Guggenheim Bilbao Museoa
Guggenheim Bilbao Museoa arte moderno eta garaikideko museoa da,[1] Bilbon (Bizkaia) kokatua. Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak Ibaizabal ibaiaren parean eraiki zuen, Salveko zubiaren ondoan. Solomon R. Guggenheim Fundazioak kudeatzen du, munduko beste bost museo bezala.[2] Zuzendaria Juan Ignacio Vidarte da.
Guggenheim Bilbao Museoa | |
---|---|
Museo Guggenheim Bilbao | |
Solomon R. Guggenheim Fundazioa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Koordenatuak | 43°16′08″N 2°56′03″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1997ko urriaren 18a |
Inaugurazioa | 1997ko urriaren 18a |
Jabea | Solomon R. Guggenheim Fundazioa |
Kudeatzailea | Solomon R. Guggenheim Fundazioa |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Frank Gehry |
Bisitariak urtean | 530.967 |
Kontaktua | |
Helbidea | Avenida Abandoibarra, 2, 48009 Bilbo, Bizkaia |
E-posta | mailto:informacion@guggenheim-bilbao.eus |
Telefonoa | tel:+34-944-35-90-80 eta tel:+34 944 35 90 80 |
Webgune ofiziala | |
Museoa eraikitzeko negoziazioak 1991ko otsailean hasi ziren Euskal Autonomia Erkidegoko agintari publikoen eta Guggenheim Fundazioko zuzendarien artean. Akordioa urte horren amaieran sinatu zen, eta 1992ko erdialdean, arkitektoa eta eraikinaren kokalekua aukeratu ziren. 1997an inauguratu zenetik, museoak milioi bat bisitari baino gehiago izan ditu urtean batez beste, eta aparteko eragina izan du euskal ekonomian eta gizartean; eskualdeko turismoa bultzatu du, eta, hirian, espazio publiko eta pribatu ugari biziberritu ditu. Horrez gain, hiriaren irudia hobetu du. Komunikabideek Guggenheim efektua edo Bilbo efektua[3] deitu dioten fenomeno horrek guztiak kultura-turismoaren garrantzia nabarmendu du, eta emulazio-efektua eragin du beste herrialde batzuetan, emaitza desberdinekin.
Museoaren ezaugarririk deigarriena eraikin berritzailea da, forma lerromakur eta bihurriez, kareharriz, kristalezko errezelez eta titaniozko xaflez osatua[4]. Guztira 24.000 m²-ko azalera du, eta, horietatik, 10.540 m² erakusketetarako erreserbatuta daude, 19 galeriatan banatuta. Estatuan, erakusketa-metro gehien dituen museoa da[5]. Bilboko itsasadarraren ertzean dago, Abandoibarra izeneko eremu batean, dorre huts batek inguratzen duen Salbeko zubiaren ondoan.
Eraikina eta bere bilduma iraunkorra EAEko agintarienak dira. 2014ko abenduaren 3an, Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak lankidetza New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin beste 20 urtez berritzea onartu zuen. Lankidetza hori 1994an sinatu zen, eta abenduaren 31n amaitzen zen indarraldia[6]
2017ko urrian eta hilaren 18ra arte, hau da, pinakoteka inauguratu zen egunera arte, museoak bere XX. urteurrena ospatu zuen hainbat jarduerarekin.
2022. urtean, Museoak XXV. urteurrena beteko du, eta Juan Ignazio Bidarte zuzendariak prentsaurreko batean azaldu zuenez, urte osorako jarduera prestatu dute[7]
Eraikina
Museoa Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak diseinatu zuen.
1997ko urriaren 18an zabaldu zuten: bertan Jose Antonio Ardanza lehendakaria eta Espainiako errege Joan Karlos I.a izan ziren. Museoa dekonstruktibismoaren estilo arkitektonikoaren arabera eraiki zen, eta CATIA izeneko programa informatikoa erabili zuten museoa osatzen duten titaniozko pieza guztiak diseinatzeko.[8]
Guztira 11.000 metro koadroko erakusketa azalera dago, hemeretzi galeriatan banatuta. Erakusketa aretoez gain, liburutegi bat, auditorio bat, denda bat, jatetxe bat eta kafetegi batek osatzen dute. Horietaz aparte, administraritza eta kudeaketa bulegoak Mazarredo zumarkaleko gunean kokaturik daude.
Museoaren ekialdeko atrioak 50 metroko altuera du. Leihoek Natural 62 dute izena, eta Idom enpresa bizkaitarrak diseinatu zituen.
Eraikuntza
Museoa Bilbon egitea erabaki zenean eta Frank O. Gehry arkitektoa kontratatu zenean, eraikina non egin erabaki behar izan zen. Udaleko agintariek hasieran Alondegiako gunea eskaini zioten Frank Gehryri, baina hark ezezkoa eman zuen, leku hori txikiegia zelako berak zeukan kontzepturako.
Orduan, Abandoibarreko guneko orubea (guztira 32.500 metro karratuko zabalera zuen) aukeratu zuten, Salbeko zubiaren eta Mazarredo zumarkalearen bitartean. Obrak 1995ean hasi ziren, eta bi urte eta erdi iraun zuten. 30.000 milioi pezeta inguruko kostua izan zuten, eta gehiegizko kostua zelakoan, kritika ugari egin ziren: hasieran, jende asko aurka agertu zen.
Frank Gehryren erabaki pertsonala izan zen titanioa erabiltzea. Metal hori aukeratu aurretik, beste 29 materialekin probak egin ziren, altzairua, esate baterako. Obrak hasi zirenean, titanioak nazioarteko merkatuan izandako prezio-igoerak arriskuan jarri zuen museoa eraikitzea baina, azkenik, Errusiatik ekarritako titanio merkeagoa erabili zen. Titaniozko 33.000 xafla erabili ziren eraikinaren parte handi bat kanpotik estaltzeko, titaniozko xaflak mehe-meheak, 0,38 mm-ko lodierakoak.[9][10] Pittsburghen landu ziren xaflak.[11] Lodiera mehe horrekin, 60 tona titanio erabili ziren guztira.
Obretan enpresa hauek hartu zuten parte, besteak beste:
- Construcciones Balzola
- Ferrovial Agroman[12]
- Cimentaciones Abando
- Idom
- Gruas Aldaiturriaga
- DORLET
- Permasteelisa España S.A.
- Umaran
Bilduma
Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma zabala da, batez ere XX. mendeko artistetan zentratuta. Bere ezinbestekoen artean dago Mark Rothkoren Titulurik gabea[13], Jeff Koonsen Puppy[14] eta Idi bihotzak[15], Richard Serraren Denboraren materia[16], Anself Kieferren Bi ibaien lurra[17], Eduardo Txillidaren Sakona airea da[18], Jenny Holzerren Bilborako instalazioa[19] edo Loiuse Bourgeoisen Ama[20].
Jorge Oteiza, Joseph Beuys, Antonio Saura, Robert Motherwell, Jean-Michel Basquiat edo Esther Ferrerren lanak ere badituzte, besteak beste.
Museoaren inguruak
Museoaz gain, kanpoaldean konplexua osatzen duten osagaiak daude; esaterako, Puppy txakurkumea, hamabi metroko altuera duena, Mazarredo Zumarkale parean. Jeff Koonsen sorkuntza da, printzipioz museoaren irekierarako sortua, baina gero, etengabe berrizturik eta zaindurik, geratu egin da.
Itsasadarreko gunean, Louis Bourgeoisen Mamma (Ama) izeneko 10 metroko armiarma dago.[21] Itsasadarraren alde berean, apur bat aurrerago hiriko erdialderantz, Ramón Rubialen estatua dago.
Museoaren aurrealde eta atzealdean, hau da, ekialde eta mendebaldean, bi aintzira txiki daude: aurrealdeko lakuak museoa eta itsasadarra elkartzea du helburu, eta horretarako zubi moduko bat eraiki zen bien artean. Zubi horrek beste elementu artistiko bat osatzen du, eta noizbehinka laino moduko bat ateratzen da zubiaren azpitik.
Horrez gain, Frank Gehryk Salveko zubia museoarekin elkartu nahi izan zuen, eta horretarako museoaren alboan 57 metroko dorre bat eraiki zuen.[22] Dorreak helburu bakarra du, Abandoibarreko gunea zubiarekin batzea, horretarako eskailera batzuk eraiki ziren. Aurrealdeko lakuaren barruan sua botatzen duten bost su pizgailu daude, normalean arratsalde aldera.
Museoaren eragina
Hasieran kritika ugari jaso zituen, Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren inbertsioa gehiegizkoa zelako. Horrez gain, Euskal Herriko artista batzuek, Jorge Oteiza esaterako, uste zuten bertako eskultore eta egileei garrantzia gutxiago emango zitzaiela kanpoko egileen mesedetan.
Dena dela, argi eta garbi dago museoak eragin itzela izan duela hirian: esan liteke Bilbo turismoaren nazioarteko mapan "ipini" duela.[23] Urtero ehundaka milaka turista joaten dira Bilbora museoari buruz entzundakoa euren begiekin ikustera. Horrek hotel, jatetxe eta turismoarekin loturiko hainbat negozioren garapena ekarri du eta milaka euroko eragina dauka hiriko eta Bizkaiko Barne Produktu Gordinean.[24]
Museoaren 10. urteurrena
2007. urtean zehar Guggenheim Bilbao Museoak 10. urteurrena ospatu behar zuela eta, hainbat ekitaldi eta egitasmo antolatu ziren. Horien artean, museoak aukeraturiko Daniel Buren arkitekto frantsesaren Zeharkatzen proposamena: haren arabera, museoaren ondoko Salveko zubia eusten duen "arkua" gorriz margotu zen. Egileak zioenez, gorria zubiaren berde kolorearekin bat zihoan eta museoaren forma kurboekiko kontrajarria zen.
Daniel Burenen proposamenaz gain, beste bi aurkeztu ziren lehiaketara: Liam Gillick artista britainiarrarena eta Jenny Holzer estatubatuarrarena.
2014ko abenduaren 3an, Bilboko Guggenheim museoa autonomoago bihurtu zuten Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim museoak, hurrengo hogei urteetarako sinatu zuten kudeaketa hitzarmenagatik.[25]
2015eko urtarrilaren 3an jakin zenez, guztira 1.011.363 bisitari jaso zituen museoak 2014an.[26]
Urdaibaiko proiektuak
Gutxienez 2008. urtetik Bizkaian beste Guggenheim museo bat egiteko asmoa dago.[27][28][29][30] 2021. Guggenheim Bilbao Museoarekin batera, eta honi lotuta, Urdaibai aldean[31][32] Guggenheim museoen sareko beste bi eraikuntza egiteko asmoaz hitz egiten zen.[33] Proiektu bat baino gehiago egon dira 2008tik aurrera Urdaibai aldean Guggenheim berri bat, ―eraikuntza bat edo bi―, eraikitzeko. Proiektu guztiek izan dute nolabaiteko aurkakotasuna.[34][35][36][37]
Filmazioak
- 1999an James Bonden The World Is Not Enough filmaren hasierako eszena bertan grabatu zuten.
- Rajinikanth tamil aktoreak bertan grabatu zuen Sivaji: The Boss filmeko Style abestia.[38]
- Mariah Careyk Sweetheart bideoklipa hantxe grabatu zuen.
Erreferentziak
- ARTINFO: Guggenheim Museum Bilbao: About
- www.hiru.com: Guggenheim Bilbao Museoa
- (Ingelesez) «El "Efecto Bilbao", objeto de investigación en la revalorización de ciudades» EL PAIS 2018-02-12 (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- (Gaztelaniaz) Larrauri, Eva. (2001-01-15). «El Guggenheim afirma que el producto para limpiar la fachada cuesta 500.000 pesetas» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- «El Guggenheim de Bilbao, el museo con más metros expositivos del Estado. Deia, Noticias de Bizkaia» web.archive.org 2019-06-23 (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- Guggenheimen kudeaketa hitzarmena Berria egunkaria, 2014-12-28an begiratua
- Guggenheimen XXV. urteurrena Berria egunkaria, 2022-02-04an begiratua
- Le Monde: 2005, année héroïque pour la construction
- (Gaztelaniaz) «La construcción del Edificio | Guggenheim Bilbao Museoa» www.guggenheim-bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
- «Eraikinaren Eraikuntza | Guggenheim Bilbao Museoa» www.guggenheim-bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
- (Gaztelaniaz) «✅ Guggenheim Bilbao - Ficha, Fotos y Planos» WikiArquitectura (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
- Ferrovial
- «Titulurik gabea Mark Rothko | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Puppy | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Idi-bihotzak | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Denboraren materia | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Bi ibaien lurra | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Sakona airea da | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Bilborako instalazioa | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Ama | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Ama - Museo Guggenheim Bilbao» Museo Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
- (Ingelesez) Harvard Design Magazine: Design by Deception: The Politics of Megaproject Approval
- (Ingelesez) The New York Times: Bilbao, 10 Years Later
- Le Figaro: Comment le Guggenheim a transformé Bilbao
- Iñigo Astiz, «Bilbokoago den Guggenheim», Berria, 2014-12-04
- «1,011», Berria, 2015-01-03
- Biain, Aitor. «Bizkaiko aldundiak 40 milioi euro jarriko ditu Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
- (Ingelesez) «Guggenheim plans extension in Spanish nature reserve» the Guardian 2010-06-29 (Noiz kontsultatua: 2022-12-15).
- «Guggenheim-Urdaibai: Bultzada, batzuren irudiko; natur-balioa hondatuko duen turismo eredua besteendako» EITB 2022-08-03 (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
- (Gaztelaniaz) «El Guggenheim plantea su ampliación en torno a una senda verde en la ría de Gernika» La Vanguardia 2021-06-08 (Noiz kontsultatua: 2022-12-15).
- (Ingelesez) Greenberger, Alex; Greenberger, Alex. (2022-07-29). «Guggenheim’s Long-Awaited Expansion to Spanish Nature Reserve Moves Closer to Becoming a Reality» ARTnews.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
- (Ingelesez) Mitchell, Bea. (2022-08-01). «Guggenheim Museum Bilbao's expansion to Urdaibai may be realised» Blooloop (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
- Amaia Igartua Aristondo, Edu Lartzangure. «Guggenheim museoari bi kimu egin nahi dizkiote Urdaibain» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-15).
- «Urdaibai. Guggenheim polemika iturri» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-12-15).
- «Guggenheimen itzala Urdaibai gainean oraindik» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
- (Gaztelaniaz) «Concentración contra el proyecto del nuevo Guggenheim este domingo en Murueta» EITB 2022-07-01 (Noiz kontsultatua: 2022-12-15).
- Amaia Igartua Aristondo, Edu Lartzanguren. «Urdaibaiko Guggenheim, berriro hizpide» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
- Skin Grafting in 'Sivaji'
Bibliografia
- Esteban, Iñaki (2007). El efecto Guggenheim. Bartzelona: Anagrama. ISBN 978-84-339-6264-5.
- Iovine, Julie V. (1999). Guggenheim Bilbao. New York: Princeton Architectural Press. ISBN 1-56898-193-7.
- Suau, John Thomas (1999). The Guggenheim Museum Bilbao: Cultural Tourism, Urban Renewal, and Political Risk. Washington Hiria: American University.
- Tellitu, Alberto; Estaban, Iñaki; González Carrera, J. A. (1999). El milagro Guggenheim. Bilbo: El Correo. ISBN 84-922762-0-7.
- van Bruggen, Coosje (1999). Frank O. Gehry. Musée Guggenheim Bilbao. New York: Guggenheim Museums Publications. ISBN 2-7324-2572-9.
Ikus, gainera
- Euskal Herriko museoen zerrenda
- Zerrenda:Euskal Herriko museoak gaika
- Peggy Guggenheim Museoa
- Solomon R. Guggenheim Museoa
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bilbo |
- Guggenheim Bilbao Museoaren webgunea
- Bilbori buruzko informazio turistikoa: Guggenheim Museoko hiriari buruzko informazio turistiko interesgarria.