Hamalau Puntuak

Hamalau Puntuak (ingelesez: Fourteen Points) 1918ko urtarrilaren 8an Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuan, herrialde honen lehendakaria zen Woodrow Wilsonek egindako proposamen bat izan zen. Haren ideia nagusiak herrien autodeterminazio eskubidea eta desarme orokorra egitea ziren, nazioarteko erakunde batean, Nazioen Elkartean, oinarrituta.

Ideia horietatik abiatu ziren bakea sinatzeko negoziazioak. Baina ez zeukaten oinarri-oinarrizko gaien berririk, hala nola gorroto amaigabeak eta gerraren ostean bete beharreko isilpeko tratuak. Esaterako, ez zekiten Italiaren espantsionismoa eta Ekialde Hurbilean Frantziak eta Erresuma Batuak euren eragina banandu behar zutela.

Wilsonen borondate ona erakutsi zuen, baina haren aurrean Georges Clemenceau lehen ministro frantsesak Frantziaren segurtasuna sendotu eta Alemania izango zena ahultzeko gurari bizia indartu zuen. Clemenceauk esanda "Jaingoikoak bakarrik hamar lege eman zituen" erantzunez Wilsonen ideien aurka egin zuen hasieratik. Britaniarrek, ostera, Europan berriro gerrarik ez sortzeko oreka kontinentala sendotzea nahi zuten, horretarako frantsesen handinahiei aurre egin behar bazien ere. Nahiz eta europearrak orokorrean ondo hartu proposamena, aliatu indartsuenak (Georges Clemenceau Frantziakoa, David Lloyd George Britaniar Handikoa eta Vittorio Emanuele Orlando Italiakoa) eszeptikoak izan ziren Hamalau Puntuen idealismoaren aurrean.

Hamalau Puntuak

1. Bake itunak (...), eta horien ostean ez da nazioarteko beste itunik egingo, edozelakoak direla ere; diplomaziak zintzo eta agerian jokatuko du. Etorkizunean ezkutuko diplomazia debekatuta egongo da.

2. Itsasoetan nabigatzeko askatasun osoa, lurralde uretatik kanpo (...). Bai bakean, bai gerran, itsasoan jurisdikziopeko uretatik kanpo nabigatzeko askatasun osoa.

3. Ahal den neurrian, muga ekonomiko guztiak kendu eta nazio guztientzako merkataritza baldintza berdinak jarri. Muga ekonomikoak desagerraraztea.

4. Beharrezko garantia armamentu nazionalak ahal den guztian gutxitzeko, herrien barruko segurtasunerako behar diren neurrira. Nazioen armamentua murrizteko bermeak.

5. Jokabide zabal eta guztiz inpartzialez, aldarrikapen kolonialak libreki konpondu, betiere zorrotz errespetatuta subiranotasuna arautzen duen printzipioa. Eskakizun kolonialen egokitzapen inpartziala.

6. Errusiar lur guztien ebakuazioa eta Errusiari lotutako gai guztiak arautu (...) independentzia osoz, garapen politiko eta nazionalerako bidea emateko (...); Nazio Libreen Elkartean harrera zintzoa egingo zaiola ziurtatzeko, berak bere buruari jarritako gobernuarekin (...).

7. Alemaniarrek Belgika uztea, berau berritzea eta subirotasunaren itzulpena.

8. Frantziako lurralde guztiak askatzea eta Prusiak 1871n sortutako kalteengatik ordainketa eskatzea.

9. Italiako mugak berrezartzea, naziotasun-printzipioan oinarrituz.

10. Austria-Hungariako herriek autonomoki garatzeko aukera izatea.

11. Soldaduek Errumaniako, Serbiako eta Montenegroko lurrak uztea; Serbiari itsasorako irteera ematea; eta Balkanetako estatuen arteko harremanak konpontzea, naziotasun-printzipioan eta bertakoen sentimenduetan oinarrituz.

12. Otomandar Inperioan, turkiarrak ez diren nazionalitateen garapen autonomoa ziurtatzea.

13. Polonia estatu independientetzat onartzea eta itsasorako irteera ematea.

14. Nazioak elkartzea eta itun zehatzak egitea, bai estatu handien bai txikien lurraldetasuna eta independentzia politikoa bermatzeko.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.