Guy Mollet
Alcide Guy Mollet (Flers, 1905eko abenduaren 31 – Paris, 1975eko urriaren 3a) frantziar politikaria izan zen. Frantziako lehen ministroa izan zen 1956tik 1957ra.
Ingeles irakaslea izan zen Arrasen eta Langile-Internazionalaren Frantziar Sekzioko kidea 1928tik.
Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek preso hartu zuten. Zazpi hilabeteren ondoren askatu zuten eta Frantziako Erresistentziara batu zen kapitain mailarekin.
1945eko urrian hautatu zuten Frantziako Nazio Biltzarreko kide. 1946an SFIOko idazkari nagusi izendatu zuten eta Arraseko alkate ere bazen. Ministro izan zen Léon Blum, René Pleven eta Henri Queuilleren gobernuetan eta Frantzia ordezkatu zuen Europako Kontseiluan. 1951tik 1969ra Internazional Sozialistako presidenteordea izan zen.
1956ko hauteskundeetarako, Fronte Errepublikanoa izeneko zentro-ezkerreko koalizio bat sortu zuen eta hauteskundeak irabazi ondoren, lehen ministro izendatu zuten. Europako Ekonomia Erkidegoa sortzeko Erromako Ituna negoziatu eta sinatu zuen. Suezko krisialdi aurre egin behar izan zion eta tropa frantziarrak bidali zituen Suezko kanala okupatzera tropa ingelesekin batera. Aljerian ere kontraterrorismo kanpaina bat hasi zuen, tortura erabiliz, eta Aljerreko gudua izan zen. Barne-politikan, gizarte-politikak egin zituen. Aljeriako krisialdiak dimititzera behartu zuen 1957ko ekainean. Frantziako Laugarren Errepublikako azken gobernu egonkorra izan zen.
1958an Charles de Gaulleren botere-hartzearen alde egin zuen eta estatu-idazkari izendatu zuten. 1959an gobernuko kargua utzi zuen. Bere azken urteetan bere alderdi politikoaren desagerpena ikusi zuen, azkenean Frantziako Alderdi Sozialistarekin bat eginda.