Gure Esku
Gure Esku (2019ko martxora arte Gure Esku Dago) Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimendua da, 2013ko ekainean Irunen aurkeztu zena. Zelai Nikolas eta Anjel Oiarbide izan zituen bozeramaileak sorreratik 2019ra bitartean. 2019ko martxoaren 31z geroztik, aldiz, Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez dira bozeramaileak.
Gure Esku | |
---|---|
Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen alde eta Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko deitutako manifestazioa Bilbon 2018ko irailean. | |
Sorrera | 2013ko ekaina (10 urte) |
Bozeramaileak | Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu |
Bazkideak | 2.300 |
Lekua | Elkano kalea 32 Getaria, Gipuzkoa, Euskal Herria |
Webgunea | gureesku.eus |
Mugimendu honen aitzindaria Goierri (Gipuzkoa) aldean 2007tik ziharduen Nazioen Mundua da. Talde honek, herri kirola ardatz, sentsibilitate ezberdineko herritarrak bildu zituen nazio guztiek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, harreman sendoak landuz Eskoziako kirol eta politika arloko ordezkariekin.
Giza katea
2013ko ekaineko aurkezpenean Euskal Herriko musika eta kultura arloko eragile esanguratsuenen atxikimendua lortu zuen Gure Esku Dagok. Erabakitze eskubidearen aldeko olatu handia sortu nahian, 2013ko azaroan bere ekitaldi nagusiaren aurkezpen ofiziala egin zuen Durangoko Kafe Antzokian: 2014ko ekainaren 8an Durango eta Iruñearen artean osatu behar zen Giza katea (123 km.). Mugarritzat jo zuten antolatzaileek ekitaldi hau, baina inondik inora mugimenduaren bukaera, fase berri baten hasiera baizik.
Eskoziako eta Kataluniako hainbat eragile politikorekin harreman sendoak mantentzen ditu. Herri mugimendu anitza, sentsibilitate politiko ezberdinen arteko topagunea izan nahi du, beti ere Euskal Herriko erabakitze eskubidearen onarpena eta gauzatzea helburu.
Gertaerak
2014ko ekainaren 21ean, Arrasaten (Gipuzkoa), Gure Esku Dagok herri batzordeen bilera bat antolatu zuen. Euskal Herri osoan barrena sortu ziren herri batzordeen arteko bilera egin zuen Gure Esku Dago dinamikak. Egindako lanaren erakusgarri ziren zenbait zifra ere plazaratu zituzten: 100.000 pertsona baino gehiagok emandako datuekin osatutako sarea, urtebetean sortu ziren 170 herri batzordeak, herriz herri burutu ziren 200 aurkezpenak... Eta giza katea, 150.000 lagun baino gehiago mobilizatu zituena. Azken urtearen balorazioa egin eta aurrera begirako erronkak izan zituzten hizpide hitzordu horretan.[1]
Irailaren 2an argitara eman zenez, Gure Esku Dagok batzar nagusia egingo zuen irailaren 27an, bere bigarren urte politikorako «bide orria» eta antolaketa erabakitzeko. Galdetegiak jaso nahi zituen irailaren 7rako.[2]
Irailaren 4an argitara eman zenez, Gure Esku Dagok irailaren 13an Bilbon ekitaldi bat egingo zuen, Eskozia eta Katalunia gogoan. Ekainean batzordeetara bidalitako galdetegiak irailaren 7rako jaso nahi zituen. Irailaren 10-13 herrialdeetako batzarrak egingo zituen, eta 27an, batzar nagusia.[3]
Irailaren 13an, Kataluniako Diada eta Eskoziako erreferenduma gogoan, ekitaldia egin zuen Bilbon Gure Esku Dago plataformak; 2013ko lanari jarraipena eman nahi zioten, eta, horretarako, ildoak zehaztuko zituzten irailaren 27an.[4]
Irailaren 16an, Espainiako segurtasun indarren “zerbitzu antiterroristak” Gure Esku Dago ikertzen ari zirela iradoki zuen Espainiako Gobernuak. Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuaren galderari erantzunez, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak “ETAren babeserako egiturek gizarte mugimenduetan duten eraginaz" informazioa biltzen zutela azaldu zuen Gobernuak.[5]
Irailaren 25an jakin zenez, "bide orria zehazteko" batzarra egingo zuen irailaren 27an Gure Esku Dagok, Gasteizen. IEFPS Mendizabala Goi Mailako LBH institutuan izango zen bilkura, 10:00etatik 13:00era bitarte. Gai ordena honakoa izango zen: sarrera, galdetegietako ekarpenen sintesia, dinamikaren norabidea eta urteko ekinbidearen proposamena, eta ebazpenen bozketa.[6] Bestalde, irailaren 27an, giza kate bat egingo zuten Zinemaldiko leku esanguratsuenak lotuz. Zinema munduko jendeak bultzatu zuen, Gure Esku Dagorekin elkarlanean.[7]
Egun berean jakin zenez, Xavier Solano (Bartzelona, 1976) Eskoziako Gobernuko SNP alderdiaren aholkulariak Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika ezagutu zuen, Euskal Herrira egindako bisitan.[8]
Irailaren 27an egindako biltzarrean, 2015eko ekainaren 20an egingo zuela Gure Esku Dagok ekitaldi nagusia erabaki zen. Bitartean, giza katean sortutako sare herritarra indartzea izango zen plataformaren lehentasuna.[9]
Urriaren 17an, azaroaren 8an Donostian osatu nahi duten «mosaiko erraldoiari» buruzko zehaztapenak eman zituen Gure Esku Dago herri dinamikak. Azpimarratu zuten «gutxienez» 5.000 lagun beharko zituztela aurreikusitakoa egiteko.[10]
Azaroaren 2an, Angel Oiarbide Gure Esku Dago plataformako bozeramaleak iragarri zuenez, protokolo bat egiten ari ziren Gure Esku Dagoko kideak, herri galdeketak deitu nahi zituzten plataformak laguntzeko helburuarekin. Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak iragarri zuenez, herri kontsultak egiteko protokolo bat lantzen ari zira, oinarrizkoa, ondoren aplikatuko zen lekuetan egokitzeko aukera izan zezaten.[11]
Azaroaren 7an jakin zenez, ezarritako langa gaindituta, mosaikorako izen ematea itxi zuen Gure Esku Dago-k. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak 5.000 lagun biltzea zuen helburu, baina motz geratu zitzaion aurreikuspena; 8.000 lagunek eman zuten izena, eta izen emateak eten zituzten.[12] Azkenik, Gure Esku Dagoren mosaikoan izena eman zutenak 10.000 izan ziren.[13]
Azaroaren 8an, Gure Esku Dagok antolatuta 10.000 lagun bildu ziren Donostiako Zurriola hondartzan. Euskal Herriko erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, eskoziarrak zoriondu eta kataluniarrei babesa erakutsi zieten.[14]
Azaroaren 12an jakin zenez, Gure Esku Dagok azaroaren 15ean emango zuen aurrera begirako asmoen berri.[15] Azaroaren 15ean egindako ekitaldian jakitera eman zenez, ekainaren 20an hautetsontzi erraldoia irudikatu nahi zuen Gure Esku Dagok, herrialdez herrialde egingo zuen ekitaldi nagusian. "Herri borondatearen jostunak izango gara" lema erabili zuten ekitaldian.[16]
Abenduaren 10ean, Donostiako jardunaldietan,Gure Esku Dago-ko, ANCko eta Yes Scotland-eko ordezkariek garrantzitsutzat jo zuten herritarrak egituratzea.[17]
Abenduaren 12an jakin zenez, Jostunak; herritarren borondateak jositako istorio bat dokumentala estreinatuko zuen abenduaren 16an Gure Esku Dago dinamikak.[18]
Urtarrilaren 6an jakin zenez, Azpeitiako Gure Esku Dago dinamikak San Sebastian bezperan helduen danbor taldeek erabakitzeko eskubidearen aldeko kanta joko zuten eta udalak plataformako kideak udaletxeko balkoira sartzen utziko zien festetako bandera igotzeko.[19] 2017ko ekainaren 10ean, ekitaldi handia egin zen Bilbon. Bertan pertsona askok parte hartu zuten eta galdera ikurra erraldoia osatu zuten Bilboko kaleetan zehar. 2017ko irailaren 16an, Bilbon Kataluniaren eta demokraziaren aldeko manifestazioa egin zen, non 32000 pertsonek hartu zuten parte eta irailaren 30ean beste manifestazio bat egin zen kataluniaren alde.
2015eko ekainaren 21eko ekitaldiak
2015eko ekainaren 21ean Gure Esku Dagok erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldi jendetsuak antolatu zituen Euskal Herriko 5 hiriburutan: Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan.
Egun osoko ekitaldiak antolatu ziren data horretan: herri-mugimenduak aurreko hilabeteetan Euskal Herriko hiri eta herrietan oihalen bidez lortutako atxikimenduekin oihal-kate luzeak eratu ziren goizeko ekitaldietan. Arratsaldean, berriz, ekitaldi bereziak antolatu ziren Bilboko San Mamesen, Donostiako Anoeta estadioan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Iruñeko zezen plazan eta Baionako Belaskain errugbi zelaian. Ekitaldietan, antolatzaileek nabarmendu zuten erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena fase berri batean sartuko zela aurrerantzean Euskal Herrian, eta hainbat herritan independentzia edo burujabetzari buruzko herri-galdeketak burutuko zirela hurrengo hilabeteetan.[20]
2018ko ekaineko giza katea
Hainbat herri kontsulta deialdiren ostean, 2018ko ekainaren 10ean giza kate bat osatzera deitu zuen Gure Esku Dago mugimenduak. Oraingoan, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuz bakarrik. Horretarako, izena ematea eskatzen zuen aldez aurretik. Astebete aurretik iragarri zutenez, 85.000 parte-hartzailetara heldu ziren. Igande horretako 12etan, hilak 10, giza katea eratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan. 175.000 pertsona zenbatu ziren subiranotasunaren aldeko mobilizazio horretan.
Mobilizazioak EAJ, EH Bildu eta EAEko Podemos Ahal Duguren babesa izan zuen. Athletic Bilbaok txio bat igorri zuen Tweeterrera, ekimenari babesa adieraziz. Nolanahi ere, Urkulluk ez zuen gaiari buruzko jarrerarik argitu.
Ikus gainera
Erreferentziak
- http://www.naiz.info/actualidad/noticia/20140612/herri-batzordeen-bilera-egingo-du-gure-esku-dagok-ekainaren-21ean Naiz, 2014-06-12
- Enekoitz Esnaola, «Kateatuta segitzeko etapa», Berria, 2014-09-02
- Enekoitz Esnaola, «Gure Esku Dago-k hilaren 13an Bilbon ekitaldi bat egingo du, Eskozia eta Katalunia gogoan», Berria, 2014-09-05
- Gotzon Hermosilla, «Josten jarraitu nahian», Berria, 2014-09-14
- Itziar Ugarte Irizar, «Polizia Gure Esku Dago ikertzen ari dela iradoki du Espainiako Gobernuak», Argia, 2014-09-18, CC-BY-SA lizentzia
- Enekoitz Esnaola, «"Bide orria zehazteko" batzarra egingo du etzi Gure Esku Dago-k, Gasteizen», Berria, 2014-09-25
- « Larunbatean giza kate bat egingo dute Zinemaldiko leku esanguratsuenak lotuz», Berria, 2014-09-25
- «SNPko aholkulari batek Gure Esku Dago ezagutuko du», Berria, 2014-09-25
- Ivan Santamaria, «2015eko ekainaren 20an egingo du Gure Esku Dagok ekitaldi nagusia», Berria, 2014-09-28
- Jokin Sagarzazu, ««5.000 lagun baietz»», Berria, 2014-10-18
- «Gure Esku Dago: 'Herri galdeketen protokolo bat garatzen ari gara'», EiTB, 2014-11-02
- «Ezarritako langa gaindituta, mosaikorako izen ematea itxi du Gure Esku Dago-k», Berria, 2014-11-07
- «10.000», Berria, 2014-11-08
- «10.000 lagun Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko mosaikoan», Argia, 2014-11-09, CC-BY-SA lizentzia
- «Gure Esku Dago-k larunbatean emango du aurrera begira egingo dituenen berri», Berria, 2014-11-13
- Hodei Iruretagoiena, «Borondatea ehuntzeko garaia, hautetsontzi erraldoia eraikitzeko», Berria, 2014-11-15
- Enekoitz Esnaola, «Hiru bideren batura», Berria, 2014-12-11
- «'Jostunak' dokumentala aurkeztuko dute asteartean», Berria, 2014-12-12
- Enekoitz Esnaola, «Erabakitzeko eskubidearen aldeko danbor hotsa Azpeitian», Berria, 2015-01-07
- Enekoitz Esnaola,Erabakiaren bidean pausoak Berria, 2015-6-22