Heriotzaren harana
Heriotzaren harana[1] (ingelesez: Death Valley) Estatu Batuetako hego-mendebaldeko sakongunea da, Kaliforniako hego-ekialdean dagoena, Mojave basamortuaren bihotzean. 225 kilometro luze eta 40 kilometro zabal da. Itsas maila baino 86 metro beherago dago, eta mendebaldeko hemisferioan dagoen puntu lehorrik beherena da. Idortasuna ia erabatekoa da. Parke nazionala da 1933. urteaz gero.[2]
Heriotzaren harana | |
---|---|
Death Valley | |
Heriotzaren harana Heriotzaren harana (Ameriketako Estatu Batuak) | |
Eskualdea | AEB |
Koordenatuak | 36°27′25″N 116°51′55″W |
Eremua | 7.800 km² |
Luzera | 225 km |
Zabalera | 8-24 km |
Punturik beherena | Badwater Arroa (– 86 m) |
Tenperatura gorena | 56,7 °C |
Geografia
Kokapena
Kaliforniaren hego-ekialdean dago, Amargosa eta Panamint mendilerroen artean. 13.517 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta Nevada estaturaino hedatzen da. Bertan dago Badwater izeneko sakonunea, itsas maila baino 86 metro beherago dagoena; Ipar Amerikako punturik beherena da. Heriotzaren Haranaren Parke Nazionalaren zati handi bat hartzen du, 1933an monumentu nazional eta 1994an parke nazional izendatua.
Geologia
Heriotzaren harana duela 200 milioi urte bukatu zen prozesu geologiko baten ondorio da. Itsas jatorria duten jalkin-harriez osatuta dago. Itsas adar hori lehortu zenean, disolbatutako gatzak hauspeatu ziren.[3]
Klima
Heriotzaren harana Ameriketako tokirik lehorrena eta beroena da. Tantarik ere jausi ez direneko urteak ez dira harrigarriak. Tenperatura maiz, 49 °C-ra eta orain arte neurtu den tenperaturarik altuena 57 °C izan zen 1913. urtean. Eguzkipean dagoen lurzoruaren tenperaturak giro-tenperatura gainditzen du, eta 88 °C-koak neurtu izan dira. Ez da harritzekoa bada, toponimian Furnace creek (“Labearen erreka”) eta antzeko terminoak aurkitzea.[3]
Datu klimatikoak (Heriotzaren harana (Furnace Creek)) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 31 | 36 | 39 | 45 | 50 | 53 | 57 | 53 | 51 | 45 | 37 | 31 | 57 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 19 | 23 | 28 | 33 | 38 | 43 | 47 | 46 | 41 | 34 | 25 | 18 | 33 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 4 | 8 | 13 | 17 | 23 | 27 | 31 | 30 | 24 | 16 | 9 | 4 | 17 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -9 | -3 | -3 | 4 | 8 | 12 | 19 | 18 | 13 | 3 | -1 | -6 | -9 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 10 | 13 | 8 | 3 | 1 | 1 | 2 | 3 | 5 | 2 | 5 | 8 | 60 |
Eguzki orduak | 217 | 226 | 279 | 330 | 372 | 390 | 403 | 372 | 330 | 310 | 210 | 186 | 3625 |
Iturria (1): NOAA 1981–2010 US Climate Normals [4] | |||||||||||||
Iturria (2): weather2travel.com [5] |
Landaredia eta fauna
Landaredia urria da, eta horrelako baldintza gogorretara egokitutako espeziak topatzen dira, hala nola meskitea, kreosota-zuhaixka, Josueren juka eta kaktusa. Udaberriko euriekin itxura zertxobait alaitzen da basamortuko landareen loreez. Animaliak ugari dira, eta gaueko bizimodura moldatutakoak, hala nola, Odocoileus hemionus, Ovis canadensis, antilope katagorria, kanguro arratoia, Vulpes macrotis, koiotea, katamotz gorria eta puma.[3]
Historia
XIX. mendean oztopoa izan zen Kaliforniara zihoazen urre bilatzaileentzat; (hortik bere izena). 1880ko hamarkadan boraxa ustiatzen hasi zen.
Kanpo estekak
- Lakar Iraizoz, Oihane, Harri ibiltarien gaia ez da hainbesterainoko misterioa, zientzia.eus
- (Ingelesez) Heriotzaren Haranaren Parke Nazionalaren webgune ofiziala, National Park Service, nps.gov
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
- Death Valley. Lur hiztegi entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2017-2-11).
- Barandiaran, Mariaje; Irazabalbeitia, Inaki. Borax-a, menturaren ildotik. elhuyar zientzia eta teknologia, CC-BY-SA 3.0 lizentzia, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2017-2-11).
- NOAA. 1981–2010 US Climate Normals. .
- Weather2travel.com. Weather2travel Death Valley Climate. .