Héctor Mendoza
Héctor Mendoza Franco (Apaseo el Grande, Guanajuato, 1932ko uztailaren 10a - Mexiko Hiria, 2010eko abenduaren 29a) mexikar antzerki-zuzendari eta antzerkigilea izan zen.
Héctor Mendoza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | 1932ko uztailaren 10a |
Herrialdea | Mexiko |
Heriotza | 2010eko abenduaren 29a (78 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | gidoilaria, antzerki zuzendaria, unibertsitateko irakaslea, antzerki aktorea, antzerkigilea eta pedagogoa |
Enplegatzailea(k) | Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa |
Jasotako sariak | ikusi
|
Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan Filosofia eta Letretako fakultatean ikasten ari zela hasi zen antzerkia lantzen. Zuzendari gisa ezagutarazi zuen lana Tirso de Molinaren Don Gil de las calzas verdesen egokitzapen abangoardiazko bat izan zen, pop artearen eraginpean. Lan horregatik Mexikoko Kritikari Independenteen Elkartearen saria jaso zuen, 1966an. Urte batzuk lehenago, Juan Ruiz de Alarcón saria jaso zuen, Mexikoko nagusia, Las cosas simples lanarengatik. 1970ean La danza del urogallo múltiple (1970, Basoilar anizkoitzaren dantza) zuzendu zuen, mexikar antzerkigile eta eleberrigile Luisa Josefina Hernándezen lankidetzarekin. Muntaketa horrek auto sakramental baten gisakoa izugarrizko oihartzuna izan zuen, eta bide berrietarako ateak zabaldu zituen Mexikoko eta unibertsitateko antzerkigintzan. Héctor Mendoza bere lanean baliabide berrien bila ibili izan zen beti, testua eta ikuskizuna osotasun harmonikoan elkartuz. Beste lan aipagarri batzuk: La dama boba, Lope de Vegarena (1983, Dama ergela); Los asesinos ciegos (1969, Hiltzaile itsuak); El tobogán (1952, Txirrista); La camelia (1959, Kamelia); Suplícame de amor (1964, Erregutu nazazu, maite hori), eta 1986-1990 bitartean, El día en que murió el señor Bernal dejándonos desamparados (Bernal jauna hil zen eguna gu babesgabe utzita); Noche decisiva en la vida sentimental de Eva Iriarte (Gau erabakigarria Eva Iriarteren bizitza sentimentalean); eta Secretos de familia (Familia sekretuak).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.