Hallasan

Hallasan[1] edo Halla mendia[1] (koreeraz: 한라산) Jeju uharteko eta Hego Koreako mendirik altuena da. 1.950 metroko garaiera dauka. 1970ean sortu zen parke nazional bati (Hallasan Gungnip Gongwon, 한라산국립공원/漢拏山國立公園) izena ematen dio, 2002an UNESCOren biosferaren erreserba izendatu zuten eta 2007an Gizateriaren Ondare natural. Aspaldian erupziorik izan ez duen sumendia da eta mendi sakratua da: kondaira zaharrek kontatzen dute erraldoien eta espiritu batzuk bertan bizi zirela.

한라산
Hallasan
Datu orokorrak
Garaiera1.947,06 m
Prominentzia1.947,06 m
Motaezkutu bolkaniko
Geografia
Map
KoordenatuakKorea_type:_scale:_dim:_globe:Earth 33°21′00″N 126°31′00″E
Honen parte da100 Noted Mt. in Korea (en) Itzuli
Estatu burujabe Hego Korea
Special self-governing province of South Korea Jeju
Babestutako-eremuaHallasan National Park (en) Itzuli
Mendizaletasuna
Lehen igoeraOso aspaldian
Ohiko bideaGwaneumsa eta Seongpanak ibilbideak
Geologia
Material nagusiabasalto
GaraiaPliozeno
Krater aintzirak Hallasanen.

Izenak

Ingelesezko iturri zaharrek Mount Auckland izena ere eman zioten[2][3].

Mendi honek koreeraz izan dituen izen eta transkripzioak:

  • Hangul hizkuntzaren alfabeto ofizialean 한라산 idazten da.
  • Ipar Korean alfabeto berean Hannasan izango balitz bezala (한나산) idazten da baina ahoskatu Hallasan.
  • Hanjan 漢拏山 idazten da.
  • Mendiari garai zaharretan izen asko eman zaizkio: Buag (부악/釜岳), Wonsan (원산/圓山), Jinsan (진산/鎭山), Seonsan (선산/仙山), Dumuag (두무악/頭無岳), Burasan (부라산/浮羅山), Yeongjusan 영주산(瀛州山) eta Hyeolmangbong (혈망봉/穴望峯).[4].

Ezaugarriak

Sumendi honek Pliozenoan Jeju uhartea sortu zuen eta sarritan uhartearekin berarekin identifikatzen da; tokiko esaera batek hauxe dio: "Jeju Hallasan da; eta Hallasan Jeju da". Tontorrean 400 mko diametroko kraterra dago eta inguruan bigarren mailako 360 bat kono (Jejuko dialektoan oreum, 오름) daude. Azken erupzio ezagunak 1002 eta 1007an gertatu ziren.

Mendia uharteko leku guztietatik ikus badaiteke ere, bere tontorra askotan lainoek estaltzen dute. Mendi sinboliko hau Hego Koreako monumentu naturalen zerrendan 182. zenbakiduna da.

Sinesmen gunea

Baengnokdam (literalki "orein zuriaren aintzira") izeneko krater aintzira bat dago; kondaira baten arabera izen hau emateko arrazoia hauxe da: zerutik jaisten diren beste mundu batzuetako gizonak horra doaz oreinekin jolastera[5].

Mendian Gwaneumsa, uharteko tenplu budistarik zaharrena dago; jatorrizkoa Goryeo dinastian eraiki zuten baina Koreako beste hainbat tenplu bezala XX. mendean berreraikia da. Kanpoaldean 1948 eta 1950 arteko Jejuko altxamenduaren biktimen oroimenezko monumentua dago; uhartean gehien bisitatzen den lekuetakoa da. Apur bat beherago, hego-mendebaldeko kostaldetik hurbil Sanbangsa leize-tenplua (lehen bertako sinesmen zaharretara dedikatua, gero budista) dago; bere ingurumarian Budaren estatua zahar asko daude, azken 1.000 urteetan Ekialdeko Asiako leku askotako erromesek eramanak.

Igoerak

Mendirako igoera urtero milaka lagunek egiten dute; bost ibilbide daude[6]:

  • Gwaneumsa (관음사): 8.7 km.
  • Seongpanak (성판악): 9.6 km.
  • Eorimok (어리목): 4.7 km.
  • Yeongsil (영실): 3.7 km.
  • Donnaeko (돈내코): 9.1 km. Hamabost urtez moztuta egon ostean 2009ko abenduaren 4an berzabaldua.

Gaur egun lehen biak baino ez dira tontorrera heltzen; Gwaneumsa delakoa (irteera lekua: 620 m) iparraldetik abiatzen da eta bost bat ordutan tontorrera hel daiteke, Seongpanak delakoa (irteera lekua: 750 m) ekialdetik eta lau ordu eta erdiko ibilbidea da. Beste hirurak Witse izeneko oreum edo konora heltzen dira, 1994tik hortik gorako bidea natura berreskura dadin itxita dagoelako.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).
  2. Simon Winchester: Korea: a walk through the land of miracles, Londres, Penguin Books, 2004; 39.or.
  3. Simon Winchester: Social Climbing on Mount Halla artikulua, New York Times, 1988ko otsailaren 21a.
  4. Hallasan Parke nazionala, 2007ko urtarrilaren 20a.
  5. Mendi honi buruzko kondaira batzuk.
  6. Mapa Parkearen webgunean.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Erreferentziak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.