Herri judua Erdi Aroan

Jarraian, Herri judua Erdi Aroan duen historia azaltzen da.

Sarrera

Juduen diasporaren ondorioz, I. eta II. mendeetan, hebrear komunitateak eratu ziren Erromako Inperio osoan. Geroago ere, germaniar erreinuak sortu zirenean, ez zen aldaketa handirik izan. Nolanahi ere, komunitate horiek gorabehera handiak izan zituzten Erdi Aroan zehar. Bizantzioko inperioko judutegiek, adibidez, behin eta berriro pairatu behar izan zituzten enperadoreen debekuak eta trabak bizitzaren alor guztietan.

Sartaldetarrek, berriz, aurrena, karolingiar enperadoreen agindupean, tolerantziaz jokatu bazuten ere, gero, XIV eta XV. mendeetan, kanpora egotzi eta konbertitzera behartu zituzten. Egoera horrek hartaraturik, Italiako eskualde batzuetan, Europako sortaldean edo Otomandar Inperioan zokoraturik bizi izan ziren aurrerantzean. Izurriteak edo krisi ekonomikoak izaten zirenean, edota erlijio fanatismoarekin batera, berehala zabaltzen zen juduen kontrako sentimena. Kristauek edozein zoritxarren erantzule egiten zituzten juduak. Juduen printzipio erlijiosoen oinordekoak eta berritzaileak ziren neurrian, haien tradizioen etsai nagusiak ziren aldi berean. Islamaren mendeko lurraldeetan bizi ziren hebrearrek askoz bizimodu egonkorragoa izan zuten, nahiz eta arazoak ere izan zituzten, almorabideekin eta almohadeekin, adibidez, al-Andalusen, XII. mendean zehar. Hala ere, oztopoak oztopo, juduek lan handia egin zuten ekonomian eta kulturan. Urrutiko lurraldeekiko merkataritza harremanak kontrolatu zituzten luzaro, kredituaren erabilera menderatu zuten bere alderdi guztietan, eta lehen mailako filosofia, teologia eta medikuntza eskolak sortu zituzten.

Lehen Erdi Aroa

Juduen egoera frankoen Galian, ostrogodoen Italian eta bisigodoen Hispanian, okerrera egin zuen monarkia horiek erlijio katolikoa hartu zutenean, edota, ostrogodoen kasuan bezala, bizantziarren aurrean makurtu behar izan zutenean. Hispanian, VII. mendearen bukaeran, bisigodoen mendean, juduak kanporatzeko eta derrigorrez konbertitzeko aginduak ere azaldu ziren azkenerako haien kontrako dekretuetan. Ez da harritzekoa, beraz, juduek musulman inbasoreen alde egin izana VIII. mendearen hasieran.

Hala ere, egoera hori erabat aldatu zen Karlomagnok inperioa osatu zuenean. Gauzak eraberritu nahiak ekonomiaren eta eskulangintzaren alde egitea bultzatu zuten, bai enperadorea bera bai haren ondorengoak ere. Eta juduak, harremanetan baitzeuden elkarrekin Mediterraneoko eskualde guztietan zehar, garrantzi handiko laguntza izan zitezkeen aurrerabide horretan. Ez da harritzekoa, beraz, karolingiar enperadore eta erregeek (VIII-X. mendeak) hebrearrei beren mendeko lurraldeetan kokatzen lagundu izana eta abantaila juridikoak eta ekonomikoak eman izana. Luis Errukitsuak goi funtzionario bat ere izendatu zuen, magister judeorum bat, hebrearren kontuez arduratzeko.

Juduek harremanetan jar zezaketen Europako sartaldea harekin zuzeneko harremanak ez zituzten beste alde batzuekin, hala nola Bizantziorekin eta Islamarekin, handikiristen baitziren, besteak beste, larrua, esklaboak eta hainbat produktu exotiko. Mediterraneoaren ondo-ondoko eskualdeetatik Frantziako iparraldera zabaldu ziren, eta baita Ingalaterrara ere, normandiarrek 1066an konkistatu zutenean. X. mendetik aurrera, lehenengo germaniar errege eta enperadoreek era berean jokatu zuten, eta Alemaniako iparraldeko eta sortaldeko eskualdeak kolonizatzerakoan, juduak arduratu ziren Baltiar itsasora eta Sortalderako merkataritza bideak zabaltzeaz. Eta hala, hebrear komunite handiak sortu ziren bide horietako hirietan: Magdeburg, Worms, Kolonia edo Pragan.

Elizgizon batzuek -adibidez, Agobardo Lyongoak eta haren ikasle Amolone- juduen kontra egindako adierazpenak ez ziren kontuan hartu, agintariek askoz interes handiagoa baitzuten juduen inguruan sortzen zen onura ekonomikoan.

Juduen arteko elkartasuna zela bide, haien komunitateen arteko merkataritza harremana, judutegitik judutegira, mundu ezagun guztira zabaldu zen.

Gurutzadak

Sakontzeko, irakurri: «Gurutzadak»

Karolingiarren garaiko lasaitasun aldia, lehenengo alemaniar enperadoreek luzatua, XI. mendean egin ziren eliza berrikuntzekin batera amaitu zen. Gizartea, kristau habeen gainean eraikia, finkatzen ari zen oraindik, eta juduen kontrako idazkiak, oihartzun gabeak artean, gero eta hots handiagoa hasi ziren ateratzen.

XI. mendearen bukaeran Lur Santura egin zen Lehenengo Gurutzada juduen kontrako esetsaldi amaigabe baten hasiera izan zen. Ez baitziren bakarrik musulmanak sinesgabeak, baita kristauen artean bizi ziren juduak ere. Eta hala, errege, aitonen seme eta are elizgion batzuek halakorik gerta ez zedin egindako ahaleginak gorabehera, gurutzatuen gudarosteek gogor eraso zieten judutegiei Sortaldera bidean, bai Lehenengo Gurutzadan (1096), bai Bigarrenean (1146), bai Hirugarrenean (1189). Eta ghettoak sortu ziren halabeharrez, babesleku gisa, baina baita bakarleku gisa ere; juduak, gainera, jantzietan marka bereizgarriak eramatera derrigortu zituzten.

Goi mailako intelektualek teologo kristauen eta juduen arteko eztabaidak antolatu zituzten hebrearrak federa konbertitzen saiatzeko, baina, nolanahi ere, juduen kontrako gorrotoa erabat zabaldu zen kristau talde sozial gehienen artean. Deabruzko gauzekin lotzen zen judua, eta pozoitzeak, hilketak, sineskeriak eta abar egozten zitzaizkion.

Askotan apaizek eta frailek berek (domingotarrek eta frantziskotarrek batez ere) berotzen zuten herriaren irudimena, eta edozein aitzakia (krisi politikoa, arazo ekonomikoak) baliatzen zuten judutegien aurka indarkeriaz jotzea zuritzeko. Nolanahi ere, eraso horien atzean, askotan, asmo jakin batzuk ezkutatzen ziren. Ez da ahaztu behar salerosketa edo kreditua zela judu askoren lanbidea, eta lanbide horietan ez dela asko behar etsaiak egiteko. Juduen kontrako indarkeriaren une gorena Frantziako hegoaldeko pastorelloen erasoak izan ziren; judutegi askori eraso zieten, eta hebrear asko bataiarazi zituzten.

Izurrite Beltza ere, Europako biztanleriaren heren bat baino gehiago hil zuena, juduen kontra erabili zen, eta komunitate askok pairatu zituzten horren ondorio ezin beltzagoak.

Aldi berean, ordu arte juduek baizik bete ez zituzten zeregin batzuk -kreditua, esate baterako- kristauak betetzen hasi ziren. Hori dela eta, kristauentzat ez zen lehen bezain beharrezkoa hebrear komunitatea, eta erregeentzat ere, lehenago ekonomia sustatzeko behar-beharrezkoak izan bazituzten ere, jadanik ez zuen zentzu handirik haiek babesten saiatzeak. Eta hala, jendearen bortxakeriaren eta lehia ekonomikoaren hurrengo urratsa juduak kanporatzea izan zen.

Erregeek eta printzeek beren aginpidea berresteko, edo propaganda gisa, edo erlijio eta politika batasuna lortzeko, edo, bestela, ekonomia interesengatik baliatu zituzten neurri horiek. Aurrena Eduardo I.a Ingalaterrakoa izan zen, 1290ean; gero, Frantzian, ahalegin batzuek huts egin ondoren, Karlos VI.ak bete zuen, 1394an, deserriratzeko agindua; Austriatik 1420an aldegin zituzten; Bavieratik, berriz, 1450ean. Gehienak kristautasunera bihurtu ziren, kanpora ez zitezen; edo Italiara emigratu zuten; edo Europako ekialdera, bestela, Hungariara eta Poloniara gehienbat. Hala, Europako sortaldean, hebrear komunitateak eratu ziren lehenengo aldiz. Azkenak, Iberiako penintsulakoak, mendearen bukaeran bota zituzten: Gaztela eta Aragoitik 1492an, Portugaletik 1496an, eta Nafarroatik 1498an.

Bizantzio eta Islama

Sortaldeko inperioak, izan zuen mila urteko historian, gogor jokatu zuen, ia beti, juduen kontra. Justinianok (525-565), adibidez, mugatu egin zituen sinagogetako azalpenak eta Talmud ikasketak, eta, halaber, VII- IX. mendeetan, konbertitzera behartu zituen komunitate asko eta asko. Hala ere, juduen lanbideak (nekazaritza, merkataritza, medikuntza) errespetatuak izan ziren beti. Gurutzatuek Bizantzio hartu (1204) eta Konstantinoplako Latin Inperioa sortu zutenean pairatu zituzten juduek, Sartaldean bezala, unerik latzenak. Gero, hala ere, greziar enperadoreak nagusitu zirenean ez zen askorik aldatu egoera. Horregatik, XV. mendean, turkiarrek lurraldean sartu eta Konstantinopla hartu zutenean (1453), hebrearrek harrera ona egin zieten.

Islam herriek, berriz, ez zuten juduekin erlijio arazo handirik izan. Mahomak oinarri hartu zuen -Liburuko jendetzat- zeuzkaten.

Kristauak ere -Liburuko jende- ziren, baina etsai politikoak zituzten Espainian, Bizantzion edo Lur Santuan; juduak, berriz, ez ziren hain arriskutsuak. Hori dela eta, musulmanek nahiko ongi hartu zituzten hebrear komunitateak; haiek hiriko kulturan finkatu ziren gehienbat, merkataritza sare zabalak eratuz. Judu asko kalifa eta emirren aholkulari, enbaxadore edo bankari izan ziren, eta juduen Erdi Aroko kulturaren muina Islamaren mendeko lurretan eratu zen, Al-Andalusen eta. Alabaina, herri erradikalagoak -almorabideak eta almohadeak- nagusitu ziren aldietan -Marokon eta al-Andalusen XI eta XII. mendeetan, adibidez- , herri horien erlijio herstura pairatu behar izan zuten hebrear komunitateek, eta ihes egin behar izan zuten musulman toleranteagoak zeuden aldeetara, eta are kristauen mendeko lurraldeetara ere. Al-Andalusen bizi ziren hebrear komunitateak han bertan geratu ziren kristauek Errekonkista egin zuten bitartean, erosoago baitzeuden kristauen mende almohadeen mende baino, eta, noski, beren komunitateei atxiki zieten Granadako erreinuan.

Ekonomia eta kultura

Hebrear komunitateak izan ziren, dudarik gabe, kultura eta ekonomiaren suspertzaile nagusiak Erdi Aroan. Baziren nekazaritzatik edo aberezaintzatik bizi ziren familiak, ezinbestekoak juduen elikatze arau bereziak zirela eta. Baina, urrutiko komunitateekin ziztuzten harremanez baliaturik, Erdi Aroko merkataritza suspertzeagatik eta horretarako ezinbestekoak ziren maileguak egiteagatik nabarmendu ziren gehienbat.

Mailegu txikiak haien eskuetan egon zirenluzaro, baina ez txikiak bakarrik, orobat aurki daitezke mailegatzaile juduak erregeen bankarien artean, jaun feudal handien artean, edo goi burgesiako jaunen artean.

Gero, eliza katolikoa, ekonomia ahalik eta gehien suspertzeko, maileguetan askatasunez jokatu behar zela jabetu orduko, burgesia izan zen, merkatuan, juduen etsai edo lehiakide nagusia.

Baina merkataritza ez ezik, Europako eta Islam herrietako judutegien arteko harremanek orobat suspertu zuten kultura ere. Judah ha-Levi eta Abraham Ben Meir Ibn Ezra tuterarrek, adibidez, goien mailara jaso zuten hebrear literatura, mistikaren alorrean, edo literatura erlijiosan eta bidaia liburuetan. XII. mendeaz geroztik intelektual juduak filosofia klasikoan adituak ziren, eta, filosofo islamiarrak bezala, hura interpretatzen saiatu ziren. Aldi berean, batzuen eta besteen artean, Sartaldera transmititu zuten. Hala beraz, filosofian, hebrearren artean, Maimonides nabarmendu zen. Erreinu kristauetako itzultzaile eskoletan ere ez zuten zalantzarik izan judu adituenak hartzeko, haien bidez hebrearrek eta musulmanek dagoeneko menderatzen zuten filosofia, literatura edo medikuntzaren ezaguera beretzeko.

Europako unibertsitateak osatu ahala, ordea, XIII. mendeaz aurrera, eta bertako intelektualak prestatu ahala, hebrear herriaren kultura baliatzetzeko arrazoiak ere -lehenago mailegatzaileekin gertatu zen bezala- zentzua galdu zuen kristauentzat. Horra, beraz, XI. mendeaz gero antisemitismoa oso errotua zegoen gizarte batean, kristauentzat juduak kanporatzeko beste arrazoi bat.

Erreferentziak

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.