste). Azalean azal daitezkeen sintoma ez ohikoen aurrean egokiena sendagilearengana joatea da. Gaztetan ohikoa den akneak azalean sortutako koskorrak ez dira lehertu behar eta horietarako tratamendu medikoa izatea da egokiena [19].

Pertsona batek infekzio-gaixotasun bat badu, besteei ez kutsatzen saiatu behar da. Pertsona horiek eztulka eta doministiku beste pertsonen aurrean ez egiten saiatu behar dira. Eskuak maizago eta hobeto garbitu behar dituzte. Bainuko oinpeko propioa eta euren eskuoihalak bakarrik erabili behar dituzte.

Gutxituek, pertsona gaixoek eta haur txikiek higiene pertsonalerako laguntza behar izaten dute. Gaixo eta ezinduek higien behar handiagoa dutela ere hartu behar kontuan (kasu batzuetan, euren beharrak gainean egiten dituztelako, adibidez). Haurren kasuan, higienea ikasten den praktika bat da, haurrak lehenebailehen barneratu beharko lukeena. Kasu guztietan, azalaren osasuna eta higienea pertsonaren osasun orokorraren mendean daude. Aldi berean, elikadura egoki batek eta lo egiteko leku egoki eta garbia izateak, lo ondo egitearekin batera, higiene on baterako praktikak dira[20].

Etxeko higienea

Etxeko higienea: erabilitako platerak eta ontziak berehala garbitu eta lehortu behar dira.

Etxebizitzetan gela guztiak garbitu behar dira aldiro. Etxean asma edo bestelako alergiaren bat jasaten duen pertsonak bizi direnean, hautsa guztiz garbitu behar da. Kontuan hartu behar da oihal eta hautsetan bizi eta giza-azaleko zelula hilak jaten dituzten akaro izeneko araknido txiki ugari egoten direla etxeetan eta alergiak sortzen dituztela gizakiengan. Akaroak ez ugaltzeko, ahalik eta alfombra eta moketa gutxien eduki behar da etxeetan. Gelak aireztatzea eta argiztatzea ere komenigarria da horretarako. Garbiketa modu erosoan egiteko, geletan ordena izatea eta gauza eta altzari gehiegi ez pilatzea gomendatzen da.

Garbiketa zorrotza behar duten gelak sukaldea eta bainugela dira, bertako elikagaiek eta hezetasun-giroak lagunduta mikroorganismo patogenoen bizitoki izaten baitira eta horien eraginez gastroenteritis eta bestelako gaixotasunak har daitezke. Bainugelan eskuoihalak maiz garbitu behar dira, gutxienez astean behin. Bainuontzia eta komuna taxuz garbitu behar dira, produktu desinfektagarriak erabiliz. Sukaldean, eskuak janaria ikutu baino lehen garbitu behar dira eta zauri oro estali behar da janaria manipulatu aurretik. Janaria ere estali behar da, euli eta bestelako intsektuengandik aparte. Jan ondoren, plater zikinak eta janari kondarrak ez dira bertan utzi behar eta lehenbailehen garbitu behar dira, arratoiak eta labezomorroak ez erakartzeko. Jantzitako arropak aldiro garbitu behar dira, itxuraz zikinak ez badaude ere. Arropa zikinak ere ez dira gehiegi pilatu behar: lehenbailehen garbitu behar dira. Komeni da garbitutako arropak eguzkitan lehortzea, eguzkiak desinfektagarri eraginkorra delako. Maratila, helduleku eta krisketak ere arretaz garbitu behar dira, eskuekin maiz ikutzen diren objektuak baitira. Beste alde batetik, konpainia-animaliak garbi eta osasuntsu eduki behar dira etxean eta sukalde eta bainugelatik aparte. Etxeko hondakinak ez dira luzez eduki behar etxean, batez ere organikoak.

Etxeko garbiketarako tresna eta gai anitz erabiltzen da. Hautsa kentzeko trapuak eta zoruetako zikina jasotzeko erratzak ohikoak dira etxe guztietan. Zoruak garbitzeko metodo ezberdinak daude: ur-kubo bat, garbigarria eta lanbasa erabiliz da metodo zorrotzena, sukalde eta bainu-geletan erabil daitekeena, lanbas lehorra nahikoa da hautsa bakarrik duten zoruetarako da, erraztatzeak hautsa eta zikina harrotzea ekar dezake ordea. Xurgagailuak ere erabiltzen dira hautsa garbitzeko. Garbigailuak arropa garbitzeko erabiltzen dira. Desinfektagarri eta bestelako garbigarrien aukera zabala dago, zoru, plater, leiho eta arropak garbitzeko. Garbigarri hauek gizakiarentzat toxikoak dira kasu askotan eta beraz, leku seguru batean gorde, haurren eskumenetik kanpo, eta erabiltzean eskularruak eta betaurrekoak jartzea gomendatzen da.

Etxeko higienea etxeko biztanle guztien ardura bada ere, kultura askotan familiako ama edo etxekoandrea izan da lan horren zama hartu duena. Egun, eredu hori gainditzeko ahaleginak egiten dira, baina beste alde batetik ohikoa da etxeko garbiketa egiteko etxez kanpoko emakume bat hartzea.

Ingurumeneko higienea

Herrialde askotan probreziak eta ur-hornidurarako azpiegitura ezak higienea kondizio txarretan egitera behartzen du.

Ingurumeneko higieneak komunitate baten ongizatea eta osasuna bermatzeko burutzen diren praktiken multzoa da, elkarrekiko bizimoduari eta toki publikoei dagokienean. Higiene publikoa ere deitzen zaio arlo honi eta osasun publikorako erakundeen eskumena da. Ur-hornidura eta ur zikinen ezabaketa edo saneamendua funtsezkoak dira eguneroko bizimoduan eta higiene egoki baterako. Egun ere, munduan zehar milaka milioi lagun dira saneamendu-azpiegiturarik gabe herri eta hirietan bizi eta ur garbi eta edangarria eskuragarri ez dutenak. Infekzio-arriskua larria toki hauetan eta ondorioz, herri hauetako haur-hilkortasun tasa oso handia da. Kakeriagatik hiltzen diren haurren %88ak uren tratamendu desegoki baten ondorioz izan ziren eta 5 urtetik beherakoetan kakeria da hiltzeko arrazoi nagusia [21]. Ur-hornidura egoki baterako funtsezkotzat jotzen da ura kloratzea da, mikroorganismo patogenoak akabatzeko.

Etxe eta lantegietan biltzen diren hondakin solidoak bildu eta kudeatzeko sistema bat antolatzea ere beharrezkoa da. Horretarako, zaborren bilketa-sistema zenbait daude, gehienetan etxeetako zaborrak botatzeko zaborrontzi han eta hemen jarriz kaleetan, aldiro hustutzen direnak. Kaleetan gertazen diren hondakinak biltzeko zerbitzuak ere antolatzen dira, zaborra ez pilatu eta infekzio-gaixotasunen eramaileak diren arratoiak ez ugaltzeko, esaterako. Zaborren ondorengo tratamenduak ingurumenaren higienerako gai garrantzitsua ere bada: zabortegiek inguruko lurretan higiene arazo larriak sortzen dituzte (arratoiak, kaioak) eta baita usain txarrak ere. Uraz eta lurraz gainera, airearen kutsadura ere osasun arazo larriak sortzen dituen arazoa da.

Jende asko biltzen diren gune eta eraikinetan, higienerako instalakuntzak eta ekintzak ugaldu behar dira. Azoka eta eskoletan, taberna eta jatetxeetan, gobernu-erakundeek higienearen kontrola egin behar dute zorrotz, elikagaiak behar bezala manipulatu eta egoera onean daudela egiaztatzeko. Komunak ere kontrolatu beharreko guneak dira eta komenigarria da kaleetan komun publikoak izatea, herritarrek beharrak kalean egin behar ez ditzaten. Igerilekuak eta hondartzak ere higiene-irizpideen mende kudeatu behar dira. Erakunde publikoen kontrola harago joan eta konpainia-animaliengana ere zabaltzen da, hauek zenbaiten gaixotasunen eramaileak izan daitezkeelako. Hirian bizi diren bestelako animaliak (usoak, txoriak, ...) eta bereziki arratoiak ere kontrolatu behar dira. Berrikitan, tabakoa leku publikoetan erretzearen aurkako arauak ezarri dira herrialde askotan, tabakoaren kea osasun publikoaren kaltetan delako.

Nolanahi ere, ingurumenaren higienea bermatzeko hiritarraren parte hartzea eta laguntza ezinbestekoak dira. Elkarrenaganako errespetua izan behar da higienea zabaltzeko irizpide oinarrizkoa: lurrera edonolako hondakinak uztea, pertsonak zein konpainia animaliak kaka eta pixa kalean egitea edo inguruan jendea dagoen lekuetan erretzea higienearen aurkako ekintzak dira. Udal eta erakunde publikoek jarrera hauen aurkako neurriak hartu ohi dituzte, ordea, isunak jarriz besteak beste.

Elikagaien higienea

Elikagaiak etengabe manipulatzen dituztenez, sukaldariek zorrotz errespetatu behar dituzte elikagaien higiene-arauak. Irudian ikus daitekeenez, txano bat jantzi, elikagaiak oihal garbi batez estali eta sukalde-tresnak zintzilikaturik dituzte, lurretik urrun. Tresneria guztia altzairuzkoa da, garbiketa errazteko. Ohartu sukaldari batek janaria lankideari seinalatu baina ikutu ere ez duela egiten; bitartean, beste batek, eskuz ikutu gabe baita ere, tresna batez mugitzen ditu janariak.
Artikulu nagusia: «Elikagaien higiene»

Elikagaien prestaketa eta manipulazioa higienearen beste arlo nagusi bat da, etxe, azoka, lantegi (abere-hiltegietan, besteak beste), jatetxe eta jantokietan[22]. Egoera txarrean dauden elikagaiek Salmonella eta bestelako patogeno arriskutsuak izan ditzakete. Urtean zehar biztanleriaren %30ak egoera txarrean dauden elikagaiak jan eta ura edateagatik nola edo halako gaixotasunen batek jotzen dituela zenbatetsi da. Salmonelosi gaixotasunaz gainera, egoera txarrean dauden elikagaiak jateagatik har daitezkeen beste gaixotasunak kolera eta Campylobacter, Staphylococcus, Clostridium perfringens eta Clostridium botulinum bakterioek eragindakoak dira [23][24].

Elikagaiak higienez maneiatzeko arauak zorrotzak dira. Elikagaiak gorde eta prestatzen diren instalakuntzak garbiak zan behar dira eta elikagaiak ez dira inoiz lurrean utzi behar. Elikagaiak beraien artean bereizirik kokatu behar dira: haragiak eta fruituak ez dira batera jarri behar, usainen nahasketa ekiditeagatik besteak beste. Iraungipen-data kontrolatu egin behar da. Ontziratutako elikagaiak irekiz gero, lehenbailehen kontsumitu behar dira eta bitartean hozkailuan gorde behar dira. Elikagaiak manipulatzean eskuak behin eta berriz garbitu egin behar dira. Halaber, bitartean arropa garbiak eta egokiak (amantalak, esaterako) erabili behar dira. Elikagaiak ez dira bestelako substantziekin (garbikariak, esaterako) nahastu behar. Hotza (0 °C-5 °C), eta baita izozketa ere (-18 °C), elikagaiak kontserbatu eta egoera onean mantentzeko modu eraginkorrenetakoa da, patogenoak kasu askotan akabatu egiten direlako modu horretan. Horrela, elikagaiak kontsumitu eta sukaldatu baino lehenxeago bakarrik atera behar dira hozkailutik, mikrobioen ugalketa oso azkarra baita [25]. Hotzaren katea ez da hautsi behar elikagaia ekoiztu eta erabiltzen den aldian zehar: elikagaiak prozesu osoan dagokien tenperaturan izan behar dira. Hozkailua ez da gehiegi behar, aire hotzaren zirkulazioa ahalbidetzeko. Sukaldatutako elikagaiak ez dira elikagai freskoekin nahastu behar eta otordu bateko soberakinak ez dira beste baterako erabili behar. Elikagaien hondakinak aparte eduki behar dira. Animaliak ez dira inolaz ere sukalde eta jantokietan egon behar eta intsektuak (euliak, ...) guztiz ekidin behar dira [26].

Haragiak eta arrainak tenperatura altuetan sukaldatu behar dira, bertako patogenoen ezabaketa ziurtatzeko. Esne gordina irakin egin behar da. Maionesa eta bestelako krema eta saltsak 24 ordu baino lehen kontsumitu behar dira. Kontrol zorrotza behar dute arraultzak eta itsaskiak, azkar kutsatzen baitira. Fruitu eta barazkiak taxuz garbitu behar dira ur gabiarekin (garbitzeko uretan lixiba tantak botatzea ere gomendatzen da), batez ere gordinik jateko badira, zomorroak, eta ekologikoak ez diren fruitu eta barazkien kasuan, pestiziden arrastoak desagertarazteko. Elikagaietan metal, toxina eta bestelako kutsatzaileen arrastoak aurkitu izan dira, haurrak eta agureak larriki erasaten dituztenak. Kutsatzaileen arazoak kontrolatzeko, trazabilitate kontzeptua ere garatu da, elikagaien jatorria eta prozesua kontrolatzeko.

Elikagaien higienearen kontrola jantoki, jatetxe tea elikagaien lantegietan zorroztu behar da. Elikagaien manipulatzaileek behar bezalako prestakuntza izan behar dute [27], dagokien baimen eta agiriak eskuratuz. Lehengaien erosketa eta harreratik bertatik egin behar da higiene-kontrola. Elikagaien hornitzaileek higiene-arauak bete eta elikagaiak egoera onean iritsi direla egiaztatu behar da eta egoera txarrean daudenak isolatu. Kontserbazioa behar bezala egin behar da, hotzaren katea hautsi gabe. Instalakuntzetan, guztiz bereizi eta banatu behar dira biltegiak, sukaldeak eta komunak, bultzadaz irekitzen diren maratilarik gabeko ateen bitartez. Makineria eta tresneria egoera onean egon behar da, herdoilak jota daudenak baztertuz. Elikagaiak matxardaz eta bestelako tresnekin manipulatu behar dira. Erabili eta botatzeko paperak erabiltzea gomendatzen da mikrobioak aise biltzen dituzten trapuen ordez. Arropa egokia jantzi behar dute, burua txano batez estaliz eta kontuz ibili beharreko elikagaietan maskara erabiliz[24].

Higiene industriala

Lan-jarduera batzuen arriskuei aurre egiteko, higiene eta segurtasun-ekipamendu berezitua behar da. Irudian, amiantoarekin lan egiten duen langile bat.
Artikulu nagusia: «Higiene industriala»

Lantokietan patogeno edo substantzia kimiko arriskutsuekin lan egin behar izaten dute langileek. Lanpostuari dagokion zereginek beraiek ere langilearen ongizate fisiko eta mentala erasan dezakete. Gaitz hauek denak aurreikusi eta prebenitzeko lan higieneak edo higiene industrialak lanpostuaren arriskuak aztertu, ezabatu edo apaldu eta langileei behar bezalako prestakuntza ematen die gaixotasun profesional hauen arriskua minimotzeko, eskumena duten erakundeek ezartzen dituzten lan-arautegien bitartez edo langilearen beraren ekimenez. Lanpostuan gerta daitezkeen istripuak prebenitu egiten dituen lan segurtasunarekin batera antolatu ohi da.

Lan higieneak kontrolatu beharreko substantzia eta faktoreak hautsa, kea eta bestelako gai arriskutsuak izan daitezke (amiantoa, disolbatzaileak) izan daitezke. Lantegiaren jarduera zein den, arriskuak fisikoak (gehiegizko beroa, erradiazioak) eta biologikoak (mikrobio patogenoekin lan egiten denean) ere izan daitezke. Higiene indutrialerako lehen pausoan, langilea erasaten duten kutsatzaile eta arriskuak identifikatu behar dira. Batzuetan, arriskuak oso arinak dira eta prebentziorako ekimen sinple eta arruntekin minimotzen da arriskua: garbiketa zorroztuz, airea berrituz edo langileen errotazioak edo txandak antolatuz. Beste kasu guztietan, arriskuen ebaluazio zorrotza egin behar da, arriskuaren eraginpe edo esposizio-muga zenbait zehatz kalkulatuz. Adibidez, TLV Threshold Limit Value eta TLV-C Ceiling (ingelesez) ondorio larririk gabe langile batek jasan dezakeen maila eta inolaz ere gainditu behar ez duen maila dira hurrenez hurren. Hainbat gai arriskutsutarako erreferentzia-balioak zehaztuta daude nazioartean. Ondoren, erreferentzia-mugekiko adostasuna betetzen den egiaztatu behar da. Nolanahi ere, kasu guztietan eta prozesuaren helmuga gisa, erabaki zuzentzaileak hartu behar dira, kutsatzailearen sorgunean, bitartekoetan (ekoizpen prozesua eta produktua, seinaleztapena) eta langilearen informazio eta prestakuntzaren gainean. Higiene industrialaren arlo osagarri moduan, ergonomiak langilearen erosotasuna (mugimenduak, jarrera, lan-zama, atsedenak, ...) aztertzen ditu [28][29].

Bizi-higienea: higienismoa

Osasuntsu bizitzeko, bizi-higieneak naturarekiko orekan bizitzearen garrantzia nabarmentzen du. «Niretzat eguzkia bizia da, oso garrantzitsua da, behar beharrezkoa dut, ongi sentitzen naiz lanean egon arren, eguzkia ikusten badut, ongi sentitzen naiz, lasaiago, eguzkia ikusten uhin positiboak sentitzen ditut. Bulego batean egonik ere, eguzkia ikusten dudanean zorionbetez lehertzen naiz.»[30].
Artikulu nagusia: «Higienismo»

Infekzioak eta gaixotasunak ekiditearren egiten den higieneaz haraindi, XIX. mendean osasun-mugimendu berri bat zabaldu zen, higienismo edo bizi-higiene izenekoa. Higienismoaren arabera, gorputzak badu berezko ahalmena sendatzeko eta gaixotasuna gorputzak sendatzeko duen ahalmen eta erantzunaren ondorioa besterik ez da. Gaixotasuna osasunaren desoreka dakarten eragileen ondorioa besterik ez da: gehiegizko lana, nekea, gatazka psikologiko eta sozialak, elikadura desegokia, naturara isurtzen diren kutsatzaileak. Gorputzak erreakzio gisa gaixotu egiten da, mikrobioen erasoak nozituz: lehendabizi agortu egiten da bizi-energia eta ondoren bizi-energiarik gabeko gorputza toxikatu edo pozoindu egiten da eta jarraian gaixotu. Gaixotasuna sintoma bat besterik ez da, gorputzak toxikazioari aurre egiteko duen modu bat. Higienismoaren helburua ez da katarroa edo kakeria sendatzea: gorputzak garbitzeko egiten dituen ahaleginak besterik ez dira. Oreka berreskuratu eta sendatzeko, gaixotasunera eraman zuten faktoreak ezabatu behar dira. Horrela, bizi-higiene egoki baterako naturarekiko harremana (paseatuz, urtaroen erritmoak jarraituz eta gau-egun zikloa errepestatuz, eguzkia hartuz), neurriko ariketa fisikoa, estresa baztertzea, produktu kimikoak eta botikak ekiditea, emozioak sendatu (harreman-arazoak onera ekarriz, dantza eta barre eginez), baraua praktikatzea eta fruitu eta barazkietan oinarrituriko dieta bati ekitea, elikgaien arteko bateraezintasunak errespetatuz. Horiekin guztiekin, vis medicatrix naturae edo naturak sendatzeko ahalmena jartzen da martxan[31].

Erreferentziak

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-05).
  2. (Gaztelaniaz) Landaburu, Eneko. (2000). Cuídate compa!. Txalaparta, 122 or..
  3. channel4.com - Time Team - Roman bath houses. 2007-02-04 (Noiz kontsultatua: 2018-07-05).
  4. (Gaztelaniaz) La filosofía higienista, www.zuhaizpe.com, 2010-06-04an kontsultatua.
  5. (Ingelesez) «Hygiene» Encyclopedia of Children and Childhood in History and Society. ..
  6. (Gaztelaniaz) Bazán Díaz, Iñaki. (1993). «Sanidad y urbanismo de las villas vascas durante la Baja Edad Media» Eusko Ikaskuntza..
  7. (Gaztelaniaz) Vigarello, Georges. (1991). Lo limpio y lo sucio. , 19-43 or..
  8. (Gaztelaniaz) Ignaz Semmelweis:una historia heroica, www.higienedemanos.org, 2010-06-04an kontsultatua.
  9. (Gaztelaniaz) Foucault, Michel. (1974). La crisis de la medicina o la crisis de la antimedicina. ..
  10. (Gaztelaniaz) Ortega, Arturo. (2007). Higiene. Altamar, 18-23 or..
  11. (Ingelesez) «Good hand hygiene by health workers protects patients from drug resistant infections» World Health Organization (Noiz kontsultatua: 2018-07-05).
  12. Ur beroarekin hasten bada garbitzen, molekula organikoak koagulatu eta gero nekez ezabatzen dira.
  13. (Gaztelaniaz) Ortega, Arturo. (2007). Higiene. Altamar, 38-69 or..
  14. Eroski. (2007). «Etxe-garbigarriak: Garestienetako batek ia-ia ez du garbitzen» Consumer..
  15. (Gaztelaniaz) Detergentes, elección según suciedad y superficie a limpiar, www.limpiezaprofesional.net, 2010-06-03an kontsultatua.
  16. (Gaztelaniaz) Eroski. (2004). «Champús de uso frecuente para cabello normal. Los más caros no son siempre mejores» Consumer..
  17. Gizonaren izerdiak emakumeak gizonarengana erakartzen dituela hauteman da, ordea.
  18. (Ingelesez) Smith, Virginia Sarah. (2007). Clean: a history of personal hygiene and purity. , 15 or..
  19. (Gaztelaniaz) Smyth Chamosa, Ernesto. (2007). Higiene personal. Nova Galicia Edicións..
  20. (Ingelesez) Cmai. (1988). A New Textbook for Nurses in India, Volume II. , 117-143 or..
  21. (Ingelesez) Facts for life:Hygiene, 2010-05-30ean kontsultatua.
  22. (Ingelesez) «Food hygiene» World Health Organization (Noiz kontsultatua: 2018-07-05).
  23. (Ingelesez) World Health Organization. Food safety and foodborne illness. (Noiz kontsultatua: 2010-06-01)..
  24. (Gaztelaniaz) Generalitat Valenciana. Guía del manipulador de alimentos. (Noiz kontsultatua: 2010-06-02)..
  25. Bakteria bakar batetik, 7 ordutan 2.097.152 bakteria sortu direla jaso da.Ikus: (Gaztelaniaz) Generalitat Valenciana. Guía del manipulador de alimentos. (Noiz kontsultatua: 2010-06-02)..
  26. (Gaztelaniaz) Alimentos e higiene, hábitos de higiene personal y del medio. Biblioteca virtual de desarrollo sostenible y salud ambiental (Noiz kontsultatua: 2010-06-02)..
  27. Elikagaien manipulatzaileen prestakuntza, Osanet Euskadiko Osasun Ataria, 2010-06-02an kontsultatua.
  28. (Gaztelaniaz) Concepto de higiene industrial. www.ergosistema.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-11).
  29. Higiene industriala, 2010-06-03an kontsultatua.
  30. (Gaztelaniaz) Avril, M.. (2004). «Emakume baten testigantza» Sol y piel: beneficios, riesgos y prevención. Masson, 107 or..
  31. (Gaztelaniaz) Introducción a la higiene vital, wwww.zuhaizpe.com, 2010-06-04an kontsultatua.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.