Herriko taberna

Herriko taberna Gipuzkoaldean Arrano taberna ere deitua, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren kideak biltzen diren tabernek edo egoitzek duten izena da.

Zarautzeko (Gipuzkoa) herriko tabernaren kanpoaldea. Pertsianan euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko mezua.

35/02 auzia

Herriko tabernen auzia ere deitua herriko tabernen aurkako epaiketa izan zen. [1] Auziaren arabera, Herriko tabernak ETA finantziatzeko erabili ziren.

Sakontzeko, irakurri: «Herriko taberna konfiskatuen zerrenda»

2002

2002ko apirilaren 29an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak aginduta 11 lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Sei enpresa eta Donostiako Amara Zaharra auzoko herriko taberna miatu zituzten. Herriko tabernetako kontuak blokeatu zituzten eta jabegoak bahitu. Maiatzaren 29an, Euskadiko Kutxako Barne Ikuskaritza Saileko zuzendari Iñaki Mallagarai atxilotu zuten, herriko tabernen kontrol judizialari «oztopoak jartzea» eta ETAri laguntzea egotzita[1].

Uztailaren 3an, kale borrokaren erantzule egin zuen Garzonek Batasuna. 24 milioi euro eskatu zizkion Batasunari. Batasunak ordaindu ez zituenez, 107 diru kontu eta 75 elkarte enbargatu zituen. Herriko tabernak ez zeuden Batasunaren izenean, baina hori «benetako titulartasuna ezkutatzeko» zela arrazoitu zuen. Abuztuaren 26an, Batasunaren jarduna hiru urtez eteteko agindu zuen Garzonek. Abuztuaren 27an, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak alderdiaren hainbat egoitza eta bulego itxi zituzten, tartean Iruñeko bi herriko tabernetako bulegoak[1].

2003

Maiatzaren 9an, bahituta zituen 75 herriko tabernei administratzaile judiziala jarri zien Garzonek[1].

2005

Urtarrilaren 25ean, ETAko kide izatea egotzita Batasuneko 36 kide auzipetu zituen Garzonek. Legebiltzarreko kide izateagatik zuten forua galdu zutenean, Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Josu Urrutikoetxea ere auzipetu zituen. Beranduago, Arnaldo Otegi eta Jon Salaberria ere auzipetu zituen Fernando Grande-Marlaska epaileak[1].

2006

Urtarrilaren 17an, herriko tabernen jardueren etetea 2008 arte luzatu zuen Fernando Grande-Marlaskak[1].

2008

Apirilaren 1ean, sumarioa amaitu ondoren, 41 lagun epaiketara bidali zituen Garzonek, epailea bere lanpostura itzuli zenean[1].

2013

Urriaren 17an, epaiketa hasi zen[1].

2014

Martxoaren 12an, fiskalak zigor eskaerak jaitsi zituen eta epaiaren zain geratu ziren auzipetuak[1].

Uztailaren 30ean atera zen epaia. Hogei lagun zigortu zituzten espetxera eta ehundik gora 'herriko' konfiskatu zituzten[2]. Epaileetako batek boto partikularra eman zuen auzipetu guztiak absolbitu behar zirela uste baitzuen.

Hiru urtekoko espetxe zigorra ETAko kide zirelakoan[2]:

Urte eta erdiko espetxe zigorra ETAko kide zirelakoan[2]:

Urtebete eta hiru hilabeteko espetxe zigorrak herriko tabernen hamabi arduraduni ETArekin kolaboratzea leporatuta[2]. Auzitegi Nazionalak 111 herriko taberna konfiskatzeko agindu zuen, eta horien jabetza estatuarena izatera pasako zen[2].

Banaka, Eneko, Erosgune eta Eustatza entitateak desegiteko eskatu zuten[2][3].

2015

'Herriko tabernak' konfiskatzeko agindua berretsi egin zuen Gorenak. Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auziko sententzia atera zuenetik urtebete eskas pasatuta, ildo beretik jo zuen Auzitegi Gorenak ere. Haren erabakia berretsi zuen, aldaketa batzuk egin arren: 101 herriko taberna bahitzeko agindu, eta urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri zien hogei laguni. «Erakunde terroristako» kide izatea edo hari laguntzea egotzita. Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez eta Karmelo Landari zigorrak murriztea izan zen kasik Gorenak egindako aldaketa bakarra.

Maiatzean hasi ziren biltzen Auzitegi Goreneko epaileak, auzipetuek eta herriko tabernen ordezkariek jarritako helegiteak aztertzeko. Baztertu egin zituzten ia denak. Ramon Berdugo buru duen epaimahaiak bere egin du aurrez Auzitegi Nazionalak emandako tesia: «ETAren egituraren» parte izan dira HB, EH eta Batasuna, eta herriko tabernak horiek finantzatzeko erabili dira.

Antxeta (Pasai San Pedro), Gorgo Mendi (Oñati) eta Irati eta Harotz Toki elkarteen helegiteak soilik onartu zituzten. Gainerako guztientzat, berretsi egin zuten konfiskatze agindua.[4]

2020

2020ko apirilean Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia gauzatzen hasi zen, haien kontu korronteak bahitzeko agindua emanda, Sortuk atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez. «Jadanik hasi dira tabernen eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztiena gauzatuko dela pentsatzen dugu».

Auzitegi Nazionalak 2014ko uztailean atera zuen 35/02 sumarioko epaia, eta, kartzela zigor batzuk emateaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, «ETAren egitura» finantzatzea egotzita. Zigorra jaso zuten 103 herriko taberna horietatik, 53 Bizkaikoak dira, 35 Gipuzkoakoak, zortzi Arabakoak eta zazpi Nafarroakoak. Beste 11, absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak: Bizkaiko bi eta Gipuzkoako bederatzi.[5]

Erreakzioak

Herriko tabernen auziko epaiak "ezker abertzalearen porrot politiko bat antzeztu" irudikatu nahi zuela adierazi zuen Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. EBBren hitzetan, epaia "iraganeko ebazpen bat zen eta salbuespenean zuen oinarria". Sententzia "guztia ETA da" tesian oinarritzen zela salatu zuen EAJk. Herriko tabernen ebazpen judizialarekiko "erabateko kontrakotasuna" adierazi zuen Aralarrek. Asier Vega Alternatibako bozeramaileak adierazi zuenez, sententzia "bakearen eta normalizazio politikoaren aurkako enegarren erasoa zen; gatazkaren mamuari heltzen ziotenek erasoa egin zuten gatazkari errentagarritasuna ateratzen jarraitzeko"[6].

  • ELA sindikatuaaren arabera, sententzia "lotsagarria eta zentzugabekeria" zen.
  • Lokarri epaiaren aurka agertu zen agiri batean auziaren luzapena salatu zuen[6].

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.