Martin Heidegger
Martin Heidegger (Meßkirch, Alemania, 1889ko irailaren 26a - Friburgo, Alemania, 1976ko maiatzaren 26a) filosofoa izan zen. Fenomenologiarekin eta existentzialismoarekin lotu izan da. Haren libururik ospetsuena, Sein und Zeit («Izatea eta denbora»), filosofiaren arloan XX. mendeko garrantzizkoenetakotzat jotzen da[1].
Martin Heidegger | |
---|---|
(1960) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Meßkirch, 1889ko irailaren 26a |
Herrialdea | Weimarko Errepublika Hirugarren Reicha Mendebaldeko Alemania |
Heriotza | Friburgo, 1976ko maiatzaren 26a (86 urte) |
Hobiratze lekua | Meßkirch |
Heriotza modua | : gaixotasun infekziosoa |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Elfride Heidegger (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Friburgoko Unibertsitatea : Teologia, filosofia Friburgoko Unibertsitatea 1916) Doktoretza : filosofia |
Hezkuntza-maila | doktoretza |
Tesi zuzendaria | Heinrich Rickert |
Doktorego ikaslea(k) | Hans Jonas (en) Herbert Marcuse Victor Farías (en) Jacob Klein (en) Walter Bröcker (en) Hans-Georg Gadamer Fernando Huidobro (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Irakaslea(k) | Edmund Husserl Heinrich Rickert Carl Braig (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, poeta eta unibertsitateko irakaslea |
Lantokia(k) | Marburg eta Friburgo |
Enplegatzailea(k) | Friburgoko Unibertsitatea (1915 - 1923) Marburgeko Unibertsitatea (1923 - 1928) Friburgoko Unibertsitatea (1928 - 1958) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Edmund Husserl, Friedrich Nietzsche, Søren Kierkegaard, Heraklito, Anaximandro, Parmenides, Aristoteles, Platon, Tomas Akinokoa, Joan Duns Eskoto, Immanuel Kant, Franz Brentano eta Wilhelm Dilthey |
Kidetza | Zientzia eta Humanitateen Heidelbergeko unibertsitatea Bavariako Arte Ederren Akademka |
Mugimendua | Conservative Revolution (en) |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista |
Bizitza
Teologia katolikoa, natura-zientziak eta filosofia ikasi zuen Friburgoko Unibertsitatean. Bertan Heinrich Ricketen ikasle izan zen, Badengo Eskolako neokantismoaren berritzaile nagusienetakoa eta gero, fenomenologiaren sortzailea hatrzen den Edmund Husserlen laguntzaile. 1915ean hasi zituen bere irakaskuntza lanak Friburgon , ondoren Marburgon aritu zen 1923tik 1928 arte. Urte horretan Friburgora itzuli zen Filosofiako katedran Husserlen ondorengoa izateko[1].
Heideggerren bizitzaren puntu polemikoena nazismoarekin izan zuen loturarekin du zerikusia. 1933an Hitler aginteaz jabetu orduko Heidegger Friburgoko Unibertsitateko errektore hautatua izan zen eta NSDAPren kide egin zen[2]. Nazional-sozialista izanagatik ez zegoen ados Berlinen nagusitu zen kultur politikarekin eta alderdiko lehiakide batzuen ideologia biologista ere kritikatu zuen, bere ustez arrazakeria Modernitatearen beste ezaugarri bat besterik ez zelako[3]. Aliatuek Alemania okupatu eta gerra bukatu arte Alderdi Nazional-Sozialistako kide izaten jarraitu zuen eta, autore batzuen ustez, hil arte mantendu zuen pentsamoldea[4].
Desnazifikazio komite frantsesaren aurrean deklaratu zuen NSDAPri atxikitzea Alemanian komunismoa ez nagusitzeko modua izan zela[5]. Gerraostean, 1951a arte, irakastea debekatu zioten.
Heideggerren aldekoek, batik bat Hannah Arendt judutarrak, bere nazismoa "akats pertsonal" bezala zuritu dute, eta haren filosofiaren gainean islarik ez duela izan defendatu dute. Kontrakoek, Emmanuel Lévinas, Karl Löwith edo Adornok esaterako, adierazi dute Heideggerrek nazismoa babesteak haren pentsamoldearen akatsak islatzen dituela. Kontua da bere filosofian oinarrizkoak ziren Dasein bezalako kontzeptuei ondoren etorri zen Hirugarren Reicharen garaian konkrezio politiko jakin bat eman ziela Heideggerrek. Adibidez, Dasein errealitate prekontzeptual bat izatetik herri alemanarekin identifikatzera pasatzen da; edo, posibilitate multzo izatetik Estatu alemana izango den proiektua izatera[6].
Filosofia
Heideggerren programa filosofikoa izatea-ren gogoeta berri bat plazaratzea izan da, izatearen zentzuari buruzko galdera berri bat pausatzea. Horrekin izatea, izakitik bereiztuz, Kategorietara murriztetik eta interes epistemikoen monopoliotik libratu nahi du. Asmo horretan metafisika bezala ulertzen den filosofiaren historia guztiari kritika egingo dio lehenik, gero kritika handik eratortzen den Modernitatean zentratzeko, batez ere, praktika tekno-zientifikoan[7], gizarte administratuaren antolaketan eta harreman pertsonalen artifizialtzean[8].
Programa hori gauzatzeko landu beharreko esparrua ontologia izango da. Bere irakasle Husserlen ikuspegi fenomenologiko klasikoaren aurka abiatuko da. Fenomenologiaren aurka jotzeko bi arrazoi ditu Heideggerrek: Alde batetik, ez du onartzen fenomenologiak behar duen ezagutzaren auto-oinarritze kartesiarra; bestetik, fenomenologiak proposatzen duen ikuskera huts ustez neutroa arbuiatu eta ikuskera hermeneutikoa hobetsiko du[9], oinarrizko ontologia bat hausnartzeko bidean[1].
Oinarrizko ontologia edo Izatearen zentzua
Heidegger argudiatu zuen Mendebaldeko filosofian, Platonez geroztik, izatea-ren esanahia gaizki ulertu dela. Izan ere, gai hori jorratzean entitate jakinak eta haien ezaugarriak izan dituzte ardatz eta, horren ondorioz, Izatearen auzi ontologikoari entitate edo izaki ontikoei dagokien erantzuna eman zaie[10]. Grekoentzat izatea errealitate objetiboarena izan da, modernitatean izatea subjektuak ipiniko du baina bietan izatea intelektualizatu egin da. Izatea ezagutu beharreko objektu soil gisa eta subjektua ezagutzaile soil gisa hartu dela salatuko du Heideggerrek[11].
Heideggerren aburuz, gaizki ulertze horrekin ezin da bizitza edo historikotasuna ulertu. Beharrezkoa izango da izatearen arazoa birplanteatzea, izatearen zentzuaz galdetzea, baina oraingoan denboraren auziarekin lotuta agertu beharko du[10]. Beste modu batean esanda, Platonek izatea denboragabekoan kokatu bazuen Heideggerrek denborazkoan kokatu nahiko du[12]. Asmo hori bi eginkizunetan gauzatu behar da. Alde batetik, Dasein-aren analisi bat egin behar da denborazkotasunaren eremuan eta, bestetik, metafisikaren historiaren deuseztapenari ekin behar zaio denborazkotasuna kontutan hartuz[13].
Dasein-a
Izatearen auziari modu egokian ekiteko beharrezko da galdera planteatzeko gai den izakiaren analisitik hastea. Halako galderak planteatzeko gai den izakiaren analisia egingo du Heideggerrek, horregatik da oinarrizko ontologia bat edo hermeneutika[14]. Izaki hori gizakia da baina Heideggerrek, pentsaera tradizionaletik aldentzeko, “gizaki” hitza baztertu eta bere ordez "Dasein" hitz alemana erabiliko du. Erabilera arruntean existentzia esan nahi du baina “Da-sein” bezala “Hor-izan” esanahia ere hartzen du. Heideggerren erabileran, beraz, Daseina ez da gauza bat existentzia bat baizik eta bere izateko moduari "munduan-izan" deituko dio[10][14].
Heideggerrek bere lehen ikastaroetatik bereizten zuen jada ezberdina zela gauzak eguneroko bizimunduan topatzea edo horiengana asmo teoriko batekin hurbiltzea. Ondorioz, Daseina elkarmunduko jendeaz eta bizimunduko gauzekin[15] topatzen den heinean sortuko da nia. Izatea eta denbora (1927) bere obra ezagunenean agertzen da Daseinaren analisi sistematikoena. Liburu hori, Izatearen ikerketa orokorra behar zuena, Daseinaren analisira mugatu zen[16].
Denbora
Izatearen planteamendu berria denborazkotasunetik pausatzeko, Daseinaren existentzian heriotzak duen garrantzian pentsatu behar da. Daseina existentzia den heinean posibilitate multzoa da baina posibilitateak bere muga heriotzan du. Daseina heriotzaranzkoa izateak ahalbidetuko du Izatearen eta denboraren arteko lotura[17].
Humanismoari kritika
Izatea eta denbora-k Izateari buruzko hausnarketa orokorra izan behar bazuen ere azkenean Daseinaren analisira mugatu zen. Horregatik, Heideggerrek gizakiaren analisi bat egin zuela interpretatu zuten askok eta bere filosofia existentzialismoarekin lotu zuten. Heidegger berehala saiatu zen Frantzian nagusitzen ari zen Sartreren existentzialismotik urruntzen[18].
Sartrek existentzialismoa humanismo bat zela aldarrikatu zuen. Heideggerrek humanismo hori Modernitatearen emaitza dela salatuko du, izatea ahaztu eta subjektua indartzen duen metafisikaren emaitza.
Sartrek esentziaren aurretik existentzia ipini zuen bezala Heideggerrek, bere aldetik, Daseinaren esentzia bere existentzian zetzala esan zuen. Dena den, Humanismoari buruzko gutuna (1947) testuan Sartreren existentzialismotik aldendu nahi du Heideggerrek.
Sartreren gizakia munduko izaki guztien artean izaki nagusia da, guztien aurka borrokatzen duena eta guztiaren oinarria dena. Heideggerren Daseina ez da izaki bat, gutxiago nagusia. Sarri, gainera, komunitatearen menpe ageri da arrunkerian murgilduta. Heideggerrek esango du gizakia ez dela izatearen nagusia, izatea zaintzen duen artzaina baizik[19].
Metafisika eta hizkuntza
Heidegger jabetu zen bere programa filosofikoa aurrera eramatea ariketa zaila zela. Metafisikak baldintzatutako hizkuntzak porrot egiten du. Izatea eta denbora idaztean azaldutako arazoen berri ‘’Humanismoari buruzko gutuna’’ (1947) testuan emango du[18].
Izatea eta denbora osteko idatzietan metafisikaren arazoek garrantzi berezia hartuko dute. Autore batzuek Heideggerren pentsamenduan biraketa bat eman dela defendatuko dute. Beste batzuek, aldiz, Izatea eta denbora lan amaitu gabearen jarraipena ematen dela esango dute[20][21].
Esan liteke Heideggerrek presentziaren metafisika atzean utzi nahi duela izatea gertaera gisa kontsideratzeko. Izatea gertaera gisa artelanean ematen dela aipatulo du eta poesia dela arte guztien esentzia. Modu horretan hizkuntzaren zentzua hizkuntzaren barruan izatea aurkitzea dela azalduko du. Hizkuntza da izatearen gertaeraren tokia[22].
Estiloa
Heideggerrek estilo berritzailea, iluna eta konplexua erabiltzen zuen bere lanetan, berak esaten zuenez ateak irekitzeko egiten zuena. Gadamerrengan eragin handia izan zuen, Sartreren estilo zail eta berezian ere bai, L'Être et le néant obran esaterako.
Autore batzuen arabera Heideggerren kontzeptu nagusien indefinizioak bere mintzamoldea anbiguoa bihurtzen du[23].
Eragina
Heideggerren lanak eragin handia izan du filosofian, teologian eta gizarte zientzietan. Filosofiaren barrenean, abiapuntua izan zen existentzialismoa, hermeneutika, dekonstrukzioa, postmodernismoa eta, oro har, filosofia kontinentala garatzeko. Entzute handiko filosofo andanak aztertu dute Heideggerren lana, hala nola Karl Jaspers, Leo Strauss, Ahmad Fardid, Hans-Georg Gadamer, Jean-Paul Sartre, Emmanuel Lévinas, Hannah Arendt, Maurice Merleau-Ponty, Michel Foucault, Richard Rorty eta Jacques Derrida.
Erreferentziak
- Galparsoro (2008): 353. or.
- Azurmendi (2011): 139. or.
- Azurmendi (2011): 140. or.
- Azurmendi (2011): 142. or.
- Azurmendi (2011): 144. or.
- Azurmendi (2011): 131. or.
- Azurmendi (1998): 47-64 or.
- Azurmendi (2011): 115-6. or.
- Leyte (1999): 20-30 or.
- Galparsoro (2008): 354. or.
- Azurmendi (2011): 115. or.
- Azurmendi (2011): 114. or.
- Leyte (1999): 21. or.
- Leyte (1999): 23. or.
- Leyte (1999): 23-27 or.
- Azurmendi (2011): 119-20. or.
- Azurmendi (2011): 123. or.
- Galparsoro (2008): 357. or.
- Azurmendi (2011): 122. or.
- Galparsoro (2008): 358. or.
- Leyte (1999): 22. or.
- Galparsoro (2008): 360-1 or.
- Azurmendi (2011): 130. or.
Bibliografia
- Azurmendi, Joxe (1998): “Heidegger, Heisenberg: Ezinezkoa izan zen elkarrizketa” in Teknikaren meditazioa, Donostia, Kutxa Fundazioa. ISBN 84-7173-334-X
- Azurmendi, Joxe (2011): "Filosofia eta poesia: Platon eta Homero, Heidegger eta Hölderlin" in Joxe Azurmendi (arg.): Filosofia eta poesia, Andoain, Jakin. ISBN 978-84-95234-43-8
- Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Martin Heidegger" in Agustin Arrieta, Ibon Uribarri (koord.): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2
- Leyte, Arturo (1999): Heidegger: Hermeneutika eta Funtsezko Ontologia, Andoain, Jakin. ISBN 84-95234-03-3