Helasse

Helasse edo Helass antzinako barduliar edo karistiarren artean agertu den jainkosa baten izena da[1], erromatarren garaiko idazkun batean agertua. Helasse-ri botoz egindako inskripzioa, ustez K.a. II. mendekoa, Arabako Miñaon aurkitu zuten. Jainko-jainkosei eskainitako inskripzio botiboetan izen jainkotiarra datiboan agertu ohi denez, eta ez dakigunez bukaerako -e hori datibo indigenaren bat ez ote den, baliteke, izena, bere forma nominatiboan, "Helass" izatea.

Arabako Miñao herria. Bertan topatu zuten Helasse jainkosari eskainitako inskripzioa
Helasseren aldarea. K.o.II mendea. Arabako Arkeologia Museoa.

Helasse da Akitania erromatarraren eremutik kanpo topatutako euskal jainko-jainkosen izenetariko bat. Datu hori garrantzitsua da, Akitanian baitaude garai zaharretako euskal dibinitateei eskainitako epigrafe gehien.

Ez dugu ezagutzen jainkosa honen beste ezaugarrik. Joakin Gorrotxategi eta beste zenbait adituek hala ere dibinitate hau emakumezkoa dela baieztatzen dute[2].

Joakin Gorrotxategik[3], Estibaliz Breñas eta Jon Otsoa de Aldak uste dute "Selatse" baskoien jainko izenetik gertu dagoela (Nafarroako Barbarinen aurkitutako inskripzio batean ageri dena).[4]

Inskripzioa

Gaur egun inskripzioa duen aldarea Arabako Arkeologia museoan gordetzen da.

Testua eta horren irakurketa

Ae(l)lia / Hellice / Helasse.

Itzulpena: Ae(l)lia Hellice-k Helasse-ri (dedikatzen dio monumentu hau)[5].

Epigrafean agertzen den pertsona izena, aldarea eskaini zuena alegia, Aelia Hellice. Aelia emakume izen erromatarra da, nahiko ohikoa, eta Hellice izen greziarra. Horrek pentsarazten du Aelia Ellice emakume esklaboa zela[3][6].

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Gorrochategui Churruca, Joaquín; Ramírez Sádaba, José Luis. (2013-11-10). «La religión de los Vascones. Una mirada comparativa. Concomitancias y diferencias con la de sus vecinos» Cuadernos de Arqueología de la Universidad de Navarra 21: 113–149. ISSN 2387-1814. (Noiz kontsultatua: 2022-08-24).
  2. Olivares Pedreño, J.C. (2002) Los dioses de la Hispania céltica. Real Academia de Historia. Universidad de Alicante.
  3. Gorrochategui Churruca, Joaquín. (1984). Acerca de "Helasse", teónimo indígena atestiguado en Miñano Mayor (Álava). ISSN 0213-2095. (Noiz kontsultatua: 2023-09-30).
  4. Breñas Gonzalez de Zarate, Eatibalitz; Otsoa de Alda, Jon. (2002). "Helasse. Miñao Goien" In Arabako Euskal Hotsak. Gasteiz: Geu Elkartea, 17 or. ISBN 8493227501..
  5. https://klasikoak.armiarma.eus/testuak/testuakEpigrafikoak016.htm
  6. Museoaren gida. 20 pieza nabarmen. .

Bibliografia

  • Larrañaga Elorza, K. (1988), "Euskal Herria Antzinatean". Materiale eta Agiriak, UNED-Bergara, 315 or., 172 zk.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.