Hazkuntza-ingurune
Biologian eta mikrobiologian, hazkuntza-ingurunea edo hazkuntza-medioa bakterioak, onddoak edo zelulak hazteko laborategian erabiltzen den gel edo likidoa da, hazkuntzarako beharrezkoak diren elikagai guztiak dituena.
Mikroorganismo baten hazkuntza laborategian lortzeko bere eskakizun nutritiboak eta ekologikoak ezagutu behar dira. Esaterako, bere karbono eta nitrogenoaren iturria, behar dituen osagai mineralak, aerobio ala anaerobio den, bere tenperatura eta pH ezin hobea, etab. Hazkuntza-inguruneak laborategian hazten den mikrobioaren eskakizunak asetu behar ditu.
Hazkuntza-ingurune egokia eta inkubazio-baldintza zuzenak erabiliz (tenperatura, oxigenoa...) mikrobio jakin baten hazkuntza erraz lor daiteke laborategi batean.
Maiz deshidratatutako hauts gisa erosten da hazkuntza-medioa.
Hazkuntza-inguruneen motak
Konposizioari dagokionez bi mota daude:
- zehaztuak: haien konposizio kimikoa zehatza da. Konposatu organiko eta ez-organikoen kopuru zehatzak dituzte ingurune horiek.
- ez-zehaztuak edo konplexuak: mikrobio askorentzat oso elikagarriak diren substantzia dituztenak (esaterako, kaseina, odola, legamiak, haragia, soja-aleak...). Ingurune horietan osagaien konposizio kimiko zehatza ez da jakiten
Egitura fisikoari dagokionez bi mota daude:
- likidoak: kaldoak ere deituak. Esaterako, kaldo elikagarria, Mossel-en EE kaldoa, koliformeentzako BGBL kaldoa (behazun-berde distiratsua), etab.
- solidoak: ingurune horiei eragile gogorgarri bat gehitzen zaie: agarra, kasu gehienetan (itsasoko alga gorrietatik lortzen dena). Mikrobiologiaren hastapenetan gelatina erabiltzen zen, baina bere erabilera aspaldian baztertu zen agarraren onerako. Agarrezko hazkuntza-ingurunea Petri plaka izeneko ontzi zilindrikoan erabiltzen da. Hazkuntza-ingurune solidoen artean Sabouraud agarra, EMB agarra, TSI agarra edo xilosa-lisina-desoxicolato agarra (XLD), besteak beste, aipa daitezke.
Erabilerari dagokionez, hiru mota daude:
- orokorrak: mikrobio askoren hazkuntza ahalbidetzen dute. Adibidez, PCA agarra (ur eta janarien analisi mikrobiologikoan erabiltzen dena, mikrobio aerobio ugariren hazkuntza errazten baitu), TSA agarra (triptona-soja agarra), odol-agarra, etab.
- bereizgarriak: mikrobio desberdinen bereizketa eragiten dute, mota bateko eta besteko adierazlea baitute (tindatzaileak, esaterako). Adibidez, MacConkey agarra bereizgarria da, laktosa hartziten duten eta ez dutenen arteko bakterioen bereizketa egiten duelako (hartzitzaileek kolonia arrosak eratzen dituzte, eta besteek kolorerik gabeko koloniak). TSI agarra ere bai (hiru azukre eta burdina), enterobakterioak bereizten dituena haien hartziduraren arabera.
- hautakorrak: bakterio batzuen hazkuntza inhibitu eta besteena errazten dute. Esaterako, zetrimida agarra, Pseudomonas aeruginosa izan ezik gainontzeko bakterioen hazkuntza inhibitzen duena; amonio kuaternarioaren konposatuak ditu, Pseudomonas aeruginosa-en flora laguntzailea akabatzen dutenak. Edo GVPC agarra ere, Legionella bakterioaren isolaketa errazten duena. Baita Sabouraud-kloranfenikola ere, onddoak ez diren mikrobio guztiak hiltzen dituena. Hazkuntza-ingurune horiek guztiek mikrobio askoren hazkuntza galarazten duten substantziak dituzte (antibiotikoak, behazun-gatzak, hainbat tindatzaile, sodio-kloruroa kontzentrazio handietan, etab.)
Hazkuntza-ingurune batzuk bereizgarriak eta hautakorrak dira aldi berean. Esate baterako, eosina eta metileno urdinaren agarra (EMB), koliformeen ikerketan asko erabiltzen dena. Ingurune horren metileno urdinak bakterio Gram positiboak akabatzen ditu, eta eosinak, bestalde, pH-aren aldaketak antzemateko balio du (horrela, laktosa hartziten duten bakterioek berezko kolore bat ematen diote eosinari, laktosa hartzitzen ez dutenen aldean).