Soliba
Soliba[1] edo habexka habe nagusietan bermatzen den habe txikiagoa da, solairu edo sabaiko oholtza eusten duena.[2]
Funtzioa
Solibek karga elementu bertikalei transferitzeko funtzioa dute. Haien arteko tartea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta sendotasun handiagoa beharko dute gaineko oholtzaren deflekzioa ekiditeko.
Egitura konplexuetan solibek hierarkia bat gordetzen dute, eta neurri eta norabide desberdinetakoak izan daitezke solairuan duten funtzioaren arabera.
Egurrezko egituradun eraikinetan, solairuak habeen artean bermatutako soliben gainean eraikitzen dira, hauen arteko hutsuneak material desberdinekin betez.[3] Beheko solairuan sabai aizuna badago, solibei jositakoa izaten da.[4] Batzuetan, solibak hondatutako habeei karga kentzeko ere ezarri daitezke.[5]
Erabilera
XVII. mendera arte, solairuen egitura nagusia habeek osatzen zuten, eta solibak haien gainean kokatzen ziren. Egitura bistan geratzen zen, eta habeak zein solibak askotan tailaz apaintzen ziren. XVIII. mendetik aurrera, Italiatik etorritako sabai aizunen modarekin elementu hauek ezkutuan geratzen hasi ziren, igeltsu geruza batek suteengandik babestuak.
Eraikuntza tradizionalean solibak egurrez egin izan badira ere, gaur egunean egur konglomeratuz edo altzairuz eginak ohikoak dira.
Erreferentziak
- «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
- Pedroso, Garbiñe; Agirrezabal. Baserriaren eraikuntza. (Noiz kontsultatua: 2019ko azaroaren 23a).
- (Gaztelaniaz) «¿Qué tipos de forjados existen para viviendas?» Blog 2018-06-05 (Noiz kontsultatua: 2019-11-23).
- «Rehabilitación de estructura de madera» https://obrasinsignia.com/ (Noiz kontsultatua: 2019ko azaroaren 23a).
- «Reforma estructural piso | De Frias» www.defrias.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-23).