Albitarren aurkako Gurutzada

Albitarren aurkako Gurutzada (okzitanieraz: Crosada dels albigeses; frantsesez: Croisade des Albigeois) Eliza Katolikoak burututako gurutzadetako bat izan zen, Elizaren buruzagi kontserbadoreenek heresiatzat jotzen zutenarekin amaitzeko helburuarekin. Ondorioz Frantziako erresumak Okzitania konkistatu zuen[1].

Albitarren aurkako Gurutzada
Gurutzadak
Languedoceko mapa politikoa Albitarren aurkako Gurutzadaren hasieran
Data1209 - 1229
LekuaLanguedoc
EmaitzaGurutzatuen eta frantziarren garaipena
Gudulariak
Gurutzatuak
Frantziako Erresuma
Kataroak
Tolosako konderria
Aragoiko koroa
Buruzagiak
Simon IV.a Montfortekoa
Filipe II.a Frantziakoa
Luis VIII.a Frantziakoa
Raimundo Roger Trencavel
Raimundo VI.a Tolosakoa
Raimundo VII.a Tolosakoa
Petri II.a Aragoikoa

Kataroak XII. eta XIII. mendeetan oso ezaguna izan zen kongregazio kristau bat osatzen zuten. Albitar izenarekin ere ezagunak ziren, Albi hiriari erreferentzia eginez, bertan baitzegoen kataroen gotorleku handi bat. Europa osoan zabalduta zeuden arren, Frantziako Languedoc eskualdean zuten indar gehien. X. mendeko bogomiloen sektaren adar bat ziren. Gurutzea tortura eta heriotzaren sinbolo maltzurra zela uste zuten eta Erromako elizak erlikien salmentarekin egiten zuen negozioa gaitzesten zuten.

Mende oso batean zehar, Elizaren ordezkariak kataroekin bildu ziren, sekta honekin amaitu, bere kideak katolizismora bihurtu eta Aita Santuaren aginpidea onar zezaten, emaitza gutxirekin. Inozentzio III.a Aita Sainduak, sektak kristautasunaren nagusitasuna arriskuan jartzen zuela eta anti-eliza gisa antolatu nahi zuela erabaki zuen.

1209an neurri zorrotzagoak hartu zituen, albitarren aurkako gurutzada bat deituz, bereziki odoltsua eta krudela izan zena. Frantzia iparraldeko nobleak gurutzada honetan parte har zezaten, Inozentzio III.ak hegoaldeko lurretaz (askoz ere aberatsagoak eta zibilizatuagoak zirenak) bereganatzeko baimena eman zien. Zaldun hauetako bat Simon IV.a Montfortekoa izan zen, lurraldeko biztanleetan izua zabaldu zuena.

Simon Montfortekoaren indarrak Béziersko hirira 1209ko ekainean heldu ziren, berau setiatuz eta biztanle katolikoei kataroak entregatzea aginduz, eskumikatzearekin mehatxatuz. Garai hartan hori zen mehatxu larria zen arren, hiritarrek ez zuten amore eman. Montforten tropekin izan zen Aita Sainduaren ordezkari Arnaud Amaury-ri[2] orain nola jokatu behar zen galdetzean, honako erantzun zuen: Ez ezazue inongo klase sozial, adin edota sexu arrazoiengatik errukirik eduki. Kataroak edo katolikoak, hil itzazue denak. Jainkoak jakingo du bereak bereizten. Horrela, Montforten soldaduek 15.000 gizon, emakume eta haur erail zituzten, 200 bat bakarrik zirelarik kataroak.

Carcasonako hiri harresitua, Frantzia

Béziersko gertakari hauei Narbona eta Carcasonakoak gehitu zitzaizkion, bertako biztanleek ihes egin behar izan zutelarik gurutzatuen esku ez erortzeko. Lur guztiak Monfortek berarentzako hartu zituen, bere burua Béziers, Narbona eta Carcasonako bizkonde izendatu zuelarik.

Gurutzadak aurrera jarraitu zuen, gero eta odoltsuago. Lavaurren defendatzaile guztiak urkatuak izan ziren. Bramen gizon guztiei begia atera eta sudurrak moztu zizkieten. Hiriak errez erortzen ziren, bertako gotzainek ateak irekitzen baitzizkieten gurutzatuei (agian Simon Montfortekoak garaituen lurrak beraiekin banatzen zituelako).

Raimundo VI.a Tolosakoak, eraildako biztanleen jaun feudaletako bat, sarraski hau gelditu nahi izan zuen eta Inozentzio III.arekin elkartu zen, baina honek Montforti eman zion bere babesa. Orduan Piarres II.a Aragoikoaren laguntza eskatu zuen, baina hau koldartu eta Raimundo VI.a bakarrik utzi zuen Montforteko Simeonekin akordio bat sinatuz. Gauzak horrela, gurutzatuek Tolosa setiatu zuten eta 1213rako, Trencavel leinuko lur guztiak konkistatuta eta Tolosako biztanle guztiak atxilotuta zeuden.

1215erako, Simon Montfortekoak kataroek abandonatutako gaztelu askoren jabe zen eta Espainiako Luis printzea berarekin bat egitea lortu zuen. 1216an Montforten indarren lehen porrota garrantzitsua nozitu zuten Beaucairen, baina indarrak berrantolatu eta bigarrenez jabetzeko gai izan ziren. Lourdesen ere garaituak izan ziren, Gurutzada Albitarraren mendebaldeko mugan.

1217ko udazkenean Raimundo VII.ak, Aragoiko Erresumarekin batera, Tolosaz jabetu zen. Hurrengo udaberrian Montfortek hiria berriro setiatu zuen baina 1218ko ekainaren 25an emakume talde batek maneiatutako artilleria makina batek jaurtikitako harri baten kolpeagatik hil zen[3].

Hainbat pertsonaiek Simon Montfortekoaren tokia hartzen saiatu ziren, tartean Luis Frantziako printzea, 1219an Marmande konkistatu zuena, hiria arpilatuz eta bertako biztanleak heresiagatik errez.

Simon Montfortekoaren heriotzak gurutzatuak buruzagi indartsurik gabe utzi zituen, Raimundo VII.ak Béziersen garaipena lortzea eragin zuena. Gurutzatuen etengabeko porrotei esker kataroak berrindartu egin ziren, hainbeste ze 1224an 1209ko mailan zeuden.

1226ean Pieusseko Kontzilio Kataroa ospatu zen, non Rasséseko Apezpikutza Kataroa ezartzea erabaki zen. Honek Luis VIII.ak gurutzada berri bat agintzea ekarri zuen, Avignon 4 hilabeteko setiopean jarriz eta Pere Isarn, Carcasonako Gotzain Kataroa sutan errez.

Honen ondoren hiri eta gaztelurik gehienak borrokatu gabe errenditu ziren, jendea gerraz nazkatuta zegoela adierazten duena. Kataroen azken enklabea Tolosa zen, Raimundo VII.aren agindupean eusten zuena, baina azkenean 1229ko apirilaren 12an akordio bat sinatzea onartu zuen, non kataroen aurka borrokatzea, Tolosako defentsak eraistea eta kalte ordain gisa dirutza handi bat ordaintzea onartu zuen.

Ordutik aurrera Inkisizioa Tolosa eta Languedoc osoan ezarri zen, kataroak jazarriak, torturatuak eta sutan erreak izan ziren. Honek Tolosa, Albi, Narbona eta Montsegurren altxamenduak sortu zituen. Azken hiri honetan 1232tik aurrera Eliza Kataroaren egoitza nagusia ezarri zen, non ondo babestutako gaztelu bat zuten. 1242an, Montsegurreko zaldunek Gillen Arnau inkisidore eta bere eskolta guztia hil zituzten. Honen ondoren Montsegurren setioa hasi zen, 10 hilabete iraun zituena. 1243an hasi eta 1244ko otsailerako hiritar guztiak errendituta zeuden. Berrehun eta hogei kataro bizirik erreak izan ziren.

1255eko Quéribusko setioak, gotorleku kataro txiki bat, Gurutzada Albitarraren amaiera ekarri zuen. Ordurako, inkisizioak Eliza Kataroa desegitea lortu zuen.

Erreferentziak

  1. Joxe Azurmendik irakurketa politiko-erlijiosoa eginez Erromako elizak Okzitania Frantziari eman ziola esango du. Ik. Azurmendi, J. 2023: "Kataroen gurutzada" in Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 47. or.
  2. Azurmendi, J. 2023: "Kataroen gurutzada" in Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 50. or.
  3. Gertaera hori Simone Weilek David eta Goliaten Bibliako pasartearekin konparatuko du. Bestalde, Simone Weil berak XIII. mendean frantsesek okzitaniarren aurka egindakoa naziekin konparatuko du 1943ko Frantzia okupatuan. Ik. Azurmendi, J. 2023: "Kataroen gurutzada" in Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 53. eta 59. or.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.