Herri Urrats
Herri Urrats, Seaskak urtero antolatzen duen euskal irakaskuntzaren aldeko festa da, maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dutena Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin.
Herri Urrats | |
---|---|
Tokia | Senpereko aintzira, Lapurdi Lapurdi, Euskal Herria |
Antolatzailea | Seaska |
Mota | Ibilbide txangoa |
Esanahia | Euskararazko hezkuntzaren aldekoa |
Hasiera | 1984 |
Data | |
Data | Maiatzaren lehenbiziko erdialdean |
Betetzea | Urtero |
Webgunea | https://www.herriurrats.eus/ |
Bildutako dirua Iparraldeko ikastolak laguntzeko bideratzen dute.
1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980koaren hasieran sortu ziren ikastolen aldeko lehen festak. 1977an ospatu ziren lehen aldiz Kilometroak, 1978an Ibilaldia, 1981ean Nafarroa Oinez eta Araba Euskaraz eta 1984an ospatu zen lehen Herri Urrats jaialdia.[1] Besteak ez bezala, Herri Urrats toki berean ospatzen da urtero.
1984an izan zen lehendabiziko edizioa. 2020 eta 2021 urteetan ez zen antolatu, Covid-19 pandemia zela eta, nahiz eta 2021ean jaialdi ttipi bat ospatu. 2022an 39. edizioa ospatu da.[2]
Beste jaialdi eta ekimen askotan bezala, Herri Urrats jaialdirako kantuak sortu dituzte hainbat musikarik urteetan zehar. Besteak beste, Skunk, Oskorri, ETS, Xutik, Willis Drummond, Berri Txarrak, Hemendik At, Xiberoots, 2Zio eta Zetak taldeek egin dituzte abestiak.
Herri urratsen hasiera
Seaskako aita-amak hasi ziren esaten zerbait behar zela egin. Pierre Iturria aita gazteak toki bat korritzeko eskatu zuen, eta dirua biltzeko ikastolen alde. Senpereko alkate Germain Espondari galdetuta baietz erantzun zien, herriko elkarte bat zela, eta ez zela problemarik. Iturria ibiltzen zen Hegoaldean, eta atera zuen ideia hori, zapataren irudia ere diseinatu zuen, eta hortik partitu zen.[3]
1984ko lehen ediziotik arrakasta izan zuen ikastolen aldeko festak. Ez zuten uste lehen urtean jendea izanen zela. 200 edo izanen zirela espero zuen, baina lehenbiziko urtean Hegoaldetik joan zen 5.000 jende.! Eta ondoko urtean berean baziren 10.000, gero doblatuz segitu zuen. 60.000raino ere heldu izan dira. Burasoek ikusi zuten behar zela organizatu, urtetik urtera, familia gazteak heldu zirelarik emendatzen joan zen. 2022an 1.500 pertsona aritzen dira antolakuntzan, autoak aparkatzen laguntzeko eta dena. Hasi zirelarik 50 ziren.[3]
1990 aldean baziren 200 autobusez goiti bide bazterretan. Garai horretan Hego Euskal Herriko jendea etortzen zen gehienbat, eta mugan arazoak izaten ziren urtero. Muga pasatzerakoan Hendaian Hegoaldeko poliziek atxikitzen zituen autobusen barnean Hegoaldetik hona etortzen ziren jendeak. Hiru oren pasatu zituzten batzuek autobusean.
Lehenbiziko urteetan gutxi ziren Senpereko herrikoak jaian. Gero abiatu zen, eta 2010eko hamarkadan helduko jendea eta ingurukoa bazen gehiago Hegoaldekoak baino.[3]
Presentzia politikoaren aldetik azken urteetan beste harremanetan heldu direnak badira, prefeturakoak, diputatuak... goizean etortzen dira biltzarretara. Aldiz lehen ez zenituen ikusiko horiek guztiak han. Zugarramurdiko eta Urdazubiko alkateak etortzen ziren, ur zikinak eta zakarrontziak biltzeko erakundean Sen zireperekoarekin batera ibiltzen zirelako edo, beti izaten ziren harremanetan. Inguruko auzapezak ere etortzen ziren, Sara, Azkaine, Ezpeleta, Donibane Lohizuneko kontseilukoak... Ez ziren heldu lehenbiziko bizpahiru urteetan, baina gero bai.[3]
Erreferentziak
- «Gaiak: Ikastolen Aldeko Jaien Historia - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- «Herri Urrats bueltan izango da 2022an azkenean» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- Eraso, Idoia. (2022-05-07). ««Lehen urtean 200 pertsona espero ziren Herri Urratsen, 5.000 etorri ziren!»» GARA (Baigorri Argitaletxea) (Noiz kontsultatua: 2022-05-07).
Ikus, gainera
- Senpereko aintzira
- Ikastolen aldeko jaiak
Kanpo estekak
- Herri urrats Webgune ofiziala