Halabjako sarraskia
Halabjako sarraskia (kurdueraz: کیمیابارانی ھەڵەبجە, Kêmyabarana Helebce), Halabjako eraso kimikoa izenez ere ezaguna, 1988ko martxoaren 16tik 19ra bitartean, Iran-Irak Gerraren testuinguruan eta gatazkaren amaieran, gertatutako gertakari militar batzuk izan ziren. Irakeko indarrek kurdu biztanleriaren zati handi bat sarraskitu zuten Halabja izeneko kurdu-irakiar herrian. Irak iparraldeko Anfal Kanpaina edo kurdu genozidioaren parte izan zen erasoa, eta irandar Zafar 7 operazioari aurre egiteko saiakeraren zati ere izan zen. Herria Irango Armadaren eskuetan erori eta 48 ordura gertatu zen.
Halabjako sarraskia | ||
---|---|---|
Mota | masa hilketa genocidal massacre (en) gerra krimen | |
Honen parte da | Anfal campaign (en) eta Operation Zafar 7 (en) | |
Data | 1988ko martxoaren 16a | |
Kokaleku | Halabja | |
Antolatzailea | Iraqi Air Force (en) | |
Pertsona hilak | 100.000 5.000 | |
Gutxienez 5.000 pertsona hil omen ziren erasoan.[1] Erasotako eskualdean egindako ikerketen atariko emaitzek erasoaren ondorengo urteetan minbiziaren eta sortzetiko gaixotasunen intzidentzia-tasa handitu egin zela erakutsi zuten.[2]
Aurrekariak
Iparraldeko Irak Iran-Irak Gerraren hasieran istilu gune bat izan zen: Kurdistango Alderdi Demokratikoa (KDP) eta Kurdistango Batasun Patriotikoa (PUK) miliziek, Iranen babesarekin, 1982an eta 1983an matxinatu ziren. 1985etik aurrera, Saddam Husseinen agindupeko Irakeko gobernu baathistak iparraldean matxinatu kurduen eskuetan zeuden guneak desagerraraztea eta pexmerga matxinoak suntsitzea erabaki zuen. Horretarako, ahal ziren baliabide guztiak erabili zituen, baita zibilak gogor zigortzea eta arma kimikoak erabiltzea ere. Halaber, Halabjako gertakaria Irakeko indar kurduei eta irandarrei kontraeraso egiteko ahaleginen parte izan zen Zafar 7 operazioaren azken faseetan.
Erasoa
Gertakariaren gaur egungo ia testigantza guztien arabera, Irakeko Armada eta bere aldeko miliziak- batez ere Irango Herriko Mujahidinen Erakundea- izan ziren Halabja hiriaren aurka arma kimikoekin egindako erasoen erantzuleak. Erasoa 1988ko martxoaren 16ko arratsaldean hasi zen, Mig eta Mirage hegazkinez osaturiko zortzi hegazkineko talde bat bonba kimikoak jaurtitzen hasi zenean,[3] eta gau osoan zehar zabaldu zen hainbat agente- hala nola ziape-gasa eta sarin, tabun eta VX gas nerbiosoak, besteak beste- erabiliz.[4]
Eztabaidak
Halabjako sarraskiak ez zuen nazioarteko komunitatearen protestarik piztu. Irak Estatu Batuen aliatu ona zen orduan, eta Irango okupatzaileek agente kimikoak erabiltzen zituztenean heriotzak ustekabean gertatu zirela zabaldu zen, Estatu Batuetako Estatu Saileko dokumentu desklasifikatuetan agertzen denez.[5] Gerra amaitu eta Irakek munduko gainerako herrialdeekin zituen harremanak okertu zirenean, herrialde honen aurkako salaketak hasi ziren. Pascal Zandersek Stockholmgo Bakerako Ikerketen Nazioarteko Institutuan (SIPRI) egindako Gerra Kimiko eta Biologikoko Proiektuaren txostenak lehen aldiz erasoen erruduna Irak, eta ez Iran, izan zela ondorioztatu zuen.[6]
Agente kimikoak mendebaldeko nazio ugaritako teknologia eta substantzia aitzindariekin manufakturatu ziren Iraken, eta horien artean Estatu Batuak eta Alemania nabarmendu behar dira,[7] baita India eta Singapur ere. Estatu Batuetako Senatuaren Riegle Txostenaren arabera, herrialde horiek Iraki satelite bidezko inteligentzia-txostenak, agente kimikoak sakabanatzeko helikopteroak eta 60 tona dimetil metilfosfonato (DMMP) eman zizkioten- nerbio-substantzietarako aitzindaria- Nashvilleko (Tennessee) enpresa baten bidez. Gainera, Donald Rumsfeldek – garai hartan Reaganek Ekialde Hurbilerako mandatari berezia– Iran etsai komunaren aurka arma kimikoak erabiltzea ontzat eman zuela behin eta berriz iradoki da. Horregatik guztiagatik, nahiz eta une hartan Irakeko tropek Anfalko Ofentsiba izeneko sektorearen aurkako eraso handia egin, gertakariaren gaineko benetako erantzukizuna ezartzeko urteak behar izan ziren.
Epaiketak
2003ko Irakeko okupazioaren ondoren, gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzen zituen auzitegiak Saddam Hussein Irakeko presidentea eta Ali Hassan al-Majid («Ali Kimikaria» deitua) jenerala Halabjako gertakariez akusatu zituen.[8] Biek ukatu egin zuten gertakarietan parte hartu izana. Bi akusatuak urkamendian exekutatu zituzten.[4]
Oroigarria
Ersoen biktimei omenaldi moduko egiturak eraiki ziren Halabjan. Proiektu hau NWE tokiko erakundearen, Halabja udalerriaren eta Wadi nazioarteko erakundearen arteko lankidetzarekin egiten ari da.2001ean lehen harria jarri eta 2003an inauguratu zen Halabja Monumentua, 1988ko martxoaren 16an hirian izandako eraso kimikoaren biktimei egindako oroigarrirako multzoa. Eraikinean erasoak irudikatzen dituzten eszenak, egun hartako argazkiak eta ondorengoak, biktimen izen-abizenak, dokumentuak, txostenak eta objektuak biltzen dira. Handik gertu, urte berean, zabaldu zen hilerria, egun herriko bizilagunentzako hilerri publikoa ere bada. Hasiera batean, hobi komunetan lurperatuta zeuden biktimak sarraskia izan ondoren. eremua berregin eta oroigarri bilakatu zuten. Hilerriak lau hobi komun ditu, eta horietako bakoitzak gordetzen du biktimen kopuru handia: batek 1.500, beste batek 440 gordetzen ditu, beste batek 24 eta azken hobi komunak 16 hilotz ditu. Hobi komunez gain, banakako 1.076 hilobi daude hilerrian, bakoitza bere izenarekin markatua. Multzoak oroimenaren ibilbide bat osatzen du.[9].
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Las minorías de Iraq» Deutsche Welle 2003-3-14.
- (Ingelesez) Muir, Jim. (2002-7-22). «Kurds look back with fear» BBC News.
- (Ingelesez) «1988: Thousands die in Halabja gas attack» BBC News 1988-3-16.
- (Ingelesez) «'Chemical Ali' executed in Iraq after Halabja ruling» BBC News 2010-1-25.
- (Ingelesez) Hiltermann, Joost R.. (2003-1-17). «Halabja – America didn't seem to mind poison gas» The New York Times.
- (Ingelesez) Iranian Use of Chemical Weapons: A Critical Analysis of Past Allegations. 2003-1-2.
- (Ingelesez) Gesellschaft fuer bedrohte Voelker – Society for Threatened Peoples. «German and European firms were involved» Gfbv.de.
- (Ingelesez) «1988 Kurdish massacre labeled genocide» United Press International 2010-3-8.
- (Ingelesez) Halabja Memorial Trail [oroigarri multzoa https://halabja-trails.com/] [kontsulta data 2024ko martxoak 29]