Hauteskundeak Baionan

Baionako udal hauteskundeetan Frantziako hauteskunde sistema erabiltzen da: hauteskundeen lehen itzuli bat egin ondoren, hautagai batek ere ez badu lortu botoen %50 bereganatzea, %10 edo gehiago lortu duten hautagai zerrendak bigarren itzulira aurkeztu ahal dira, eta %5 edo gehiago lortu duten zerrendak bigarren itzulira aurkeztu daitekeen zerrenda batekin batu daitezke. Bigarren itzuliko irabazleak udal kontseiluko eserlekuen erdia lortzen du, eta beste erdia aurkeztu diren alderdi guztien artean era proportzionalean banatzen da.

Baionako herriko etxearen aurrealdea.

Ondorengo grafikoan Baionako herri bozen lehen itzuliko emaitzak ikus daitezke 1995etik 2020ra.

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

1995

Lehen itzulian hautagai batek ere ez zuenez botoen %50 lortu, bigarren itzulia egin behar izan zen. Inork gehinego osorik ez lortzeko arrazoi nagusietako bat eskuinaren banaketa izan zen, aurreko hauteskundeetan ez bezala bi zerrendetan banatuta aurkeztu baitzen: Jean Grenet orduko auzapeza, eta Jean Luis Domergue. Lehen itzuliaren ondoren, hurrengo auzapeza nor izango zen Domergueren esku zegoela ikusi zen. Izan ere, Domergue bigarren itzulian bakarrik aurkezten bazen, Grenetek aize irabazi ahal izango zuela zirudien; eta Pery sozialistarekin batzea erabakitzen bazuen, emaitza oso estua aurreikusi zitekeen. Hauteskunde kanpainan, Domerguek hautagai guztiekin hitz egiteko prest agertu zen, eta haren zerrendako Argitxu Nobilak sozialistekin batzearen alde egin zuen. Hala ere, sozialistek ez zuten begi onez ikusten hautagai eskuindar batekin batzea, eta azkenean Domergue bere kabuz aurkeztu zen.[1][2]

Abertzale-ekologistek eta komunistek, berriz, ez zuten bigarren itzulira aurkezteko boto nahiko bereganatu. Ondorioz, bi zerrendek sozialistekin bat egitea erabaki zuten, udal gobernura heltzeko aukera zutela ikusita.[2] Hala ere, zerrenda abertzale-ekologistan desadostasun handiak eman ziren batura horren inguruan. Martin Bisautaren taldeak udal gobernua aldatzearen eta PSren iragana alde batera uztearen alde egin zuen bitartean, Baionako abertzaleen aldizkariak gogor jo zuen erabakiaren aurka, sozialistek GAL talde terroristarekin zituzten loturak azpimarratuz.[1]

Zerrendaburua Zerrenda Lehen itzulia[1] Bigarren itzulia[2] Eserlekuak
Bozak % Bozak %
Jean Grenet UDF-RPR 6 199 42,06 7 375 47,53
29 / 39
Nicole Pery PS 4 272 28,98 6 341 40,87
8 / 39
Martine Bisauta AB-LV 874 5,93
Gilbert Desez PCF 865 5,86
Jean Luis Domergue DVD 2 528 17,15 1 798 11,58
2 / 39
Erroldatuak 24 873 100 24 873 100
Abstentzioak 10 135 40,75 9 089 36,54
Parte-hartzea 14 738 59,25 15 784 63,46

2001

2001eko udal hauteskundeetan Jean Grenet ordura arteko auzapeza nagusitu zen botoen %57,35ekin, eta ondorioz ez zen bigarren itzulirik izan Baionan. Urte horretan Grenetek ez zuen lehiakiderik izan eskuinetik, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen laguntza ere izan zuen. Colette Capdevielle ezkerreko hautagai nagusiak, berriz, 1995. urtean baino gutxiago eskuratu zuen; baina Liga Komunista Iraultzailea alderdi trotskistak eserleku bat lortu zuen herri kontseiluan. Bestalde, abertzaleek nabarmen egin zuten gora hautetsi kopuruan, eta guztira lau eserleku eskuratu zituzten: Abertzaleen Batasunak 2 hautetsi lortu zituen bere kasa, eta EAJk beste bi Greneten zerrendaren barne. Gainera, ABk aurreko bozetan Berdeekin batera aurkeztutako zerrendak baino sostengu handiagoa eskuratu zuen.[3]

Zerrendaburua Zerrenda Lehen itzulia[3] Eserlekuak
Bozak %
Jean Grenet UDF-RPR-EAJ 7 746 57,35
31 / 39
Colette Capdevielle Ezker Plurala (PS) 3 586 26,55
5 / 39
Xabi Larralde AB 1 307 9,68
2 / 39
Francine Endewelt LCR 868 6,43
1 / 39
Erroldatuak 24 562 100
Abstentzioak 10 447 42,53
Parte-hartzea 14 115 57,47
Zuriak eta baliogabeak 608 4,31
Baliodunak 13 507 95,69

2008

2008ko hauteskundeetan Jean Grenet auzapeza berriz nagusitu bazen ere, ez zituen 2001eko emaitzak errepikatu, eta botoen erdia lortu ez zuenez, bigarren itzulira aurkeztu behar izan zen. Izan ere, aurreko legegintzaldian Greneten gobernuan zegoen Yves Ugaldek auzapezaren taldea utzi eta zerrenda propioa aurkeztea erabaki zuen, eta kanpaina nahiko liskartsua izan zen auzapezaren eta "disidentearen" artean. Horrek boto ugari kendu zizkion Jean Greneti.[4] Bestalde, Alderdi Sozialistaren zerrendak puntu bat egin zuen behera, eta Liga Komunista Iraultzaileak beste puntu bat gora egin zuen arren, ez zen %10eko langara heldu, eta ondorioz ezin izan zuen bigarren itzulian parte hartu. Euskal Herria Bai koalizio abertzale berriaren zerrendak ez zuen Abertzaleen Batasunaren 2001eko sostengua berdindu, eta %10era ailegatu ez zenez, bigarren itzulitik kanpo geratu zen hura ere.[5]

Zerrendaburua Zerrenda Lehen itzulia Bigarren itzulia Eserlekuak[6]
Bozak % Bozak %
Jean Grenet UMP-MoDem-EAJ 6 956 44,23 7 570 47,67
29 / 39
Jérôme Aguerre PS 3 977 25,29 6 189 38,97
8 / 39
Yves Ugalde DVD 2 483 15,79 2 122 13,36
2 / 39
Martine Mailfert LCR 1 177 7,48
0 / 39
Béatrice Peyrucq EH Bai 1 134 7,21
0 / 39
Erroldatuak 28 557 100 28 547 100
Abstentzioak 12 337 43,20 12 045 42,19
Parte-hartzea 16 220 56,80 16 502 57,81
Zuriak eta baliogabeak 493 3,04 621 3,76
Baliodunak 15 727 96,96 15 881 96,24

2014

2013an Jean Grenet aurreko auzapezak 2014ko bozetara aurkeztuko ez zela jakinarazi zuen, eta hauteskundeetan Jean Rene Etxegaraik ordezkatu zuen eskuineko zerrendaren (UDI-UMP) hautagai gisa. Bozen lehenengo itzulian eskuina bitan zatituta zegoen, eta Henri Etxeto sozialistak eskuratu zituen boto gehien, Etxegarairi ia 1000 botoko aldea ateraz. Hala ere, lehenengo itzulira aurkeztu zen Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdiaren disidenteak Etxegarairen alde egin zuen, eta bigarren itzulian Etxegarai gailendu zen, soilik 26 botorekin. Etxetoren zerrendak EH Baik eta Ezkerreko Fronteak osatutako zerrendari ezkerreko hautesleak sakabanatzea eta Etxegarairen garaipena ahalbidetzea leporatu zion. Izan ere, 2008an ez bezala, EH Bai koalizio abertzaleak %10eko langa gainditu eta bigarren itzulian parte hartu ahal izan zuen, Ezkerreko Frontea alderdi ezkertiarrarekin bat eginda. Horrela, ezker abertzalea Baionako herriko etxera itzuli zen bi eserlekurekin.

Zerrendaburua Zerrenda Lehen itzulia Bigarren itzulia Eserlekuak[7]
Bozak % Bozak %
Jean Rene Etxegarai UDI-UMP 4 778 29,98 7 595 45,37
32 / 43
Henri Etxeto PS 5 619 35,25 7 569 45,22
9 / 43
Jean Claude Iriart EH Bai 1 642 10,30 1 574 9,40
2 / 43
Serge Nogués FG 944 5,92
Sylvie Durruty UMP 2 954 18,53
0 / 43
Erroldatuak 29 193 100 29 186 100
Abstentzioak 12 716 43,56 11 901 40,78
Parte-hartzea 16 477 56,44 17 285 59,22
Zuriak eta baliogabeak 540 3,28 547 3,16
Baliodunak 15 937 96,72 16 738 96,84

2020

2020ko herri bozak COVID-19 gaitzaren pandemiak jota izan ziren, eta birusarekiko beldurrak parte-hartzea nabari baldintzatu zuen: lehen itzulian inoizko abstentzio mailarik altuena neurtu zen, %61,21. Hau da, 10 hautesletatik seik ez zuen botorik eman. Izan ere, pandemiaren larritasunak bozen bigarren itzulia hiru hilabete atzeratzera behartu zuen. Bigarren itzulian, birusaren lehen oldarraldia igarota, parte-hartzeak gora egin zuen, baina hala ere ez zen erdira heldu ere.[8]

Bi itzulien ondoren, Jean Rene Etxegaraik auzapez kargua errepikatzea lortu zuen. Bigarren itzulirako aliantzak adosteko orduan, Mathieu Bergeren zerrenda ezkertiarrak Henri Etxeto sozialistaren zerrendarekin bat egitea erabaki zuen, baina Baiona Berde eta Elkarkidea (BBE) zerrenda abertzale ekologistak sozialistekin ez batzea erabaki zuen, Etxeto frantziar nazionalismo jakobinoaren figuratzat hartzen baitzuten eta Ipar Euskal Herriaren autonomiaren eta Elkargoaren kontra baitzegoen.[9] Beraz, 2014ko emaitzak hobetu bazituzten ere, abertzaleek bigarren itzulira ez aurkeztea erabaki zuten.[10] BBEren barne zegoen Baionako EELV alderdiak Etxetorekin ez batzea «desastre totala» izan zela adierazi zuen, Etxegarairen alde egitea leporatu zien BBEko kide batzuei, eta Etxetoren alde bozkatzera deitu zuen agiri batean.[11] Orduan, bi zerrenda bakarrik aurkeztu ziren: Etxegarairena eta Etxetorena. 2014an bezala Etxegarai eta Etxetoren arteko lehia estua espero bazen ere, 1.027ko aldearekin gailendu zen Etxegarai.[8]

Hautagaien ehunekoak lehen itzulian      J.R. Etxegarai (UDI) (40.33%)     H. Etxeto (PS) (29.76%)     J.C. Iriart (EHB) (13.12%)     M. Berge (DVG) (11.2%)     P Lesellier (DLF) (5.57%)

Zerrendaburua Zerrenda Lehen itzulia Bigarren itzulia Eserlekuak[12]
Bozak % Bozak %
Jean Rene Etxegarai UDI-LR-EAJ 4 909 40,33 7 252 53,81
35 / 45
Henri Etxeto PS-PCF 3 623 29,76 6 225 46,18
10 / 45
Mathieu Berge DVG 1 364 11,20
Jean Claude Iriart EH Bai-EELV 1 597 13,12
0 / 45
Pascal Lesellier DLF 679 5,57
0 / 45
Erroldatuak 32 138 100 32 161 100
Abstentzioak 19 672 61,21 18 195 56,57
Parte-hartzea 12 466 38,79 13 966 43,43
Zuriak eta baliogabeak 294 2,36 489‬ 3,51‬
Baliodunak 12 172 97,64 13 477 96,50

Erreferentziak

  1. «Ipar Euskal Herriko herri bozen lehen itzulia» Euskaldunon Egunkaria 1995-06-13.
  2. «Ipar Euskal Herriko herri bozen bigarren itzulia» Euskaldunon Egunkaria 1995-06-20.
  3. «Hauteskundeak Ipar Euskal Herrian» Euskaldunon Egunkaria 2001-3-12.
  4. (Gaztelaniaz) «Varios municipios significativos cambian de tendencia política» GARA 2008-3-17.
  5. (Gaztelaniaz) «Salvo MAM, los barones de la derecha repetirón el domingo» GARA 2008-3-10.
  6. (Frantsesez) «Résultats des élections municipales 2008» Ministère de L'Intérieur.
  7. (Frantsesez) «Résultats officiels pour la commune Bayonne» interieur.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 18).
  8. «Herriko etxeak, finkaturik» Berria 2020-06-30.
  9. Erremundegi, Ekhi. (2020-05-30). «Baiona Berde eta Elkarkidea ez da Henri Etxetorekin batuko» Berria.
  10. Txoperena, Maddi Ane. (2020-06-01). «Ez da abertzalerik izanen Baionako herriko etxeko bozen bigarren itzulian» Berria.
  11. Erremundegi, Ekhi. (2020-06-04). «Baionako berdeek Etxetoren alde bozkatzera deitu dute» Berria.
  12. (Frantsesez) «Résultats officiels pour la commune Bayonne» interieur.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2020ko ekainak 28).

Ikus gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Baiona
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.