Handala
Handala (arabieraz: حنظلة, Ḥanẓala) —Handhala, Hanzala edo Hanthala grafiaz ere idatzia— palestinar herriaren sinbolo nazional nabarmena eta pertsonifikazioa da.[1] Hamar urteko mutiko bat irudikatzen du.
Handala | |
---|---|
Eskuineko umea da Handala. | |
Argitalpena | |
Sortzailea | Naji al-Ali |
Ageri den obrak | ikusi
|
Datu biografikoak | |
Sexua | gizonezkoa |
Naji al-Ali karikaturista politikoak sortu zuen 1969an, eta gaur egungo forma hartu zuen 1973an. Naji al-Aliren karikaturetako sinadura bihurtu zen Handala, eta Palestinako identitatearen eta erronkaren sinbolo ikonikoa izaten jarraitzen du. Honela deskribatu da pertsonaia: "Palestinako gerra, erresistentzia eta identitatea argi eta harrigarriz islatzen du".[1]
Izena Citrullus colocynthis (arabieraz: حنظل, Ḥanẓal) landaretik datorkio. Landare bizikorra da, Palestinako eskualdean kokatua. Fruitu mikatza du, moztutakoan berriro hazten da, eta sustrai sakonak izan ohi ditu.[2]
Al-Ali 1987an erail zuten. Hurrengo hamarkadetan, Handalaren eraginak indarrean jarraitu du; gaur egun ere oso ezaguna da palestinar herriaren adierazgarritzat, eta horma eta eraikin askotan azaltzen da Zisjordanian (bereziki, Zisjordaniako harresiko grafiti artean), Gazako zerrendan eta palestinar errefuxiatuen eremuetan. Orobat, tatuaje eta bitxi askotan ere ageri da. BDS Mugimenduak eta Irango Mugimendu Berdeak ere erabiltzen dute, besteak beste.[2]
Hasierako agerpenak
Handala lehen aldiz agertu zen Al-Seyasah egunkarian, Kuwaiten, 1969ko uztailaren 13an. Eta 1973tik aurrera azaldu zen lehenengoz ikusleari bizkarra emanez eta eskuak bizkarrean elkarri helduta zituela.[3][4]
Sinbolismoa
Handalaren adinak (hamar urte) adierazten du Naji al-Alik 1948an zuen adina, orduantxe behartu baitzuten bere sorterri Palestinatik alde egitera, eta ez baitzen haziko aberrira itzuli arte. Al-Alik hau idatzi zuen:
« | Handala 10 urte zituela jaio zen, eta 10 urte izango ditu beti. Adin horretan utzi nuen nire aberria. Handala itzultzen denean, oraindik 10 urte izango ditu, eta hazten hasiko da orduan. | » |
Handalaren gorputzaren jarrera, bizkarra emanez eta eskuak gurutzatuta dituela, bi ideia adierazten ditu: alde batetik, «pertsonaiaren gaitzespena, estatubatuarren estiloko konponbideak aurkezten zaizkigun aldi honetan»; eta, bestetik, «gure eskualdean azaltzen diren egungo joera negatibo guztiak arbuiatzearen sinbolo bat».[2]
Handalaren jantzi dandarrek eta oin hutsek pobreekiko leialtasuna sinbolizatzen dute.[2]
Al-Alik «bidezko kausa baten sinbolo» gisa deskribatu zuen Handala:
« | Handala zen iparrorratzaren gezia, Palestinarantz etengabe begira. Ez bakarrik Palestina geografiaren aldetik hartuta, baizik eta Palestina bere zentzu humanitarioan: bidezko kausa baten sinboloa, berdin diolarik ea Egipton, Vietnamen edo Hego Afrikan dagoen. | » |
Ondarea
Al-Alik, eraila izan aurretik egin zioten elkarrizketa batean, ondorengo hau adierazi zuen: «Handala, nik sortua, ez da amaituko ni hil ondoren. Espero dut ez dela gehiegikeria izango esatea nik Handalarengan betiko bizi izaten jarraituko dudala, baita ni hil ondoren ere». Hauek dira Handalaren gaur egungo erabileretako batzuk:
- Grafitia hainbat horma, eraikin eta oroitzapen dendatan, Ziskordanian (bereziki Zisjordaniako harresiko grafiti artean), Gazako zerrendan eta palestinarren beste errefuxiatu eremu batzuetan.
- BDS Mugimenduen ikur nagusietako bat.[2]
- Tatuajeetako eta bitxigintzako irudi oso erabilia.
- Irango Mugimendu Berdearen web maskota.[5]
- Israelgo artelanetan, bereziki Srulik israeldar pertsonaiarekin batera.[6]
Galeria
- Betleem hiritik gertu.
- Betleem hiritik gertu.
- Bake umeak horma-irudia, Srulikekin batera, Tel Aviv hiriko Florentin auzoan.
- Vittorio Arrigonirekin (Carlos Latuff irudigilearen lana, 2011).
Erreferentziak
- (Ingelesez) Faber, Michel. (2009-07-10). «Pens and swords» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
- Oweis 2009.
- Faber, Michel. (10 July 2009). «Review: A Child in Palestine: The Cartoons of Naji al-Ali» The Guardian.
- Ashley, John; Jayousi, Nedal. «Discourse, Culture, and Education in the Israeli-Palestinian Conflict 49 The Connection between Palestinian Culture and the Conflict» Netanya Academic Centre.
- Sadeghi, Shirin. (18 November 2009). «QODS DAY: Protesters Transform Jerusalem Day Into Iran Day» HuffPost.
- Zohar, Gil Stern. (7 January 2011). «Guest Columnist: Srulik, meet Handala» The Jerusalem Post.
Bibliografia
- (Ingelesez) Singh, Ashutosh. (1 October 2019). «Time and Waiting: The Fulcrum of Palestinian Identity» Arab Studies Quarterly 41 (4) doi: ..
- (Ingelesez) Oweis, Fayeq. (2009-07-05). «Handala and the Cartoons of Naji al-Ali: Political Cartoons in the Middle East» Egilearen blogean argitaratua.
- (Ingelesez) Olin, Margaret (2019). «How Long Will Handala Wait? A Ten-Year-Old Barefoot Refugee Child on Palestinian Walls». Timescapes of Waiting. 176–197 orrialdeak. doi:10.1163/9789004407121_012. ISBN 978-90-04-40712-1. S2CID 203233320.
- (Ingelesez) Habashi, Janette (2017). «The Evolvement of National Identity: A Never-Ending Process». Political Socialization of Youth. 151–175 orrialdeak. doi:10.1057/978-1-137-47523-7_8. ISBN 978-1-137-47522-0.
- (Ingelesez) Gandolfo, K. Luisa. (1 January 2010). «Representations of Conflict» Radical History Review 2010 (106): 47–69. doi: ..
- (Ingelesez) Woźniak, Marta. (2014). «Mirror, Mirror on the Wall: Polititcal Cartoons of the Arab Spring» Hemispheres. Studies on Cultures and Societies 29 (2): 79–97..