Hershey-Chase esperimentua
Hershey-Chase esperimentuak Alfred Hersheyk eta Martha Chasek ADNa material genetikoa zela baieztatzeko 1952an egin zituzten saioen multzoa dira. Teoria hau 1944an frogatu zen lehen aldiz, Avery, Mc Leod eta Mc Cartyren esperimentuari esker. ADNa 1869tik ezagutzen bada ere, zientzialari gehienek uste zuten proteinak zirela heredentzia-informazioa gordetzen zutenak.
Hersheyk eta Chasek T2 fago izeneko birusa erabili zuten esperimentuan. Fagoak egitura sinplea du, bi osagaiz osaturik baitago: material genetikoa eta hura babesten duen proteinazko geruza bat. Fagoak bakterioen kanpo-geruza erasotzen dute eta beren material genetikoa injektatzen dute; ondoren, bakterioaren makineria genetikoak birusaren ale berriak ekoizten ditu. Birusaren proteinazko geruza bakterioaren kanpoaldean itsatsita geratzen da.
Lehen esperimentuan, fagoaren ADNa fosforo-32 erradioaktiboz markatu zuten. Proteinak osatzen dituzten 20 aminoazidoetan ez da fosfororik agertzen. Ondoren, fagoek E. coli infekta zitzaten eragin zuten, eta gero birusen proteinazko geruza ezabatu zuten infektatutako bakterioetatik zentrifugazio bidez. Erradioaktibitatea proteinazko geruzetan ez zela ageri, bakterioetan soilik zegoela ikusi zuten.
Bigarren esperimentuan, fagoak sufre-35 erradioaktiboz markatu zituzten. Sufrea ez da ageri ADNan, baina bai zisteina eta metionina aminoazidoetan. Bakterioak eta birusen proteinazko geruzak banatu ondoren, erradioaktibitatea geruzetan soilik ageri zela frogatu zuten. Honela, bakterioa infektatzen duena ADNa dela ebatzi zuten.
Hersheyk 1969ko medikuntzako Nobel saria jaso zuen "birusen egitura genetikoan egindako aurkikuntzengatik".
Bibliografia
- Hershey, A.D. and Chase, M. (1952) Independent functions of viral protein and nucleic acid in growth of bacteriophage. J Gen Physiol. 36:39-56.