Hardcore punk
Hardcore punka edo hardcorea punk musikaren azpigenero bat da, Ameriketako Estatu Batuetan (bereziki Kalifornian eta Washington hiriburuan) 1970eko hamarkadaren amaieran sortua. Abiada biziko abesti laburretan oinarritzen da. Ezaugarri nagusi hauek ditu: tempo eta konpas azkarrak, bateria erritmo bizi eta oldarkorrak, gitarra eta baxu distortsionatuak, eta kantatzeko era ia oihukakoa. Publikoaren pogo dantzarekin lotua dago.
Estilo honetako talde garrantzitsuenetako batzuk dira Bad Brains, Dead Kennedys, Fugazi, Hüsker Dü eta Minor Threat. Euskal Herrian ere estilo honek arrakasta izan zuen, eta horren adibide dugu BAP!! taldea.
Sorrera
Musika estilo hau erabili zuten lehen taldeak Bad Brains (1978), Black Flag (1976an sortuak Panic izenarekin), Middle Class (1978) edota Teen Idles (1979) taldeak izan ziren. Baina Hardcore izena lehen aldiz erabili zutenak DOA taldekoak izan ziren beraien lehen LP-arekin. Diska hau 1981. urtean atera zen eta hardcore ´81 izena zeraman.
Normalki, Bad Brains taldea izendatu da lehen hardcore talde bezala. Beraien lehen single-a 1979-an kaleratua izan zen. Black Dots diska berriz 1978. urtean grabatu zen baina ez zen 1996 arte kaleratu. Horregatik 1978. urtean Middle Class taldeak ateratako Out of Vogue ep-a izendatzen dute lehen hardcore diska bezala, nahiz eta urte horretan hardcore hitza oraindik ez erabili. Misfits taldea ere, hardcorearen munduan ibili zen talde bat izan zen, nahiz eta bere estiloa, Punk rock estiloan kokatzen den.
Erresuma Batuan D-Beat estiloa sortu zen 1980 inguruan. Musika estilo hau Discharge taldearen eskutik hasiko zen.
Hardcorearen eboluzioa
80ko hamarkadan, Hardcorea Heavy Metalarekin edota Speed Metalarekin nahasten hasi ziren talde batzuk. Horren adibide D.R.I. edo Suicidal Tendencies taldeak izan ziren. Musika korronte berri honi Crossover izena jarri zitzaion. Crossoverra, gaur egungo beste musika estilo batzuen aurrekari bilakatu zen. Honen adibide, Trash Metala, Death metala edota Trashcorea ditugu.