HMS Erebus (1826)
HMS Erebus ontzi bat zen Hecla klasekoa, Sir Henry Peake-k diseinatua eta Britainia Handiko Itsas Armadak 1826an eraikia Pembroke-ko ontzioletan, Galesen. Erebus izenak “infernuaren sarrerako iluntasuna” esan nahi du Greziako mitologian. Garai hartan Itsas Armadak horrelako izenak jartzen zizkien bere gerra-ontziei (Erebus, Terror, Fury, Fantome…), izua eragiteko etsaien artean.[1] HMS Erebus ontziak 372 tona pisatzen zuen, eta bi mortero zeuzkan, bat 330 mm.koa eta bestea 254 mm.koa, eta 10 kanoi. Ontziak parte hartu zuen Ross espedizioan 1839 eta 1843 urteen artean, eta abandonatua izan zen Franklinen espedizio galduan. 2014ko irailean, haren bila urte asko igarota, aurkitu egin zituzten haren ontzi-hondakinak O’Reilly uhartearen mendebaldean, Maud Erreginaren golkoko uretan, Ozeano Artikoan.[2]
HMS Erebus (1826) | |
---|---|
Fabrikazioa | |
Fabrikatzailea | Pembroke Dockyard (en) |
Ekoizpen-lekua | Pembroke Dock |
Historia | |
Voyage of the H.M.S. Erebus & Terror | 1839ko iraila - 1843ko irailaren 4a |
Franklinen espedizio galdua | 1845eko maiatzaren 19a - 1848ko apirilaren 22a |
Gila jartzea | 1824ko urria |
Uretaratzea | 1826ko ekainaren 7a |
Ship abandonment | 1848ko apirilaren 22a |
Berraurkikuntza | 2014ko irailaren 2a |
Kudeatzailea | Royal Navy |
Erregistro-herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Antartikako Erebus mendia ontzi honen omenez izendatua izan zen.
Ross espedizioan
Mediterraneoan bi urte eginda, Erebus egokitu egin zuten Antartikan esplorazio-ontzi moduan zerbitzatzeko, eta 1840ko azaroaren 21ean, James Clark Ross buru zuela, Van Diemen’s Land (gaur egungo Tasmania) uhartetik abiatu zen Antartikara, Terror ontziarekin batera. 1841eko urtarrilean, ontzi bietako eskifaiek Victoria Land zapaldu zuten, eta hasi ziren hango inguruak izendatzen Britainia Handiko politikari, zientzialari eta ezagunen izenekin. Mount Erebus, adibidez, berau Ross uhartean, izendatu zuten ontzi baten omenez, eta Mount Terror, bestearenean.
Aurrerago eskifaiak Ross Ice Shelf aurkitu zuen, baina han ezin sarturik, ekialderantz egin zuten, harik eta sasoiak behartuta, Tasmaniara itzuli ziren. Hurrengo sasoian, 1842an, Ross-ek segitu zuen “Izotz Hesi Handia” aztertzen, ekialderantz eginda. Ontzi biak Falkland uharteetara itzuli ziren, 1842-1843 sasoian Antartikara itzuli aurretik. Magnetismoa aztertuta, itzuli ziren informazio ozeanografiko dezenterekin, eta espezie botaniko eta ornitoloogiko bilduma aipagarriekin. Bidaian jasotako landareak zehatz deskribatu ziren honako lanean: The Botany of the Antarctic Voyage of H.M. Discovery Ships Erebus and Terror in the years 1839–1843, under the Command of Captain Sir James Clark Ross.
George Robert Gray-k eta Richard Bowdler Sharpe-k deskribatu eta ilustratu zituzten lehen espedizioan jasotako hegaztiak lan honetan: The Zoology of the Voyage of HMS Erebus & HMS Terror. Birds of New Zealand, 1875. Joseph Dalton Hooker botanikari famatua izango zenak orduan 23 urte zituen, eta bertan joan zen Robert McCormick-en zirujau-laguntzaile gisa.[3]
Franklin espedizioan
Sir John Franklinen agindupean Artikora egingo zuten bidaiarako, lurrun-makina bana ezarri zitzaien Erebus eta Terror ontziei, aurretik Londresko eta Croydongo Tren sarean lokomotora gisa ibilitakoak. Lurrun-makinek aukera ematen zieten ontziei 7,4 km/h egiteko beren kasa. Haiek elikatzeko, ontziek 12 egunerako ikatza zeramaten.[4] Beste aurrerapen teknologiko batzuk ere erabili ziren ontzietan, hala nola, branka indartuak burdinezko xaflekin, lurrun bidezko barne-berogailu sistema, burdinez babestutako helizeak (izotzak kalte ez zitzan), liburutegi bat 1.000 bat libururekin, eta hiru urterako jakiak, era tradizionalean eta potoetan gordetakoak. Sir John Franklin Erebus ontzian joango zen, eta berea izango zen espedizio osoaren ardura; Terror ontzia, berriz, Francis Crozier kapitainak aginduko zuen. Espedizioak magnetismoa aztertu behar zuen Kanadako Artikoan, eta saiatu behar zen zeharkatzen Ipar-mendebaldeko pasaia, zeinaren zati batzuk mapatan zeuden marraztuta, baina sekula inork osorik nabigatu gabea zen.
Azkenengoz, europarrek 1845eko abuztuan ikusi zituzten bi ontziak Baffin badian. Franklin espedizioa desagertzeak eragin zuen izugarrizko ahalegina Artikoan, ontziak bilatzeko. Lehen informazio orokorra espedizioaren patuaz eta haren inguruko zirkunstantzien inguruan 1853an iritsi zen Britainia Handira, John Rae doktoreak eramanda, berau Hudson’s Bay konpainiakoa, inuitek emandako objektu eta informazioaren bidez. Geroagoko espedizioek, 1866ra artekoak, baieztatu egin zuten informazio hura.[5]
Ontzi biak izotzak blokeatuta geratu ziren, eta, ondorioz, bertako marinelek abandonatu egin zituzten. Denak, 129 gizon, hil egin ziren hipotermiak, eskorbutoak eta goseak jota, besteak beste, hegorantz zihoazela, kontinentearen bila. 1980 arteko espedizioek, zenbait espedizio-kideren autopsiak tarteako, ondorioztatu zuten Erebus eta Terror espedizioko kontserba-potoak berunak eta botulismoak kutsatuta egon zitezkeela. Zenbait inuiten ahozko informazioa, zeinaren arabera zenbait espedizio-kidek kanibalismora jo zuten bizirik irauteko, baieztatu egin ziren XX. mende bukaeran, ebidentzia forentseak erakutsi baitzuen zenbait hezurrek aizto-ebakiak zituztela.
Ontziaren hondakinak aurkitu
2008ko abuztuaren 15ean, Parks Canada, Kanadako gobernuaren agentziak iragarri zuen sei asteko bilatze-kanpaina bat (75.000 dolar kanadarreko kostoarekin), Sir Wilfrid Laurier izotz-hauslea erabilita, ontziak aurkitu eta Kanadak Artikoaren zati handien gaineko soberania-erreklamazioa indartze aldera. Robert Grenier Parks Canadako arkeologoak eta Louie Kamookak historialariak gidatu zuten espedizioa, azken hori inuiten ahozko historiak jasotakoa hondakinen inguruan eta idatzitako dokumentazioa aztertutakoa.[6]
2014ko irailaren 2an, Ryan Harris eta Marc-André Bernier bikoak zuzendutako talde batek, berau Parks Canada-koa, ontzi baten hondakinak aurkitu zituen. 2014ko urriaren 1ean iragarri zen hondakinok Erebus ontziarenak zirela. Paul Watson kazetariak horrela kontatzen du Ice Ghosts liburuan:
Sir John Franklin-en Erebus bandera-ontziaren betiko atseden lekua dago Grant Point muturraren 16 km. hegoekialdera. Aurkitu zuten sakonera gutxira, justu inuitek belaunaldiz belaunaldi zioten lekuan, non itsasontzi bat hondoratu baitzen, bertan zenbait gizon, eta akaso txakurren bat, bizi ondoren.[7]
2014ko azaroaren 6an iragarri zen ontziaren kanpaia berreskuratu zela. 2015eko martxoaren 4an iragarri zen Parks Canada erakundeko eta Kanadako Errege Itsas Armadako itsaspekariek espedizio bateratu bat egingo zutela Erebus urpean aztertzeko, apirilean hasita.
2016ko irailaren 12an iragarri zen HMS Terror ontziaren hondakinak aurkitu zituztela Terror badiako uretan hondoratuta, Gilen Erregearen uharteko hego-mendebaleko kostaldean. Ontziaren hondakinak izendatu ziren Kanadako Gune Historiko Nazional.
2017ko urriaren 23an Britainia Handiko Defentsa ministroak, Sir Michael Fallon, iragarri zuen gobernu britainiarrak emango zizkiela Kanadari HMS Erebus eta HMS Terror ontziak, beretzat gordeta objektu batzuk eta urre apur bat, eta ager litezkeen gorpuzkinak herriratzeko eskubidea.
Legatua
Artean, aisialdian, eta hedabideetan
HMS Erebus asko erabili da, sarri HMS Terror ontziarekin batera, fikziozko lanetan, zeinetan ardatza Franklinen espedizio galdua baita, hala nola:
- Nemo kapitainak aipatzen ditu Erebus eta Terror Ross kapitainaren testuinguruan, Jules Verne idazlearen Vingt mille lieues sous les mers (1870) nobelan, azpimarratzeko zein zaila den Hego Poloa iristea.
- Joseph Conrad idazleak ere aipatzen ditu Erebus eta Terror Heart of Darkness (1899) nobela laburrean.
- Terror eta Erebus (1965) bertso-irratsaio bat da CBC Irratiarena, Gwendolyn MacEwen poeta kanadarrak egina, eta ondoren Afterworlds bilduman argitaratua (1987)
- Terror eta Erebus (Lantua Franklinen alde) (1997) oratorio bat da, baritono eta ganberarako, Henry Kucharzyk kanadar musikagileak egina, MacEwen-en bertso-dramatik egokitua.
- Ice Blink: The Tragic Fate of Sir John Franklin's Lost Polar Expedition / Izotz-kliska: Sir John Franklinen espedizio galduaren patu tragikoa (2001), Scott Cookman-ena, kazetaritza-kontakizun bat egiten du Franklinen espedizio galduarena.
- Erebus eta Terror agertzen dira, halaber, Dan Simmons-en The Terror nobelan (2007), espedizioaren kontakizun fikzionatua. 2018an izen bereko telesailean agertu ziren, nobelan zegoen-eta oinarrituta.
- Clive Cussler-en nobelak, Arctic Drift (2008), Erebus eta Terror erabiltzen ditu tramaren parte moduan.
- "Erebus" (2012) irrati-nobela bat da, Jo Shapcott poeta britainiarrak sortua BBC Radio 4 katerentzat, eta Franklinen espedizioan oinarritua.
- Erebus: The Story of a Ship / Erebus: ontzi baten historia (2018), Michael Palin-ena, ontziaren biografia bat da. 2018an BBC Radio 4 kateak irratsaio moduan eman zuen, liburuan oinarritua.
- Erebus eta Terror, Nickeltree Kanadako folk bandaren 2016ko albumaren 6. abestiaren izena da.
Toponimian
- Mount Erebus, Ross uhartean kokatua Mount Terror sumendi itzaliaren ondoan, Antartikako bigarren sumendirik garaiena da (Mount Sidley-ren ondoan), eta sumendi bizietan Lurraren hegoaldekoena.
- Erebus badia Evans lurmuturraren eta Hut Point penintsularen artean dago, Ross uhartearen mendebaldean.
- Erebus eta Terror golkoa, Antartikan dago, Ross espedizioarekin 1842-43 urteetan egindako espedizioa gogoan.
- Erebus kristala, feldespato moduko bat da, Mount Erebus inguruetan aurkitua.
- Erebus kraterra Marte planetan dago, eta Opportunity landroverrak bisitatu zuen, Victoria kraterraren bidean.
Erreferentziak
- 1955-, Hutchinson, Gillian,. Sir John Franklin's Erebus and Terror expedition : lost and found. ISBN 1472948696. PMC 968290387. (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
- (Ingelesez) Sep 27, Janet Davison · CBC News · Posted:; September 28, 2015 5:00 AM ET | Last Updated:; 2015. «New photos show more HMS Erebus artifacts, but HMS Terror still missing | CBC News» CBC (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
- Hooker, Sir Joseph Dalton. (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
- Piotrowska, M.; Stepień, P. P.; Bartnik, E.; Zakrzewska, E.. (1976-1). «Basic and neutral amino acid transport in Aspergillus nidulans» Journal of General Microbiology 92 (1): 89–96. doi: . ISSN 0022-1287. PMID 1466. (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
- pubs.aina.ucalgary.ca (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
- (Ingelesez) Cecco, Leyland. (2018-03-29). «Inuit oral historian who pointed way to Franklin shipwrecks dies aged 58» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
- (Gaztelaniaz) Watson, Paul. (2018). Fantasmas de hielo. Paninsula, 433 or. ISBN 978-84-730-0..
Kanpo estekak
- "Erebus eta Terror" CoolAntartica.com
- "The Wreck of HMS Erebus: How A Landmark Discovery Triggered A Fight For Canada's History". Buzzfeed.
- Artefaktu bilduma Terror eta Erebus ontziekin lotuta, Isas Museo Nazionalean.