Hale Smith
Hale Smith (Cleveland, Ohio, AEB, 1925eko ekainaren 29a - Freeport, New York, AEB, 2009ko azaroaren 24a) estatubatuar musikagilea izan zen.
Hale Smith | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Cleveland, 1925eko ekainaren 29a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Talde etnikoa | afro-amerikarra |
Heriotza | Freeport (New York), 2009ko azaroaren 24a (84 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: istripu zerebrobaskularra |
Hezkuntza | |
Heziketa | Cleveland Institute of Music (en) 1952) Artean graduatu, Arte-masterra |
Irakaslea(k) | Marcel Dick (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, piano-jotzailea, musikologoa, music arranger (en) , musika-irakaslea eta jazz musikaria |
Enplegatzailea(k) | C.W. Post College (en) Connecticuteko Unibertsitatea (1970 - 1984) |
Jasotako sariak | ikusi
|
Musika instrumentua | pianoa |
Biografia
Piano-ikasketak 7 urte zituela hasi zituen. Musika klasikoan eta jazz-musikan nabarmendu zen ikasle-garaian, eta Clevelandeko Musika Institutuan lizentzia eta masterra eskuratu zituen. Musika-genero askotarako zaletasuna erakutsi du, eta maisutasunez erabili ditu musika klasikoaren baitan jazzaren teknikak eta berrikuntza modernoak, adibidez serialismoa.
1958an New Yorkera aldatu zen, eta musika-editore, jazz-egokitzaile eta hezitzaile gisa lan egin zuen. 1970-1984 bitartean musika-irakasle izan zen Connecticuteko Unibertsitatean.
Bere lan nagusien artean aipagarria da Langston Hughes eta Russell Atkinsekin batera idatzitako In Memoriam--Beryl Rubenstein (1953) abesbatza eta orkestrarako lana. Urte hartan bertan ganbera-opera bat eman zuen argitara, Blood Wedding. Obra instrumentalen artean azpimarratzekoak ditu "Cellorako sonata" (1955) eta Epicedial Variations (1956), biolin eta pianorako. 1964an By Yearning and by Beautiful idatzi zuen harizko orkestrarako eta ondoren egin zituen, besteak beste, Comes Tomorrow jazzeko kantata (1972), "Harizko boskoterako bariazioak" (1976), Evocation pianorako pieza (1970), eta soprano, baritono eta orkestrarako Meditations in Passage (1980).
Bere karreran zehar beste hainbat musikarirekin lankidetzan jardun du, adibidez Dizzy Gillespie, Quincy Jones, Miriam Makeba eta Hugh Masekelarekin.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.