Halitosi
Halitosia ahotik datorren kiratsari, hau da, ahoko usain txarrari esaten zaio. Usain txar horrek jende askoren bizitza sozial nahiz profesionalari erasaten dio eta gaur egun kontsulta askoren arrazoia da.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Halitosi | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | sintoma, fetor (en) body odor (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10 | R19.6 |
GNS-9 | 784.99 |
DiseasesDB | 5603 |
MedlinePlus | 003058 |
eMedicine | 003058 |
MeSH | D006209 |
Zenbait kasutan pertsona horiek ezin dute beren ahoko usain txar hori hauteman, sentikortasuna galdu dutelako. Hori dela eta, beste pertsona batzuen bitartez konturatzen dira arazoaz. Beste muturrean halitofobia bezala ezagutzen dena pairatzen duten pertsonak daude. Hauek ahoko usain txarra duteka uste dute baina ez da horrela. Kasu hauetan fobia psikologikoa izan ohi da.
Halitosia oso kontu zaharra da. Herri primitiboetan usain txarrari aurre egiteko konponbide naturalak erabiltzen zituzten. Azken estatistiken arabera, biztanleriaren ehuneko handi bati erasaten dion gaitza da. Estatu Batuetan, esaterako, biztanleriaren erdiak kosmetikako produktuak erabiltzen dituzte ahoko kiratsaren kontra. Arazoa bi sexuetan agertzen den arren, gizonezkoetan ohikoagoa da.
Zergatiak
Sudurretik nahiz ahotik kanporatzen den airean gai sulfuratuen proportzioak gora egiten duenean agertzen da halitosia. Hau gertatzeko hainbat arrazoi daude:
- Likido gutxi edatean ahoa lehortu egiten da, baita asko hitz egitean, estres egoeretan edo botika jakin batzuk hartzeagatik ere. Botika horiek mihiaren gainazala garbitzeko eginkizuna duen listua gutxitzen dute eta horrela ahoan janari gehiago geratzen da eta bakterioek hondakin gehiago izango dituzte.
- Proteina askoko janariak ere aipatu izan dira halitosiaren sortzaile bezala. Baita baratxuri, tipula edo espezia ugari dituzten jatorduak ere. Bestetik, argi dago kafeak, teak, alkoholak eta batez ere tabakoak ahoko usain txarrarekin zerikusia dutela.
- Oietan arazoak dituzten pertsonek eta periodontitisak jota daudenek ere sarritan izaten dute halitosia, beren ahoko bakterioek usain txarreko gasak ekoizten dituztelako.
- Giltzurruneko, birikako nahiz amigdaletako infekzioak dituzten pertsonetan edo gaixo diabetikoetan ere ager daiteke.
- Emakumeen hilekoarekin edo ahoan txantxarrak edukitzearekin ere erlzionatu da.
Baina, batez ere arazoa mihiaren gainazaleko zikintasunean dago. Mihian pitzadurak dituzten pertsonek ahoko usain txarra izateko joera gehiago dute, zartadura horietan janari hondakinak pilatzen baitira eta baita usain txarra sortarazten duten gai sulfuratuak produzitzen dituzten bakterioak ere.
Ez da ahaztu behar usain txarraren arrazoia sudurrean egon daitekeela gorputz arrotzak, infekzioak... direla eta. Hauek sudurretik mihiaren atzeko aldera tantaz tanta erortzen dira. Hau umeetan gertatzen da batez ere, sudurrak eta ahoak elkar lotura handia baitute adi horretan.
Halitosi motak
Bi eratako halitosiak bereizten dira:
- Halitosi patologikoa. Bakterioek, batez ere anaerobioek, konposatu hegazkor sulfuratuak ekoizten dituzte eta hauek, lehen aipatu bezala, usain txarraren erantzuleak dira.
- Aldi baterako halitosia. Mota honetako dira esaterako: goizean esnatzerakoan, kafea edo alkohola hartu ondoren, espezia ugariko jatorduen ostean edo erre ondoren agertzen direnak.
Diagnostikoa
Ahoko hatsa diagnostikatzeko hainbat proba egin daitezke. Horietako bat gaixoak kanporatutako hatsa usaintzea izango da, 30 segundotan ahoa itxita edukitzeko eskatu ondoren. Horrela usain txarra ahotik edo sudurretik datorren bereizi ahal izango da.
Koilararen proba esaten zaiona ere baliagarria gertatzen da kasu askotan. Koilara batekin mihiaren atzeko aldea karrakatuz, substantzia horixka bat lortzen bada, horixe izan daiteke usain txarraren erantzulea. Substantzia hori gainera, infekzio kasuetan edo sudurrean gorputz arrotzen bat dagonean, atzeko aldetik tantaz tanta erortzen den isuriarekin lotzen da.
Proba erabat objetibo bat ere bada. Bertan, usain txarraren presentzia adierazten duen neurgailu bat erabiltzen da.
Tratamendua
- Ezeren aurretik ahoa osasuntsu mantendu behar da, oien hanturak, txantxarrak eta gainerako patologiak tratatuz, diabetesa eta beste infekzio orokorrak baztertu gabe.
- Dietako proteinen kopurua murriztea gomendatzen da eta baita jatorduen arteko tarteak gutxitzea ere. Usain fuerteko janaririk ez ahoratu eta ur asko edan, ahoko lehortasuna ekiditeko. Kafea, tabakoa eta alkohola utzi.
- Ahoko higiene egokia mantentzea ezinbestekoa da, horretarako hortzak, haginak eta mihia ondo garbitu behar dira eskuilaz. Botiketan badira mihia garbitzeko tresna bereziak ere. Hauek goragaleak eragiten dituzte lehenengo egunetan, baina oso garrantzitsua da ez etsitzea frogatuta baitago mihia zikina izatea dela usain txarra izatearen kausa nagusia.
- Hortzetako haria ere erabili behar da, horrela hortzen artean harrapatuta geratu diren hondakinak kanporatzen baitira.
- Eragile antibakterianoak dituzten ore eta kolutorioak ere erabil daitezke. Erregaliza eta mentola duten produktuek usain txarra mozorrotu egiten dute. Azken hauen eragina ordea iragankorra da, ez baitu arazoaren sustraira jotzen.