Prozesu eoliko

Prozesu eolikoak, geologian, haizeak eragiten dituen meteorizazio, garraio eta sedimentazio prozesuak dira. Izan ere, baldintza egokietan, haizeak garrantzi handiko higadura eta sedimentazioa eragin ditzake Lurraren azalean, berak ez beste eragilerik ezin eragin ditzakeenak. Haizearen ekintzaz iraulitako eta metatutako materialaren masa osoa beste eragileek metatutakoa baino txikiagoa bada ere, oso garrantzitsua da basamortu eremuetan.

Haize-higadura Chimborazoren magalean, Ekuador.

Haizearen higadura

Haizeak bi modutan higa dezake ingurunea. Alde batetik, lur azalean dauden zatiki askeak herrestan eramaten ditu, edo airean altxatzen ditu bestela. Prozesu horri deflazio esaten zaio (“deskarga” esan nahi duen latinezko hitzaren eratorria). Bestetik, zenbait lekutan haizeak hondarra eta hautsa eramaten ditu herrestan harkaitzen eta lurraren kontra; prozesu horri korrosioa edo abrasio eolikoa esaten zaio (“marraskatu” esan nahi duen latinezko hitzaren eratorria). Abrasioa gertatuko bada, haizeak zatiki zorrotzak garraiatu behar ditu; deflazioa, ordea, haize lasterren ondorioz baizik ez da gertatzen.

Deflazioa

Lur azala lehorra den eremuetan, eta harkaitzen meteorizazioren edo ura, izotza edo olatuen ondoriozko zatiki aske txikiz estalita daudenetan, eragiten du deflazioak. Beraz, deflazioa jasateko gune aproposak dira ibai lehorren uberkak, hondartzak, eta hormaguneetako metatzeen bidez estalitako inguruak. Klima lehorreko eskualdeetan ia lur azal guztia deflazioaren mende dago, harkaitzak eta lur azala agerian baitaude, inolako landare babesik gabe.

Airearen turbulentziek lur azaleko materialak mugitzen dituzte, materialen tamainaren arabera betiere. Zenbait esperimenturen bidez frogatu ahal izan da hondar fina eta tamaina ertaineko hondarra errazago higitzen dela. Haizeak hamabost metro segundoko lastertasuna hartzen duenean hasten da higitzen tamaina horretako hondarra, eta lur azaletik hamabost zentimetrotara igoarazten du. Lupetz zatiki finak, 0,025 milimetro baino diametro txikiagokoak, zailak dira mugitzen; dena dela, zatiki fin horiek mugi daitezke, baina bakarrik zatiki handiagoek lur azalaren kontra talka egin eta lurreko hauts fin pixka bat zipriztintzen badute haize lasterraren barruan. Legarra bezalako material lodia, aldiz, hamasei metro segundotik gorako lastertasuna duen haizeak ere ezin mugi dezake, normalean.

Haize-garraio motak: 1.- creeping edo narrastea, 2.- jauzikako garraioa, 3.- suspentsioa (4.- haizearen norabidea).

Haizeak materiala jaso ondoren garraiatu egiten du lur azalean zehar, prozesu hauen bitartez:

  • Suspentsioa. Haize zurrunbiloan haize lasterren goranzko lastertasuna zatikien erortze lastertasuna baino handiagoa denean gertatzen da. Hortaz, haizeak oso urrun eraman dezake hautsa hegan.
  • Jauzikako garraioa. Hondar zatikiek lur azalean jauzi egin edo errebotatu egiten dute, eta horrela higitzen dira. Zatikiek, zein bere aldetik, kurba ibilbide bati jarraituaz egiten dute hegan; bat-batean altxatzen dira, eta ondoren, pixkana-pixkana jaisten dira, harik eta lurra jotzen duten arte. Zatikiek lurra jo eta errebotea egin ondoren, edo airean altxatzen dira edo beste zatiki batzuek haize lasterrerantz bultzatzen dituzte; ondoren, berriro hasten da prozesua.
  • Creeping edo narrastea. Zatikiek behin eta berriz errebotatzen dutenez gero, hondarraren gainaldeko geruza airearen noranzko berean narrastuko da. Narrastea, beraz, zatikien banakako higidura da, lurretik goranzko eta beheranzko mugimenduek eragina. Horrez gainera, zatiki handiak jauzika mugitzeko handiegiak direnez gero, airearen noranzko berean higi daitezke hondar zatiki kopuru handi batek duen ekintza etengabearen ondorioz. Eta denborarekin, hondar lodiz eta legar finez osaturiko geruza zabalak nahiko urrun garraiatu ahal izango dira.

Abrasioa

Abrasio eolikoa: onddo itxurako haitza, Ciudad Encantada, Cuenca.

Haize abrasioak osagai zorrotzak behar ditu haizearen energia higatuko den gainazalera igorri ahal izateko. Haizearen bultzadaz zatiki txikiek eta hondarrak agerian dagoen lur azalaren kontra jotzen dutenean, lur azalaren zati hori higatu egiten dute talka mekanikoaren ondorioz. Hondarra daraman haizearen higadurak labarren, muinoen edota ordoki batean dagoen edozein harri masaren oinarriari baizik ez dio eragiten, alegia, lehenengo zentimetroei, hondar pikorrak ezin baitira oso gora altxatu. Haizearen abrasioak zuloak eta erretenak eratzen ditu harkaitzetan. Hortaz, ordoki batean harri masa txiki bat nabarmentzen bada, lehen esan bezala, oinarrian higa daiteke, perretxiko itxura hartuz. Harri mota horiei onddo itxurako haitzak esaten zaie.

Haizearen higadurarako baldintzak

Haizearen degradazioa lur azaleko edozein lekutan gerta daiteke, baina haizearen lastertasuna eta indarra hainbat faktoreren mendekoak dira. lur azalaren morfologia, esate baterako, garrantzizko faktorea da. Inguru malkartsu batean marruskadura handia izaten da eta, hortaz, gutxitu egiten da haizearen lastertasuna. Bestalde, erliebe mota batzuek haizearen erreten bezala jokatzen dute eta azeleratu egiten dute haizea.

Deflazioa ondorengo baldintzen mendekoa da: meteorizazioak prestatutako material mota, landaredia, mugitzeko prest dagoen materialaren egitura eta hezetasun maila eta, azkenik, lur azalaren tenperatura. Nahiz eta faktore horien guztien arteko harremana oso konplexua den, aipagarria da zeinek bere aldetik duten eragina. Adibidez, landareek haizearen eraginetik babesten dute lur azala eta, gainera, higadura gutxitzen dute, aglutinatzaile lana egiten baitute sustraiek. Landaredia desagertuko balitz, lurreko zatikiak haizearen higaduraren mende geratuko lirateke. Hezetasunak, bestalde, kohesioa ematen die zatikiei, hau da, bildu egiten ditu, eta asko gutxitzen du deflazioaren eragina. Inguruko ur kopurua gutxitu ahala gutxitu egiten da lur azaleko zatikien arteko kohesioa ere, eta lurreko zatikien inguruan dagoen ur geruza txikiegia da aglutinatzaile lana egiteko.

Hortaz, haizearen higadura gerta dadin, hauek dira baldintza egokienak: landaredi urria, lur azaleko materialak tamaina ertaina edo tamaina konbinazio egokia izatea, eta materiala erabat lehorra egotea. Bestalde, lur azala beroa izateak ez du garrantzi handirik, nahiz eta horrek deflazioa errazten duen, turbulentzia kopurua handitzen baitu. Oro har, haizeak erraz higa ditzake goldatutako sailak edo sedimentatu berri diren inguruak, hala nola ibaien ohe lehorrak, hondartzak eta duela gutxi hormaguneak metatu izan diren eremuak.

Hauts ekaitza Mojave basamortuan, Kalifornia

Haizearen eraginaren ondorio zuzena dira hauts ekaitzak. Basamortuetako eremu lauetan izaten diren haize indartsu eta bortitzek hauts fin ugari eramaten dute suspentsioan hodei handi eta trinko moduan, urtaro lehorretan batik bat: hauts ekaitzak dira horiek. Nekazaritzarako edo larretarako lurrari landaredia kentzen zaionean eta inguruneko klima baldintza lehorrek landareak jaiotzea eragozten dutenean gertatzen dira. Ekaitz horietan hautsez osatutako hodei ilun handiek ehunka metroko garaiera izaten dute eta ilun-ilun geratzen dira hodeiak biltzen dituen lekuak. Ezin da zenbait metrotara besterik ikusi, hautsak ez du arnasa hartzen uzten eta tarte guztietatik sartzen da; kalkulatu da aire kilometro kubo bakoitzeko bederatziehun tona hauts egon daitekeela suspentsioan.

Hautsak distantzia handiak ibiltzen ditu airean. Zenbaitetan, hauts ekaitzek lau mila kilometro ere egin izan dute. Sumendietako erupzioek oso hauts fina jaurtitzen dute, kopuru handietan. Hala, Krakatoako 1833ko eztanda ospetsuak hauts kopuru izugarria jaurti zuen; hauts horren zati handi bat eguratseko goi geruzatan egon zen denboraldi luze batez eta, ondoren, mundu guztian zehar zabaldu zen. Horrezaz gainera, Britainiar uharteetan XIX. mende bukaeran ikusi ahal izan ziren ilunabar distiratsu eta koloretsuak eguratsean zegoen Krakatoako hautsaren ondorio zirela ere esan izan da. Ilunabar horiei chelsea sunsets izena jarri zitzaien, eta garai hartako artista ingelesen gai gustukoena izan zen.[1]

Hauts ekaitza Sidneyn, Australia, 2009

Baina basamortuko benetako hauts ekaitza higitzen den behe hodei bat da, lurretik dezimetro gutxitara egoten dena, eta gehienez, bi metrotara iristen dena. Hondar zatiki ugarik osatzen dute, eta haize bolada bortitzek garraiatzen dute batetik bestera. Hauts ekaitz batek pertsona bat inguratzen duenean, gerta daiteke lagun horrek burua eta sorbalda hodeitik kanpora edukitzea. Halakoetan hondarra ez da lurretik asko altxatzen, zatikiak jauzika higitzen direlako. Beraz, pikorrek ibilbide kurbatua egiten dute eta lurraren kontra indar handiz jotzen dute, baina angelu txikia osatzen dute. Lehen esan bezala, talkaren ondorioz pikorra errebotatu egiten da, eta berriro altxatzen da. Era berean, airearen noranzko berean higitzen da lur azaleko kanpoaldeko hondar geruza, geruza hori haizeak garraiatzen dituen zatikien talkek eratzen dutelako. Hondar ekaitz horien higadura lur azaletik 0,3 eta 0,6 metro bitartean dauden gainazaletan izaten da batez ere.

Haizearen mailaketaren ondorioz sortutako erliebeak

Higadura formak

Sakontzeko, irakurri: «Yardang» eta «Reg»
Yardang, Meadow, Texas

Haizearen abrasioak sortzen dituen egitura fisikoak ez dira garrantzi handikoak. Hondarrezko eta buztinezko aglutinazio batean, edo beste sedimentu bigun eta kohesibo batzuetan, higaduraren ondorioz yardang (turkieraz alde aldapatsua edo hasiera esan nahi du) izeneko egiturak sortzen dira; egitura horiek, ordea, ez dute garrantzi handirik. Yardangak haize jarraituaren higaduraren eraginpean dauden lur azal soilduetan eratzen dira; horietan haizeak sakonera gutxiko ildo luzeak eta gailur zorrotzeko harkaitz edo masa harritsuak sortzen ditu. Bigarren mailako beste erliebe mota batzuk bentifaktoak dira, forma zorrotzeko aldeak dauzkaten hartxintxarrak.

Reg, erdialdeko Iran

Ondo finkatu gabeko materialak dauden inguruetan sortzen dira deflazio mota nagusiak. Basamortuko blowoutak deflazioak sortutako barrunbeak dira: oro har, metro gutxi batzuk izaten dira sakon eta diametroa, aldiz, kilometro eta erdi ingurukoa dute. Alabaina, bada beste blowout mota bat hondar ugariko hondartzetan izaten dena: haizearen eraginez hondarra metatu ondoren, landareek finkatzen dute piloa.

Gainera, ondo finkatu gabeko hondakinetan eta dimentsio desberdineko metatzeen inguruetan legarrez osaturiko azal bat sortzen du deflazio aktiboak; azal mota horri reg edo basamortuko zola esaten zaio. Haizeak gainazal horren gainetik jotzen duenean, partikula finak haizatu egiten dira eta hegan garraiatzen ditu haizeak; hondar zatikiak, aitzitik, jauzika eta narrastuz garraiatzen dira. Bertan geratzen den legarrak, denboraren joanean, harri koskor biribilduez osatutako eremua eratuko du.[2] Reg-a osatzen denean asko gutxitzen da haizearen higadura eta, zenbaitetan, desagertu ere egiten da. Reg izeneko gainazal horiek, oro har, basamortu ingurune gehienetan azaltzen dira, baina mendebaleko Saharan hedatu dira ondoen, bertan reg-ak hamar milaka kilometro koadro betetzen baititu.

Sedimentazio formak

Haizeak mugiarazten dituen hondarra eta lohia mugitu ezinik geratzen dira denborarekin. Haizeak eragindako metatze horien ondoriozko formak zatikien tamainaren eta zatiki horiek metatzeko behar diren baldintzen araberakoak dira. Oro har, zatiki lodiak dauden lekuan bertan metatzen dira; lohia, aldiz, urrutirago meta daiteke, hauts geruza finak osatuz. Hauts finak, gehienetan, oso zati txikia hartzen du, gainalde osoko material guztia kontuan hartuz gero. Hala eta guztiz ere, antzina, lohi zatikiak oso leku sakonetan metatu ziren eta egitura fineko material biltegi garrantzitsuak osatu zituzten, loess izenekoak.

Dunak

Sakontzeko, irakurri: «Duna»

Zatiki handienak beren jatorrizko puntutik hurbil metatzen dira, dunak osatuz, eta haizearen eraginaren mende. Dunak hondar zatikiak oztoporen bat topatzen duenean osatzen dira. Hori gertatzen denean, hondar aleak bertan itsatsita geratzen dira, eta bata bestaren gainean metatzen; azkenik, muino bat osatzen dute. Prozesu hori ez da amaitzen, harik eta muinoak oztopoaren garaiera gainditzen duen arte. Une horretan, zatikiak gailurrera iristen dira baina, haizeak sortzen duen zurrunbiloaren ondorioz, muinoaren atzeko aldetik erori eta bertan metatzen dira oreka maldaren arabera. Atzeko malda aurrealdekoa baino nabarmenagoa izaten da, ez baitago haizearen eraginaren mende. Haizearen eraginez hondar aleak aurreko isurialdetik atera, malda igo eta atzeko isurialdera erortzen dira; era horretan, dunak aurrerantz egingo du haizea gelditzen den arte, edo aleen garraioa galaraziko duen oztoporen bat (landareak esaterako) bidean aurkitzen duen arte. Bazterretako aleak errazago higitzen direnez gero, duna aurrerantz doan heinean, ilargierdi itxura hartzen du. Dunak ez dira, oro har, bakarturik egoten, multzoka baizik. Basamortuetako dune eremu horiei erg izen ematen zaie.[2] Bi dunen arteko tartea haizearen indarraren araberakoa da; indarraren muga balio batetik gora ez da dunarik eratzen.

Loessa

Sakontzeko, irakurri: «Loess»

Dunekin batera haizeak garraiatzen duen materialaz eratzen den beste erliebe mota bat loessa da, eremu handia hartzen duen ale fineko metatzea. Loessa osatzen duten zatikien mea osaera aldatu egiten da eskualde batetik bestera, baina, hala ere, zatikiak beti txikiak dira eta deskonposatu ez diren meak izan ohi dira. Ohiko loessa kareduna da, eta kaltzio karbonatozko zementuari esker geruza trinkoetan finkatzen da. Loessaren jatorri eolikoa zatiki harritsuen higadura partzialean oinarritzen da, eta baita erdialdeko Asiako, Txina iparraldeko eta Argentinako Panpako basamortuetan, haizearen aldean dauden loess inguru zabaletako alderdi batzuen egoeran ere.

Loess-a Hunyuanen, Shanxi probintzia, Txina

Loessen sorrera azaltzen duen teoria nagusiaren arabera, deflazioa gertatzeko baldintza egokienak Europa eta Ipar Amerikako hormagune kontinentaletan izan ziren. Hormaguneetako higakinak (babesik gabe, kanpoan daudenak) batetik, eta fusioan sortutako ur kopuru handiek bestetik, eragin zuten ibaiek sedimentu kopuru handiz betetzea bailarak, ibaiek urtzen ari ziren hormaguneen hustuleku funtzioa betetzen baitzuten. Neguan jalkinak lehortu egin ziren eta, horren ondorioz, bailarako jalkin multzoa eta bailara horietako eremu soilak deflazioaren eraginpean geratu ziren. Mendebaldeko haizeek altxatutako hautsa bailaratako ekialdeko isurialdeetan metatu zen batez ere. Txinan daude loess metatzerik handienak, asko 30 metro dira lodi, eta 90 metroko bat edo beste ere bada. Txinako iparraldean ehundaka kilometro koadro hartzen ditu, eta Asia barrutik datorrela dirudi.

Loessak garrantzi handikoak dira nekazaritzan, oso erabilgarriak baitira. Loess ordoki eta goi ordokietan, esate baterako, laboreak lantzeko egokiak diren lur beltzak, oso emankorrak, eratu dira. Bestalde, loess metatzeez osatu dira Errusia hegoaldeko ordoki emankorrak, Argentinako Panpa eta Txinako iparraldeko lurralde emankorrak. Estatu Batuetan, euri nahikoa egiten duen estatuetako loess ordoki zabaletan lantzen da artoa, Iowa eta Illinoisen adibidez; garia, berriz, mendebalerago lantzen da, klima lehorragoa den lekuetan, Kansas eta Nebraskako ordokietan eta Washington estatuaren ekialdean, esaterako.

Loessek bailara ertzetan horma bertikalak osatzen dituenez gero, eta higadura eragileen mende gelditzen direlarik, eta horietan lur jausirik ez baita gertatzen eta, bestalde, horma horiek zulatzen errazak baitira, bizilekuak egiteko erabili dituzte Txina eta Europa erdialdean.

Erreferentziak

  1. The Krakatoa Sunsets. publicdomainreview.org (Noiz kontsultatua: 2018-8-28).
  2. Rementeria Argote, Nagore. Mila eta bat Sahara. Elhuyar aldizkaria, 2006/06/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-27).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.