Gurutze Iantzi
Gurutze Iantzi Igerategi (Urnieta, Gipuzkoa, 1962 – Tres Cantos, Madril, 1993ko irailaren 24a) Herri Batasuneko zinegotzia izan zen Urnietako Udalean. Guardia Zibilak 1993ko irailaren 22an atxilotu zuen bere etxean. Bi egun geroago hil zen, Guardia Zibilaren Tres Cantosko egoitzan. Bertsio ofizialaren arabera bihotzekoak jota hil zen. Zantzu guztiek diote, ordea, «poltsa» tortura aplikatuz hil zutela.[1][2]
Gurutze Iantzi | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Urnieta, 1962ko maiatzaren 5a | ||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||
Heriotza | Tres Cantos, 1993ko irailaren 24a (31 urte) | ||
Heriotza modua | giza hilketa: asfixia | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Herri Batasuna |
Julio Iglesias bahituaren bila
Julio Iglesias Zamora bahiturik zeukan ETAk garai hartan. Bahitua Urnietako Adarra mendian zeukatela zabaldu zuen Poliziak, eta operazio handia egin zuten. Guardia Zibilak 20 lagun atxilotu zituen inguru haietan, bost egunean.
Atxiloketa
Irailaren 21ean Julen Irastorza, Gurutze Iantziren senarra, atxilotu zuten.
Gurutze Iantzi irailaren 23an atxilotu zuten bere etxean Gipuzkoako Informazio Zerbitzuko Guardia Zibilek, goizaldeko 02:00etan. Atxiloketa inolako agindu judizialik gabe egin zen. Guardia Zibilaren erregistroen arabera, 02:30etan Antiguako (Donostia) Guardia Zibilaren polizia etxeko ziegetan sartu zuten, inkomunikazio egoeran.
Egun horietako gainerako atxilotuek salatu zuten han egin zuten denboran torturatu egin zituztela: kolpeak urdailean eta buruan, «poltsa» eta «bainuontzi» tortura jardunbideak, mehatxuak, sexu umiliazioak eta galdeketa etengabea, ezein abokaturen presentziarik gabe.
Madrilera
Guardia Zibilaren erregistroen arabera, 08:15ean Madrilera eraman zuten, beste lau atxilotuekin batera. 14:30etan sartu zuten Tres Cantosko polizia etxean.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak inkomunikazio egoera berretsi zuen.
Egun horietan bertan izandako gainerako atxilotuek abokaturen presentziarik gabe egin zizkieten galdeketetan torturatu egin zituztela deklaratu zuten: kolpeak gorputz osoan, batez ere buruan; mota guztietako mehatxuak; eta «poltsa» izenaz ezaguna den tortura.
Guardia Zibilaren erregistroaren arabera, Gurutze Iantzik ziegako tinbrea jo zuen, irailaren 24ko 03:15ean, guardiei deitu eta min handiak zituela esateko. Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi mediku Leonor Ladron de Guevarak, telefonoz egindako elkarrizketaren ondoren, Mucorex (antibiotikoa eta arnasbideetatik mukiak ateraraztekoa den botika bat) kapsula bat emateko agindu zuen. 04:20an berriro jo zuen tinbrea. Guardiako poliziak konorte barik aurkitu zuen, eta atake epileptikoaren itxura hartu zion. 04:40an osasun etxera ingresatu zuten, atake epileptiko bat izan zuela esanez.
Osasun etxean Mari Carmen Gonzalez Lopez medikuak Iantzi hilik zegoela egiaztatu zuen. Gerora deklaratko zuen gorpuan atzemandako zantzuen arabera hiru ordu laurden lehenago hil zela.
Heriotzaren berria
Julen Irastorza aske utzi zuten irailaren 24an, goizeko 05:00etan. Ondoren jakin zuen bere emaztea hil zela.
Goizeko 08:00etan telegrama bat jaso zuten Gurutze Iantziren Urnietako etxean[3]. Iantzi Madrilgo Tres Cantos polizia etxean hil zela jartzen zuen.
Autopsia
Irailaren 25ean autopsia egin zioten Cistina Garcia Andrade Dominguez eta Sandalio Garcia Martin auzitegi medikuek. Txosten haren arabera, heriotzaren arrazoia arteria baten tronbosia izan zen.
Familiak eskatuta, Jorgen L. Thomsen danimarkar auzitegi mediku berezia presente egon zen autopsian. Haren txostenak dioenez, ez zetorren bat autopsiarako erabili zen metodoarekin. Gorpuak zituen zantzuen arabera, uste zuen heriotzaren kausa krisialdi epileptiko bat ez, beste norbaitek eragindako biolentzia fisikoa izan zela, nahiz eta eragindako biolentzia horrek atake epileptikoa ere eragin zezakeen.
Lekukotasunak
Gurutzeren senar Jose Julian Irastorzak epaitegian deklaratu zuen Antiguako polizia etxean plastikozko poltsa jarri ziotela buruan, sudurra eta ahoa ixten zizkiotelarik, itomenaz konortea galdu zuen arte. Tres Cantosen kokotean eta bekokian eskuz emandako kolpe ugari jaso zituela, eta «poltsa»ren tortura egingo ziotela mehatxatu zutela.
Ziegan, Karmele Urbistondorekin batera zegoela, bere emaztearen oinaze garrasiak entzun zituela esan zuen: «Utz nazazu bakean, nik ez dut ezer egin eta!» entzun zuten. Handik gutxira, ziegaren zulotxo batetik jendea arineketan ikusi zuten. 10-15 minutu geroago bere emaztea ikusi zuen, oinez astiro ziega aldera zihoala. Oinetako eta galtzengatik identifikatu zuela. Beste bi aldiz ikusiko zuen emaztea pasatzen; azkenekoan, arineketan ari zirela, baten batek esan zuela: «Zer gertatzen zaizu! Zabaldu ahoa atzamarrak sartzeko... haginka egin dit!» eta gurpil-aulki bat ikusi zuen alde batera pasatzen, eta gero beste aldera.
Karmele Urbistondok berretsi egin zuen Irastorzak deklaratutakoa.
Auzibidea
Gurutze Iantziren heriotzaren inguruko diligentziak zabaldu ziren Colmenar Viejoko epaitegian. Heriotza «naturala» izan zela argudiatu eta kasua itxi zuten.
Oraindik ez da Gurutze Iantzi atxilotzeko arrazoia zein izan zen azaldu. Polizia etxean egin zuen deklarazioa ere ez da inoiz azaldu.
Bestelako bertsioak
Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota hil zen Gurutze Jantzi. Agintariek eta haien inguruko hedabideek, bertsio hori indartzeko, esan zuten Gurutzek tabakoa erretzen zuela eta osasun arazoak zituela.
Gurutzeren ahizpa Izaskun Iantzik dioenez, hori ez da egia: «Hilabete lehenago azterketa medikoa egin zuen, eta oso ondo zegoela esan zioten». Gainera, hilotza ikusi zutenean ubeldurak zituela gogoratzen du, «etxetik eraman zutenean ez bezala».[4]
Torturaren Aurkako Taldeek[5] eta Euskal Herriko sektore handi batek ez du inoiz bertsio ofiziala sinetsi.[6]
Xabier Arzalluzek ere Gurutze Iantzi poltsaz hil zutela esan zuen.[7]
Auzitegi medikuaren papera
Pako Etxeberria auzitegi medikuak Gurutzeri azken azterketa medikoa egin zion, eta Leonor Ladron de Guevara auzitegi medikuaren jokabidea salatu zuen. Ladron de Guevararen kasua eskandalua izan zen Etxeberriaren iritziz. Azterketa telefonoz egin izana salatu zuen. Bestela ere, emakume horrek Espainiako Auzitegi Nazionalean lanean egindako 25 urte inguruan tratu txar edo torturarik jaso zuen atxilotu bat ere ez ikustea eskandalagarria zela esan zuen. Dena dela, Etxeberriaren iritziz, tortura kasu guztien ardura nagusia, torturatzaileenaz gain, atxiloketa egitea agintzen duen epailearena da, atxilotua bere ardurapean dagoelako.[8]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2018-09-22). «GURUTZE IANTZI, CUANDO MORIR EN COMISARÍA ERA LO «NATURAL»» GARA (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
- https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/gurutze-iantzi-igerategi-urnietarra-hil-zen-guardia-zibilaren-tres-cantosko-komisaldegian-zantzu-guztien-arabera-torturen-ondorioz
- (Ingelesez) Reddin, Stewart. (2018-09-21). «‘They came for her in the morning’ - Torture in the Basque Country: The murder of Gurutze Iantzi» Medium (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- «14 urte geroago inpotentzia bera», Berria, 2007-09-21.
- Urteroko txostenak, Stoptortura.com
- «Torturaren ondorioz hildakoak», Torturaren Aurkako Taldea.
- «Arzalluz acusa a la Guardia Civil de la muerte de la presunta etarra Gurutze Yanzi», El Mundo, 1997-03-08.
- «Tortura. Itsu, mutu, gor». Igandea gehigarria, Berria, 2007-10-21