Hadrianoren Harresia
Hadrianoren Harresia (latinez: Vallum Hadriani; ingelesez: Hadrian's Wall), Britainia Handian dagoen antzinako eraikuntza defentsibo bat da, 122 eta 132 urteen bitartean Hadriano erromatar enperadorearen aginduz eraikia, konkistaturiko britainiar lurraldea babesteko. Harresiaren hegoaldean zegoen erromatarren kontrolpeko lurra; harresiaren iparraldean —geroago (Irlandatik etorritako eskotoen inbasioaren ondoren) Eskozia izango zen lurraldean—, berriz, piktoak bizi ziren, Erromaren aurkari. Harresiaren beste funtzio bat egonkortasun ekonomikoa mantentzea eta Britaniako probintzian bake baldintzak sortzea zen, bai eta, fisikoki, Inperioaren muga adieraztea ere. Gaur egun, oraindik zutik diraute harresiaren zati handi batzuek.
Hadrianoren Harresia | |
---|---|
Vallum Aelium | |
UNESCOren gizateriaren ondarea Ondasun Ingelesa | |
Limes Britannicus borders of the Roman Empire | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Erresuma Batua |
Herrialdea | Ingalaterra |
Ingalaterrako eskualdea | Ipar-ekialdeko Ingalaterra |
Ingalaterrako konderri zeremoniala | Northumberland |
Koordenatuak | 55°01′27″N 2°17′33″W |
Historia eta erabilera | |
UNESCO World Heritage Site record modification | 2005, 2008 |
Kudeatzailea | English Heritage |
Izenaren jatorria | Hadriano |
Arkitektura | |
Dimentsioak | gehienez: 6 () × 6 () m gutxienekoa: 3,5 () × 1,8 () m |
Gizateriaren ondarea | |
Irizpidea | (ii), (iii) eta (iv) |
Erreferentzia | 430-001 |
Eskualdea[upper-roman 1] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | 1987 (XI. bilkura) |
Ondare Ingelesa | 1000098 |
Webgune ofiziala | |
|
Indarturiko limes hau 117 kilometro luze da. Solwayko golkoa du mendebaldeko muturrean; eta Tyneko estuarioa, ekialdekoan. Alboetan, Pons Aelius (Newcastle) eta Maglona (Carlisle) herriak zituen. Harresia 2,4 eta 3 metro bitarte lodi zen, eta 3,6 eta 4,8 metro bitarte garai. 14 gotorleku nagusi zituen, eta beste 80 txikiagoak, zaintza puntu klabeetan garnizioak zituztenak. Paraleloan, iparraldean, 10 metroko lubaki bat zuen; eta hegoaldean, bide militar bat eta vallum izeneko lubaki bat.
Harresia Eskozian dagoela uste su jende askok, edo Ingalaterra eta Eskozia arteko muga markatzen duela. Baina, izatez, harresia Ingalaterrako lurretan dago osorik, Eskozia eta Ingalaterra arteko gaur egungo muga baino hegoalderago, eta ez da sekula bi nazioen arteko muga izan.[1]
Hadrianoren Harresiaren funtzio defentsiboa, hogei bat urte geroago, Antonino Pioren Harresiak hartu zuen, iparralderago altxatu zenean. Hala ere, denbora labur baten ondoren, erromatarrek Antoninoren Harresia bertan behera utzi zuten, kaledoniar tribuen etsaitasunaren ondorioz. Beraz, Hadrianoren Harresia Britaniako probintziako iparraldeko muga izatera itzuli zen. Piktoek hiru aldiz zeharkatu zuten harresi hau: 197an, 296an eta 367an. 209an konpondua eta luzatua izan zen, Septimio Severo enperadore zen garaian, eta betiko baztertua izan zen 383an.
UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen 1987an. English Heritage delakoak, Ingalaterrako inguru historikoaren arduradun den gobernu erakunde nagusiak, «erromatarrek Britainia Handian eraikitako monumenturik garrantzitsuena» dela adierazi du.
Erreferentziak
- English Heritage. 30 Surprising Facts About Hadrian's Wall Retrieved 18 March 2017.
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Hadrianoren Harresiaren tokia
- (Ingelesez) Hadrian's wall. English Heritage.