Heptamerona

Heptamerona (frantsesez L'Heptaméron) Margarita Nafarroako erreginak idatzitako istorio bilduma bat da, 72 istorioz osatua. Uste da Margaritak izurri garaian idatzi zituela istorioak, gazteluan itxia zegoen garaian, 1545 eta 1549 urteen artean. Badirudi egilearen asmoa ehun istorio idaztea izan zela, hamar egunetan banatuak, Dekameronean bezala; baina, antza denez, Margarita lana osatu gabe hil zen, eta, handik hamar urtera obra argitaratu zenean zortzigarren eguneko bigarren istoriora arte baino ez zen agertu. Liburua zortzi egunetan moldatu zuten, baina, hala ere, zazpi egun zirenez osaturik zeudenak (hamarna istorio), Heptameron izena eman zioten (grekotik: hepta, 'zazpi' eta hēméra, 'egun').

L'Heptaméron
1880ko edizioa
Datuak
IdazleaMargarita Angulemakoa (1558)
Argitaratze-data1558 (egutegi gregorianoa)
GeneroaIpuin-bilduma
Jatorrizko izenburuaL'Heptaméron
HizkuntzaFrantses
Herrialdea Frantzia
Euskaraz
IzenburuaHeptameron

Frantsesez idatzi zuen Margaritak, badira itzulpenak hainbat hizkuntzatan: ingeleserako itzulpen osoa 1886an burutu zen, eta gaztelaniazko lehen edizioa 1929koa da. 2020an euskaratzeko prozesu bati ekin zioten Booktegi plataformak eta Nafar Ateneoak.[1][2]

1973ko Claude Pierson zuzendariaren Ah ! Si mon moine voulait... filmak Heptamerona hartu zuen oinarri, libreki izanik ere. 2019an antzerkirako moldaketa estreinatu zen Frantzian, Heptaméron, récits de la chambre obscure izenburupean, Benjamin Lazar, eta Geoffroy Jourdain antzerkigileen eskutik.[3]

    Egitura, gaiak eta pertsonaiak

    Margarita Nafarroakoa. Francois Clouetek egindako erretratua.

    Margarita Angulemakoa Boccacciok Il Deccameronen erabilitakoaren antzeko eraketaz baliatu zen: Pirinio aldean euri-erauntsiek komentu batean zenbait egunez irten gabe egotera beharturiko bost zaldunek eta beste hainbeste damak zenbait kondaira kontatzen dituzte denbora-pasa moduan. Egun bakoitzeko hamar istorio edo ipuin kontatzen dituzte, orotara. Idazlana, beraz, istorio ugari biltzen dituen istorio bat dela erran daiteke.

    Istorioen gaiei dagokienez, asko maitasunari, lizunkeriari, desleialtasunari eta bestelako afera erromantiko eta sexualei buruzkoak dira. Aitoren seme, apaiz, dama gazte eta emakume ezkonduen gorabeherak biltzen dituzte kontakizunok. Errealismoz eta molde satirikoan trataturik daude. Istorioen ondorengo iruzkin eta eztabaidetan egileak amodioaren teoria platonikoa azaltzen du, zenbait gogoeta moralekin batera.

    Istorioak kontatzen dituzten hamar pertsonaien artean bost dira emakumeak (Parlamente, Oisille, Longarine, Ennasuite eta Nomerfide) eta bost gizonak (Hircan, Geburon, Simontault, Dagoucin eta Saffredent). Dekameronean zazpi emakume eta hiru gizon ziren. Heptameroneko pertsonaiei buruz anitz eztabaidatu dute kritikariek, eta askok Margarita bere inguruko pertsona errealetan oinarritu zela diote. Horrela, adibidez, Hircan pertsonaiaren atzean Margaritaren senarra, Henrike II.a, egon liteke, eta Oisilleren atzean Luisa Savoiakoa, Margaritaren ama. Margarita bera Parlamente pertsonaiak ordeztuko luke.

    Heptameroneko pertsonaiak[4]
    Izena Emakumea / Gizona Balizko pertsona erreala[5] Ezaugarriak
    1 Dagoucin Gizona Zalduna, Oisille damaren zerbitzaria. Lapurren kontra borrokatu behar izan du bidean, Hircan eta Saffredent-ekin batera.
    2 Ennasuite Emakumea Nomerfide-rekin batera hartz batengandik bizkor ihes egin duen dama, baina zaldiak hil dira abadiaren sarreran bizkorregi ibiltzeagatik eta zerbitzari guziak hil ditu hartzak.
    3 Geburon Gizona Etxola batean ohean zegoela, hiru gizonek eraso zuten; atorra hutsik bazegoen ere, ezpataz hain ongi jo zuen bat, non han berean gelditu baitzen. Bertze biak laguna sokorritzen gelditu direlarik, atorra hutsik zegoela egin du ihes, eta onik atera da.
    4 Hircan Gizona Henrike II.a Nafarroakoa Zalduna, Parlamenteren senarra. Cauteretseko bainuetxetik hiru senar-emazte etxerako bidean zihoazela, lapurren kontra borrokatu behar izan dute gogor. Longarine-ren senarra borrokan hil da. Hirugarren zalduna Saffredent da.
    5 Longarine Emakumea Gazte alargundu berria, lapurren kontrako borrokan hil baitiote senarra.
    6 Nomerfide Emakumea Ennasuite-rekin heldu den beste dama.
    7 Oisille Emakumea Luisa Savoiakoa Esperientzia handiko dama alarguna da. Duen adinagatik, badirudi Oisille taldeko lider ez-ofizial izendatu dutela. Monasteriora iritsi den lehena izan da. Bidaia oso gogorra izan denez, azkenean bi zerbitzarirekin bakarrik geratu da. Testuak irakurri eta aztertzea gustuko du. Horretan aritu nahi du monasterioan, zubia eraiki bitartean. Oisilleri eskatu dio taldeak idazketan irakasteko, egunero narrazio-txanda baino lehen. Istorio bakoitzaren ondorengo elkarrizketetan, Oisillek historiako pertsonaien ekintzak defendatzeko joera du. Eta kontatzen dituen istorio batzuetan pertsonaia zintzoegiak erabiltzen ditu. Adibidez, bigarren istorioko andreak bere bertutea babestu nahi du, eta gizon batek hil egiten du hura bortxatzen saiatzen denean.[5]
    8 Parlamente Emakumea Margarita Angulemakoa (egilea bera) Dama, Hircanen emaztea.
    9 Saffredent Gizona Zalduna, Oisille damaren zerbitzaria. Lapurren kontra borrokatu behar izan du Hircan eta Dagoucinekin batera.
    10 Simontault Gizona Zalduna. Gizonak eta zaldiak eraman dizkio ibaiaren korronte indartsuak, bera salbatu da baina.

    Heptameroneko herriak eta bideak

    Liburua Pirinio Garaietan kokatzen da Lurda (frantsesez, Lourdes) eta Oloroe-Donamaria herri ezagunetatik gertu. Eurite handia izan delako, liburuko pertsonaia gehienak Cauterets-etik datoz, bainuak hartzetik, eta gorabehera askoren ondoren heldu dira Zarrantzako monasteriora, Saint Savin-eko abadian barrena.[6] Baina hor gelditu beharko dute 10 egunez-edo, urez gainezka datorren Aspeko uhaitzeko zubi bat konpondu arte.[7] Hurbiltzeko egin duten bidea alboko mapa interaktiboan ikus dateke.

    Geburon zalduna Pierrefitte herritik etorri da ihesean. Cauteretsetik, berriz, hauek etorri dira: Oisille dama adindua, Hircan zalduna eta Parlamente, haren emaztea, Longarine emakume gazte alargundu berria (monasteriorako bide gorabeheratsuan alargundua, hain xuxen), eta bi zaldunak (Dagoucin eta Saffredent).

    Argitalpena

    Poline eta haren maitalea biak zorabiatuta (Heptameroneko 19. istorioko ilustrazioa, 1698)

    Idazlana 1558an argitaratu zen lehen aldiz, egilea hil ondoren. Edizio hura Pierre Boaistiauk prestatu zuen Histoires des amans fortunés izenburupean eta ez zen osoa, istorioak laburturik bildu baitzituen eta haietatik bost baztertu baitzituen. Bestalde, Boaistiauk idazlanaren egilea anonimotzat jo zuen hasieran,[8] baina Margaritaren alaba Joana Albretekoa, liburua Parisen eta haren arrakasta ikusirik, suak hartu omen zuen, eta argitalpen berria egitea erabaki zuen.[9] Argitalpen osoagoa 1559an plazaratu zen, Claude Grugeten eskutik, honako izenburupean: Heptaméron des nouvelles de très illustre et très excellente princesse Marguerite de Valois, reine de Navarre (Nafarroako Erregina, Margarita Valoisko printzesa odol txit garbiko eta bikainaren eleberrien Heptamerona).[10] Edizio hartan Boaistiauk bazterturiko istorioak ere bildu, eta, istorio bakoitzaren sarrera eta epilogoa gehitzeaz gain, aipatzekoa da orduan eman zitzaiola lanari Heptameron izena. Hala ere, esan beharra dago argitalpen horren zehaztasuna ere zalantzan jarria izan dela, honetan ere istorioen ordena aldatua izan dela uste baita, bai eta edukia ere, irakurleentzat zati deserosoenak moldatuz.

    Euskarazko bertsioa sortzeko ekimena

    2020an, COVIDa zela-eta izandako itxialdian sortu zitzaion Fito Rodriguezi idazlana euskarara itzultzeko ideia (Margaritak berak izurritearen ondorioz konfinaturik zelarik idatzi zuela uste baita), eta asmoa aipatu zien hainbat euskaltzaleri. Ondoren, Booktegi plataformak eta Nafar Ateneoak sustaturik, lanari ekin zioten.[8][10][1] Izan ere, garai hartan ez zen euskarazko itzulpen osorik, nahiz eta baziren istorio solte batzuk euskaratuak lehendik ere (Toribio Etxeberriak batzuk eta Orpustanek beste batzuk).[8]

    Itzulpen lana nekeza izango zelako ustean, eta lana bideragarriago bihurtzearren, urtero atal baten itzulpena egitea erabaki zuten.[10][8] Jatorrizko liburuak dituen 72 kontakizunak zortzi liburukitan banatuta argitaratuko ziren, eta zortzi itzultzaile bikote ariko ziren horiek euskaratzen. Begoña del Tesoren arabera, Leizarragari Ebanjelioak euskaratzeko agindua luzatu zion Albreteko Joanaren amaren hizkuntza euskarara ekartzea erronka handia da.[10][11][12] Itzulpena egiteaz gain, irakurraldiak grabatu eta jendearen eskuragarri ezartzeko asmoa zuen taldeak.[8] Hain zuzen, Booktegik jadanik bilduak zituen Margarita Angulemakoaren inguruko hainbat gogoeta, istorio eta ikerketa.

    Lehen egunaren itzulpena

    2020/2021ean egin zuten lehenbiziko atalaren itzulpena, talde lanean. Horrela, bada, aitzinsolasa eta lehen eguneko hamar istorioak Fito Rodriguezek eta Xabier Artola Zubillagak itzuli zituzten, eta Josu Zabaletak gainbegiratu zituen gero. Azala berriz, Uxue Pascualek egin zuen.[13] Iruñeko Kondestablearen jauregian egin zuten jendaurreko irakurraldia, hirurogei lagunen aitzinean.[14]

    Bigarren egunaren itzulpena

    2021/2022an itzuli zituen Xabier Artola Zubillagak bigarren eguneko 10 istorioak; Itziar Diez de Ultzurrunen esku egon zen, kasu honetan, gainbegiratzeko ardura. Nafar Ateneoak eta Booktegik 2. liburuki euskaratu berriaren jendaurreko irakurraldi publikoa antolatu zuten, urriaren 29an Amaiurren.[15][16][17][18][2]

    Laugarren egunaren itzulpena

    2022/2023 ikasturtean 3. egunaren itzulpena egiteko txanda bazen ere, antolaketa arazo batzuk zirela medio laugarren eguneko 10 istorioak euskaratu ziren. Itzulpena Xabier Artola Zubillagak egin zuen, eta kasu honetan ere ohargilea Itziar Diez de Ultzurrun izan zen. Jendaurreko irakurraldi publikoa Orbaizetako Kultur Olan antolatu zuten, urriaren 21ean.[19][20]

    Espainierara egindako itzulpenak

    Heptameroneko ilustrazio bat (1894)[21]
    • El Heptamerón,. (1929). Cuentos de la Reina Margarita de Navarra. Aguilar PMC 710015890. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).[22]
    • "El Heptamerón", Barcelona: Ediciones Marte, 1966. Itzultzailea: Josefina Martínez Gastey. Ilustratzailea: Munoa.
    • Heptamerón, Barcelona: Editorial Iberia, 1967, Obras Maestras, 2 vols. Itzultzailea: Pilar Guibelalde.
    • Heptamerón, Barcelona: Ediciones 29, 1970, Colección Clásicos amorosos,
    • Heptameron, Madrid: Club Internacional del Libro, D.L., 1978, Clásicos universales de la literatura erótica, 2 vols. ISBN
    • z84-7461-066-4.[23]
    • Heptamerón, Madrid: Cátedra, 1991, Letras universales, 160, tItzultzailea: María Soledad Arredondo. ISBN 84-376-1012-5.[24]
    jatorrizko liburuko ilustrazioa, 19. orrialdean

    Erreferentziak

    1. Izaga, Xabier. (2021-11-03). ««Heptamerona» klasikoko lehen eguneko ipuinak, euskaraz» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
    2. (Gaztelaniaz) Anbustegi, Fernando. (2022-10-31). «Lectura continuada de ‘Heptamerón’ en Amaiur» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
    3. (Frantsesez) «Heptaméron, récits de la chambre obscure» Opéra Royal de Liège Wallonie 2023-08-20 (Noiz kontsultatua: 2023-08-21).
    4. Margarita Nafarroakoa. (2022). Heptamerona. 1. eguna. Aitzinsolasa. Booktegi eta Nafar Ateneoa.
    5. (Ingelesez) The Heptameron Characters. The Heptameron Summary & Study Guide Description.. (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
    6. Artola, Xabier. (2020-07-08). Zarrantza – blogoetak. (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
    7. Artola, Xabier. (2022-08-27). Egilearen xerka: Zarrantzatik Leskarreraino – blogoetak. (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
    8. Tubia, Iker. (2023-08-21). «Konfinatutako erregina baten eleak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
    9. Nancy Lyman Roelker, Queen of Navarre : Jeanne d’Albret 1528-1572, Cambridge, Harvard UP, 1968, p. 248.
    10. Teso, Begoña del. (2022-10-23). «Margarita» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
    11. «Heptamerona eta Nafarroako Gobernua» ZUZEU 2021-10-24 (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
    12. Azurmendi, Nerea. (2021-06-21). «Margarita Nafarroakoaren 'Heptamerona', euskararako bidean» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
    13. «Heptamerona – 1. eguna» Booktegi (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
    14. Maia, Josu Jimenez. «Heptamerona eta Nafarroako Gobernua» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
    15. «Gabriel Arestik esana -» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-23).
    16. «Heptamerona – 2. eguna» Booktegi (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
    17. (Gaztelaniaz) Jimenez Maia, Josu. (2022-10-21). «Heptamerona eta Nafarroako Gobernua» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
    18. @Heptamerona -Twitter. (2022-10-30). «Atzo Margaritarekin eman genuen eguna, Amaiurren, berak idatzitako Heptameronaren 2. atala irakurtzen» Twitter (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
    19. «Urriaren 21ean egingo da Heptameronaren irakurketa Orbaizetan» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-10-23).
    20. Artola, Xabier. (2023-09-26). Heptamerona, 4. eguna: irakurraldia Orbaizetan. – blogoetak. (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
    21. (Ingelesez) Saintsbury, George; Dunker, Balthasar Anton; Freudenberger, Sigmund. (2006(e)ko ots. 7(a)). The Tales of the Heptameron, Vol. 5 (of 5). (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
    22. El., Heptameron,. (1929). Cuentos de la Reina Margarita de Navarra. Aguilar PMC 710015890. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
    23. Margarita, Reina consorte de Enrique II, Rey de Navarra. (D.L. 1978). El heptamerón. Club Internacional del Libro ISBN 84-7461-066-4. PMC 432595925. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
    24. Margarita, Reina consorte de Enrique II, Rey de Navarra. (D.L. 1991). Heptamerón. Cátedra ISBN 84-376-1012-5. PMC 434593479. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.