Hernio
Hernio[1] izen bereko mendilerroan dagoen tontorrik garaiena da (43°10′17″N 2°09′06″W), Errezilgo lurretan dago eta 1.078[2] metroko altitudea du.
Hernio | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.075 m |
Prominentzia | 701 m |
Mota | mendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°10′17″N 2°09′06″W |
Mendikatea | Hernioko mendilerroa |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Iturriotzetik |
Luberri | Luberri |
Izena
XXI. mendearen hasieraraino, euskara estandarrean zalantza zegoen, Ernio ala Hernio idatzi. Euskaltzaindiak 2004ko urriaren 29an onartu zuen Gipuzkoako herri izendegian, Hernialde izenaren grafia agertu zen. Arau maila duen erabaki haren ondorioz (Euskaltzaindiak euskara baturako emandako 140. araua), herri horren izenaren jatorria den Hernio mendiari (eta mendilerro osoari) ere H- hasiera jartzea gomendatzen du Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak.[3][1]
Historia
Egun tontorrean dagoen homigoiezko gurutzea 1947.an jarri jarri zen San Inazio egunean[4]. Gurutze horrez gainera, ugari kokatu ziren XX. mendearen bigarren zatian. 2014ko udazkenean gehienak kendu zituzten, herritar ekimen baten bidez eta Foru Aldundiak onartuta.[5][6]
Halaber, gailurretik gertu dagoen Erniozaleak mendi-elkartearen atepetxearen ondoan gurutzen bat dago nondik hainbat eraztun metaliko zintzilikatuta dauden. Tradizioak dio eraztunak gorputzatik pasatzen dituenari gaixotasunak sendatzen zaizkiola.
2019ko urtarrilaren 9an, Portugaldik Hondarribira zihoan hegazkin arin batek istripua izan zuen Hernio mendian eta bi bidaiariak hil ziren.[7][8]
Erromeria
Iraileko igande guztietan erromeria egiten da Hernioko gailurretik hurbil dagoen Zelatungo larrean (841 m), han dauden bi txabolen inguruan. Tradizioari jarraituz, jendea antzinean zinta urdin, arrosa eta horiekin igotzen zen, eta azken hamarkadetan gorri, berde eta zuriekin, aldarrikapen kutsu handiarekin diktaduraren urteetan. Garai batean otoitz egiteko egunak ere baziren hauek, hildakoak gogoratzekoak, argizaiolak piztekoak.
Gaur egun, festa da oinarria: trikitilariak, hala soltean nola lotutako dantzak (fandangoak, arin-arinak eta zortzikoak), erroskilak, salda eta txorizoa txaboletan eta abar. Garai batean bi eta hiru trikitilari bikote ere aritzen ziren batera, mikrofono eta bozgorailurik ez zeudenean. Xabier Alberdi "Zabale" soinujolea eta Angel Larrañaga panderojolea azken hamarkadetan arituak dira. Tolosaldeko, Goierriko eta Urolaldeko jendea da gehienbat, adin handi eta ertainekoak.[9][10][11]
Igotzeko lekuak
- Iturriotz (580 m): Hernioko mendilerroaren iparraldean dago. Aia eta Asteasu arteko errepidean dagoen Andazarrate mendatetik errepide bat haraino heltzen da. Ordu eta erdi.
- Alkiza (344 m): bi ordu[12].
- Iturburu (545 m): ordubete eta laurden.
- Errezil (302 m): ordu eta hiru laurden.
- Larraul (240 m): 2 ordu.
- Hernialde (281 m): 3 ordu.
- Bidania (491 m): ordu eta hiru laurden.
Argazki galeria
Erreferentziak
- Euskaltzaindia: Euskal Onomastikaren Datutegia.
- «Hernio», Mendikat.net.
- Euskal Herriko mendien katalogoa, Euskal Mendizale Federazioa, 2009. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen oniritzia du.
- «Hernioko gurutzeak 75 urte - Tolosaldea» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2022-08-21).
- "Hernioko gurutzeak: Argazki zaharrak" (Argia, 2014/10/14).
- «Gurutze gutxiago Ernioko tontorrean -» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-21).
- «Hegazkin arin batek istripua izan du Hernio mendian, eta bi bidaiarietako bat hilda aurkitu dute» Berria 2019-01-09 (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- «Aurkitu dute Hernion istripua izan duen hegazkineko bigarren bidaiariaren gorpua» Berria 2019-01-10 (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- Aranburu, Gotzon. (2013-09-20). «Hernioko erromeria» Naiz (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
- «Hernioko erromeria» Tolosaldea.eus 2019-09-01 (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
- «Hernioko erromeria» Tolosaldeko ataria 2016-09-25 (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
- «Gautxori eta gurutzeen bidea» Tolosaldea Turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-07).
Ikus, gainera
- Hernioko Estazio Megalitikoa
- Gipuzkoako mendien zerrenda