Haltza-onddo

Haltza-onddoa (Gyrodon lividus) Paxillaceae familiako onddo espezie bat da.[1] Ez da oso ohikoa Euskal Herrian. Erdipurdiko jangarria. Lehenik habitata du ezaugarri, gero bere kolore hori-limoia eta azkenik poro dekurrenteak.

Haltza-onddoa
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaBoletales
FamiliaPaxillaceae
GeneroaGyrodon
Espeziea Gyrodon lividus
Sacc., 1888
Mikologia
 
poroak himenioan
 
txapel laua
 
himenioa dekurrentea da
 
hanka biluzik dago
 
espora olibak dauzka
 
jangarria da

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Deskribapena

Kapela: 4 eta 12 cm arteko diametrokoa, lehenengo sabeldua, gero laua eta irregularra, ertza mehea, ia biribilkatua hasieran, soberakinarekin, gainerakoen kolore berekoa, azala nahiko lodia, bereiz daitekeena, opakoa, ez oso zaila, lehorra eta distiratsua eguraldi sikuan, biskosa hezetasunarekin. Beix-oliba kolorekoa, arre zurbila edo arrea distira gorrixkekin. Zuntz harramazkatsuz estalita dago, honek itxura iletsua edo feltrozkoa ematen dio.

Tutuak: Dekurrenteak, meheak, nekez bereiz daitezkeenak, motzak, lehenik horixkak, gero berdexkak.

Tutu dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak edo tutuak.

Poroak: Txikiak, irregularrak, tutuen kolorekoak, behatzarekin sakatzean urdindu egiten dira, tonu iluna hartuz kaltetutako aldeetan.

Hanka: Mehea, betea, gogorra, arrexka, erdian edo zerbait eszentrikoa, batzuetan kurbatua, malgua, oinarrirantz mehetua, kapelaren koloreko zuntz luzangak ditu, arre-ardo kolorea oinarrian, arre-beltzaxka maneiatutako lekuetan. Mizelio ugari oinarrian, distiratsua, arre-gorrixka.

Haragia: Ez da oso lodia, nahiko trinkoa hasieran, gero kapelarena harrotu egiten da, kolore hori zurbilekoa, ebakitzean kolore berde arina hartzen du, ondoren arrosara pasatzen da edo arre-gorrixka ilunera oinarrian. Azido zapore apur bat eta fruta usain leuna.[2]

Etimologia: Gyrodon terminoa grekozko “gyros” hitzetik dator, biribila esan nahi duena, eta grezierazko “odon” hitzetik, biribilean jarritako hortza (túbulos) esan nahi duena. Lividus epitetoa berriz latinetik dator, “livido” hitzetik. Kapelaren kolore argiagatik.

Jangarritasuna

Jangarri erdipurdikoa[3]

Nahasketa arriskua

Espezie nahasezina da, Polyporus batzuen antza duelako eta haltzen azpian hazten delako. Horiekin mikorrizak ezartzen ditu.[4]

Sasoia eta lekua

Uda bukaeran eta udazkenean. Haltzetan bakarrik, errekastoen ertzetan, nahiago ditu lur heze eta zingiratsuak. Ez da oso ohikoa.[5]

Banaketa eremua

Europa, Txina, Japonia, Kalifornia, Turkia.

Espeziearen egoera

Aranzadi Elkartearen arabera, haltza-onddoa desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[6] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza     Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012     Euskalnatura     Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987     Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973     Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 39 or. ISBN 84-404-0530-8..
  3. (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 134 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
  4. (Gaztelaniaz) Cetto, Bruno. (1987). Guia de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 495 or. ISBN 84-282-0253-6 (T.I). ISBN: 84-282-0538-8 (O.C.)..
  5. (Gaztelaniaz) Bon,Marcel. (1988). Guia de Campo de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 32 or. ISBN 282-0865-4..
  6. Zerrenda Gorria, Aranzadi Zientzia Elkartea

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.