Haplotalde
Haplotaldea antzekoak diren haplotipoen multzo bat da, mutazio jakin batzuengatik dakiguna arbaso zehatz eta komun batengandik datorrena.
Giza genetikan Y kromosomaren (Y-DNA) haplotaldeak eta DNA mitokondrialaren (mtDNA) haplotaldeak aztertzen dira, bi elementu baitaude giza genoman gurasoengandik birkonbinazio genetikorik gabe heredatzen direnak: batetik gizonezkoen Y kromosoma maskulinoa, zeina aitengandik semeengana transmititzen den, eta bestea DNA mitokondriala, zeina amengandik seme-alabengana transmititzen den. Hortaz, konbinaziorik gabeko DNA zati horietan mutazio jakin batzuk toki zehatz batzuetan topatzen badira pertsona desberdinen genometan, arbaso-lerro bakar baten ondorio direla jakin dakigu.
Azalpen grafikoa
Haplotaldeen sorkuntza eta identifikazio modua erakusten du grafikoak. Demagun DNA mitokondrialeko sekuentzia bat, bloke horia, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela, kasu honetan matrilinealki, amarengandik alabengana, eta amak bihurtzen diren alabek, haien bilobengana... Berez, sekuentzia ez da birkonbinatzen eta ez da aldatzen, ez bada une jakin batean ausazko mutazio bat gertatzen dela.
Halako bat gertatu da duela 5 mila urte. Ama batek alaba bati bere sekuentzia aldatu gabea transmititu beharrean, (1) mutazio gorria daukan DNA mitokondriala eman dio. Alaba horren ondorengoek jada azpi-haplotalde baten marka daramate, mutazio bat besteek ez daramatena, A1 haplotaldea dira ondorengoen multzoa.
Bi mila urteren buruan, (1) mutazioa daraman ama batek, berriz ere ausazko b-mutazio urdina pasatu dio bere alaba bati. Alaba horren ondorengoek, A1b haplotaldea daramate, amona antzestralararekin alderatuta, bi mutazio daramatenak.
Azpi-haplotaldeak, haplotalde nagusiagoen "ume" dira. A1b haplotaldearen marka daramaten gizakiek, A1 eta A haplotalde nagusiagoen marka ere badaukate.
Gaur egungo populazio jakin batean, hainbat genoma mitokondrial azterturik, ikusi ahal izan da mutazio batzuk besteak baino zaharragoak direla. Grafikoko (b) mutazio urdina daramaten pertsona guztiek, era berean (1) mutazio gorria ere badaukate; horrek adierazten du lehenago gertatu zela (1) mutazio gorria, (b) mutazio urdina baino.
Grafikoarekin jarraituz, A1b haplotaldearen marka duen sekuentzia mitokondriala daukaten pertsona guztiek "amona matrilineal" bat bakarra daukate, duela 3.000 urte bizi izan zen emakume erreal bat. A1 haplotaldea daukatenek, amona komun matrilineal bat dute are lehenago, duela 5.000 urte. Izatez, gaur egungo giza-haplotalde mitokondrialak azterturik, jakin badakigu gure espezieko gizakiok birramona komun eta bakar bat dugula, Eva mitokondriala delakoa,
Grafikorako denbora-marka batzuk ere markatu dira, baina giza-genetika errealean, kronologia horiek badaezpadakoak dira. Guztiz ziurrak izan ez arren, datazioak ez dira zentzugabeak: mutazio ratioen arabera kalkulatu daiteke nolabait haplotaldeen antzinatasuna, eta baita ere arkeologiak berreskuraturiko genoma zaharren haplotaldeak aztertuz ere.