Hesi-berdantza
Hesi-berdantza (Emberiza cirlus) emberizidae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europan eta iparraldeko Afrikan bizi dena[1].
Hesi-berdantza | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Emberizidae |
Generoa | Emberiza |
Espeziea | Emberiza cirlus L., 1766
|
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 24 cm |
Kumaldiaren tamaina | 3,2 |
Errute denbora | 13 egun |

Tamainaz berdantza horiaren antzekoa den berdantza mota da. Arrak beltza izaten du eztarria eta hori da berdantza mota honen ezaugarri nagusia. Iberiako penintsulatik Asia Txikirainoko lurraldeetan bizi da.[2]
Deskribapena
Hesi-berdantza arrak, kantu monotonoa du, nota bakarrekoa eta azkarregi errepikatua, zuhaitz, zuhaizka edo telefono-zutoin baten gainetik igortzen du, urte osoan entzun daiteke. 16 cm inguruko tamaina du, eztarri beltza, pileo grisa, bularreko gerrikoa berdexka eta begi-zerrenda beltza, bekaina eta masailak estaltzen dizkion orban hori baten barruan.
Buruaren eta bularraren diseinuak argi eta garbi bereizten du berdantza hori txoriarengatik, espezie honekin habitat asko partekatzen ditu, neguko taldeetan nahasi ibiltzen dira. Emeak eta heldugabeak antzekoak dira, ipurtxuntxurraren arre-oliba koloreak bereizten ditu berdantza horiengandik, hauek gaztaina koloreko ipurtxuntxurra dute.
Biologia eta ohiturak
Apirilaren amaieran hasten dira hesi-berdantzak denboraldi bakoitzean egiten dituzten bizpahiru errunaldietatik lehena.
Emeak zuhaizka itxi batean eraikiko du, oro har, metro eta erditik beherako altueran, belar, sustrai eta goroldiozko katilutxo bat, ileekin eta belarrekin tapizatzen du, eta normalean 3-5 arrautza jartzen ditu bertan, berdantza horiaren oso antzekoak dira. Emeak bakarrik txitatzen ditu. 11-12 egunez.
Txorikumeak bi helduek elikatzen dituzte, baina bikote askotan emea saiatzen da gehiago; intsektuak osatzen dute txorikumeen oinarrizko elikadura, eta ia erabat lumatuta egoten dira eklosiotik 11-14 egunera. Habia uzten duten unea da, baina oraindik ezin dute ondo hegan egin. Hesi-berdantzak ale eta hazietan oinarritzen du bere elikadura, baita zenbait baia eta intsektuetan ere, hauek batez ere hazkuntzan zehar.
Banaketa, habitata eta estatusa
Espezie honen banaketak Europako mendebaldea eta hegoaldea hartzen du; mendebaldetik Ingalaterrako eta Alemaniako hegoalderaino igotzen da, baina ekialderantz ez du eremu mediterraneoa gainditzen. Afrikako iparraldea eta Ekialde Hurbila ere hartzen ditu. Iberiar penintsula osoan dago.
Espezie hau habitat irekietan bizi da, baina heskaien bidez moztuta daudenetan, zuhaiztiak edo zuhaizka orbanak dauden lekuetan. Basoen ertzak eta soilguneak ere maite ditu, baita zuhaizti argiak ere. Neguan talde txikitan ibiltzen dira, laborantzetan, lugorrietan, uztondoetan eta otalurretan, batzuetan beste berdantza eta fringilido alejale batzuekin batera.
Hesi-berdantzak banaketa orokorra du Euskal Herrian, baina desberdina, inguru atlantiko gehienean urria da eta erdialdean ugariagoa.[3]