Ozeano Atlantikoa
Ozeano Atlantikoa[1] bost ozeanoen artean bigarren handiena da, 86.133.000 kilometro karraturekin. Gutxi gorabehera Lurraren %17 estaltzen du, eta uraren gainazalaren %24. Esplorazioen Aroan "Mundu Zaharra" (Afrika, Europa eta Asia) eta "Mundu Berria" (Amerika) bereizteagatik zen ezaguna.
Ozeano Atlantikoa | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | ozeano |
Zabalera | 5.000 km |
Azalera | 106.460.000 km² |
Sakonera | 8.605 m 3.646 m |
Bolumena | 305.811.900 km³ |
Eponimoa | Atlas |
Geografia | |
Koordenatuak | 0°N 30°W |
Honen parte da | World Ocean (en) |
Lurraldeko administrazio-erakunde | Itsas zabal |
Hidrografia | |
Ibaiadarrak | ikusi
|
Europa, Afrika eta Asia Amerikatik bereiztean, Ozeano Atlantikoak funtsezko eginkizuna izan du giza-garapenean, globalizazioan eta nazio askoren historian. Eskandinaviarrak izan ziren Atlantikoa zeharkatu zuten lehen gizaki ezagunak, baina Kristobal Kolonen espedizioak izan zuen eraginik handiena 1492an. Kolonen espedizioak Europako potentziek batez ere Portugalek, Espainiak, Frantziak eta Erresuma Batuak Amerikak esploratu eta kolonizatzeko aro baten hasiera ekarri zuen. XVI. eta XIX. mendeen artean, Ozeano Atlantikoa izan zen esklaboen merkataritzaren eta kolondar trukearen erdigunea, eta, aldi berean, itsas guduak izan zituen noizbehinka. Itsas bataila horiek eta Ameriketako Estatu Batuak eta Brasil bezalako potentzia amerikarren merkataritza gero eta handiagoak XX. mendearen hasieran gora egin zuten, eta gaur egun Atlantikoan gatazka militar handirik izan ez den arren, ozeanoa merkataritzaren osagai nagusia da oraindik mundu osoan.
Ozeano Atlantikoak S formako arro luzanga bat hartzen du, Europa eta Afrikaren artean luzetara hedatzen dena, eta Ameriketatik mendebaldera. Munduko Ozeanoa interkonektatuaren osagai gisa, Ozeano Artikoarekin iparraldean, Ozeano Barearekin hego-mendebaldean, Indiako Ozeanoarekin hego-ekialdean, eta Ozeano Antartikoarekin hegoaldean (beste definizio batzuen arabera, Atlantikoa hegoalderantz hedatzen da Antartidaraino) konektatuta dago. Ozeano Atlantikoa bi zatitan banatuta dago: Ipar Atlantikoa eta Hego Atlantikoa, ekuatorearen alde bietan.
Toponimia
Atlantiko hitzaren aipamen ezagunik zaharrena Estesikorok egin zuen K.a. VI. mendean (Sch. A. R. 1. 211): Atlantikôi pelágei (antzinako grezieraz: Ἀτλαντικῷ πελάγει; Atlasen itsasoa)[2] eta Herodotoren Historiak lanean (K.a. 450; Hdt. 1.202.4) Atlantis thalassa gisa agertzen da (antzinako grezieraz: Ἀτλαντὶς θάλασσα)[3], "Herkulesen zutabeen ondoren", eta esaten du lur guztia inguratzen zuen itsasoa zela. Bi erabilera hauetan Atlasi egiten dio erreferentzia, greziar mitologiako Titan bat, zeruak eusten dituena. Atlas Erdi Aroko mapetan agertu ohi da, alboak irudikatzen, eta horregatik deitzen zaie horrela atlasei. Bestalde, Antzinako Greziako marinelentzat, zein Iliada eta Odisea lanetan, lur guztia inguratzen duen ozeanoari Ozeano deitzen zaio, mundua inguratzen duen ibai erraldoi, greziarrek ondo ezagutzen zituzten Mediterraneoa eta Itsaso Beltzarekin kontrajarrita[4]. Atlantikoa Atlas mendien mendebaldean zeuden, Marokon, Gibraltarko itsasartea behin igarota[5].
XIX. mendearen erdialdera arte, Hego Atlantikoari Etiopiako Itsasoa izena ematen zitzaion, Etiopiari erreferentzia egiten dion izena[6]. Esplorazioen Aroan Atlantikoa maiz agertzen zen mapetan Mendebaldeko Ozeano Handia izenarekin[7].
Bereizten dituen kulturak antzekoak izanda, maiz bere benetako tamaina gutxiesten duten terminoak erabiltzen dira, hala nola AEBn eta Ingalaterran the pond[8] eta Espainian eta Hego Amerikan el charco[9], biak putzua esan nahi dutenak.
Geografia
14.700 km luze eta 106.400.000 km² inguru ditu (munduko bigarrena Ozeano Barearen ondotik). Muga hauexek ditu: Ozeano Artikoa, iparraldean; Ozeano Antartikoa, hegoaldean. Itsaso garrantzitsuak ageri dira haren ondoan, luzakin gisa: Ipar Itsasoa, Itsaso Baltikoa, Mediterraneoa, Karibe Itsasoa.
Ozeano Atlantikoak «S« luze eta zabal baten itxura du, antzina elkarturik zeuden Amerika eta Afrika bereizi ondoren sortu bide zena. Iparretik hegoaldera hedatzen den urpeko mendilerro batek (Atlantikoko bizkarra) sakonune handiak ezkutatzen dituzten bi aldeetan banatzen du ezkerretik eskuinera Ozeano Atlantikoa.
Mendilerro horretako alde bolkaniko batzuk uraren gainetik ageri dira uharteak osatuz (Azore uharteak, Tristan da Cunha, Asuncion, Santa Helena,…). Beste uharte batzuk kontinenteko plataformetatik bereizitako guneak dira: Britainiar uharteak (Ingalaterra, Gales, Eskozia, Irlanda), Antillak, Kanariar uharteak. Atlantiko aldera doazen ur lasterren artean, oso ibai handiak ageri dira, Afrikan eta Ameriketan batez ere: Amazonas, Rio de la Plata, Mississippi, Orinoko, San Laurendi, Kongo, Gabon, Niger eta Europakoak (txikiagoak eskuarki).
Uraren gazitasuna % 35etik beherakoa da. Sakonera, 3.900 m batez beste, 9.200 m-ra iristen da Puerto Ricoko sakongunean. Ozeano Atlantikoan era askotako mugimenduak sortzen dira: itsasaldi bizienak badia eta itsasertzetan gertatzen dira. Urte osoan zehar egon ohi diren goi-presioek etengabeko haize boladak eragiten dituzte: alisioak. Ur laster hotzei (Benguela, Kanariar uharteak, Labrador eta Groenlandiakoa) eta beroei (Brasil, Ekuador, Ginea eta, batez ere, Golkokoa) esker, latitude berean dauden ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzetako lurraldeetan oso klima desberdina da.
Arrain kopuru handiko ura da: Ipar Itsasoa, Ternua-Kanada eta Afrika ipar-mendebaldea, nahiz hego-mendebaldeetakoak izan emankorrenak. Itsas nahiz airebide ugarik zeharkatzen dituzte ozeanoko bazter guztiak, Ipar Atlantikoan batez ere: iparraldeko bi aldeetan sortu dira munduko porturik garrantzitsuenak (Rotterdam, New York, Londres, Anberes, etab.).
Itsasorik handienak
Itsasorik handienak hauek dira:[10][11][12]
- Sargazoen itsasoa – 3,5 milioi km2
- Karibe itsasoa – 2,754 milioi km2
- Mediterraneoa – 2,510 milioi km2
- Gineako golkoa – 2,35 milioi km2
- Mexikoko golkoa – 1,550 milioi km2
- Norvegiako itsasoa – 1,383 milioi km2
- Groenlandiako itsasoa – 1,205 milioi km2
- Argentinako itsasoa – 1 milioi km2
- Labrador itsasoa – 841.000 km2
- Irminger itsasoa – 780.000 km2
- Baffin badia – 689.000 km2
- Ipar itsasoa – 575.000 km2
- Itsaso Beltza – 436.000 km2
- Baltikoa – 377.000 km2
- Libiako itsasoa – 350.000 km2
- Levanteko itsasoa – 320.000 km2
- Itsaso Zeltikoa – 300.000 km2
- Tirreniar itsasoa – 275.000 km2
- San Laurendiko golkoa – 226.000 km2
- Kantauri itsasoa – 223.000 km2
- Egeo itsasoa – 214.000 km2
- Jonikoa – 169.000 km2
- Balearretako itsasoa – 150.000 km2
- Adriatikoa – 138.000 km2
- Botniako golkoa – 116.300 km2
- Kretako itsasoa – 95.000 km2
- Maineko golkoa – 93.000 km2
- Liguriar itsasoa – 80.000 km2
- Mantxako kanala – 75.000 km2
- James badia – 68.300 km2
- Botniako itsasoa – 66.000 km2
- Sidrako golkoa – 57.000 km2
- Hebridetako itsasoa – 47.000 km2
- Irlandako itsasoa – 46.000 km2
- Azov itsasoa – 39.000 km2
- Botniako badia – 36.800 km2
- Venezuelako golkoa – 17.840 km2
- Campecheko badia – 16.000 km2
- Liongo golkoa – 15.000 km2
- Marmarako itsasoa – 11.350 km2
- Wadden itsasoa – 10.000 km2
- Uhartedien itsasoa – 8.300 km2
Historia
Bikingoek ezagutzen bazuten ere, XVI. mendearen hasiera arte, Ozeano Atlantikoa ez zen behar bezala esploratzen hasi. Kolonen aurkikundearen ondoren (1492), Ameriketara joateari ekin zioten espainiarrek eta portugaldarrek, Atlantikoaren bazter berriak arakatuz.
Ameriketako konkistan, espainiarren banderapean, parte hartu zuten hego euskaldunek eta lehen ekintza horietatik kanpo geratu ziren ipar euskaldunek [erreferentzia behar] Ipar Atlantikoko urak jorratuak bide zituzten Kolonen aurkikundearen aurretik Ternua eta Labradorren bidean (dena den, alde hartako egiazko arrantza industria XVI. mendearen hasieratik aurrera garatu zuten euskaldunek).
Aurkikunde garaietatik aurrera, mendeetan luzatu ziren emigrazio oldeak txandakatu ziren etenik gabe Europatik Ameriketara, itsasoa zeharkatuz. XX. mendearen lehen hamarkadetan egin ziren Atlantikoa airez zeharkatzeko lehen saioak.
Itsas lasterrak Ipar Atlantikoan
2018an UEUk antolatzen duen Txiotesia lehiaketa irabazleak (Naima El Beni) sei txiotan azaldu zuen "Ipar Atlantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz" izenburuko tesia.[13][14][15] Gaur egun, foraminiferoen inguruko doktorego-ikerketak egiten ari da Tromsøko Unibertsitatean.[13]
Erreferentziak
- Euskaltzaindiaren 52. araua: Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak). euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-25).
- (Gaztelaniaz) Mangas, Julio; Plácido, Domingo; Elícegui, Elvira Gangutia; Somolinos, Helena Rodríguez. (1998). La Península Ibérica en los autores griegos: de Homero a Platón. Editorial Complutense (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- «Ἀτλαντίς, DGE Diccionario Griego-Español» web.archive.org 2018-01-01 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- (Ingelesez) Janni, Pietro. (2016-01-01). «2 The Sea of the Greeks and Romans» Brill's Companion to Ancient Geography (Brill): 21–42. doi: . ISBN 978-90-04-28471-5. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- «Water, water, everywhere: how we named the oceans | OxfordWords blog» web.archive.org 2015-06-09 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- (Ingelesez) Ripley, George; Dana, Charles Anderson. (1873). The American Cyclopaedia: A Popular Dictionary of General Knowledge. Appleton (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- (Ingelesez) Steele, Ian Kenneth. (1986). The English Atlantic, 1675-1740: An Exploration of Communication and Community. Oxford University Press ISBN 978-0-19-503968-9. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- «POND | Definition of POND by Oxford Dictionary on Lexico.com also meaning of POND» web.archive.org 2021-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- «cruzar el charco - Diccionario Inglés-Español WordReference.com» www.wordreference.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- The World's Biggest Oceans and Seas. .
- World Map / World Atlas / Atlas of the World Including Geography Facts and Flags. .
- List of seas. .
- Galarraga, A.. (2019ko urtarrilaren 11). «Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea”» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2019ko apirilaren 29a).
- «Ipar Altantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- «Naima El Bani Altuna: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut" — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).